Alpargatak josi, baike!

Kontxuren begiratu sakon eta zorrotza. 

´Gure amak oraindik ere ezin du ulertu´, zioen Kontxuk 1995ean Argia aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean. Eta umetan? Nolakoa ote zen amaren jarrera bere alaba marizoro harekiko? Hona Kontxuren hitzak: ´Aitak beti lagundu izan zidan bezala, amak gaizki ikusten zuen nire zaletasuna. ´Hori dana txorakeria da´, esaten zuen. Debekatu inoiz ez zidan egin, baina haizerik eman ere sekula ez. Ni kantuak ikasten ari banintz, hark esango zuen: ´Ba, txorakeriatan denbora pasatzen dezu´. Horiek alferren kontuak ziren bere ustez. Eta gainera, holakoren bat esaten zuenean alboko jendeari begiratzen zion. Eta jarraitzen zuen esanez: ´Hemen benetako lana egin behar da, ikusten dena, alpargatak josi baike, zeozer baina dirua ematen duena´.

Alabaina, Kontxuk zeukan sen hura, garaiko bizitza kaskarra nolabait gainditu eta ederrago bilakatzeko joera hura, ez zegoen inola ere geldiarazterik. Kantuak, imitazioak, barrealgarako antzezpenak, aldizkariak, zinea... ihesbideak bilatzen saiatzen zen. Horietako beste bat irratia izan zen. Gaur egun ere, gau guztia irratia piztuta egiten du lo askotan, ´pinganilloa´ belarrian sartuta. Hori bai, batzuetan buruko minarekin esnatzen omen da. ´Radioak asko lagundu dit niri beti. Radionobelak eta denak entzuten nituen. Maria Dolores Agirrek edukitzen zuen astean behin deklamazioko programa bat, hura ere asko gustatzen zitzaidan. Ni radioaren azpian jarrita egoten nintzen, eta igual zitzaidan zein entzun, Radio Nacional, Radio Paris, berdin. Beste tresna bat zen mundu horretatik alde egiteko, aberastu egiten ninduen, emozionatu egiten ninduen, imajinazioa lantzen lagunduko zidala pentsatzen nuen´.

Garai hartan, neska kuadrila hark dena bereganatzen zuen. Ingelesa ere hitz egiten zuten, euren ustez ondo, filmeetako elkarrizketak erre pikatuz. Zinean ikusitako koreografiak ere muntatzen zituzten, ´Un americano en Paris´ filmekoa, esate baterako, hango pauso batzuk errepikatzen zituzten.

´Herri hartan, garai hartan, nik dena falta nuen, nik nahi ez nuena zen hura, nik pentsatzen nuen beste mundu batzuk bazeudela, eta ni haien ametsetan ibiltzen nintzen, baina zeneukanakin jolastu behar zenuen. Oso mundu txikia zen hura´.

.14 urterekin bere lehen antzerkia egin zuen: ´Ya lo creo´ obra, ´Uste diñat´, Lopez Mendizabalena. Neskame batzuen istorioa zen, Donostian markesa baten etxean lanean ari zirenak. Eta edertasun horren bila jarraitu zuen.