Prentsako kioskoen egoera

Uztarrria Kultur Koordinadora

Euskal herriko prentsa kioskoak

Baite Azpeitiko Euskara Elkarteakorain Uztarriarekin bat eginda dagoantolatuta, Martxelo Otamendi "Egunkaria"-ko zuzendaria herrira etorri zen, prentsako kioskoen egoeraz hitzaldia ematera. 2003ko otsailaren 19a zen. Handik ordu gutxira, Guardia Zibilak Tolosan atxilotu egin zuen, eta "Egunkaria" itxi egin zuten. Hona hemen Otamendiren hitzaldi hura.

Martxelo Otamendi ('Egunkaria'-ko zuzendaria orduan; 2003-02-19, Baite eta uztarria.com, laburrago)

Euskarazko prentsaren egoera zein den azaldu nahi dut hitzaldi honetan, eta egin diezaiogun errepaso bat kiosko bati, eta egin dezagun ariketa bat. Ez dizkizuet eskatuko aldizkari mantxetak —Egunkaria, El Correo eta horiek dira mantxetak—, baina bai aldizkari generoak, kiosko horretan zer aurki dezakegun esateko. Adibidez, bihotzeko aldizkariena da eremu bat: Hola, Lecturas, *Qué me dices, Semana... Beste eremu bat aldizkari ekonomikoena da: 5 Días, Expansión... Kirolena beste bat: Mundo Deportivo, AS, Marca, Sport, NBA, Gigantes, Basket, Ciclismo a Fondo, Todo Bici*, 1 Formulan badaude batzuk —bereziki ingelesez egiten den bat badago, eta dagoeneko espainolez dago itzulita—, bela aldizkariak daude, motordun ontzienak —joango bagina leku espezialista batera, egon litezke 20 aldizkari desberdin itsas kirolekoak—, urpekarien aldizkari bat badago...; kiroletakoak horiek denak, eta hemen atera genitzake exageratu gabe 200 bat aldizkari desberdin. Beste sail bat da informatika aldizkariena, orain asko entzuten ari direnak. Badago bikote bereiztuentzako aldizkari bat ere: parranda non egin... Beste sail bat, dekorazioa: Hogar, Hogar y Moda, Mueble... Eta badaude etxea norberak egiteko aldizkariak ere...

Hasiko bagina, luza genezake ariketa eta ikaragarrizko unibertsoa sortuko genuke; gazteleraz gaur egun dagoen unibertsoa. Euskal Herriko prentsa kioskoez ari naiz azterketa egiten, ez Madrilgoez. Euskal Herria oso leku ona da aldizkari espezializatuak saltzeko. Kontua da kiosko horretan dagoen eskaintza hori ez dela beti egon; esaterako, duela 25 urte igual Londresera buelta bat ematera joaten ginenean, horrelako kioskoak ikusten genituen eta gure artean esaten genuen, “bueno, eskaintza hau ez da sekula Espainiara iritsiko, eta Euskal Herrira zer esanik ez”. 25 urte pasatu dira eta ingeleseko kioskotik gaztelerazko kioskorako aldea gaur oso txikia da, eta garai baten ikaragarria zen.

Espainiak modernizatu egin du bere eskaintza, dibertsifikatu egin du eskaintza. Izan ere, espainierazko espainolizazio prozesua eman da; Espainian beti jakin dute gazteleraz, eta Hego Ameriketan azkeneko 400, 500 urteetan jendeak badaki gazteleraz. Orduan, espainolek aukera ona izan dute eskaintza modernizatzeko. Gu, berriz, lehen geunden bezala gelditu gara.

Eta, beraz, egin dezagun ariketa: nola zegoen gure kiosko hori duela 25 urte? Orain dela 25 urte zer geneukan? Esate baterako, nola deitzen da Euskal Herrian euskaraz argitaratzen den eta normalean hezkuntza, kultur, euskalgintza gaietan gogoeta egiten duen aldizkaria? Jakin. Eta nola deitzen da zientzia lantzen duen euskarazko aldizkaria? Elhuyar. Eta posible al da hemengo askok Euskal Herrian euskaraz egiten den kultur gogoetarako aldizkari baten izena jakitea eta ez jakitea gaztelerazkoarena? Eta posible al da gutako askok jakitea zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko aldizkari baten izena eta ez jakitea gaztelerazkoarena? Harrigarria da, baina ez horrenbeste, ikusiko dugun bezala. Eta, egia esan, Euskal Herrira etorritako erdaldun batek segituan esango luke egoera pixka bat ezagututa: “*¿Estos vascos tienen revistas para la reflexión y propuestas en temas culturales, sociología y educación? Nosotros no tenemos. ¿Y tienen revistas de ciencia y tecnología? Vas a una charla, pregunta el que da la charla el nombre de la revista, y le responden 20: Elhuyar*”...

