Kontxu Odriozola besteen ahotan

Goenkaleko irudia. 

´Ene! Zurekin adina ez dut beste inorekin hitz egin!´, esan zidan Kontxuk gure elkarrizketak bukatu genituenean. Baina nik badakit gezurra dela. Kontxu lagun-maitea da, lagun artean ibili beharrekoa, eta berarentzat ez dago afari ondoreneko tertulia bat baino gauza gozoagorik. Guk bost ordu grabatu genituen guztira, Hotel San Sebastianen kafea hartuz eman genituen uztaileko arratsalde haietan. Zenbat ordu gehiago ez zituen pasatuko Kontxuk lagun arteko tertulietan?

Baina Kontxuri, kapitulu honetan, entzutea tokatzen zaio. Edo hobeto esanda, irakurtzea. Ea berari buruz zer dioten besteek, bere inguruan lana egindakoek, bere lana aztertu dutenek. Ni neure grabagailuarekin iritsi baino lehen Kontxuren bizitza, izaera, jenioa eta abarrak ezagutzen zituzten horiek.

Lau pertsonen testigantzak bildu dizkizuegu ondorengo orrietan. Honako hauek dira: Pedro Otaegi, ´Eusebio´ postaria Goenkalen, aktorea eta herrikidea; Arantxa Gurmendi, Goenkaleko ´Hortentxi´, aktorea; Roberto Herrero, antzerki kritikoa ´El Diario Vasco´ egunkarian; eta Mikel Garmendia, Goenkaleko ´Joxe Mari´, aurkezpen beharrik gabeko aktorea.

Haien ordu askotako Kontxuren ezagutzak borobilduko du gure bost orduren ondorengoa den liburu hau.