Historia: Azpeitia, Euskal Herria

Uztarria Kultur Koordinakundea

Azkeneko mendearen lekuko azpeitiarrak

*Gaur egun behin ere baino indar eta presentzia handiagoa du euskarazko prentsak Azpeitian, egunero banatzen delako Urola Kostako Hitza egunkaria, hilero Uztarria aldizkaria, kazetari azpeitiar asko dagoelako... baina herritarrak prentsan aspalditik egon izan dira. Iazko mende hasieran dagoeneko bazen mugimendurik. Azkeneko gizaldiaren laburpena da ondorengoa.*

Oihana Elduaien (kazetaria; 2004-urria, ‘Euskarazko prentsa eta Azpeitia’ libururako egindako erreportajea)

"Azpeitiarrak leku guztietan daude”. Hala dio Iñaki Goenaga Sistiya, 99 urte dituen azpeitiarrak. Horregatik izango da, agian, munduan gertatzen denaren berri emateko azpeitiarrek duten joera. Kazetaritzaren historiari erreparatuz gero, zutarri gehienetan aurki daiteke herritarren baten aztarna. Herri ertaina izateko (13.500 biztanle pasatxo gaur egun), kazetari ugariren harrobia izan da Azpeitia. Ama hizkuntzaren izena agerian, euskaraz egin dute, gainera, beraien lana gehienek.

Garai desberdin ugaritan bizi izan diren arren, kazetaritza lan hori euskaraz egitea ez da erraza izan inoiz. Zentsuratik hasi eta egunkariak ixterainoko neurriak ezagutu ditu euskal kazetaritzak. Azpeitiarrak horren lekuko izan dira, eta lekukotasuna utzi dute.

Garai beretsukoak ziren Iñaki Azpiazu (1910-1988), Ildefonso Gurrutxaga (1902-1974), Jose Artetxe (1906-1971), Iñaki Goenaga (1904) eta Julian Elorza (1878-1964), eta zentsura, gerra eta erbestea beraien larruan bizi izan zituzten. Hala ere, garaiak eskaintzen zizkien euskal komunikabideei heldu, eta lan asko egin zuten haiek, hobetzen eta gidatzen. Haien aurretik ere izan edo egin zen zerbait Azpeitian euskara idatziaren alorrean. Adibidez, 1893. urtean Antoine d’Abbadie zientzialari eta euskaltzale zuberotarrak sortu eta antolatutako Euskal Jaiak ospatu ziren eta, besteak beste, literatur lehiaketak egin ziren. 1901. urtean, berriz, Euskal Festen XX. edizioa herrian izan zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, eta edozein probintziko euskal hizkeran idatzitako lanak saritu ziren, gipuzkeraz idatzitakoak ere bai... Euskara idatzia, beraz.

Azpiazu, Gurrutxaga eta haien garaira itzuliz, haietako askoren izenak ageri dira 1923ko San Inazio egunean argitaratu zen Urola aldizkariaren 1. zenbakian. Eskualdeko aldizkaria zen —batik bat, Azpeitiko berri zekarren—, eta honako asmoa zuen: “*En la modesta esfera de nuestras pretensiones, carecemos de ideario político; en nuestras convencionales salidas defenderemos lo que todo vascongado ha de defender por exigirlo así sus antecedentes históricos y su peculiar forma de ser; la religión y la moral más estricta encontrarán en nosotros defensores a carta cabal. En los otros aspectos de la vida social, nuestra norma será estimular todo factor positivo en la lucha del vivir individual y colectivo, siempre que sean compatibles con la anterior afirmación*”.

Aldizkari hartan orrialde bakarra zegoen euskaraz, eta bertan euskaraz idazteko eskubidea aldarrikatu zuen Euzkaldun Sendagilea izenean sinatu zuen batek, Euzkerarako zaletazuna izenburuko artikuluan hain zuzen: “Azpeitiko e´riyan, geure jayote´riyan, aldizkingi edo ‘e´rebista’ bat ateratzera emen dijuaz gazte bula´rtzu batzuek. ¿Badaukagu ezkubiderik aldizkingi o´retarako o´ri edo ingietan ezkatzeko tokitxo labu´r bat, bazta´rtxo bat, euzkeraz azaltzeko euzkerarentzako zaletazuna? Baietz uzte degu, eta beragaz ja´rduntxo bat guaz gure izkuntza biotzeko onetan, geure amak mintzatu edo itz egin zigun euzkera onetan egitera”.

Inguruko publizitatea diru iturri bezala ibili zuten orduan, orain egiten den bezala. Diru iturri oparoa zen, inondik ere: Urola aldizkariaren 1. zenbakian argitaratu ziren orrialdeen erdia inguru publizitatea zen, alajaina! Azpeitiko iragarkiak, aberats famari kalerik egin gabe, nagusi: orrialde erdiko 11 modulo, orrialde hereneko 12, laurdeneko 3 eta zortzireneko 18.

.1931n, berriz, Azpeitia sus costumbres y sus fiestas izenarekin beste agerkari bat argitaratu zuten. Izenak berak dioen bezala, herriko festen eta ohituren inguruan egindako agerkaria zen. 44 orrialdeetatik, bat eta erdi euskaraz. San Inazio bigarrenez egiten den prozesioaren kronika antzeko bat egin zuen Oitz’dar Xabier’ek, orrialde batean, euskaraz. Beste orrialde erdian, *Azpeiti ‘E´renak’* ikusita goiburupean, pasadizo bat kontatu zuten, batere sinadurarik gabe.

Iñaki Goenaga, aitzindari

Kazetari lanak egiten lehendabizietako azpeitiarra Iñaki Goenaga Sistiya bera izango zen. Izan ere, kazetari lan ugari egindakoa da Sistiya. Garai hartan, prentsa abertzale jeltzalea eta erlijiosoa ziren nagusi, eta Goenagak horietantxe aurkitu zuen txokoa. “Filosofia ikasten ari nintzela, ia-ia neuk bakarrik egiten nuen Jesusen Biotzaren Deya aldizkaria”. Gaur egun, ezizenarekin sinatzea debekatuta dago idatzizko kazeta askotan, norberak bere lanaren erantzule izan behar duela argudiatuta. Sistiyak gustura asko onartzen du orain berak egindako lana; orduan, ordea, ez zuen bere izenarekin sinatzen. Idazteko zuen gaiaren arabera izen desberdin ugari erabiltzen zuen: Ormaetxe, Sistiya, *Oñatz-Mendi, Niso*...

.1917an sortu zen Jesusen Biotzaren Deya. Jesuiten prentsa bezala definitzen du Javier Diaz Nocik euskarazko prentsari buruz egina duen liburuan (Euskal kazetaritzaren historia. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999, http://www.eusko-ikaskuntza.org/ephtm/). Hizkuntzaren arloan, aldizkari erlijiosoek garrantzi handia eduki zuten garai hartan, euskararen alde lan asko egin zutelako.

El Dia egunkarian ere jardun zuen Goenagak, Espainiako gerra zibilaren aurretik. Egunkari hura 1930ean sortu zen, eta gerra garaira arte iraun zuen, 1936a arte. El Dia-k elebitasunaren aldeko apustua egin zuen (gaztelania eta euskara). Izan ere, garai hartan euskarazko prentsa idatziaren eta honen finantzazioaren eztabaida gori-gorian zegoen. Ricardo Leizaolak (1921etik argitaratzen zen Argia Donostiako aldizkariaren inprimatzailea zen. Argia hori ez nahastu Zeruko Argia-rekin; hau 1919an sortu zuten Iruñeko kaputxinoek, eta gerra ondoren berriro argitaratzeari ekin zioten, gaur egungo Argia bihurtzeraino; 1921ean sortu zen Argia, berriz, 1936an betiko desagertu zen), Jose Ariztimuño Aitzol-ek, Pio Montoiak eta abarrek ez zuten euskarazko produktu bat posible ikusten, diruagatik, eta horrexagaitik egin zuten El Dia elebidunaren aldeko hautua. El Dia-ren sorrerarekin,

Argia-k tirada jaitsi egin behar izan zuen. Elebiduna izateaz gain, prentsa independentea egiten hasi ziren, Aitzolek hala erabakita, partidukoa (EAJkoa) izango ez zen egunkaria.

Hala ere, politika gaiak ideologia abertzale nabarmenarekin jorratzen ziren. Han zebilen Iñaki Goenaga loiolatar gaztea; Aitzolek berak esanda joan zen El Dia-ra lanera.

El Dia-ren elebitasunerako hautua ez zitzaien asko gustatu garai hartan euskal prentsaren aldeko zirenei. “Baina El Dia-rena Argia donostiarrarekin alderatuz atzerapausoa baino ez da. El Dia-k ez du euskararentzako formula berririk eta are guttiago eraginkorrik asmatzen. Eta aldiz, etsipenerako bidean jarri zituen euskaldunak”, dio Jexuxmari Zalakainek bere liburuan (Joxemiren uzta. Euskal prentsa herri proiektua da).

Donostiarrek 1921ean sortutako Argia-k bere garrantzia eduki zuen arlo batzuetan. Adibidez, gizartean eragiten; besteak beste, Azpeitikoan. Espainiako II. Errepublika garaian (1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zen), Argia Eusko Nekazarien Bazkunaren bozeramaile bihurtu zen. “Komunisten eta sozialisten ahaleginek bultzatuta —komunista asko euskaldunak ziren–, Argia ingurukoek erabaki zuten nekazaritza-sindikatua sortzea. 1933ko otsailaren 12an sortu zen, Zumarragan”, dio Diaz Nocik bere liburuan. Eta sorrera horretaz informatuta zeuden azpeitiarrak. “Dirudienez, [sindikatua sortzeko] lan egin zuten herriak Zarautz, Azkoitia eta Azpeitia izan ziren, han non Argia ere gehien irakurtzen zen”. Azpeitian sindikatuak kooperatiba bat eduki zuen.

Argia euskarazko aldizkaria Azpeitian irakurtzen zela, beraz. Hori dela eta, hortaz, Xabier Lizardi euskal idazle ezagunaren gogoeten berri bazuten azpeitiarrek. Hau da, Lizardi 1929an, Argia-n idatziz, euskarazko egunkari bat sortu behar zela esaten hasi zen, eta gaia serio hartzen hasi ziren. Baina dirua jarriko zuten harpidedunik ez eta ezin izan zuen aurrera egin.

Sistiyarengana itzuliz, El Dia utzi zuen, egunkaria itxi egin zelako, baina ez zen han bukatu haren kazetari lana. Espainiako gerra zibilaren lekuko izan zen, eta gerra kronikak egiten zituen, Euzkadi egunkarian —Bilbon argitaratzen zen—, bai euskaraz eta bai gazteleraz. Euzkadi, egunkari jeltzalea zen; 1913-1937ra bitartean erabaki zuen EAJk egunkari hura argitaratzea (gero atzerrian hainbat lekutan atera zen). Arrakasta handia izan zuen kazetak.

Ildefonso Gurrutxaga, Karmelo Etxegarai, Iñaki Azpiazu...