Zer sortu da? Orduan esaten duzu ez dela posible, ez dela normala, zeozer badaukagu arraroa herri honetan, denek dakitelako badagoela zientzia eta teknologia aldizkari bat, eta kultur gogoetari buruzkoa dagoela ere ezagutzen dute. Baina berriro diot: zer zegoen orain dela 25 urte kiosko horretan? Gaztelerazko kioskoa orain 25 urte hor bukatuko zen, ez zegoen gehiago, lehenago aipatu ditudan aldizkari espezialista horietako bakarren bat egongo zen, baina ez gehiago. Eta orain, 25 urtera, nolakoa da gaztelerazko eskaintza? Lehen bota ditugu adibideak. Eta euskarazkoa? Anaitasuna, Argia, Goiz Argi, Jakin eta Elhuyar bazeuden orduan, baina geroztik, zer sortu da eta zer dago kioskoetan? Euskaldunon Egunkaria, Zabalik, Gaztetxulo, Entzun, Kili-kili, Ikasi, Ipurbeltz, Putz ere bai... askoz gehiago ez, eta ia denak, gainera, ez daude kioskoetan, eta batzuk desagertu ere egin dira.

Egia da, kioskoetan ez dagoen fenomemo bat badugu, eta aipatzea merezi du: euskarazko herri aldizkariak. Garrantzitsuak dira, milaka euskaldun euskaraz irakurtzen jarri dituztelako. Formatoa desberdina da haiena, hilean behingoak dira, edo hamabostean behingoak, edo batzuk astekariak dira, informazioa oso lokala da... baina oso fenomeno garrantzitsua da. Dendak publizitatea kontratatzen ere jarri dituzte, horien artean denda erdaldunak. Beste gauza bat da herri aldizkarien hurrengo pausoa zein izan litekeen, baina aitortu behar da milaka euskaldun jarri dituztela euskaraz irakurtzen. Aldizkarietako irakurketa hori ez da beti sakona, denek ez dute dena leitzen, batzuek begiratu egiten dute, baina hori egunkarietan ere gertatzen da.

Baina lehengora itzuliz, kontua da 25 urte hauetan kioskoan euskarazko eskaintza oso-oso gutxi hazi dela, eta gaztelerazkoa ikaragarri, orain igual 20 aldiz handiagoa baita hauen eskaintza. Ingelesezkoa ez da askoz gehiago handitu, ezin duelako handitu, oso zaila duelako gehiago handitzea. Gaztelerazkoek, berriz, unibertso oso hori deskubritu dute eta orduan asteroide bakoitzari jarri diote bere aldizkaria. Guk unibertso bat deskubritu gabe segitzen dugu.

Are gehiago, azkeneko urteetan kiosko askotan gehienez ere topa daitekeena Euskaldunon Egunkaria da, eta, gainera, kiosko batzuetan hori ere ez. Oso zaila da, zoritxarrez, kioskoetan Argia astekaria topatzea, zeren eta Argia-k salmenta handiena harpidetzaren bidez dauka, etxera bidalitakoa. Oso zaila da, ia ezinezkoa, Elhuyar kioskoan topatzea; Elhuyar topa liteke igual Donostian, Askatasunaren Etorbideko kiosko handi batean, edo Boulevarrean dagoen beste batean, edo denda zehatz batean, dendariaren jarrera halakoa delako eta Elhuyar batzuk eskatu dituelako saltzeko, ea jendea animatzen den erostera; baina, bestela, ez dago haren presentziarik. Zabalik astekaria, berriz, topa liteke, Donostia aldean gehixeago. Gaztetxulo kioskoetan oso gutxi, batez ere etxera banatzen delako; eta kalean gehiago topatzen da leku berezietan, denda berezietan, eta batik bat hiriburukoetan, eta horien artean, Donostian gehien. Entzun asko ikusten da alternatibo puntu hori daukaten denda batzuetan.

