Lokal Berria

ELKARTEA INDARTU DUEN TOKIA

Lagun Onak Mendi Bazkunearen 50 urteko denbora honetan guztian gauza garrantzitsu asko pasatu dira, baina agian inportanteena, erabakigarrienetakoa bai behintzat, lokal berria irekitzea izan da; Eliz Kalean dagoen lokalak ateak zabaltzea hain zuzen ere. Egoitza berri honek mugak kendu dizkio elkarteari, eta oraina eta etorkizuna kontuan behar bezala hartzeko balio izan dio. Bi hitzetan, Lagun Onak indartu egin da lokal berria 1973ko abenduaren 16an ireki zenetik.

Eliz Kaleko lokalaren aurretik, Lagun Onak-ekoek Etxe-Zuri-neko taberna zuten egoitzatzat. Bertako jantokia, hain juxtu. Gaur egun Berastegira ezkonduta dagoen Patxi Lopetegik dioenez, “Etxe-Zurinekoa 1946an pasatu ginen, elkartea sortu zen urtean. Baina lehenagotik ere, nahiz eta elkartea artean ez egon sortua, biltzen ginen, bai, mendizale batzuk beste toki batzuetan. Gerra Zibilaren aurretik, esate baterako, lehengo Usabiaganeko tabernan biltzen ginen, gaur egun Elustondoneko denda dagoen tokian. Gerra Zibilaren ondoren, berriz, beste leku batzuetara joaten ginen. Horrelaxe 1940tik 1945era bitartean. Eta 1946an, Etxe-Zurinekora”.

Etxe-Zurinekoan egon ziren Lagun Onak-ekoek asko eskertzen dute bertako Pedro Arrieta zenaren jarrera irekia. “Asko lagundu zigun”, esaten du 60ko hamarkadaren bukaera-bukaeran juntan egon zen Antton Gurrutxaga Takolo-k. “Oso eskuzabala zen gurekin. Edozer gauza uzten zigun, ateak beti irekiak genituen. Pedro zenarengatik balitz, dena libre”.

Hasiera batean, bi astean behin biltzen baldin baziren, gerora astean behin biltzeari ekin zioten. Edo astean bitan. Egutegiaren arabera, beti ere. Jantokian egin zituzten batzarrak, eta tabernako sukaldetik pasatu beharra zegoen jantokira iritsi ahal izateko. Eta orduan izaten ziren komeriak, Txokolok gogoratzen duenez: “Pedro zenarengatik, lehen esan bezala, dena genuen libre. Ez ordea Juanitarekin. Bileretako-eta sukaldetik igaro behar guk, eta beti tentatu egiten genuen, amorraraziz. Normala zen, gazteak baikinen oso. Bera, gainera, jenio biziko emakumea izanik, azkar haserretzen zen, eta makina bat aldiz jardun zuen gure atzetik sukaldeko mahai handi hartan”. Dena den, haserre haiek anekdota batzuk besterik ez direla dio Txokolok, “segituan adiskidetzen ginelako. Azken finean, Juanitak berak ere gu han egotea gustukoa zuen. Ongi egiten zuen, gainera, guri kontra egitearekin, bestela tabernako nagusi izango baikinen, eta kontua hori ere ez zen”.

Hau guztia zela-eta, juntakoen artean erraza zen giro ona egotea, baina ez beste jendearen artean, “bilgune handirik ez zegoelako”, dio Joxe Arozena Atxa-k. Lan aldetik, nahikoa mugatuta zeuden. Irteerako baimenak lortzea (15 egun lehenago Gobernu Zibiletik) eta kuotak tabernaz taberna eta soziedadez soziedade kobratzea ziren bi lan nagusienak.