Nire adiskide mina

Kontxu eta Mikel Garmendia. 

1982ko udako egun hartan, aktore izateko egin zen deialdira bildu ginenon artean gehienak gazteak ziren, nire asmo berberekin bertara bilduak, eta nire lehendabiziko asmoa ihes egitea izan zen. Hala ere, bertan zeuden gizonezko guztiak ni baino askoz gazteagoak ziren arren, jabetu egin nintzen bazeudela aktore izan nahi zuten emakumezko batzuk, gutxi gorabehera nire adinekoak, eta horrexegatik erabaki nuen bertan geratzea. Ema-kume haien arteko bat zen Kontxu; horixe izan zen gure lehendabiziko harremana. Hamaika ikusita gaude orduz geroztik, baina gure lan harremanak eta gure adiskidetasunak ez dute etenik izan urte luze hauetan.

Izan ere, hainbestetan lanean elkarrekin aritzeaz gain, Kontxu nire adiskide mina izateaz harro nago. Gure pertsonaien larruan sarturik, sarritan era askotako arazoak izan ditugu: eztabaidak, gorrotoak, erresumina... Baina gure benetako bizitzan ez dut uste izan dugunik minututik gora iraun duen tirabirarik.

Ez diot inori deskubrituko Kontxuk aktore moduan dituen dohainak. Berak egin dituen pertsonaia guztiak talentuz eta aktore moduan dituen errekurtso ugariez jantzi ditu. Baina nik Kontxuren beste ezaugarri nabarmen bat aipatu nahi nuke: bere erabateko profesionaltasuna. Litekeena da eskaini dioten lanen bati uko egin izana (behin baino gehiagotan egin du), baina interpretatu dituen pertsonaia guztiei bere arima, bihotza eta bizitza bera ere eman diela ziurtatzen dizuet. Eta hori, Kontxuren kasuan, asko ematea dela esan dezaket.

Kontxuren ondoan momentu ahaztezin asko bizi izan ditut. Lanen bat elkarrekin prestatzen aritzen ginenean sentitzen genuen beldurra. Vic-en hilabetea eman genuenean, adibidez, Strinberg-en ´Herio dantza´ ikuskizuna prestatzen, lanean aritu eta gero benetako senar-emazte moduan aperitiboa hartzera ateratzen ginen egun haiek; ebaketa larri batetik oraindik ere erabat osatu gabe nengoela, hilabete hartan bere laguntasunak eman zidan bizipoza ez dut sekula ahaztuko eta bizitza osoan sentituko naiz eskertuta.

´Ama begira zazu´ egin genuenean ere, graziaz betetako lerro haiek itxuratzen ari ginen bitartean sentitu genituen zalantzak eta beldurrak (Elenak eta zuk ´txorakeriak´ esaten zenuten) ere ez ditugu erraz ahaztuko. Euskal antzerkigintzak ezagutu duen arrakastarik handiena izatera iritsi zen, sekulako arrakasta, eta, neurri handi batean, Kontxuren talentuari eta bere lanbidearen zirrikitu guztiak horren ondo ezagutzeari zor zaio.

Aktore moduan egin duzun lan bikaina saritua izateko unea iritsi zaizu. Honen atzetik gehiago egongo direla desio dut, eta badakit hala izango dela; eta aizu, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula norbera bere herrian errekonozitua izatera iristea. Baina badakit zuk baino gehiago irabazi dutela eta irabaziko dutela zure herritarrek, zutaz harro dauden azpeitiar guztiek.

Zorionak bihotzez, Kontxu! Eta bejondeizula! Maite zaitut.