Aspaldiko laguna

Arantxa Gurmendi. 

Urteak dira Kontxu eta biok elkar ezagutu genuela. 1981ean izan zen, eta nola ez, zitekeen lekurik aproposenean. Bakoitzak gaztetandik bere ibilbidea egin ondoren antzerki munduan, Kontxuk Azpeitian eta nik Donostian, biak hogeita hamarretik gora, ezkonduak, eta ama izan ondoren, nola egingo genion uko, bizitzak eskeintzen zigun aukera paregabeari, hain zuzen, gure antzezle grina bete-betean asetu zezakeen zerbaiti. Halaxe, Antzertin (Eusko Jaurlaritzak sortutako antzerki eskola) egin genuen topo. Han igarotako urteetako egun eta ordu guztiak ditut gogoan, Kontxuk ere izango dituen bezala. Bertan lanean jarduteak irakasle zein baino zein hobeagoekin, eta zortzi orduz egunero interpretazio munduaren magia horretan murgiltzea esperientzia handia izan zen. Zorionez, urte batzuek igaro ondoren, berriro elkarrekin lana egitea suertatu zaigu Goenkalen, eta ohitura onak ez galtzeko, gure artean segitzen dugu ikasitakoa praktikan jartzen: elkarri kritika egiten, elkarri aholkuak ematen, elkarri laguntzen; nolabait, eskolako izpiritu positiboa erabiltzen. Kontxuk eta biok puntu asko ditugu bat datozenak, biak gara aktoresa trajikoak, baita komedian moldatzen garenak ere, profesioa maite dugu, eta berandu iritsi arren profesio horretatik bizi izateko aukerari ez diogu ez, uko egin. Behin bere alaba gazteenak, Larraitzek, nire semetxoarena egin zuen antzerki obra batean. Ondo konpontzen gara eta elkarren konfidantza dugu. Kontxuren onena galdetuz gero, interpretatzeko bere tenperamentua eta indarra direla esango nuke eta txarrena... behar bada, batzuetan azaltzen duen jenio petrala eta pazientzia falta.

Dena den, Zorionak Kontxu! Nire lagun min bati horrelako omenaldia egiteak benetako ilusioa egiten dit.