Karakter handiko emakumea

Pedro Otaegi. 

Kontxu eta ni etxepe berean hazitakoak gara. Ni Beizaman jaio nintzen, baina Azpeitira etorri ginen bizitzera. Kontxu hemen jaio zen. Ni bera baino zazpi bat urte zaharragoa naiz, eta umetan edade hori alde handia da. Gainera, garai hartan ez zen gaur bezala, orain neskak eta mutilak lagun ibiltzen dira. Lehen neskak neskekin ibiltzen ziren, eta mutilak mutilekin. Kontxuren lagunak gure etxepean lau ziren: Rosarito Borda, Mari Carmen Borda, Mari Sol Odria eta nere arreba Mari Carmen. Umetan harreman gutxi izan dugu elkarrekin. Gure arrebak esaten du umetan ere Kontxu animatzen zutela antzerkia egitera, eta hark bai egin ere. Artista omen zen ume-umetatik.

Nik Kontxurekin traturik gehiena Goenkalen hasiz gero izan dut. Gainera berari esker nago ni Goenkalen. Ni Antxieta talde amateurrean ibilia naiz hamar bat urtetan, eta Kontxuk bazekien nere berri. Goenkale hastera zihoala, Kontxuk entzun zuen bulegoan pertsonaje bat falta zutela: postaria falta zuten. Eta pentsatu omen zuen: ´Hau Pedrok ederki egingo luke ba´. Eta produktorakoei esan eta niri deitu zidan: ´Probatuko al zinake?´. Joan nintzen, eta Andu Lertxundik egin zidan proba bat, kasting bat, eta onartu egin ninduten.

Kontxu karakter handiko pertsona da, baina ojo, ez da Maria Luisa.

Maria Luisa insoportablea da, eta Kontxu, aldiz, oso atsegina da, zer nahi duen dakiten horietakoa, eta bere lana ondo egiten duena, oso arduratsua da. Marrazten oso ona da. Haien aita zen oso ona horretan, tailagilea ere bai bikaina. Kontxuren gidoiak ikusi egin behar dira gero! Bere testuetan, ikusten badu ´etxera joan nintzen´ esaldia, etxe hori gogoratzeko etxea marrazten du alboan. Idea nagusiak marraztu egiten ditu ondoan, eta horrela hobeto oroitzen ditu. Haren gidoi denak marraztuta egoten dira.

Oso profesionala da lanean, gidoia ikasi gabe lotara joaten ez den horietakoa. Kontxuri, grabaketa egunean sekuentzia asko ematen dizkiote beti, sei sekuentzia, zazpi, bost sekuentziako egunak asko izaten ditu, eta horiek denak ikasteko asko jardun behar du. Umorerik ez du galtzen lanean, eta oso anbiente ona egoten da haren inguruan. Batzuetan piska bat kezkatuta etortzen da sekuentzia horiek direla eta.

Kabreatuta ere egon ohi da, nik uste ez dela pertsona normala noizbait bere onetik ateratzen ez dena, pertsonak behar du jenio piska bat. Akuilua sartzen diotenean hura ere berotu egiten da.

Batzuetan aipatzen du umorezko paper bat ere gustora egingo lukeela, komedia, alegia, baina jendeak horrelaxe ikusi nahi du, Maria Luisaren paperean, haserre, oinazez beteta. Behin, Goenkaleren argumentoaren baitan, bidali zuten Loiolara ejerzizioak egitera, eta goxo-goxo bueltatu zen, eta jendea segituan aspertu zen Maria Luisa zintzo harekin.

Juergan ere ederra da Kontxu, lagun artea asko gustatzen zaio.