Sistiyak gerratik kronikak idazten zituen bitartean, beste zenbait azpeitiar ihesean ibili ziren. Ildefonso Gurrutxagak, esaterako, ihesari eman zion 1936ko uztailaren 18an Espainiako gerra hasi zenean (Mola jeneralaren tropak herrian sartu aurretxoan alde egin zuen Azpeititik hark, Eusko Jaurlaritzako fiskal lana betetzeko Bilbo galdu arte, eta Espainian ibili zen Errepublikarentzat lanean gerra amaitu arte. Gainera, Azpeitiko Gerra Batzordeko buru izan zen), eta Buenos Aireseraino iritsi zen 1942an, Argentinara. Erbestean zegoela, Euzko Deya-n (1943an hasi izen lanean), Tierra Vasca-n (Saski Naski zen idazten zuen sailaren izena), Galeuzka-n eta Euskaltzaleak-en idatzi izan zuen, Bidasoa edo *Iñigo de Uranga* ezizenekin. Edizioa itxi eta gero bidaltzen omen zituen beti bere lanak. Atzerrian euskaraz idazteko aukera asko zegoen orduan, Euskal Herrian ez bezala.

Hori baino lehenago ere astindu zuen luma Gurrutxagak. Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen, eta 1927an dagoeneko Azpeitiko teniente alkatea zen, eta EAJn egon zen 1930 ingurutik. Ordurako Jakintza-n eta Revista Internacional de Estudios Vascos-en idazten zuen. 1907an sortu zuen Revista Internacional de Estudios Vascos Julio Urkixok. 1922an Eusko Ikaskuntzaren esku geratu zen, eta artikulu zientifikoak ateratzen ziren, batez ere. Han idazten zuela, gerra tarteko jarri zitzaion Gurrutxagari, eta lan hori utzi egin behar izan zuen. Kazetaritzaz gain, beste lan mardulagoak ere egin zituen. 1974an, hil zenean, Loiolara pasatu zen haren artxiboa: Fontes Vasconiae, Las Guerras Carlistas del Siglo XIX y sus significacion en la historia vasca...

Karmelo Etxegaraik (1865-1925) ere idatzi zuen Revista Internacional de Estudios Vascos-en. Historialaria eta idazlea zen Etxegarai. Batik bat gazteleraz idatzi bazuen ere, Euskalerria, Euskaltzale eta Euskal Esnalea aldizkarietan euskaraz idatzi zuen. 1911n sortu zuten Euskalerriaren alde-ren sortzaileetakoa ere izan zen, Domingo Agirre, Arturo Campión eta Julio Urkixorekin batera. Zuzendari, Gregorio Mujika izan zuten. Aldizkari hartan ikerketa eta dibulgazioa bateratzen ziren. 1923an euskaltzain oso izendatu zuten Etxegarai, eta Espainiako Historiako Erret Akademiako kide ere izan zen.

Iñaki Azpiazu (1910-1988) apaizari ere erdiz erdi moztu zion ibilbidea Espainiako gerrak. Azpiazu detenido fusilable izendatu zuten. Leporatzen ziotena zera zen: euskal langileen elkartasunaren alde lan egitea. Langileen eta euskararen alde gehiegi hitz egiten zuela iritzi zion alkateak, “gizon bikaina” zen arren. Ihes egitea lortu zuen. Zientzia Politiko eta Sozialak ikasi zituen Azpiazuk, Lilleko (Frantzia) unibertsitatean. 1934an, handik Euskal Herrira etorri zenean, Gesaltza Añanan (Araba) Solidaridad de Trabajadores Vascos-en hasi zen lanean.

1936ko irailaren 17an, Espainiako Gobernuko Gerra Batzordeak bandoa argitaratu zuen, “tropas sublevadas” zirelakoak herrira sartzear zeudela eta errepresaliak izan zitzakeenak herritik hanka egiteko iragarriz. Herritik ez alde egitea erabaki zuen Azpiazuk, detenido fusilable izendatu zuten arte. Orduan egin zuen Azpiazuk bere lan aipagarrienetako bat: *Siete meses y siete días en la España de Franco*.

Frantziara joan zen lehenengo, eta gero, Ildefonso Gurrutxaga bezala: Buenos Airesera. Ez ziren urruti ibiliko. Azpiazuk Euskaltzaleak zuzendu zuen bolada batean: 1954tik 1960ra. Bi Euskaltzaleak zeuden orduan Buenos Airesen: bat bi-hilabetekaria zen, eta euskaraz argitaratzen zuten; bestea, berriz, hilabetekaria zen, eta euskaraz eta gazteleraz argitaratzen zen.

Idazle lan handiak ere egin zituen Azpiazuk, Anayak (1939an Espainiako gerra amaitu zenean sortu zuten erbesteratutako euskal apaizek, Parisen), Eusko Deya (1936an Eusko Jaurlarizak Parisen sortua; frantsesez, euskaraz eta gazteleraz egiten zen, atzerrian propaganda eta informazioa zabaltzearen helburuarekin), Gernika eta Gure Herria aldizkarietan. Lehen aipatutako *Siete meses y siete días en la España de Franco, eta El caso del clero vasco dira haren lanik ezagunenak. Kazetari bezala egin zituen lanak: Israelen El Correo de La Tarde*-ko berriemaile moduan aritu zen Adol Eichmann-en epaiketan, eta II. Vatikano Kontzilioan ere bai. Egunkari ugaritan kolaboratu zuen.

Atzerrira joan ez zen azpeitiarrik ere bazen, ordea. Esaterako, Jose Artetxe (1906-1971). Besteak atzerrian zeuden bitartean, hemen gelditu zirenek Egan-en idazten zuten. Artetxe ere aritu zen, 1951tik aurrera. Egan-en literatur sorkuntzako lanak egin zituen, euskaraz. Agerkari hori elebiduna zen, eta atzerrian ez zeuden euskal kulturako izen garrantzitsuek idatzi zuten bertan.

Azpeitian jaioagatik ere, Donostian egin zuen bere biziaren zatirik handiena Jose Artetxek. Etxeko diru faltak bultzatuta goiz hasi zen lanean. 21 urterekin hasi zen kazetaritzan, eta lan eskerga egin zuen. Gaztelerazko prentsari lotu zitzaion batik bat, baina euskaraz ere egin zituen aipatzeko moduko lanak. Zeruko Argia-n (1919an sortu zen aldizkari erlijiosoa) ehun artikulutik gora idatzi zituen. Astero zutabea egiten zuen han. Zentsuraren aurkako adierazpen ugari egin zituen. 1950ean, Un vasco en la postguerra bere lanean, euskara “hizkuntza subertsiboa” zela adierazi zuen, artikulu baten erdian euskaraz jarritako bertso bat zentsuratu egin ziotela salatuz. 1953an ere agertu zen zentsura salatzen.

1953an hasi ziren Egan euskara hutsean argitaratzen. Egan 1948an sortu zuen Real Sociedad Vascongada Amigos del Pais-ek. Hasieran elebiduna zen, eta 1953an euskara hutsean argitaratzen hasi ziren. Garai hartan, mugak handiak ziren euskarazko prentsarentzat, baina muga haien barruan gauza txukunak egitea posible zela azaldu zuen Gurutz Ansola azpeitiarrak. Egan-en zine eta antzerki kritika mamitsuak egiten hasi zen hura, kazetaritzaren modernitateari bidea irekiz. 1953tik 1987ra bitartean argitaratu zituen bere lanak.

Ez zen hura izan Ansolak euskarazko kazetaritzari egin zion ekarpen bakarra. 1963an Zeruko Argia berriaren lehen lan taldean egon zen Ansola. Aldizkariaren buru Agustin Ezeiza zen eta zenbait euskaltzalerengana jo zuen aldizkariaren nondik norakoetan laguntzeko. Ansolaz gain, Karlos Santamaria, Joxemi Zumalabe, Jose Arregi, Jose Mari Lasarte, Pedro Arre eta Aingeru Irigarai ere baziren talde hartan, besteak beste.

Jakin Sorta-n ere argitaratu izan ditu artikuluak Ansolak: 1973an Euskal kooperatibismoa aro berri baten atondoan, 1992an Maastricht eta Europar Batasuna, 1992an Europako ekonomi eta moneta-batasuna, 1998an Europar Banku Zentrala eta moneta-politika bakarra.

Aurreko haiena bezala, frankismoaren bukaerako historia izan zen Leopoldo Etxeberriarena (1942-1981) ere. Anatsan ezizenarekin, iritzi artikulu sorta ederra idatzi zuen Leo Etxeberriak. Haren alargun Inaxita Bereziartuak dioenez, “beti euskaraz idazten zuen, dudarik gabe, euskara landuz”, eta aspalditik izan zuen gogo hori. “Leo 12-14 urterekin hasi zen lanean. Gero, batez ere, langile mugimenduaren inguruan aritu zen, eta hor jardun zuen, taldeak-eta sortuz, ELAren inguruan. Hor bazegoen interes bat kulturarekin, batik bat sindikalismoarekiko, eta, dudarik gabe, politika eta euskal egoerarekiko kezka. Leok eta beste batzuek uste zuten azpeitiarrek euskaraz alfabetatu egin behar zutela, eta gau eskola antolatu zuten. Gero, aditzak ikasten, eta egiten, eta... zer lan! Ondoren, horren inguruan zerbait idatzi egin behar zela iritzi zion, eta Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan idatzi zuen; beste aldizkariren batean artikuluren bat ere bai”.

Garaiko gaiei buruz ematen zuen iritzia Etxeberriak: sindikalismoaz, euskara batuaz... Zeruko Argia-n jardun zuen batik bat, ia astero-astero idatziz. Idazteaz gain, antolaketan ere hartu zuen parte: Zeruko Argia-ren barne antolamendua berritu zutenean, 1972 inguruan, Idaz-elkartean sartu zen, eta astero joaten zen Donostiara. Franco hil (1975) eta gero, 1977an Deia egunkari ia erabat erdarazkoa sortu zenean, han ere jardun zuen lanean.

Loiola Irratiaren ekarpena euskarari

Loiola Herri Irratia 1961ean sortu zen. Euskararen normalizazioan ekarpen handia egin zuen, Azpeitian. Autofinantzatutako irratia izan zen Loiolakoa. Auzo lanari esker egindakoa dela esan daiteke, Vatikano Irratiko nazioarteko zerbitzu informatiboen zuzendari Inazio Arregik oñatiarrak Berria-ko Igandea gehigarrian 2004ko maiatzaren 9an esan bezala: “Loiola Herri Irratia komunikabideen munduan benetan gogoan hartu beharreko eredua izan da, egoerari adore handiz aurre egin ziolako. Aparatuak erosi, antenak bilatu, jarri, guri hilero diru apur bat emango ziguten harpidedunak lortu”.

Ez zen lan erraza izan Herri Irratiaren sorrera. Horretan ari zirela batu zitzaien Joxe Mari Iriondo azpeitiarra ere. Uztarria Azpeitiko aldizkariaren 42. zenbakian gogoratu zuen bezala, lan desberdin ugari egin zituen Iriondok Loiolan: “Kontabilitatea ematen eta fonotekan zer zegoen eta zerrenda bat egiten hasi nintzen, lehenengo. Gero, gidoiak egiten, erredakzio lanak egiten. Azkenean, bertan 22 urte egin nituen”.

