Politikoak, konplikazioak, konponbideak

Egunkarietako bi orri dauzkat mahai gainean, 2001ekoak biak. Bata martxoan argitaratua da: ┤Hitzarmeneko giroa irudietan┤. Bertan EAJk eta EAk lortu zuten akordioa aurkezteko antolatu zen ekitaldiaren berri ematen da. Kursaalen izan zen. Mila bat lagun bildu ziren. Hiru argazki datoz, eta horietako bitan Kontxu ageri da. Batean Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiarekin hizketan ari da. Bestean, Ibarretxek Martin Ugalde agurtzen duen bitartean, Kontxu begira dago.

Bigarrena bi hilabete geroagokoa da, maiatzeko hauteskundeen bezpera ingurukoa. ┤Destacados representantes de la sociedad guipuzcoana dicen...┤ dio orriak, eta gero, hizki handietan: ┤SI a Ibarretxe┤. Ibarretxeren argazkia dator erdian, eta bere inguruan beste zortzi argazki txiki. Horietako batean Kontxu ageri da, Pedro Otaegiren ondoan. Kontxuk txanpain kopa bat dauka eskuetan eta Pedrok ardoa.

Bost urte lehenago, 1996an, Elkarriren aldizkarian elkarrizketa luze bat egin zioten Kontxuri, eta bertan oso kritikoa ageri zen politikoekin, eta zentzu handiko gauzak esaten zituen: ┤Nik uste herri honetan gertatzen den gauzarik larrienetakoa zera dela, "inplikatu zaitez, inplikatu zaitez...", bazter guztietatik entzuten duzu. Ni nekatu egin naiz. Beraz nik zera diot: "Zer egiten du horretarako dagoen jendeak? Gauzak zuzentzeko jarri ditugun ustezko profesional horiek? Hemen, herri honetan, batzuk titulurik ez badute ezin dituzte zenbait lan egin; ez dute balio eta baztertuak izaten dira. Orduan, zera esaten dut nik: "Zer egin behar dugu, jende pila bat hortik bizi denean gauzak nola zuzendu jakin gabe eta gu inplikatzeko eskatzen digutenean?" Gu geure neurrian inplikatu gaitezke. Ni nere lana ahalik eta zuzenena egiten saiatuko naiz, baina hortik aurrera nik ezin dut besterik egin, eta ez dakit gainera nahi ote dudan┤.

Aurreraxeago dio: ┤Frankismoaren bukaeran egundokoak egin behar genituelakoan geunden, baina gauza bakarra dago garbi orain; hemen kargu bat lortuz gero... "sanseakabo!┤

Eta beste galdera bati erantzunez: ┤Siloietan badago pegamentu bereziren bat, zerbait latza izan behar du horrek, behin horra iristen direnean inork ez baitu hortik irten nahi┤.

Deklarazio hauen eta bi lehendakariren ondoan ageri den argazkien artean egon zitekeen kontraesana argitu nahi nuen. Agian bere iritzi politikoak aldatu egin ziren; agian bizitza sozialaren zati bezala hartzen du politika ere... Kontxuk ez dio ezeri ezetzik esaten, eta honela esplikatu zidan auzia: ┤Lehendakariekin ageri naizen bi ebento horietara momentu berezia zelako joan nintzen, abertzaletasunaren etsaiak eraso gogorra jotzen ari baitzitzaizkigun. Bestalde, EA eta EAJ lehenengo aldiz bateratuta joan ziren. Politikoak beti hurbildu izan zaizkit, beti bota izan dizkidate tejoak beraien alderdietara hurbiltzeko. Egia da oso asekiblea naizela, baina ni ez naiz ahalegindu inorekin. Kursaaleko ekitaldira EAko lagun batek bereziki Gasteiztik deitu zidalako joan nintzen, berak eskatu zidalako. Joan nintzen eta Ardanzaren ondoan jarri ninduten. Gero seme-alabek egunetan jardun zidaten bromatan, ez didate barkatzen, erabili egiten nautela esaten dute. Beste batean produktora batek obligatu ninduen, baina beste leku askotara ez naiz joaten. Inbitazioak sarritan hartu izan ditut baina ez naiz joan izan. Ez dago denetara joaterik┤.

Kezka politikoak barru-barruan bizi ditu, Euskal Herriaren egoerak nahigabetzen du. Oso erreta dago politikoekin, ┤bi zaplamoko emango nizkieke┤ esateraino. Bere burua ezkertiartzat definitzen du, eta agian itxaropen handiagoko garaietatik datorrelako dauka orain halako etsipena. Elkarri aldizkarian zioen: ┤Gaztetan esponja bezala azaltzen ginen talde politikoekin edo jakinduria politiko piska bat zeunarekin. Dena jaten genuen eta gero jandakoaren hausnarketa egiten genuen, baina guzti hori bukatu zen eta ez dut uste herri honen kezken inguruan inor lan pedagogiko bat egiten ari denik, hau da, zein garen, zergatik gauden hemen, merezi al duen, eta abarren berri ematen. Erantzunik ez dago┤.

Horregatik, agian, nahiago du beste ┤ebento┤ sozial batzuetara joatea, Sagardoaren Kofradea izendatu zuten bazkarira, esate baterako. Txakoli˝aren pregoilaria ere izan zen. ┤Horietara gustorago joaten naiz, jendea beste era batera hurbiltzen zait eta gustora egoten naiz. Urtero-urtero gonbidatzen nauten denetara ez naiz joaten, denetara joango banintz atean sartu ezinik geratu nintzateke, jatea asko gustatzen baitzait, baina saiatzen naiz erantzuten. Kilometroak eta horrelakoetara joan izan naizenean, ezin izaten nuen pausorik eman, jendea gainera etortzen zitzaidan┤.

Politika interesatu bai, baina nahiago du jende xehearen lagunarte gozoagoan egotea.