Zerbait handitu da euskarazko kabezeren kopurua, baina presentzia ez da handitu. Gaur egun Euskaldunon Egunkaria-k dauka presentziarik handiena, eta berea ere ez da handia. Euskarazko prentsak ez du presentzia handirik, ez daukalako salmenta nahikorik, ezta nahiko masa kritikorik ere saltzeko. Editatzen duenari ere ez dio merezi 3.000 ale gehiago inprimatzea astero edo hilabetero, gero Euskal Herriko ez dakit zenbat kioskotan zabaldu, sekulako dirutza ordaindu horregatik, prezioaren ia erdia banatzaileari eta kioskokoari ordaindu eta nahikoa ez saltzeko. Galtzen irteten du horrela. Produktu bat merkatuan jartzen ari zara, salduko ez duzuna... Beraz, ez duzu eurorik jasoko, eta sekulako dirua gastatzen ari zara produktu hori merkatuan jarrita. Hori da egoera.

Beraz, uste dut garrantzitsua dela egoera zein den ikustea euskarazko prentsari buruz ari garenean.

Eztabaida. Eta gero, hitzaldiaren hasieran bota dudana: zergatik ezagutzen dugu zientzia eta teknologia aldizkaria, euskarazkoa? Hau errespetu guztiarekin esango dut: zergatik daukagu zientzia eta teknologia aldizkari bat, ez baldin badugu ezagutzen zientzia eta teknologia gazteleraz? Espainian ez dute horrelako aldizkaririk, edo baldin badago, oso minoritarioa delako edo oso zientifikoentzako delako. Beste modu batera galdetuta, zergatik ‘ahalegintzen’ gara buru-belarri euskaraz irakurtzen dutenak zientzia eta teknologia irakur dezaten? Nire maitasun guztia Elhuyar-i, baina hau da nik hitzaldi honetara ekarri nahi dudan gogoeta: normala al da egiten ari garen eskaintza?

Gure irakurleen masa kritikoa oso txikia dela kontuan hartuta, ez al genuke egin beharko gogoeta denon artean, erabakitzeko euskarazko kiosko normalizatu batek gutxieneko zer elementu eskaini? Oso zaila da Jakin-ek asko saltzea. Edo poesia asko dakarren aldizkariak ere ez du askorik salduko. Horra datu batzuk: Euskal Herrian poesiaz botatzen dira edizioak 400, 500, 600 alekoak dira, eta hori goi samarretik jota, baina Espainian poesia, poeta normal batek egindako liburu bat, 1.500 aleko tiradakoa da, eta oso-oso ezagunaren kasuan gehienez ere 5.000 aleko tirada du liburu horrek. Euskal Herrian 25 ale ezin direnez bota, ba orduan 400 bat ale inprimitzen dira, behin inprimitzen hasita. Behin eta berriro buru-belarri saiatuta ere euskaldun guztiek poesia irakur dezaten, hala ere ez genuke poesiarik salduko, poesia ez delako irakurketa masibokoa. Baina badirudi bide horretatik segitu nahi dugula euskaldunok, arlo minoritarioak jorratzen baino ez ia. Eta kezkatuta nago. Uste baldin badugu merkatua handituko dugula kultur gogoetarako aldizkari bat salduz, letraz betetako 150 orrialdeko aldizkariarekin, eta, gainera, horietatik 40 orrialde euskarazko unibertsitatearen ingurukoak izanik, ba oso zaila izango da aldizkari horrek salmenta masiboa izatea.

Pentsatzen hasi behar. Era horietako aldizkariak baztertu gabe, euskarazko zer beste produktu atera pentsatzen hasi behar dugu, kontsumo normalekoak izango direnak, gizarte normalizatu batek dituenak. Horrelakoak jarri behar ditugu merkatuan. Lehentasun batzuk markatu behar ditugu. Filatelia aldizkari bat egin nahi duenak, egin dezala, baina oso zaila izango da euskarazko filatelia aldizkari bat masiboa izatea. Beste planteamendu bat egin beharko genuke. Gutxienezko alorrak jorratu beharko genituzke euskarazko komunikabideetan, eta definitu zein diren alor horiek. Uste dut akordio batera iritsi behar dugula, eta akordio horretara iritsi eta gero, dirua daukanarekin hori lantzen saiatu. Ez dezala inork gaizki interpretatu, ni ez naiz gutxiesten ari ez Jakin-en lana, ez Elhuyar-en lana, ez Euskaldunon Egunkaria-ren lana, ez inoren lana, baina gure kioskoak gizarte normalizatuen kiosko itxura handiagoa hartu behar du.