Abiada hartu samarra zutenean, eta irratiaren trikimailuak ezagutzen hasi zirenean, irratiarentzat lehen kolpea etorri zen, Iriondok Uztarrian esan bezala, Fraga Iribarne Espainiako Gobernu frankistako Informazio saileko ministroak jarritako lege baten ondorioz. Nonbait, behin, kotxean zihoala, Fragak irrati batean iragarkiak euskaraz entzun zituen eta...; Loiola Irratia zen kate hura, eta Donostiako irratietatik-eta akusazioak egin zituzten, lehia desleiala zela esanez. “Fragak jarritako lege berriak zioen Espainia osoko probintzia bakoitzean kate bakoitzeko irrati bakarrak egon behar zuela. Gipuzkoan bi zeuden, Donostiako Herri Irratia eta Loiolakoa, eta bietatik bat itxi egin behar zen: Loiolakoa”. 1965eko uztailaren 12a zen. Ixterakoan promesa bat egin zuten: FMn aterako zirela. Langabezian zeuden bitartean gestioak egin, eta 1966ko uztailaren 21ean berriro emititzen hasi ziren. Orduan bost mila bazkidetik gora lortu zituzten, eta sintonizatzaileak jartzera joan ziren etxez etxe. Iriondo bera ere lantegi horretan ibili zen. Estudio eta zentro emisore berriarekin hasi ziren lanean.

Geroago, berriz, atentatua egin zioten Loiolako Herri Irratiari. 1977ko ekainaren 11n Batallón Vasco Español-ek irratiaren zentro emisorea suntsitu zuen, Elosukoa. Irratiak herritarrekin zeukan lotura agerian gelditu zen orduan ere, eta 15 egun geroago berriro airean egotea lortu zuten. Garai gogorrak ziren.

Inazio Arregik ondo gogoan du frankismoaren garaietan irratian jasan zuten zentsura: “Guri aurretik eskatzen ziguten albiste moduan esan behar genuena aurkezteko. Hori ezinezkoa zen. Baina diskoak ere debekatuta zeuden. Horiek ziren gure mugak. Informazio aldetik ahal genuena egiten genuen; lege aldetik denak mugak ziren”.

“Euskara normalizatzeko saiakera egin nahi zen”, dio Iriondok, “baserritarrentzat, kaletarrentzat euskara normal erabil zitekeela adierazteko. Eta nik uste dut Loiola Irratiak lortu duen gauzarik onena hori izan dela”.

Irratian sekulako esperientzia bildu ostean, telebistarako bidea egin zuen Iriondok. Espainiako Telebistaren Telenorte albistegi saiora joan zen lehenik. Han egin ziren, berak egiten zuen Euskalerria saioan, “Hego Euskal Herrian euskaraz egin ziren lehenengo esperimentuak”. Iriondo gero ETBra joan zen kate hori sortu eta laster, 1983ko apirilean.

Imanol Eliasek ere jardun zuen Loiola Herri Irratian. Esatariak behar zituztela, eta bera eta Azpeitiko Institutu Laboralean lankide zuen Karmelo Otaegik eta biek han muturra sartzea erabaki zuten. Herri Irratiaren lehen emankizunean zorion agurrak eman zituen Eliasek, euskaraz. Hura izan zen irratian euskaraz egin zen lehen saioa. Ez zen, ordea, gustura sentitzen lan horretan, eta azkenean, egun batetik bestera, irratira gehiago ez agertzea erabaki zuen.

Momentuan hala egin zuen, baina bueltan joan zen berriz ere, hurrengo urtean zehazki (1962an). Ez, ordea, esatari lanetara. Oraingoan skech-ak idaztera joan zen, Andre Gizonak irratsaiorako. Urte haren bukaeran, utzi egin zion skech horiek egiteari, eta berriro esatari moduan agertu zen, Azpeitiko eta Azkoitiko berriemaile lanetan. Imanol Eliasek 1986az geroztik Arrate Irratian jardun du, Azpeitiko eta inguruko berriak emanez, asteazkenero. Horretan dihardu.

Prentsan, berriz, 1968tik aurrera argitaratu zituen lanak. Zeruko Argia-n hasi zen, Gaiztoa ezizenarekin, Mundu biribilla izenburuko atalean. Astero zutabeak egiten zituen, aktualitateari buruz. Hala dio berak, Uztarriak argitaratu zuen bere biografian (2002): “Egunkarietan atentzioa ematen zidaten berriak hartzen nituen eta horien inguruko komentarioak eginez, ondoren berriarekin lotutako olerki bat eransten nion azpian”.

Gero, *La Voz de España egunkarian hasi zen idazten, kolaborazioak. El Diario Vasco egunkarian ere bai. 1968tik aurrera kazeta horietara bidaltzen zituen artikulu gehienek Azpeitiko gaiekin zuten lotura, 1969an eta 1970ean La Voz de España*-n argitaratu zizkiotenak kenduta. Inork ez zion eskatzen artikuluak bidaltzeko, bere ekimenez idazten zituen, biografian esaten duen bezala: “Nik bidali egiten nituen. Lehenengoa bidali nuen eta atera egin zidaten, hurrengoa bidali eta hura ere atera egin zidaten, eta igual orrialde oso-osoa, gainera... Beno, bidaltzen segitu nuen”. Ia dena gazteleraz idazten zuen, baina zati bat euskaraz bidaltzen saiatzen zen, gazteleraz idatzitakoaren laburpen gisa. “Lehenengotik uste dut erdaraz soilik egiten hasi nintzela, baina gero euskaraz ere pusketak jartzen hasi nintzen, eta dena argitaratzen, dena ateratzen zidatenez, ba segitu. Behin zuloa harrapatutakoan...”.

Imanol Eliasek bi aro izan zituen El Diario Vasco gaztelerazko egunkarian: hasieran, 1970. hamarkadatik 1990era bitartean, saninazioetako gehigarrietan idazten zuen, batik bat gazteleraz —normalean, artikulu bera *La Voz de España*-n ere ateratzen zioten—; 1989tik aurrera, berriz, Hitz apurrak sailean idazten zuen, astero, era guztietako gaiak landuz, euskaraz. “Ni euskara idatzia neure kasa ikasita nengoen, eta euskara batuaren aldaketa etorri zenean kostatu egin zitzaidan hartara jartzea”. 1993an utzi egin zuen lantegi hori, 173 artikulu idatzi ondoren. 2000ko martxoan, Uztarria Azpeitiko euskarazko herri aldizkarian hasi zen idazten (1999ko azaroan sortu zen Uztarria aldizkaria), hilero, herriko historiari buruz, eta oraindik segitzen du.

Idatzi ez ezik, komunikabide bat ere sortu du Imanol Eliasek. 1983-1987 legealdirako Azpeitiko alkate aukeratu zuten, eta alkatetzan zegoela (1984ko abenduan utzi egin zuen, Euskal Herrian EAJ barruan zeuden liskarrak zirela medio), komunikazio proiektu bat jarri zuen abian: Azpeitian zer? udal aldizkaria. Hasieran ez zen erabat euskaraz. Oraindik ere segitzen du Udalaren aldizkariak, eta sortu zenetik, bi aldiz eraberritu dute.

Laxaro Azkune ere irrati gizona izan da. Beti euskalgintzan ibili izan da. 1975ean Loiolan Karmelo Etxegarai Ikastolan irakasle hasi zen, eta han egon zen 1983a arte, “denetik egiten”. Ikastolatik Loiola Herri Irratira joan zen, “lehen aldiz kazetari lanak egitera”. Euskaraz aritu izan da. 2000. urtean zuzendaritzako kide izendatu zuten. 2004ko urri hasiera arte egon da han. Prentsa idatzian ere egin ditu “kolaborazio txiki puntual batzuk”. Euskaldunon Egunkaria-n azken orrialde batzuk egin zituen, eta baita bertsolaritzari lotutako artikulu batzuk ere, “txapelketa garaian batez ere”. Argia-n ere antzeko lanak egin izan ditu, eta Bertsolari aldizkarian ere egin izan ditu zenbait lan. Aldizkari horren sortzaile taldean egon zen Laxaro Azkune. 2003ko azarotik Uztarria Kultur Koordinadorako lehendakaria da.

Irratiarekin bukatzeko, Iñaki Elorza Euskadi Irratiaren hasieratik dabil (1982), euskaraz egiten kazetaritza, batik bat kirol kontuak. Txetxu Urbietak ere urteak daramatza irrati kate berean (1990etik), honek ere kiroletan. Axun Arozena ia hasieratik dago han...

Loraldia frankismoaren ondoren

Frankismoa amaituta, euskarazko prentsaren loraldia hasi zen Euskal Herrian, eta azpeitiarrak, horren lekuko zuzen. 1977an Egin eta Deia egunkari abertzale ia erabat erdarazkoak sortu ziren, eta aldizkariak gorpuztu egin ziren. 1976an Zeruko Argia aldizkariak aldaketa errenkada hasi zuen, 1980an Argia izatera pasatu zen arte. Orduan azpeitiar bat zegoen aldizkari hartako idazle nagusien artean: Donato Unanue. Gainera, Mikel Atxaga eta Luis Alberto Aranberri *Amatiño*-rekin batera aldizkaria kudeatzen jardun zuen.

Garai hartan, izenean bakarrik ez zen izan aldaketa, edukietan ere izan zen. Egunerokotasunean gori-gorian zeuden gaiak lantzen hasi ziren. Euskarazko kazetaritza sendoa osatzeari ekitea erabaki zuten, aurrera egiteko halaxe egitea beharrezkoa zela iritzi baitzioten. Beraz, Euskal Herrian ere beste lekuetan bezalako prentsa eredua egiten hasi ziren, euskaraz. Donato Unanue horren lekuko. Gero, Egin-era joan zen hura.

Joxean Agirre oñaztarra ere orduan hasi zen kazetaritzan. Egin sortu zenean, Anjel Lertxundik deitu zion, eta itzultzaile lan egingo ote zuen galdetu. Halaxe hasi zen, eta gero, batzuk mahaietara pasatu ziren. “Ni Donostiako lokalera joan nintzen lehenik, eta gero, segituan, Kultura sailera”. Ordutik orain arte kultur gaietan aritu izan da, batik bat, Agirre. Espainiako Estatuak 1998ko uztailean, indarrez, Egin itxi zuenetik, Gara egunkarian dihardu (1999ko urtarrilean sortu zen).

Egin-en zegoela, euskarazko egunkaria sortzeko “asmo ilun bat sortu zen Eusko Jaurlaritzaren aldetik”, Joxean Agirrek dioenez. Hain zuzen, Diaz Nociren liburuan ageri den moduan, 1986an Eusko Jaurlaritzak urte batzuk lehenago proposatutako egitasmoak berriro hartu zituen kontuan, “eta pauso batzuk eman zituen: euskal merkatuari buruzko ikerketa bat egitea eta euskal egunkari bat, edo batzuk, kaleratzeko esperimentuak bultzatzeko diru laguntzak ematea. Asmoa ez zen euskara hutsezko egunkariak ateratzea, baizik eta astero egunkari itxura eduki behar zuen aldizkari bat ateratzea”. Gogoan du ekimen hura Joxean Agirrek: “Ez zuten asmatzen nola egin, eta deialdia egin zuten, astebeteko gehigarri bat ateratzeko diru laguntzak emateko. Orduan Eguna atera zuen Deia-k, gerra garaiko egunkari haren izena hartuz eta numerazioa segituz; Amatiñok hartu zuen koordinatzaile ardura. Guk, Egin-en Orain enpresak, Hemen sortu genuen”. Hemen 1986ko irailaren 26an jaio zen, Eguna 1986ko urriaren 5ean. Euskarazkoak ziren, egunkari formatokoak, eta astean behin argitaratzen ziren: Hemen ostiraletan, Eguna ostegunetan. Hemen-ek 3.500 bat ale argitaratzen zituen 1989an; Eguna-k, berriz, 2.500 bat ale saltzen omen zituen 1989an.

