Begira nazatela

Dotore asko Azpeitiko Santo Tomasetan. 

Kontxu Odriozola Azpeitian jaio zen, Eliz kalean, 1945ean. Eta ez edozein egunetan: San Fermin egunekoa baita. Bere haurtzaroaz asko hitz egiten duen pertsona da Kontxu, eta zehaztasun handiz hitz egiten du, gainera. Kastako aktore guztiak bezala, memoria onekoa da, hiztun zorrotza, komunikazioa errazten dutenetakoa.

Aita azpeitiarra zen, baina ama, Ramona Lesaka, Urrestillakoa. Hau lehenbailehen argitzea komeni da: ´Nigatik esaten dute Urrestilla aldekoa izateagatik edo lotsagabea naizela, baina ez da hainbesterako. Komunikatzeko arazorik ez daukat, eta horregatik izango da´. Hain zuzen ere, amarengandik jaso zuen Kontxuk laguntzarik gutxiena aktore izateko, baina badakigu gauzak nola gertatzen diren: askotan norbaitek kontra egitea behar izaten dugu geure konbentzimendua orduan eta gehiago indartzeko. Kontxu horietakoa delakoan nago.

Kontxu herriko eskolara joan zen, eta handik Miserikordiako eskolara. Honela gogoratzen ditu urteok: ´Han mojak fijatu egiten ziren ea zuk kanturako egokitasunik ba ote zeneukan, edo antzerkirako, abesbatza beti edukitzen zuten, maiatza iristen zenean loreak kantatzen ziren, Amabirjiņari bertsoak irakurtzen genizkion aldarean, eta ni harako aukeratu ninduten. Gazteleraz ziren, buruz ikasita deklamatu behar nituen, zer esaten nuen aztarrenik gabe. Nire lehen aktuazioak horiek dira´. Kontxuri elkarrizketa asko egin dizkiote egunkari, aldizkari eta telebistan, eta haietako batean hala esaten du lotsagabe haurtzaroaz: ´De niņa, cuando actuaba en las monjas, me encantaba que me miraran´.

Agian hortik sortzen da aktorearen lehen oinarria: besteen begiratuak bete egiten du haren barrena, besteengan sortzen duen erreakzioak bere lanaren neurria ematen dio, bere burua ezagutzen eta maitatzen hasten da besteek ezagutzen eta maitatzen duten neurrian. Kontxu beti jende aurrean azaltzeko prest egoten baitzen, baina ´nahi baino gu txiagotan aukeratzen ninduten, zeren kastingak beti egon dira, zuk txiki-txikitatik zain egon behar zenuen ea aukeratzen zintuzten zeozertarako, aukeratua bazinen ondo, ni pozik, bestela itxoin egin behar´.

Ez ziren mojak bakarrik izan Kontxuri antzerkiaren harra piztu ziotenak. Azpeitian bazen beste leku bat: Perez Arregi enparantza. Bertan zeukaten Luistarrek lokal bat, eta han entsaiatzen zuten herriko talde amateurrek antzerkia. Hura zen harrobia. Askotan oso umerik jakiten dugu gure bizitzan zer egin nahi dugun. Lokal hartan jakin zuen Kontxuk zer egin nahi zuen: antzerkia, nola edo hala. Eta antzerkia egin du geroztik. Ez gutxi, gainera.