Burutik jota, nor?

Begirada bizia dauka Kontxuk ume eta gaztetako argazkietan. Beltzarana zen, arina, bizkorra, alaia. Gerora emakume batek esan zion judua ematen duela, eta hala da. Gaztetan gehiago. Orain Sofia Lorenen antza hartzen ari da, heldutasuna ondo daraman seinale. Baina ez gaitezen aurreratu.

Kontxuk Errezilgo mutil bat ezagutu zuen, Imanol Zinkunegi, eta berarekin geratu zen. Gaur arte. Duela gutxi, senarrak esan zion, gazteleraz, agian broma kutsua nabarmentzeko: ´Yo te conocí bonita, luego te he visto guapa, y ahora me pareces hermosa´. Nola ez zen ba maiteminduko horrelako gauzak esango zizkion mutilarekin?

Egunkari batean, hau zioen Kontxuk bere ezkontzari buruz: ´Nere edadeko emakumeen artean galdetu izan dugu ea zergatik jarraitzen dugun hainbeste urtetan gure senarrarekin. Eta nik, konkretuki, pisaketa bat egin ondoren zera esaten dut: aiba, oraindik tipo hau lagun bezala oso ona da. Leialtasun fuertea dago gure artean eta hori ezinbestekoa da jarraitzeko. Alde batetik frakaso bat sentitu beharko nuke emakume bezala nere lehen nobio formalarekin ezkondu nintzelako. Baina egia esan, ez dut beste ametsik, eta gainera, okerrago dena, inor ez zait etorri albora nirekin ligatu nahi zuela esanez´.

Ezkondu, eta, hasiera batean, Azpeitian jarri ziren bizitzen. Kontxuk maisu-ikasketak egin zituen, eta Errenterian ibili ondoren Azpeitiko ikastolan hasi zen lanean. Ikastolan txikiekin egiten zuen lan, beti antzezten eta abesten etengabe. Kontxu beraren seme-alabak ere kantari eta dantzari onenak ziren. Gero, behin Donostian bizi zirela, Axular lizeoan aritu zen. 17 urte egin ditu hiru ikastola horietan. Axularren hasi zen ondo sentitzen, onartua zela sentitzen. ´Azpeitia zen mundu bat beti borrokan ibili behar zenuena, ni gaisotzeraino iritsi nintzen´. Kataluniako eskoletako gauzak ekartzen zituzten, Frantzian erabiltzen zituzten testuak, jokoak, material pedagogikoa sortu beharra zegoen; guraso batzuek onartzen zuten hori, eta beste batzuek ez. Azpeitian jendea beti borrokarako zegoen. Euskara batua zela eta, ´nire gizonaren eta nire kontra kanpaina egiten jardun zuten etxez etxe guraso batzuek, ezkertiarrak ginela esanez, demoniņoak ginela, zer eta euskara batuaren aldekoak ginelako, por dios!´. Beste ikastola guztietan onartuta zegoena, Azpeitian hala ere ezin sartu. ´Esan ohi da herri txikia inpernu handia dela, ba horixe zen Azpeitia garai hartan´.

Halere, Kontxuk jarraitzen zuen antzerkiarekin harremanetan. Etxean ere, seme-alabek noiznahi ikusten zuten ama mozorrotuta, eta Kontxuren edadeko emakume askok ez zuten ulertzen hori. Azpeitian batzuek ´andre hori erabat burutik eginda dago´, esaten omen zuten.

Baina ez zegoen, ez, burutik eginda. Kontxuk barruan zeukan indarra ez zen asetzen eta kabitzen etxekoandre arrunt baten bizitza normalean. Bera titiritera bat zen, bizimodu aburgesatu batean harrapatua zegoena. Preso dagoenak ihes egitea du amets. Eta Kontxuk ihesaldi ttikiak egiten zituen bere errealitate grisetik. Horretarako mozorrotzen zen. Beste pertsona batzuen itxura hartzen zuen, haien bizipenak bere izaera aberastuko zutelakoan, horrela berak ere bere ingurukoak aberastuko zituelakoan. Horra aktorearen bosgarren oinarria: Itxura aldatu, horrela bizitza beraren funtsa ere aldatuko delakoan, eta besteei erakutsi garena baino zerbait gehiago, ezberdinagoa izan gintezkeela. Denok.