Joxean Agirre bera izan zen Hemen-en zuzendaria, eta harekin batera jardun zuten lanean Jabotxa Fernandez, Eguzki Arrizabalaga, Andres Gostin azkoitiarrak, Xabier García Argüello, Joseba Alvarez eta Sergio Basurkok. “Hibrido bat zen Hemen. Ostegunari garrantzia ematen genion. Erdi egunkari, erdi astekari bat zen. Horren helburua entrenamendu moduko bat egitea zen, gero euskarazko egunkaria sortzeko, baina ondoren beste leku batetik sortu zen Egunkaria”. Oroitzapen polita dauka Agirrek. “Asko gozatu nuen, gazte koadrila batean egiten genuelako lana”. Orduan Argia-k elkarrizketa egin zion (1986-10-5ean) eta helburua egunkari normal bat egitea zela esan zuen: “Gure helbururik idealena zera izango hukek: jendeak Hemen irakutzen duenean, egunkari normal bat irakurtzen ari dela sentsazioa edukitzea, osorik euskaraz idatzita dagoela ere ez ohartzea”. Ez zirudien, ordea, euren helburu hori betetzea erraza zutenik: “Euskaraz hizkuntza informatibo soila sortzeko zagok oraingoz —zioen elkarrizketa hartan—, eta horixe duk neurri batean behintzat gure apustua. Garai batean, euskal prentsa Iritzia sailak betetzen zuen, beste ezeren gainetik. Orain lortu da elkarrizketak eta erreportaiak ere hizkuntza normala izatea euskal kazetaritzan, baina berri soilak eskaintzeko hizkuntza periodistikoa oso gutxi landu da orain arte, eta tradizio falta horren ordezkoa sortzen hasi nahi genikek geure saio honetatik”.

Hemen bukatu zen, eta euskarazko egunkaria beste leku batetik sortu zen; ez Egin-etik eta Deia-tik, baizik eta Argia aldizkariaren taldetik, batik bat. 1990eko irailaren 28a arte iraun zuen Hemen-ek. Eguna-ren azken zenbakia egun bat lehenago atera zen: 1990eko irailaren 27an.

Geroago, eszedentzia hartu zuen Agirrek, orain 12 bat urte. “Gipuzkoako bertsolaritzaren tomo bat egin behar nuen. Sendoa argitaletxearen asmoa zen; gero kiebra jo zuen. Eszedentzia aprobetxatu nuen, buruan bueltaka nebilkien asmo bat aurrera ateratzeko”. Hau da: Bertsolari aldizkaria sortu zuen. “Garai horretan euskaraz ere aldizkari tematiko edo espezializatuak egin behar zirela uste zen”. Gauza hurbilak egiteko asmo sendoarekin sortu zen Bertsolari. “Elkarrizketa hurbilak egiten genituen, pertsonaiaren alderdi ezkutua azaltzen saiatu ginen. Hori izan zen Bertsolari”. Orain Ikastola aldizkariarekin ere badabil. Joxean Agirrek, euskarazko prentsan egindako lanaren aitorpen gisa, 1990ean Andoaingo Udalak banatzen duen Rikardo Arregi Sari garrantzitsua irabazi zuen, prentsa idatzian, Bertsolari txapelketa lanagatik (Egin, 1989-12-17). Argia Saria ere bai behin, 1990ean bertan.

Pako Aristiren hasiera.

Pako Aristi urrestildarra ere Egin-en hasi zen lehen kazetaritza lanak egiten, Agirreren antzera. 1982an, 19 urterekin, Kazetaritzako bigarren urtea egiten ari zela. “Astean behin lau orrialdeko gehigarri antzeko bat ateratzen zuen Egin-ek. Hor hasi nintzen, astero-astero elkarrizketak egiten”. Urtebete pasatu zuen elkarrizketa horiek egiten. Handik, La Voz de Euskadi-ra pasatu zen. “Hasieran Azpeitiko eta Azkoitiko berriemaile egiten nuen lan, eta gero bertara joan nintzen, beraiek eskatuta, eta euskarazko orrialde bat ateratzen nuen, egunero”. Batik bat, kultura lantzen zuen arren, kirolei eta abarri buruz ere idatzi izan zuen. Egunkari hark kiebra jo zuen, eta kobratu gabe lana egiten hasi zirenean, Aristik utzi egin zion han idazteari.

Hurrengo urratsa El Diario Vasco-ra egin zuen. “1985ean zutabeak egiten hasi nintzen, astean bitan. Dena euskaraz. 1985etik 1989ra arte egon nintzen han”, dio. Kazetaritzako bere “lehen etapa” hor amaitu zela dio Aristik, eta Galiziara egin zuen salto. “Denboraldi bat han pasatzera joan nintzen, eta bizpahiru urtean ez nuen egin egunkarietarako lanik”.

Bigarren etapa, handik bueltatutakoan hasi zen urrestildarrarentzat. “1992an-edo berriro hasi nintzen El Diario Vasco-n, zutabeak egiten, 1992tik 1995era”. Bi aldietan DV-n egin zituen urte haietan (hasieran lau eta gero hiru) zutabeez aparte, Zabalik euskarazko gehigarrian ere egin zituen elkarrizketak eta, batik bat, erreportaiak, astero. Zabalik, egunkariaren barruan egiten zen hasieran, gero aldizkari bezala ateratzen hasi baziren ere. Pako Aristik idazten zuenean, barruan egiten zen, eta 12 orrialdekoa zen. “Han elkarizketak eta, batez ere, erreportaiak egiten nituen”. Erreportai horiek zirela-eta bi urtean segidan Rikardo Arregi Saria eman zioten: 1992an (Klik baten ondorenak lanagatik) eta 1993an (Selma Husley lanagatik). Baina 1995ean El Diario Vasco-rekin zituen harremanak hautsi egin zituen. “Harreman periodistikoa ez ezik, pertsonala ere bai. Hausketa egon zen. 1995ean ez nengoen konforme haien ideologiarekin, eta urrundu egin ginen. Eta kanpora”.

.1996an Egin-era itzuli zen. “Neuk nahi nuenean idazten nuen, hilean behin, edo bitan, edo... Zerbait bururatzen zitzaidanean, egin egiten nuen”. 1998an Egin itxi zuten, eta 1999an Gara sortu zen, hau ere hein handi batean gazteleraz. Aristi Gara-n zutabegile hasi zen, hamabostero. “Gara-ren 1. zenbakian nire zutabea atera zen han, euskaraz”. 1999ko urtarrilaren 30a zen. Han lau urte egin zituen, iaz arte (2003).

Hortik aurrera egindakoak gauza sueltoak izan direla dio Aristik. “Uztarrian aritu izan naiz bi urtean, hilero, eta tiraka hasiz gero, gehiago ere aterako lirateke. Artikulu asko eta asko izan dira, eta erreportaiak ere bai. Folio asko dira”.

Aristi bere ibilbidea egiten ari zen bitartean, euskarazko egunkaria sortu zen: 1990eko abenduaren 6an ikusi zuen argia Euskaldunon Egunkaria-k. Herritarrek emandako diruarekin sortu ere. Han ere hai

euskaraz gehien idatzi duena. Joxean Agirrek ere pixka bat bai. “16 urterekin ez nuela idazle izan behar erabaki nuen, une hartan eskakizun politiko batzuk zeudelako, Gizarte Zientzia, Soziologia, Historia edota Kazetaritza —geroago egin nuena— ikastea, eta bide honetatik joatea erabaki nuen”, zioen Agirrek berak Argia-n 2002ko abenduaren 15eko zenbakian (1880.a), Juan Luis Zabala eta Arantxa Iturbe idazle eta kazetariekin izandako mahainguru batean. “Gizarteak sekulako buelta emango zuelakoan, aldaketak gertu eta berehalakoak izango zirelakoan prestatu behar genuela pentsatu genuen. Gero, halako desengainu politikoaren ondoren, itzuli nintzen ni literaturara, eta bi jarduerak oso bereiziak ditut. Azken bolada honetan Jaka beka-rekin nobela bat bukatzen ari naizenez gero, egunero bizpahiru orduz idazten dut goizean goizik, beste guztia bigarren mailakoa dela pentsatuz ateratzen naiz etxetik, kazetaritzak ez duela horrenbeste neke merezi, ez diodala inolako ahaleginik eskaini behar pentsatuz. ‘Kazetaritza ez dut maite’, esaten dut askotan. Ordea, lehen prentsaurrekoan sartzen naiz, emozionatzen naiz eta egun osoa horretan ahalegintzen naiz. Baina niretzat izugarri ezberdina da goizeko ariketa literarioa eta egun osoko beste jarduera”.

Joxean Agirreren ustez, lanerako garaian desberdinak dira literatura eta kazetaritza. “Labur esanda —dio Argia-ko mahainguruan—, literatura errepresentazioaren arloari dagokio, artearen arloari, eta kazetaritza, aldiz, komunikazioarenari. Literaturan sorkuntzak ez du mugarik. Kazetaritzan, aldiz, sorkuntzak oso muga estuak ditu eta ideologiaren zama askoz ere nabariagoa da, erakunde edo talde batentzat egiten baita lana. Hor nitasunak apenas duen pisurik, genero jakin batzuetan ez bada”. Baditu liburu batzuk hark: Hitza hitz. Txillardegirekin solasean, Joxe Agirre: mozketaren maisua (Jexux Muruarekin batera), Lehen triptikoa, Gizon bat bilutsik pasiloan barrena, Elgeta, Romain zen bere izena...

Egunkaria, azpeitiar askoren bilgune.

.1990ean uztailaren 15ean banatu zen Euskal-dunon Egunkaria-ren zero zenbakia, eta hura egiten azpeitiar bat egon zen erredakzioan: Joxe Luis Aizpuru; Gizartea sailean. Argia aldizkaritik joan zen Egunkaria-ra. Leioan, Euskal Herriko Unibertsitatean, Akerlanda izeneko Euskara Taldera gerturatu zen, “eta Argia inguruan mugitzen zen taldea zen”. Handik Argia-ko bileretara joaten hasi zen Aizpuru, 1989 inguruan. Lehenengo artikuluak Argia-n argitaratu zizkioten, eta baita A ze astelehena! gehigarrian ere (Egin-ek astelehenetan ateratzen zuen).

.1990 hasieran Egunkaria-ren proiektua sortu zen, “batik bat, Argia-ko jendearen eskutik”, dio orain Aizpuruk. Argia aldizkarian zeudenei galdetu egin zieten egunerokoan edo astekarian jardun nahi zuten. Aizpuruk esan zuen Egunkaria-n lana egin nahi zuela, eta prestatzen hasi ziren. “Zero zenbakian parte hartu nuen, kolaboratzaile bezala”. Gero, uda etorri zen, eta ikastaroak-eta egiten egon ziren, Donostian, Egia auzoan. “Irailean egunkarirako hartu egin nindutela esan zidaten, eta orain dela bi urte eta erdira arte hantxe, Egunkaria-n egon nintzen, Iritzia sailean, Gehigarrietan...”.

