Errefraua jar dezagun hankaz gora

Bere biloba zoragarriak, Beņat eta Ander. 

Kontxuren idazkaria bere senarra da, Imanol Zinkunegi. Publizitatearen munduan lana egindakoa urte askotan, jendearekin tratazen ikasi zuen, eta Kontxu bezalako ´titiritera´ batentzat lagun ezin hobea bihurtu zen, edonora joateko ere. Gaztelerazko errefrau klasikoak dio gizon boteretsu bakoitzaren atzean emakume handi bat dagoela; Kontxuren kasuan alderantziz esan genezake. Hala dio Kontxuk: ´Ni oso arduragabea naiz, neure paperik ez dut gordetzen, fetxak ez ditut jakiten. Kristoren parentesiak dauzkat nire memorian, boladak izan ditut ezta zenbat urte neuzkan ere ez nekienak, 37 al dauzkat? 38?, galdetzen nion neure buruari, eta kalkulatu egin behar izaten nuen. Nire senarra gordetzen ibili izan da beti nire materiala. Apoiatu ere beti apoiatu nau, beti bultza izan nau, berak beti ikusi izan du nire bizitzaren erdia antzerkiaren mundillo horretan zegoela. Leku guztietara berarekin joaten nintzen, baita Donostiako Zinemaldira ere´.

Baina Zinemaldikoa bukatu zen, lehen birentzako ziren gonbidapenak gero bakarrarentzat bidaltzen hasi baitziren. Geroztik ez da Kontxu gehiago joan. Ez bakarrik joateko ahalmenik ez daukalako; lasai asko. Baina euskaldunei gonbidapenak murriztu zaizkien bezala, kanpokoek jarraitzen duten euren bikoteekin, seme-alabekin eta familiarekin etortzen. ´Iruditzen zait oso errekonozimendu gutxi daukagula euskal aktoreak zinemaldiaren partetik. Lola Floresen alabak amantearekin, etxekoekin, suegroarekin eta denekin etortzen dira, eta guk ezin dugu ezta gure senarra ere eraman. Guri gaizki ez gelditzeagatik deitzen digute. Horretarako ez deitu. Amorrua ematen dizu, ze joan eta gainera eskerrak ematen egon behar duzu. Estrenoko filme bat denean ere, han doaz politikoak beren emazteekin, koinatarekin, eta guretzat ez dago sarrerarik. Gauza lotsagarriak gertatzen dira zinemaldian. Hemen euskerazko zineagatik lana egin zutenei inori ez zaie inbitazio bakar bat bidaltzen, hori non ikusten da? Zinemaldia espainolista hutsa da. Eta bestela izan behar duzu denei ipurdia garbitzen ibiltzen den bat, joan eta zuretzako pase bat erreguka belauniko jarrita eskatu behar duzu. Badaude aktoreak horretan ibiltzen direnak, ´o, nik pase bat daukat´ esanez. Nik ezin dut hori sufritu, zeure buruari diozun errespetoagatik´.

Gera bedi azken kexa hau Zinemaldia antolatzen dutenentzako. Bidezkoa iruditzen zait, antzezleen ofizioa hainbeste maitatu eta ofizio horren gora-beherak hain ondo ezagutu eta arazoak nabarmentzen dakien gure antzezlerik ezagunetako baten aldetik. Horrelakoa da Kontxu. Tarteka barrutik Maria Luisa ari zaiola hizketan dirudien gure Kontxu. Urte asko daramatzate elkarrekin. Urte asko daramatzate gurekin. Bere pertsonai ugariek, baina batez ere Maria Luisak hunkitu dituen ikusle guztien izena lerro hauetara ekartzen ausartuko naiz, eman digun gozamenagatik eskerrak emateko eta omenaldi bat eskaintzeko. Liburutxo hau baino omenaldi handiagoa merezi duela jakinda ere.