Aktoreak kamararen mende

Olatzko ermitan ezkondu zirenean, duela 35 urte. 

Goenkaleko atal bat grabatzen ari dira. Errealizatzaileak esaten dio: ´Me conviene que te sientes aquí´. Maria Luisak, ordea, ez dauka inongo arrazoirik hara joateko. Errealizadoreak berriro: ´Sí, pero a mi me interesa´. Orduan Kontxuk arrazoi bat asmatu beharra dauka pertsonaia hara joateko. Mantal batekin lor dezake hori. ´Hasieran mantala jantzita daukat. Gero han utziko dut, errealizadoreak nahi duen lekuan, eta horrela, amorruarekin, azkenean hara joango naiz mantala hartzera eta han bukatuko dut esaldia. Mantala hartzeko helburuarekin joango naiz hara´.

Aktuazioaren ´A,B,C´a, nolabait esateko, hau da: eszenan sartzeko arrazoia, zer nahi duen pertsonaiak, eta zer lortzen duen. Errealizatzaileak, askotan, irudi politak besterik ez dituzte buruan.

Aktuazioaren barruko trikimailuak dira, baina gauza sakonagoen erakusle direlako ekarri ditut hona. ´Kamararen mende gaude. Aktoreak inportanteak bagina, gure lana aintzakotzat hartuko balitz, makinak gure arabera mugituko lirateke, baina ez, gu ari gara makinak zerbitzen, eta horrek izorratu egiten zaitu, baina hori da telebista. Han kamarak ez dira mugitzen. Errealizadoreak esaten dizu zein kamarari begiratu, eta azkenean dena mekanikoki egiten duzu, eta hori faltsua geratzen da. Hori da telebistako morrontzetako bat´.

Morrontzetako bat esaten duenean, gehiago ere badaudela esaten ari da Kontxu. ´Goenkale produkzio korala da, pertsonaje fijoak daude, eta gero haien lagunak, sekundarioak, eta figurante pilo bat. Baina beste batzuek erabakitzen dute zurekin zer egin, produktorak erabakitzen du. Nahiz eta gidoilariak esan ´ez, ez, pertsonaje hau bide honetatik eraman dezakegu´, tristea da baina hala da, produktorak erabakitzen du zer egin. Garbi dago; zuk telebistan pertsonaje horrekin saltzen ez baduzu berehala hilko zaituzte, edo kanpora bidaliko zaituzte abioian sartuta, eta akabo zure pertsonajea´.

Egoera honekin alderatzeko, beste esperientzia interesgarri bat izan zuen Kontxuk: Telecincon ematen zuten ´Medico de Familia´ko atal batean agertu zen. Ana Duatoren ama zen, baina Ana ez zen Globomedia produktorarekin konpondu, eta kendu egin zuten. Bere ama ere bai. Baina grabaketa hartaz oso oroimen onak dauzka. ´Platora ez nintzen iritsi, nik nire eszenak Moralejako txalet batean eta jatetxe batean egin nituen, baina oso tratu ona izan genuen, bai profesionalki, bai ekonomikoki. Hango gutxienak hemengo gehienak baino gehiago irabazten du. Aintzakotzat hartzen zaituzte, zure proposamenak entzun egiten ditu zuzendariak, denbora gehiago dago grabatzeko, eta zu gustora gelditu arte entsaioak egiten dira. Hemen da iritsi eta zenbat eta denbora gutxiagotan lan gehiago egin, hobe. Hemen tiranoak dira piska bat. Zu ez zara inor hemen. Haien esana onartzen baduzu jarraituko duzu barruan, bestela kanpora zoaz´.

Hitz gogorrak dirudite, baina aktoreak bizi du halako anbiguotasun bat: telesaileko aurpegirik ezagunena da batetik, jendearen identifikazioa lortzen duena, baina enpresaren egiturako kate luzean bera katebegi ahula da. Negoziaketa baten orduan indar gutxi daukana. Lan beharrean dagoena beti da ahulagoa lana eskaintzen duena baino. Oreka bat aurkitzea izaten da kakoa; oreka bat, zure beharraren eta zor zaizun errespetoaren artean. ´Duintasuna´ deitzen den oreka sinple eta zail bat: Horra aktorearen hamargarren oinarria.