Zero zenbaki haren argazkia gogoan du Aizpuruk: “Sanferminetako entzierro bateko argazkia zuen”. Zero zenbaki ia osoa eguneko notiziekin egin zuten. Eta Marino Lejarretak bezperan beharrean uztailaren 15 hartan Frantziako Tourreko etapa irabazi ez zuelako penatan zeuden; euskaldun batek etapa irabazi zuela kontatuko zuten, bestela, lehen orrialde hartan. Egunkaria Sortzen kanpaina eta Kulturako orrialde batzuk salbu, dena egunean bertan egin zuten. Aizpururen saileko buru, Gizartean, Iñaki Uria zegoen, eta hura izan zen orrialdeak zuzendu gabe bidaltzea erabaki zuenetako bat; Gaizka Aranguren zen Gizartea saileko beste kide bat. Egun batean hori dena egiten ohitzeke zeuden, eta lana pilatu egin zitzaien. Josu Landa ibili zen lan taldea koordinatzen. “Egoskorkeriagatik” lortu zutela dio Landak. Ordenagailu sarea behin baino gehiagotan blokeatu zitzaien, argazkiak aukeratzera Egin-era joan ziren bi langile... Berandu, baina bukatu zuten.

Egunkaria-n orain dela bi urte eta erdi inguru eszedentzia hartu zuen Aizpuruk, eta Gure Irratira joan zen, Ipar Euskal Herriko irratira. Ez zen itzuli, ordea. Hendaian bizi da. “Guardia Zibila joan zen Egunkaria-ra, eta akabo”.

Bi liburu ere idatzi ditu Aizpuruk, biak euskaraz. Lagun Onak Azpeitiko Mendi Bazkunaren 25. urteurrenekoa, Enekoitz Esnaola kazetari azpeitiarrarekin batera; eta Nekane Larrañagarekin Itsasi Azpeitiko dantza taldearen 25. urteurrenekoa. Aizpuruk Uztarria aldizkarian ere jardun zuen iritzi artikuluak egiten.

Ana Unanue da Euskaldunon Egunkaria-n aritutako beste azpeitiar bat. Egunkaria-ren hasieran hasi zen, Iruñean. Opusen unibertsitatean ikasten ari zen bitartean, “bigarren edo hirugarren mailan” Egunkaria Sortzen proiektua abiatu zen. “Nonbait zailtasunak zituzten Iruñea aldean jendea aurkitzeko. Egunkaria-rekin hasi baino pare bat hilabete lehenago Argia-ra bidali nuen elkarrizketa bat Alemaniatik, eta hortik lortu zuten nire berri. Deitu egin zidaten, eta horrelaxe sartu nintzen Egunkaria-ren proiektuan. Zortzi bat urte egin nituen Iruñean, politika gaietan idazten. Egunkaria oso proiektu kuttuna nuen. Kazetaritzaz dakidan apurra hantxe ikasi nuen; eskola ona izan zen”.

Nekatu egin zen, ordea; politika egiten nekatu. “Eguneko kazetaritzak morrontza handia dauka niretzat. Ez duzu garrantzitsuena jarraitzen, premiazkoena baizik. Hori oso nekagarria egin zitzaidan. Utzi egin nuen, eszedentzia batekin, eta ez nintzen bueltatu. Guardia Zibila joan zen ni baino lehenago”.

Guardia Zibilak atea jo aurretik ere okupatua zebilen, ordea, Unanue. “AEKn hasi nintzen, ikastaroetan, eta AEKren aldizkarian bukatu nuen: Aizu-n. Gai lasaiagoak dira, eta guztiz desberdinak. Ordu gutxiagotan egiten dut lan, hilabetekaria da, eta inoiz ez zara geratzen bazkaldu gabe ez dakit zergatik”. Gainera, “inolako dudarik gabe”, nahiago du oraingoa. “Artzain bati ez dakit nongo gaztagatik badakit zer erreportaia egiterakoan, adibidez, askotan esaten dut ‘artzain honek Miguel Sanzek baino kategori handiagoa dauka eta askoz gusturago nago berarekin’”. Aizu-ren ardura dauka eta kritikak idazten ditu.

Amagoia Iban ere Argia-tik bueltan joan zen Euskaldunon Egunkaria-ra. Matxinbentarra da bera. “Txikitatik gustatzen zitzaidan idaztea. Gaztetan Urruzuno Saria irabazi nuen, eta oso argi neukan idatzi egin nahi nuela. Beraz, ikasketarik egokiena Kazetaritza izango zela pentsatu nuen”.

Bigarrengo urtea egiten ari zela, Egin-en hasi zen Zarauzko kronikak egiten —han bizitzen hasi zen—. “Euskaraz egiten nituen, nik hala erabaki nuelako”. Kronikak egiten ari zela, Argia-tik deitu zioten; “hutsune bat sortu zela eta probatuko ote nuen, eta halaxe hasi nintzen”. Orduan, ikasteari utzi egin zion. Argia-n 1994a arte-edo egon zen. Astekaria utzi eta eguneroko prentsara egin zuen. “Hura utzi nuen, eta Egunkaria-rako gauzak egiten hasi nintzen, ordezkapen batzuk pixkanaka-pixkanaka, eta gero lana eskaini zidaten”. Besteak beste, Begia kultur gehigarriaren arduradun izan zen, eta telebistako kritikak ere egiten zituen. Egunkaria itxi zutenean, Egunero-n aritu zen, eta orain Berria-n dabil; adibidez, egunero iritzi artikulu labur bat egiten.

Batean eta bestean.

Bitarte horretan, han eta hemen euskarazko prentsan edo bestelako prentsan euskaraz idatziz ekarpenak egiten ibili diren azpeitiarrak ugari dira. Ramon Etxezarreta urrestildarrak, esaterako, artikulu asko argitaratu ditu prentsan, euskaraz. 1979tik 1987ra bitartean Azpeitian zinegotzi izan zen Etxezarreta, EEtik. Orduan ere saiatu zen euskarazko prentsaren alde. “Euskarazko aldizkari bat sortu genuen, Herri Hotsa, egunkari formatoan, Udaleko aurrekontuak-eta azalduz. Ez zidaten utzi 2.a ateratzen”.

La Voz-en makina bat artikulu idatzitakoa da Etxezarreta, eta Oh! Euzkadi-ren sorreraren lekuko izana. 1980an sortu zen aldizkari hori, eta aurretik, Zeruko Argia-ren aldizkari gehigarri bezala argitaratzen zen. Etxezarreta partaideen artean zegoen, Jokin Ansorena, Gotzon Egia, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Josetxo Lizartza, Joxean Muñoz, Lurdes Oñederra, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia eta Juanba Berasategirekin batera. Egunkari eta aldizkari gehienetan azaldu da urrestildarraren sinadura, iritzi-emaile bezala.

Herrigintzatik Euskaldunon Egunkaria sortu zenean (1990ko abenduaren 6an), eztabaida egon zen jatorriaz eta nolakotasunaz-eta, Eusko Jaurlaritzak ere azaldu zuelako bere asmoa egunkaria ateratzeko. Nolakoa behar zuen egunkariak? Pribatua? Publikoa? Etxezarretak bota zuen bere iritzia. “Egunkari publikoa da alternatiba; euskarazko egunkari pribatua beste enpresa pribatuak bezala tratatu behar da. Euskarari gainbalio bat ematearekin ados nago, baina galera guztiak ordaintzearekin ez”, esan zuen ETB1en Astelehen buruzuri saioan, 1990eko urtarrilaren 15ean, Egunkaria sortu baino ia urtebete lehenago. Ordurako hiru azpeitiar lanean ari ziren Egunkaria Sortzen taldean: Imanol Lazkano, Xebaxtian Lizaso eta Pako Aristi (ikus 86, 87 eta 88. orrialdeak).

Patxi Altunak ere lan ugari argitaratu izan du 1956tik gaur egun arte. Haietako gehienak, gainera, euskarari lotuak, Euskaltzaindian. Altunak 1953an Filosofia ikasketak bukatu zituen Oñan (Burgos, Espainia), eta 1956an euskarari buruzko bere lehen artikulua idatzi zuen, Euskera I. aldizkarian. Enrike Zurutuzak ere idatzi izan du euskaraz prentsan: “Zeruko Argia-n, Arantzazuko aldizkarian... Izarraitz ezizenarekin maiz. Eta euskara zaharrean”.

Miel Anjel Elustondok ere jardun du prentsan, saltsan. “Ez naiz kazetaria, baina idazteko dudan amorruagatik artikuluak argitaratu dizkidate, han eta hemen”. Egin-en, Argia-n, Euskaldunon Egunkaria-n, Gara-n eta Uztarrian agertu izan dira haren lanak, euskaraz; batez ere, Reno eta Idaho aldean (Ameriketako Estatu Batuak) bizi diren euskaldunen erreportaiak. ETBrako ere egin izan du lanik.

Haiez gain, azpeitiar asko aritu dira prentsan iritziak idazten, euskaraz: Jose Luis Iriarte, Iñaki Zubizarreta, Pako Garmendia, Jose Luis Otamendi, Iñaki Segurola, Xabier Euzkitze...

Herri komunikazioaren garrantzia.

.1980. hamarkadaren bukaera aldera herri aldizkariak sortzen hasi ziren Euskal Herrian, euskarazkoak. Azpeitian berandu samar sortu zen herri komunikazioaren aroa. Baina, sortu, sortu zen. 1999ko azaroan sortu zen Uztarria herri aldizkaria eta 2002ko urtarrilean www.uztarria.com. Aldizkari hori Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadorak sortu zuen, eta aldizkaria bera egiten garai hartan Egunkaria-n lana egiten zutenak zeuden batik bat. Haien artean, Enekoitz Esnaola. “Beti gogoratzen dut zein egunetan hasi ginen Uztarriaren oinarriak jartzen: 1997ko urriaren 18an. Uda aurretik, Azpeitiko Euskal Herrian Euskarazek sustatuta, herriko euskara eta kultur beharren eta arazoen berri jakiteko, galdetegia egin genuen, eta emaitzak kezkagarriak zirela ikusita, bilera zabala egitea erabaki genuen. Urriaren 18 hartan egin genuen lehen bilera euskara eta kultur taldeekin, eta euskara, komunikazioa eta kultur arloetan zebiltzan norbanakoekin, Sanjuandegin, parrokiaren lokaletan, larunbat arratsaldez, eta 25 bat lagun bildu ginen. Eta, esan bezala, egunaz beti gogoratzen naiz; izan ere, Euskal Herrian nahikoa egun seinalatua izan zen hura, egun hartan inauguratu zutelako Guggenheim eta egun hartan egin zuelako ELA sindikatuak Gernikan manifestazio sonatua (EAEko “Estatutuaren bidea bukatu da”, esan zuten). Uztarria ere orduantxe hasi zen ba sortzen”, dio Esnaolak.