Seguraski, bidaiei buruzko aldizkari batzuk egin beharko direla pentsatzen hasi beharko dugu. Edo ez dakit, kirol aldetik ere zeozer egin beharko dugu, kirolak kontsumo masiboa daukalako Euskal Herrian, bai kirolak ikuskizun moduan, bai prentsan...; jende asko joaten da San Mamesera, Euskal Herriko Itzuliak jarraipen handia du... Gaztelerazko komunikabideek ere kirol informazio asko sartzen dute.

Parametro ez normaletan ari gara, ez normalizatuetan, eta nik uste dut elementu horiek zuzendu beharko liratekeela. Jakin-ek segitu behar al du bere lanean? Bai. Elhuyar-ek ere segitu behar du bere lanean, baina niri kostatu egiten zait pentsatzea euskarazko kioskoa handitu litekeenik horrelako eskaintza espezializatua eginda. Pixka bat berplanteatu egin behar dugu dena, bestela ez dudalako ikusten alde horretatik soluziorik.

Euskarazko komunikabideen beste ezaugarri oso nabarmen bat zera da: defizitarioak direla. Gaur egun ez dago euskarazko komunikabide bat, bakar bat ere ez, hedatu samarrekoa ere ez, ekonomikoki bere buruaren jabe denik. Denak gara defizitarioak, batzuk gutxiago, besteak gehiago. Guk Egunkaria-n, azkeneko urtean, 1.200 milioi pezetako aurrekontua dugu, eta horietatik 275 milioi Eusko Jaurlaritzak emandakoak dira diru laguntza bezala, eta gainontzekoak salmentarekin eta publizitatearekin lortzen ditugu. Beraz, gure finantzazioa ez dago gaizki: diru iturrien %22 inguru erakunde publikoaren diru laguntza bidezkoa da eta %78 propioa. Ez gabiltza, beraz, autofinantziazio maila txikian. Baina defizitarioak gara. Euskarazko komunikabide denak bezala. Ondorioz, inork ez du lortu oraindik biziraupen ekonomikoa emango dion masa kritiko bat.

Kataluniako kasua. Katalunian, aldiz, katalanezko herri prentsa, herri irratiak eta herri telebistak oso normalak dira. Denera, katalanezko 11 egunkari daude. Ezagunenak, Avui eta El Punt dira. Orain *Periódico de Cataluña-k jokaldi bat egin du, ez dakit ezagutzen duzuen. Zeta komunikazio talde indartsuaren argitalpena da Periódico de Cataluña, egunkari bat da, Antonio Francok zuzendua, eta azkeneko hiru urte hauetan oso esperientzi polita egiten ari dira bertan: zu joaten zara kiosko batera eta eros dezakezu Periódico de Cataluña espainolez edo horren klon bat katalanez, edo, jakina, biak eros ditzakezu. Zenbat lagunek erosten duten Periódico*-ren katalanezko bertsioa? Askok; egunkari horren erosleen %40k.

Galizian badago beste esperientziarik: O Correo Galego, han, El Correo Gallego-ren galizierazko bertsioa da, baina orrialde batzuk aldatuta dauzka. O Correo Galego El Correo Gallego baina galiziarragoa da, eta, beraz, gaztelerazko bertsioan jorratzen ez diren gai batzuk —kulturaren inguruko gaiak eta— O Correo Galego-n modu zabalean jorratzen dituzte. Beraz, O Correo Galego ez da bestearen klonikoa, %90ean da berdina eta %10 dauka berezkoa, baina betiere berezko hori ez da Iraki buruzko informazioa, baizik eta Galiziari buruzkoa. Ondorioz, ez da gauza bera *Periódico de Cataluña*-k egiten duena.

