Txoko batean eserita

Amona zoriontsuaren paperean. 

Kontxuren aita Felix Odriozola Agirre deitzen zen. Jose Antonio Agirre Lehendakariaren senitartekoa zen. Margolaria zen, marrazkigilea, eta tailagilea ere bai. Kontxuk asko maite zuen. Aita Azpeitiko antzerki talde amateurrei laguntzen ibiltzen zen beti, muralak egiten, dekoratuak, saltsa horiek. Eta laguntzaile nor izango zuen bada? Kontxu. ┤Ni Luisetako lokal hartara joaten nintzen aitarekin, eta hantxe egoten nin-tzen, eserita, isil-isilik, txoko batean, eta nik han gazteak ikusten nituen antzerkia egiten, eta ikusten nuen baita nola haserretzen ziren, eta batzuk negarrez ere bai, eskandalo batean ibiltzen ziren, oraindik ikusi egiten dut neska bat bere pertsonajea defenditzen, mutilei kontra egiten. Aitak esaten zidan isil-isilik egoteko, eta ni obserbatzen egoten nintzen┤.

Horra aktorearen bigarren oinarria: isilik egon eta begiratzea, bizitzaren taupada daramaten gauza horiek jasotzea, bereganatzea, gero bere erara eman eta agertuko dituenak.

Azpeitian garai hartan kultur ekimen ugari egiten ziren, eta Kontxuk, gaztea artean, zain jarraitzen zuen, ┤zeren haiek hots egin arte zain egon behar zenuen, Pe˝aflorida abesbatzan kantatutakoa naiz, Gipuzkoa mailan asko ibili ginen┤.

Baina zain egoten zen ume hura hazten zihoan, eta gero eta maiteago zituen antzerkiaren trikimailu guztiak. Kontua zerbait egitea zen, entretenitzea, bizitzari pizgarria aurkitzea. Eta publikoaren aurreko aktuazioen zain geratu gabe, antzerkia lagunarteko jolas algaragile bilakatu zen. ┤Eszenarioak ez dit beldurrik eman inoiz. Ateratzerakoan izan ohi den tentsio hori txikitatik bizi izan dut nik, niretzat ez da gauza arraroa eszenariora irtetzea. Neguan, etxean, eskaileretan egiten genuen antzerkia, kantatu egiten genuen, dantza, disfrazatu egiten ginen. Koadrilan ere beti esaten zidaten, hi haizan, imitatu zan Don Lorentzo, edo Nartxixa katekistie, bale, egingoi˝at ba, eta denak barrez edukitzen nituen┤. Gero zezen korrida antolatzen zuten, neskak ┤manola┤ bezala joaten ziren, mutilak torero moduan, eta beste batzuk zezenarena eginez.

Hala ere, bada Kontxuren pasadizo bat elkarrizketa batean irakurri diodana. Kaleko espaloietan aurkitzen zituen paper guztiak jaso eta irakurtzeko ohitura zeukan. Han aritzen zen ┤marca registrada┤, ┤ingredientes┤ eta horrelakoak letzen. Igande goiz batean amak ogi bila bidali du. Kalean zihoala hor aurkitzen du karamelo paper bat lurrean. Hasi da hura irakurtzen, eta, bukatu duenean, despistatuta, karamelo papera bota beharrean dirua bota lurrera. Hor itzuli da etxera, ez ogi eta ez diru, karamelo paper zimurra besterik ez duela eskuetan. Etxekoek ez zioten ezer sinesten, nola bada? Ez dakit antzerkiaz baliatu zen une hartan bere ama lasaitzeko, baina zerbait beharko zuen.

Horra aktorearen hirugarren oinarria: bere begien aurrean daukan munduarekin ez konformatzea, eguneroko bizitzak agertzen dion egoera nolabait edertu eta aberastu nahi izana, aurkitzen dituen edota eskura uzten dizkioten tresnak erabiliz. Kontxuren kasuan, irakurtzea izan zen tresna horietako bat. Eta beste bat: zinea. Nola ez.