Aurretik egindako galdetegian “garbi” geratu zen Azpeitian behar zela herriko informazioa modu zabalean jorratuko zuen aldizkaririk, baina lehen bilera haren helburua ez zen hain justu hori izan. Beste bilera bat ere egin zuten hilabetera. Sustraiak Aisialdi Taldea, Azpeitiko Argazki Elkartea, Antxieta Antzerki Taldea, Antxieta Arkeologia Taldea, Hegoaz Blai, Sahatsa Dantza Taldea, Itsasi Dantza Taldea, AEK, Bertso Eskola, Kitarrista Taldea, Euskal Herrian Euskaraz, Orkatz Kultur Elkartea, Urrestillako rock taldeak, Zubi-zaharreko rock taldeak, Azpeitian Gazteok Zer?!, Gazte Asanblada, Azkoitiko Mataderoa, Jose Luis Otamendi eta Xabier Alday idazleak, eta Laxaro Azkune kazetaria egon ziren batzar haietan —Xebaxtian Lizaso bertsolariak ere egin zituen ekarpenak—, “eta egoera hartan zergatik geunden jakitea edo horri buruz gogoeta egitea zen helburua”, esaten du Esnaolak. “Parte-hartzeari buruz, eta Udala eta herriko taldeen elkarlanaz eta taldeen beraien arteko elkarlanaz egin genuen gogoeta. Akordatzen naiz lehen bilera hasi eta Joxe Ramon Larrañaga Argazki Elkartekoak segituan nola esan zuen Azkoitian bazutela ordurako herri aldizkaria —Maxixatzen— eta Azpeitian zergatik ez genuen. Jakina, behar hori bazegoen, baina nahiago izan genuen sakontzea, arazo nagusiak zein ziren ikustea, eta gero ematea eman beharreko pausoak. Besteak beste, nola egituratu Azpeitiko euskara eta kultur mugimendua, zein ardatzi heldu eta zer proiekturekin abiatu”.

Euskara, kultura eta informazioa-komunikazioa ardatzei heltzea erabaki zuten, eta Uztarria Kultur Koordinadora sortzea; herriko taldeen koordinadora, talde eragile batekin. 1998ko martxoaren 3an sortu zen Uztarria. Honatx zer zioen sorrerako idatziak: “Blokeo eta noraez egoeran geundela iruditzen zitzaigun, eta fase berri batean sartu beharra dagoela ere bai. Horretarako mugitu beharra dago, eta, lehen urratsak emateko, gogoeta eta autokritika egin beharra. Eta saihestezina zen autokritika egitea, urteetan oso handia izan baita Azpeitiko euskara eta kultur taldeen arteko koordinazio eza. Artxipelagoaren tankera zeukan gure herriko kultur taldeon egoerak: talde bakoitza irla bat zen, eta irlatik irlara ez zegoen zubirik, eta, gainera, ez zegoen txalupa txikirik ere irla batetik bestera joateko. Koordinazio ezak arazoak sortu izan ditu urteetan Azpeitian, eta hori bukatu beharra dagoela erabaki genuen guztion artean”. Herritarrak eta Udala ere kritikatu zituen, “egoera hori hobetzeko aurrerapauso handirik ez dutelako egin. Pasibitate handi samarra erakusten dute kulturarekiko”. Baina “Uztarria Kultur Koordinadora hasiera honetan kritiko azaldu den arren, ez doa inoren kontra, kritikak eraikitzaileak baitira. Euskara eta (euskal) kulturaren aldeko proiektua da, eta Udala, herritarrak eta talde guztiak dira ezinbesteko”.

Herrian kultur etxea izateko proposamena lantzea izan zen lehen lana, baita hilero herriko buzoi guztietan kultur agenda banatzea ere. Eta lehen esan bezala, 1999ko azaroan sortu zen Uztarria herri aldizkaria.

Enekoitz Esnaola bera 1992ko martxoan hasi zen Euskaldunon Egunkaria-n lanean. Haren lehen lana lehenago argitaratu zuten, ordea. Egunkaria-ren 1. urteurreneko egunean (1991-12-06), azkeneko orrialdean, Joxe Urbieta Takolo mendizaleari buruzko erreportaia. Eta anekdota gisa, zera: Esnaolarena izan zen Egunkaria-k sailetan argitaratu zuen aurreneko analisia. “Saskibaloiari buruz egin nuen. Ordu arte, Iritzia atalekoak ez ziren sailetako analisiak egiteko beti beste komunikabideetako kazetariengana jotzen genuen, eta nik ez nuen ulertzen, Egunkaria-n oso baleko kazetariak zeudelako. Horregatik egin nuen neuk analisia, batik bat geure jendea animatzeko”.

Egunkari nazionalean ez ezik, herri komunikazioan ere murgilduta ibili da, eta dabil, Esnaola. Hasieratik “garbi” izan du “herri komunikazioaren garrantzia”. “Egunkaria sortu zenean, bere baliabideak urriak ziren. Orduan egunkaria bera egitea zen helburua, hurrengo egunean irtetea. Ezin izan zion herri informazioari heldu. Gainera, egunkari nazionala izanik, edizio asko beharko lituzke eta... Horretaz gain, orduantxe hasi ziren euskarazko lehen herri aldizkariak sortzen, eta, beraz, elkarlanerako aukera handirik ere ez zegoen”.

Lanaren poderioz, Egunkaria indartzen joan zen, eta herri informazioari eusteko aukerak bazirela ikusi zuten. Beraz, nola egin pentsatzen hasi ziren. Egunkaria-k leku bakoitzerako edizioak atera beharko lituzke, eta orduan ere hori ezin zuenez, tokian tokikoak ateratzea pentsatzen hasi ziren, egunkaritik aparte. “Eta ateratzekotan, egunerokoak, ez aldizkakoak. Batetik, euskararen normalizazioan eragin handiagoa lortzeko. Eta, bestetik, informazioaren erreferentzialtasuna ere lortzeko egunerokoarekin”. Horrela abiatu zuten bidea, “pixkanaka”.

Esperientzia horretan sartu zen Esnaola. “Formula logikoena hauxe zen: euskarazko egunkari nazional bakarra, tokian tokiko euskarazko herri aldizkariekin elkarlanean aritzea, bien artean egunero toki horretako informazioa egunkari formatoan emateko”. Proiektuak leku horretako gizarte eragileen parte-hartze zuzena ere behar zuela ikusi zuten.

Tolosaldean probatu zuten lehendabizi. 2001eko abenduaren 18an argitaratu zuten Tolosaldean Egunero egunkariaren 1. zenbakia. Enpresak hiru zutabe zituen: Galtzaundi Tolosaldeko aldizkariaren euskara elkartea, Egunkaria, eta eskualdeko gizarte eragileak.

“Esperientzia berria zen Euskal Herrian. Hernanin bazuten orduan egunkari bat, astean bost aldiz ateratzen zena: Kronika. Eta orrialde batekoa. Egunero, berriz, zortzi orrialdekoa zen, eta astean sei aldiz ateratzen zen. Lan taldea ere ia erabat berria, ia denak egunkarietan jardun gabeak. Banaketa eredua, oso ausarta: egunero harpidedunei etxera (segituan lortu ziren 7.000 harpidedun); Orexako, Berastegiko... puntara-eta banatzen genuen egunero, baserrietara...”.

Politikoki ere “gogorra” izan zen, EAJ eta EA kontra azaldu zirelako hasieran. “Euskarazko prentsan gabiltzanok lan bat baino gehiago egiten dugu: kazetaritzaz gain (eta hor, gainera, maiz itzultzaile lana ere egiten dugu, faxak, teletipoak... gaztelaniaz daudelako ia erabat), herrigintzatik sortutako prentsa aurrera ateratzeko kanpainak-eta egin behar izaten ditugu. Baina independenteak, pluralak, baterakoiak, parte-hartzaileak... izatea da gure filosofia, eta hori ez gustatzen nonbait zenbaiti. Baina guk Egunero-ren aldeko giroa sortu genuen, ez inoren kontrakoa, harpidedunek diru asko jarri zuten, komertzialki ere goraka gindoazen, egunkaria gero eta zabalduagoa zen, gero eta erreferentzialagoa zen, eta azkenean, elkarrizketaren bidez, akordiora iritsi ginen han EAJrekin; Sozialista Abertzaleak ere, aurretik bezala, alde zegoenez, proiektua ekonomikoki ere sendotzea lortu genuen”.

Azpeitiarron ‘Hitza’.

Espainiako Estatuak Egunkaria itxi zuenean (2003-02-20), Egunero-ren mantxeta hartu zuen nazio mailako euskarazko egunkariak, Galtzaundi-rena Tolosaldekoak, eta 2003ko martxotik Tolosaldeko Hitza izena du hango egunkariak. 2003ko ekainean sortu zen bigarren Hitza: Oarsoaldekoa. Horren enpresako bazkide bat Euskarazko Komunikazio Taldeko Bertako Hedabideak S.L. da (Berria egunkaria ere EKTren parte da), eta hemen sorreratik dabil, Enekoitz Esnaolarekin batera, beste azpeitiar bat: Iban Arregi. Honek ere lehen Egunkaria-n jardun zuen, eta Uztarrian sorreratik dago (bera izan zen 1998tik 2003ko arazoa bitartean koordinadorako lehendakaria). “Eskualdeetara joan, euskara elkarteei Hitza-ren proiektua aurkeztu, haiekin adostu, udalekin eta eragileekin egon, eskualdean aurkeztu, kazetariei ikastaroak eman (kazetaritza, maketazioa, diseinua), enpresako kontuak eraman, Hitza berriak aurreikusi... hori da Bertako Hedabideetakoon lana. Eta gustura gaude, euskarazko prentsarentzat oso proiektu garrantzitsua delako”. Gaur egun bost Hitza daude.

Prentsan euskaraz idazten azpeitiar kazetari gehiago ere izan dira eta badira. Lehenik Egin-en, gero Uztarrian eta orain Urola-Kostako Hitza-n Nerea Uranga; lehen Euskaldunon Egunkaria-n eta orain Berria-n Estitxu Elduaien; lehen Joxemi Benitez Gara-n Azpeitiko kartan eta Jon Olaizola Egin-ekoan; Mailo Oiarzabal El Diario Vasco-n urte askoan dabil Azpeitiko kartan euskaraz asko egiten; Ihintza Agirretxe eta Kepa Urbieta Uztarrian dabiltza; Leire Aramendi eta Asier Legarda-ereño Berria-n; Ion Aranburu Urola-Kostako Hitza-n; Arritxu Zelaia Argia-n ibili zen; Ainitze Oruesagasti Uztarrian eta Urola-Kostako Hitza-n kolaboratzen dabil; lehen Nerea Aranburu Uztarrian... Era berean, euskarazko prentsaren aldeko lanean ari dira Mikel Azkune —Berria-rentzat eta Hitzentzat Iragarri publizitate enpresan—, Kike Zurutuza —Berria-n sustapenean—, Mikel Arregi —EKTn administrazioan—, Xebaxtian Lizaso —Egunkaria-ren publizitate sailean ibilia—, Eneko Etxeberria —Egunkaria S.A.ko lege ordezkaria izana—...

“Azpeitiarrak leku guztietan daude”, dio, bai, Iñaki Goenagak. Euskarazko prentsan bai, behintzat. Asko. Aspalditik. Gaur egun, inoiz baino gehiago eta inoiz baino hedabide gehiagotan. Beti, euskarazko prentsa indartze aldera.

Egunkaria, euskarazkoa

"Egunkaria" itxi zutenean, hango langile azpeitiarrek hitzaldia eskaini zuten herrian, egoera zein zen azaltzeko, zer laguntza behar zuten esateko... Eta Enekoitz Esnaola kazetariak euskarazko egunkariaren beharra ere azaldu zuen, historiari gainbegiratu bat emanez: 1930. hamarkada, "Egunkaria"-ren sorrera eta honen oinarriak... Hona hemen hitzaldia.

