Aste osoa irauten zuen filmeak

Sevillanak dantzatzen jakin gabe ere ondo pasa liteke. 

Haien etxera bi aldizkari iristen ziren: ´Arantzazu´, eta ´El ruedo´, zezenei buruzkoa, haien aita oso zezenzalea baitzen. Kontxuk buruz ikasten zituen aldizkari horiek, irentsi egiten zituen. Horien ondoan lehengusu batzuk pasatzen zioten ´Fotogramas´ zegoen, eta hori izan zen umetan Kontxuren Hirutasun Santua, haren janari intelektuala; aldizkari horiek eta eskolan irakurtzen zuen entziklopedia. Geografia eta historia zalea zen. Beti hamarra ateratzen zuen historian; beti zero matematiketan.

Urrestillara bisitan joaten zenean, eta baserrian, zelaian ardi zain-tzen egon behar zuenean, Arantzazuko egutegiko orriak ematen zizkioten irakur zitzan. Harentzat propio gordeak zeuden haiek baserrian. ´Letzeko gogoa ikaragarria neukan. Nik ametsa erraza izan dut, imajinazioa eduki dut, eta denak balio zidan mundu bat sortzeko, istorio bat asmatzeko, zer pasatuko litzatekeen imajinatzeko. Nik uste gaur ez ote garen umeak oso matematiko egiten ari, eta imajinazioa mozten, zeren ordu guztietan zerbait jartzen diegu. Guk eskola obligazioa genuen, baina handik irtendakoan bizi egiten ginen, geure mundu bat geneukan, eta mundu hori geure erara antolatzen genuen. Oraingo umeei dena antolatu egiten diegu, eta umeak jolas egin behar du, bere lagunekin beste mundu bat asmatu eta antolatu, gaur hori ez dute egiten´.

Dena den, bere haurtzaroa ez du mitifikatu eta neurriz kanpo ederretsi nahi Kontxuk, kontziente baita gauza onak eta gauza txarrak bizi izan zituela, ´etxean ere ez da dena gozoa izan nik bizi izan dudana, eta ez dut hasi nahi etxean txikitan ikusitako gauzak esplikatzen, baina gozo-gazia izan zen, baina sentimenduz, izaeraz, bizi izan dudanaz osatutako pertsona naiz´.

Kontxu beste garai batekoa dugu: eskola amaitutakoan umeak jolasera ateratzen ziren garaikoa, eta hori eskertzen du. ´Nik ulertzen dut eskolaz aparte bizitzak beste eskola bat ematen dizula, eta hori aktore batentzat oso ona da. Nik aktore bat ikusten dudanean eskolan bakarrik ibilitakoa, eta txiki-txikitatik bere etxean sufritu ez duena, hark pertsonaje bat egiteko orduan beste era batera egingo du, faltako zaio benetakotasuna, indarra, sakontasuna´.

Horra aktorearen laugarren oinarria: sentimenduak ezagutzea, bere baitan errekonozitzea, eta gero atera behar direnean sentimendu horiek zer adierazten duten jakitea. Zineari begira ere asko ikasi zuen Kontxuk bere gaztaro hartan.

Aste osoa zain egoten zen zine parrokiala ikusteko, igandetan, 3/30etako saioan. ´Zinea erderaz zen, eta guk gure bizitza euskeraz egiten genuen, eta ez genuen zinea ulertzen. Bukatutakoan koadrila osoa egoten ginen eztabaidatzen, hura izaten zen gure zine-foruma. Ea neskak zer esan zion mutilari etxera etorri zenean, nik uste diņat halako esan diola, ba nik uste bestelako... aste osoa irauten zigun pelikulak, hurrengo igandera arte, aklaratu ezinda ibiltzen ginen. Baina azkenerako nik uste denon artean deszifratzen genuela argumento guztia´.

Telebistarik ez zegoen garai batez ari gara hizketan. Nodoak ere zuri-beltzean ziren, eta jende haren bizitza zuri-beltzean gertatzen zela iruditzen zaigu orain, triste samar edo. Kontxu ez zen geldirik egotekoa; hark asmatu zuen, aurkitu zuen bere bizitza grisa edertzeko modua: titiritera egingo zen, eta kito. Berari erabiltzea asko gustatzen zaion hitza da: ´titiritera´.