Gainera, *Periódico de Cataluña-ren kasuan, itzulpena ez dute itzultzaile profesionalek egiten. Ez. Itzulpena ordenagailu batek egiten du, ez dakit zenbat diru balio duen programa baten bidez. Hango egunkariko kazetariak gazteleraz idazten du, beti gazteleraz idatzi behar du lehendabizi, bukatzen dute egunkaria, eta ordenagailu batetik pasatzen dute. Katalana eta gaztelera hizkuntza lehengusuak dira, erromanikoak, latina, eta, beraz, erraza da katalana entzutea, ulertzea eta ikastea. Itzultzea ere bai makinarentzat. Izan ere, segituan itzultzen du ordenagailu horrek: hiru minutu behar ditu Periódico de Cataluña*-ren orrialde bakoitza itzultzeko, eta, gainera, orrialde bat baino gehiago batera egiten ditu. Are gehiago, denborarekin beste bide bati helduko diote: hango kazetariak aukeratuko du zer hizkuntzatan egingo duen albistea, eta gero makinak itzuliko du katalanetik espainolera, edo espainoletik katalanera.

El Punt ere hor dago, eta honekin gertatzen dena oso garrantzitsua da. Hain zuzen ere, Gironako lurraldean gehien saltzen den egunkaria ez da espainolez eginikoa, eta hori ‘Espainia handian’ han baino ez da gertatzen. El Punt da salduena Gironan. Bada zerbait. Euskal Herrian, berriz...

Beraz, *Periódico de Cataluña*-ren katalanezko bertsioa, Gironako kasua... Bistan da Katalunian gure aldean aurreratuta daudela.

Dirua atzean. Katalunian horrelako egunkari gehienek atzean enpresa pribatu bat daukate, ez dira gureak bezalako egunkariak sortzen. Pentsa, Euskaldunon Egunkaria bere garaian 75 kultur eragilerekin sortu zen, Egunkaria Sortzen taldea osatzen zuten haiek, eta barkatu hau esatea baina haietako ia denek ez zekiten egunkari bat egiten, eta egin zutena laguntzea izan zen, animoak ematea, norabidea markatzea pixka bat, baina dirurik ez zuten, euskal kulturan dabilen jendeak normalean ez duelako diru asko izaten.

Katalunian enpresak daude katalanezko egunkarien atzean, egunkari horiek negozio ere badirelako. Izan ere, han masa kritiko handi samarra dago katalanez irakurtzeko modukoa. Baina proiektuak abiatzean, diruarekin abiatzen dira, ekimen pribatua dagoelako atzean, dirua daukan jendea, burgesia katalanista deitzen dena, esaten duena “bueno, ba ni prest nago butifarrak salduz lortzen dudan etekinaren zati bat katalanezko produkzioen sustapenean inbertitzeko”. Alegia, dirua inbertitu, gero etekinak lortzeko; ikuspegi progresibo batetik inbertitzen dute dirua Kataluniako komunikabideetan.

Euskal Herrian, aldiz, ekonomikoki gure buruaren jabe ez garela da gaur egun komunikabideetan daukagun zoritxarrik handiena. Horrela, beti, euskarazko gainontzeko produktuak bezala, halako menpekotasuna dugu Eusko Jaurlaritzarengan. Ez dut esango presioa daukagunik, ez daukagu-eta horrelakorik, baina bai daukagula halako prebentzio bat, Egunkaria-ren kasuan aurrekontuaren %20 jasotzen dugulako Eusko Jaurlaritzatik, eta orduan elementu batzuk ere zaindu behar dira. Beraz, oraindik enpresa defizitarioak dira euskarazko komunikabideak, eta horren barruan, euskarazko prentsa: egunkariak, aldizkariak...

.25 urte pasatu dira gure prentsa kiosko horren orduko itxuratik hona, eta nik uste egoera kezkatzekoa dela: presentzia aldetik ez da ia hazkunderik izan, ez ditugu kontsumo masiboko produktu berezituak egiten, euskarazko prentsako proiektuek atzean ez dute ekimen pribatu dirudunik, eta ekonomikoki oraindik ez gara gure buruaren jabe —ez dugulako nahiko publizitate, nahiko erosle, nahiko harpidedun—.

Gauzak berriro planteatzeko garaia da.