Enekoitz Esnaola (2003-03-19, ‘Egunkaria’-ko azpeitiar langileen izenean; uztarria.com-en argitaratua)

Oraintxe dela hilabete, otsailaren 19an, hementxe (Aitonena I-eko aretoan)egon zen hitzaldia ematen Martxelo Otamendi, Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria, eta gero hemen kanpoan, atarian, lagun batzuk bazeuden, eta atzetik jarraitu zioten Tolosaraino, eta han beste lagun batzuk bazituen, eta gero Madrilera eraman zuten, eta harekin batera beste bederatzi. Hamar euskaltzale atxilotu zituzten eta gaur egun [2003-03-19an], hiru daude kartzelan oraindik: Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Iñaki Uria. Eta haiek askatzea eskatzen dugu guk.

Behin hori esanda, nik zera azalduko dut: noraino iritsi garen Egunkaria bezala, zergatik iritsi garen Egunkaria bezala iritsi garen tokiraino eta zergatik, gure ustez behintzat, Espainiako Estatuak Egunkaria jo duen.

Euskaldunon Egunkaria orain dela 13 urte sortu zen, baina hartu zituen printzipioak ez zituen berak asmatu egun batetik bestera; euskarazko prentsa urte batzuk lehenagotik bazetorren, ez eguneroko egunkari formatoan, aldizkari formatoan baizik, Argia-rekin batez ere. Baina aurretik ere bazeuden euskarazko prentsaren funtzionamendurako oinarrien aipamenak eta aldarrikapenak. Orain dela 13 urte Euskaldunon Egunkaria oinarri batzuen inguruan sortu zen; 11 oinarriren inguruan. Jakina, horiek oinarrizkoak izan dira Egunkaria-ren biziraupenerako eta Egunkaria-ren nolabaiteko arrakastarako. Eta horregatik jo dute bere kontra.

Aurreko mendean lehen aldarrikapenak (1917). Aurreko mende hasieran dagoeneko euskarazko prentsaren beharra aipatzen zuten garai hartako euskaltzaleek. Aita Arbelaitzek esaten zuen oso beharrezkoa zela euskarazko egunkaria sortzea eta sortu egin behar zela. Zeinen artean sortu behar zen galdetzen zuen, zenbat diru beharko zen... Kalkulu batzuk ere egin zituen, mila edo bi mila ale salduta iraungo zukeela esanez. Eta halako batean esan zuen: "Bildurrak bota egin behar ditugu, denok batu eta sortu egin behar dugu egunkari bat, euskarazko egunkari bat". 1917. urtea zen.

.1929-1930: Lizardiren asmoa eta oinarriak. Gero beste bolada bat etorri zen euskarazko prentsaren aldekoa, 1929-1930ean. Xabier Lizardi idazlea izan zen akuilua hartu zuena, eta hura izan zen eragile nagusietakoa eta euskarazko prentsa aldarrikatu zuena. Garai hartan bazegoen egunkari nazionalista bat, abertzale bat, Euzkadi izenekoa, baina gazteleraz zen. Lizardik esaten zuen gogoeta egin beharko zela euskarazko prentsaren aldeko eragileen artean, euskarazko baratza hezi eta hazi egin behar zela, eta, azken batean, euskarazko egunkaria sortu behar zela. Gainera, esaten zuen ez zuela nolanahiko egunkaria izan behar, baizik eta erdarazko egunkariekin lehiatzeko modukoa. Horrez gain, esaten zuen ez zuela ezohiko egunkari bat izan behar, baizik eta egunkari estandarra, eta kalitatearen bila joan behar zuela. Hala, egunkariaren oinarrien artean -oinarri batzuk jartzen hasi ziren-, kristaua izan behar zuela esaten zuen Lizardik, baina beste bi oinarri ere aipatu zituen, gaur egun hor daudenak hain zuzen: batetik, euskaltzalea izan behar zuela. eta bestetik, alderdi politiko gabekoa, independentea alderdi politikoetatik. Proiektu bat lantzen hasi zen, eta izena eta guzti jarri zion euskarazko balizko egunkariari: Bai. Elkarte bat ere osatzen hasi zen.

Baina garai hartan elebitasunaren aldeko mugimendua ere bazegoen (gaztelera-euskara), eta Lizardiren proiektua bertan behera erori zen. Diru falta ere nabarmena zen.

Baina dagoeneko jendea hasi zen ikusten euskarazko prentsaren beharra, eta oinarriak ere jartzen hasiak ziren.

.1937: **Eguna**, EAJrena. 1937an egon zen euskarazko egunkariaren hurrengo mugimendu interesgarria, urte hartan sortu zelako Eguna euskarazko egunkaria; sei hilabete iraun zuen. Garai hartan izugarrizko meritua zen euskarazko egunkari bat ateratzea sei hilabetetan. Baina ez zen izan alderdi politikoetatik independentea, EAJren hedabidea zelako. Agustin Zubikarai egunkariko zuzendariordeak esan zuen bezala, jabetza EAJk zeukan eta dirua jartzen zuena Eusko Jaurlaritza zen. Beraz, alderdi politiko baten tresna zen. Eta ez zuen funtzionatu. Horrek ere garrantzia dauka gaur egungo planteamendu batzuk kontuan hartzen baldin badira.

.1980ko hamarkada: **Eguna** eta **Hemen**. Beste aro interesgarri bat 1980ko hamarkadan egon zen. Izan ere, astegunkari batzuk sortu ziren, astean behin ateratzen ziren euskarazko egunkari formatoko batzuk: Hemen eta Eguna. Eguna, EAJren ingurukoa zen, Deia erdarazko egunkariaren enpresa argitaratzaile Iparragirre S.A.k argitaratzen zuena. Hemen, berriz, Egin* erdarazko egunkariaren enpresa argitaratzaile Orain S.A.k ateratzen zuen. Beraz, saio hartan ez zen euskarazko egunerokorik atera eta ezta erdarazko komunikabideetatik independenterik ere.

Sasoi hartan zegoen euskarazko aldizkari berriemaile bakarra Argia zen. Independentea. Baina Eusko Jaurlaritzak benetan Argia bultzatu eta lagundu beharrean, Hemen eta Eguna bultzatu zituen. Datu bat ematearren: 1987an Argia-ri zortzi milioi pezeta eman zizkion, eta Eguna-ri 26 milioi eta Hemen-i 23. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak euskarazko aldizkari independente bakarra bultzatu beharrean, erdarazko komunikabideetatik independente ez ziren beste biak bultzatu zituen. Garai hartan Argia bera kexu zen, eta zera esaten zuen: besteen aldean bikoitza saldu arren eta irakurle kopurua ere bikoitza izan arren, Eusko Jaurlaritzatik diru laguntza gutxiago jasotzen zituela.

Argia-k oraindik segitzen du, eta Hemen-ek eta Eguna-k ez; horiek 1986an sortu ziren eta 1990ean desagertu.

.1989: urte erabakigarria euskarazko prentsarentzat. Egunkaria Sortzen sortu zen. 1989ra iristen gara. Urte erabakigarria da euskarazko prentsan, Egunkaria Sortzen-en lehen bilera egin zelako azaroaren 1ean. Deialdi publiko eta zabala egin zuten, eta hor sortu zen talde eragilea, eta gerora hiru batzorde eratu ziren. Helburua: euskarazko egunkaria sortzea.

Garai hartan Eusko Jaurlaritza beste proiektu bat zeukala esanez hasi zen, eta orduan eztabaida hori sortzen hasi zen: batetik, egunkari pribatua -herri ekimenetik sortutakoa ikusten zen Egunkaria Sortzenetik- eta bestetik, egunkari publikoa -ori ikusten zen Eusko Jaurlaritzaren eta batzuen aldetik-.

Beraz, orduan Euskal Herrian bazeuden egunkari publikoarekin sinesten zutenak. Ia hamarkada bat lehenago EITB sortu zen (1982), euskarazko telebista eta irrati publikoak zeuden hor, eta egunkari bat ere hor barruan ikusten zuten sektore batzuek. Egunkaria Sortzenetik, aldiz, ikusten zen egunkariarena desberdina dela, egunkari batek askoz ere pluralagoa izan behar duela, eta herriaren eskuetan egon behar duela.

Orduan eztabaida hori oso garrantzitsua izan zen, eta gero ikusi zen zeinek zeukan, gure ustez behintzat, arrazoia. Eta gaur egun ere, nonbait, eztabaida hori planteatu nahian dabiltza batzuk. Horregatik egingo dut garai hartako laburpen bat ere.

Batzuek ez zuten horrenbeste sinesten herri ekimenetik sortutako egunkari batean, ezta egunkari estandar batean ere. Horrelako intseguritate bat bazeukaten produktuarekiko, esanez balizko porrota bada, -au da, "gutxi saltzen bada, irakurle gutxi baditu"...- azken batean euskararentzat berarentzat izango zela; horixe zioen, adibidez, Mari Karmen Garmendiak. Aldiz, Pello Zubiria Egunkaria Sortzen taldeko kideak, adibidez, esaten zuen apustu kontua ere bazela hura, eta bitarteko ekonomiko gutxi batzuk jarrita ere apustu horrek funtzionatzeko aukerak zeuzkala; azken batean, ekimena militantzian ere oinarritu behar zela zioen Zubiriak.

Egunkari berriaren ildo ideologikoa zen beste eztabaidetako bat. Egunkaria Sortzenek 11 puntu jarri zituen 1989an (gero azalduko ditut). Eusko Jaurlaritzak eta bere ingurukoek beste ildo bateko egunkaria nahi zuten, ordea. Hala, garai hartan oso ezaguna izan zen Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako orduko Kultura sailburuak esan zuena; hau da, orduan Ajuria Eneako hitzarmena indarrean zegoen, eta Arregik behin elkarrizketa batean zioen Egunkaria Sortzeneko batek galdetu izan balio Eusko Jaurlaritzaren ustez egunkari berri horrek "Ajuria Eneako markoaren barruan" egon beharko al lukeen, berak "jakina baietz" erantzungo liokeela, horrela behar zuela. Beraz, bistan da Eusko Jaurlaritzakoentzat-eta egunkariaren aniztasunak zertan oinarrituta egon behar zuen.

Aldiz, Egunkaria Sortzenetik esaten zen erabat zabala izan behar zuela egunkariak, alderdi politikoen eta erakundeen menpe ez zegoena, eta erdal komunikabideetatik ere independente izanik. Eztabaida latza izan zen. Lehen esan bezala, ordea, Egunkaria Sortzenek 11 puntuak aurkeztuak zituen 1989an, Durangoko Azokan, eta esan ere bai egunkaria sortzera zihoazela.

Eusko Jaurlaritzak ere esaten zuen bera ere sortzera zihoala bat, eta, hain zuzen, 1990eko abenduaren 3an bere egunkariaren prototipoa aurkeztu zuen (Egunkaria sortu baino hiru egun lehenago), eta kasualitatea da baina Egunero izena zuen, orain, Egunkaria-ren itxieran ondoren, nazio mailako egunkaria erabiltzen ari den mantxeta eta 2001eko abendutik Tolosaldeko egunkariak erabili duena. Baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Egunero ez zen sortu. Euskaldunon Egunkaria bai, 1990eko abenduaren 6an.

