Maite ditugu aktoreak?

Honako hau zioen Kontxuk Argia astekarian: ´Antzezleak herri honetan inoiz ez dira maitatuak izan. Sekula santan ez. Kirol mundua bai, baina antzezleena alferren mundutzat hartua izan da. Kuriosoa da, ordea, hemendik kanpora joan eta han aintzakotzat hartzen zaituzte, orduan zeozer bazara, baina bestela ez. Hemen aintzakotzat hartzea sinestezina da. Egia esan, gu une honetan Goenkaleko partaide bezala ezagutzen ari garena... hori ez da egia. Nirekin dabiltzanei esaten diet: Kontuz, hau bukatzen denean, hurrengo hilean, ez gara inor izango´.

Irutxulo aldizkarian zioen: ´Kanpoan izena lortuz hemen errespetoa daukazu, bestela ez´. Eta aurrerago: ´Pentsatzen dut Euskal Herria ez dela izan behin ere aktoreak maite dituen herri bat´.

Argian antzerkigintzatik bizitzea ezinezkoa dela esplikatzen zuen: ´Antzerkigintzaz ezin da bizi hemen, telebista behar da. Niri iruditzen zait hemen oraindik ez dela zirkuitu tajuzkoa lortu. Biztanleria handia daukaten herriak badaude; orduan, egon beharko litzateke jende multzo bat beti lanean antzerkia egiten, baina ez dago. Hor zerbait gaizki antolatuta dago´.

Goenkale hasi zen urtekoak dira deklarazio horiek. Ez dut uste Kontxuk maitasun gutxi jasoko zuenik Euskal Herrian, lehen ikusi ditugu adibide bakan batzuk. Baina norberaren sentipen propioetatik landa, orohar aktoreen egoeraz asko kezkatu izan da beti. Ez da ahaztu behar Antzertiren lehenengo promoziokoa dela; telebista jaiotzen ikusi zuen, euskaraz errodaturiko lehenengo filmeak... Horrek guztiak zerbait berria zetorrela sentiarazi zion, aldaketa sakonak iritsiko zirela. Gaur egun hasten den batek bere bizitza konpontzea aski izango duen bezala, esan liteke Kontxuren garaiko aktoreak belaunaldi baten moduan hezi zirela, belaunaldi moduan funtzionatu eta osatu zirela, gizartean eragina izango zuten itxaropenarekin. Agian eragin hori nahi zuten neurrikoa ez izateak pizten du, orain, arrangura moduko bat Kontxurengan, haietako askorengan bezala.

Horrekin batera, euskal antzerkiak dituen ajeetako beste bat aipa-tzen du Kontxuk:´Hemen aktoreok bi lan egiten ditugu´. Hori esplikatzeko eskatu nion. ´Ni konturatu naiz Goenkale herri txikietan ikusten den serie bat dela, hiriburuetan ez hainbeste. Baina aparte, euskal munduan asko erabiltzen dute euskara ikasteko. Euskaldun berri askok esan didate, eskerrak zuri euskera ikasten ari naiz, nonbait euskaltegian behartzen dituzte ikustera eta hurrengo goizean ikusitako zerbait kontatu behar dute, edo esaldi batzuek idatzi. Hori da gure Euskal Herriak daukan beste gauza bat: hemen antzezle bat irakasle lana egiten ari da, jendea alfabetatzen, eta niri amorrua ematen dit horrek. Ni ondo moldatzen naiz batua egiteko, irakaskuntzan ibili naizenez, baina gero nola eman herrikoitasuna pertsonajeari? Batua egiten hasten bazara, esaldi bakoitza ongi bukatuz, ondo ahoskatuz, arima kentzen diozu pertsonajeari. Nik nahi dudana da zure aitari eta amari egitea antzerkia, jende normalarentzat egitea, haiek entretenitu, beste helbururik gabe. Antzerkiaren jatorrizko funtzioa bete, negar eginarazi, barre eginarazi, funtzio pedagogiko edo linguistikorik gabe. Ikasleak fijatzen dira batek hika egiten duela, besteak zuka, besteak bizkaieraz, besteak ´s´ eta ´z´ gaizki erabiltzen dituela, eta gu ere, hori jakinda, agarrotatu egiten gara askotan, beldurtu´.

Maite al ditugu gure aktoreak? Nola ez maite, hizkuntzaren egoera normalizatuta dagoen beste herrialdeetan hartu beharrik ez dauzkaten lanak ere euren gain hartzen dituztela ikusita? Ikusleen aldetik eduki dezaketen maitasun guztiarekin ere, ez da erraza Euskal Herrian antzezlea izatea.