Beraz, errealitate bat bazegoen. Eta batzuk errealitate horri trabak jartzen saiatu ziren. 13 urte pasatu dira eta orain orduko antzeko gauzak entzuten ari gara beste leku batzuetatik. Hau da, 13 urte pasatu dira eta ezin da ahaztu orain dela 13 urte nola interpretatzen ziren gauza batzuk; adibidez, ETBtik. Eta ezin da ahaztu agintari politiko batzuek zer esaten zituzten Egunkaria-ko lehen zuzendariari buruz (Pello Zubiria zen), ETAk jarritakoa zela eta abar. ETB aipatu dudanez, horra adibide bat: Egunkaria-ren kasuan orain aipatu diren paper famoso horien inguruan, Espainiako Estatuko epaile batek horien interpretazioa egin du, ETAk Egunkaria-ren sorreran zerikusia izan zuela esanez eta epaia emanez, baina 1991ko uztailean ETBk berak albiste batean zer esan zuen esango dizuet: "Egunkaria-ren zuzendariaren izendapena ETAko buruzagien oniritziz egin omen zela uler daiteke Frantzian atxilotutako etakideei harrapatutako "dokumentazioan'. Hitz horiek berriro entzutea garrantzitsua dela uste dut, orain batzuen aldetik berriz ere akats berak ez egiteko, azken batean interpretazio horien arabera sufritzen dutenak orain sufritzen ari direnak direlako.

Eta lehen esan dut orain dela hilabete hemen Martxelo Otamendi egon zela eta harekin batera bederatzi euskaltzale atxilotu zituztela, torturatuak izan direla eta hiruk oraindik kartzelan segitzen dutela, ezer ere egin gabe. Baina zein hasi zen mamuak zabaltzen? Eta zergatik hasi ziren zabaltzen? Egunkari bat sortzeko beraien ezintasunagatik? Herri ekimenetik Egunkaria sortu zelako?... Uste dut oroimen hori izatea garrantzitsua dela; ez dira horrelako esaldiak-eta askotan errepikatu behar, baina berriro diot oroimen hori izatea garrantzitsua dela.

Hitzaldiaren hasieran egindako erreferentziak kontuan hartuta, ikusi dugu 1990 aurretik zeinek funtzionatu zuen eta zeinek ez, zer oinarri jartzen ziren batzuen aldetik eta zer besteen aldetik. Garai haietan ere bazeuden, beraz, kontzepzio desberdinak: egunkariak pribatua edo independentea behar zuen, edo publikoa edota beste enpresa edo alderdi batekiko dependentea izan behar zuen? Kazetaritza ikuspegitik, berriz, egunkari estandarra izan behar zuen edo zerbaiten osagarri eta ez-estandar izan behar zuen?...

Azken puntu horri helduz, 1980ko hamarkadan, esate baterako, erakunde batzuetatik-eta planteatzen zen gaztelerazko egunkarien osagarri izan behar zuela euskarazkoak, eta abuztuan ez zela argitaratu behar, doanekoa izan behar zuela... Aldiz, CIES erakundeak egindako azterketa baten arabera, ikusten zen egunkari estandar bat izan behar zuela, beste egunkari normal bat, eta beste komunikabideekin lehiatzera jo behar zuela. Hori ikusten zen Egunkaria Sortzenetik ere, eta horrela jarri zen martxan Egunkaria 1990. urte bukaeran. Hasieran 32 orrialdekoa zen, nola-halako produktua egiten zen, egunero ateratzea zelako helburu orduan, baina behintzat, egunkari estandarra zen.

'Egunkaria'-ren 11 oinarriak. Urtebete atzera egingo dut berriro, 1989ra. Orduan jarri ziren Egunkaria-ren 11 oinarriak, fundazionalak. Aipatu egingo ditut:

1- "Euskaltzalea". Ez politikagintzan oinarritutakoa, baizik eta hizkuntzan eta kulturgintzan. Euskaltzaletasuna da "lehen eta funtsezko oinarria".

2- "Nazionala". Hori ere klabea da. Orduan ere zatiketa administratiboa zegoen Euskal Herrian, eta Egunkaria-k zatiketaren gainetik funtzionatu behar zuela esaten zen, euskarazko produktu bat zelako eta zazpi lurraldeetan euskara hitz egiten delako.

3- "Baterakoia". Euskalgintzako indar guztiak batu ahal izateko ahalegina egin behar da.

4- "Zabala". Produktu aldetik ere zabala, euskaldun irakurle guztiengana iristeko moduko egunkaria.

5- "Independentea erakunde politikoetatik". Gaur egun ere gauza bera diogu. Lizardik bere garaian esaten zuen egunkariak ez zuela sortu behar "inoren babesean", baina bai orduko egunkarietan edo aldizkarietan oinarrituta. Eta zioen Argia aldizkarian oinarrituta sortu behar zuela. Guk zera diogu: Egunkaria itxi ostean, egunkari berriak Egunkaria-n oinarrituta sortu behar du.

6- "Independentea erdarazko komunikabideetatik".

7- "Ez-instituzionala". Horrek ez du esan nahi, ordea, anti-instituzionala izatea. Erakundeek euren diru laguntzaren araberako diru kontrolak egin ahal izango dituzte, baina bestelako kontrolik ez dute izan behar.

8- "Diruz lagundua". Erakunde publikoek diruz lagundu behar dute egunkaria, euskarazko hedabideak erdarazkoekin lehiatu ahal izateko.

9- "Militantea". Euskarak militantzia eskatzen duelako (gaur egun ere bai, jakina).

10- "Profesionala". Kalitateko produktua egiteko, langile profesionalak behar dira.

11- "Berria". Saioa berria da, eta proiektu berriak edukiko ditu.

Horiek izan ziren 11 puntuak, eta Egunkaria-k ez ditu 11 puntu horiek behin ere hautsi. Eta gure ustez, horregatik iraun izan du Egunkaria-k, eta proiektu berriak 11 puntu horietan oinarrituta segitu behar du, bestela etorkizunik ez du izango.

Egunkaria 1990eko abenduaren 6an sortu zen eta 13 urte egin ditu. Lehendabiziko lau urteetan boikota jaso zuen instituzioetatik; ez zen laguntzen, eta, gainera, esaten zen halakok izendatutako zuzendaria zela... Lau urtean, behintzat, ahal zuen moduan iraun zuen Egunkaria-k, oso egoera latzean; langileek garai hartan 80.000 pezetako soldata kobratzen zuten, baina 11 puntuetako bat militantzia zenez, ezta?...

.1994an Eusko Jaurlaritzarekin akordioa egin zen, artean Joseba Arregi zela Kulturako sailburu. Eta harrezkero Egunkaria sendotzen joan da. Gaur egun 60.000 irakurle inguru zeuzkan. Egunero 56-60 orrialde ateratzen zituen; horiez gain, umeentzako, gazteentzako, mendi-abenturako, ekonomiako, igandeko, unibertsitateko, eta literaturako gehigarriak zeuzkan. 2002an diru kontuak nahiko ondo zeuzkan. Iaz Interneten ingeleseko bertsioa martxan jarri zuen. Herri informazioa lantzen hasi zen 2001eko bukaeran, Tolosaldean Egunero eginez lankidetzan. Bizkaian egunero lurraldeko gehigarria ateratzen hasi zen 2000. urtean. Martin Ugalde Kultur Parkeko bazkideetako bat zen, Lizarra Grafikak eta Elkarlanean-ekin batera. Estilo liburu eredugarriak eta aitzindariak aterata dauzka. Liburu batzuk argitaratu ditu. Lau mila iragarle zeuzkan, eta gero eta publizitate gehiago zeukan. Eusko Jaurlaritzatik 1¹65 milioi euro jasotzen zituen urtero- Egunkaria-ren aurrekontuaren %22 inguru-. Orain dela urte batzuk Kontseilua sortzeko eragile garrantzitsuetakoa izan zen. Eta abar. Beraz, azken batean, esan daiteke Egunkaria ez zela egunkaria bakarrik, baizik eta euskalgintzako enpresa handiena izateaz gainera, euskalgintzako ardatza. 13 urtean beti 11 puntu horiek oinarri izanda. Eta baten batek esaten badu inoiz hautsi izan dituela, froga dezala.

Orduan, iritsi gara 2003ra eta Egunkaria itxi egin dute, armaz, indarrez eta arrazoirik gabe. Guk uste dugu egunkari berri bat sortu behar dela; ez gara gora begira egongo. Beste batzuk ere hasi dira gora begira ez egoten, Eusko Jaurlaritzak hor parte hartu beharko lukeela-eta esanez. Tira, orain dela 13 urteko eztabaida batzuk behintzat ez daude, irabazita daude. Garai hartan esaten zen euskarazko egunkaria ez zela bideragarria, eta gaur egun bideragarritasun hori ez da ezbaian jartzen. Gaur egun, batzuen ustez, eztabaida kazetaren pluraltasun kontua da. Baina Egunkaria plurala ez zela dioenari esango nioke esateko zein egunkari den pluralagoa. Aste hauetan Espainiatik eta Frantziatik, eta azken batean Europako beste leku batzuetatik ere bai, atxikimenduak eta artikuluak iritsi zaizkigu, eta batzuek diote Europan ez dagoela Egunkaria bezain egunkari pluralagorik. Beraz, hemen batzuk esaten ari direnean aniztasun handiagoko egunkari bat sortu behar dela, zer ari dira esaten? Zertan oinarritzen dira hori esateko? Aurrekoan Joan Mari Torrealdaik esaten zuena: orain ez dagoena [Egunkaria zena] kritikatzen ari dira eta ez dagoena [beraiek buruan daukatena] laudatzen; honenak denak birtuteak dira. Horien ustez, orain itxi dutena ez zen plurala, edo ez zen beraiek nahi bezain plurala. Baina, zera: lehendabizi esan zergatik ez zen plurala, eta gero egin kritika eraikitzaileak, pluralagoa nola egin litekeen esanez.

Errespetua eskatzen dugu. Guk, langile bezala, errespetua eskatzen dugu. Errespetua, 13 urteko lan profesionalagatik eta 13 urteko militantziagatik. Errespetua, 13 urteko ibilbideagatik, Egunkaria ez delako izan ez alderdikoia, ez instituzionala, inoren menpe ez delako egon. Errespetua, bide bat zabaldu dugulako 13 urtean. Errespetua, Egunkaria 13 urte eta gero errealitatea eta erreferentzia bihurtu delako. Eta errespetua, Egunkaria-k pluraltasuna izan duelako, eta hori ezbaian ez jartzeko esaten dugu; kritikak egin daitezke, baina hori ezbaian ez jartzeko eskatzen dugu behintzat.

Berriz ere egunkari bat egongo da, 11 puntu horietan oinarrituta egongo da, eta, bukatzeko, Joxemi Zumalabe zenak esaten zuena gogoratuko dut, gaur egunera egokituta: sortuko den euskarazko egunkari berriak inoiz ahazten badu herri mugimendutik sortu dela, akabo, horrelako egunkari baten berme bakarra hori garbi izatea delako eta 11 puntu horiek kontuan hartzea.

Aste hauetan Azpeitian ere jende asko mugitu da Egunkaria-ren alde, baina zera azpimarratuko nuke: gauza bat da Egunkaria-ren alde egotea eta beste bat Egunkaria-ren alde egitea. Guk Egunkaria-ren alde egitea ere eskatzen dugu; eta Egunkaria-ren alde egiteak esan nahi du euskarazko egunkaria laguntzea erosteko eta irakurtzeko garaian.