San Inazio Estatua

BILBOTARRAK ETA AZPEITIARRAK BAT EGINIK

1956ko uztailaren 15ean Wuhu-ko (Txina) gotzaina zen Aranburu jaunak, San Inazioren estatua erraldoia inauguratu zuen Xoxoteko puntan.Inaugurazioa benetan handia izan zen garaiko kronikek kontatzen dutenez: “Goizeko lehen orduetatik Izarraizko bide, malda eta bidezidor guztiak mendizalez bete ziren. Guztiek San Inazio zuten ipartzat. (...). Eguerdian guztia prest zegoen ospakizunari hasiera emateko. Mando gorrixka baten gainean igo zen Wuhuko gotzaina eta berarekin batera, Arana eta Ciriano jesuitak aritu ziren meza ematen. Debozioz jarraitu zuten eliz ospakizuna Xoxotera hurbildu ziren 1000 mendizale inguruk.

Bilboko Txalapartak taldeko abeslariak eta Azpeitiko txistulariak ere ez ziren falta izan, eta amaieran, Inazio donearen ereserkiarekin bukatu zen ospakizuna”.

Loiolako jesuitek urtebete beranduago argitaratu zuten liburuxkak horrela jarraitzen du azaltzen inaugurazioaren unea: “Meza ostean Iñiguez de Ciriano jesuitak esker oneko hitzak izan zituen eta azkenik Alpeetako Mont Blanc-en hildako Peciña, Yankee, Bacigalupe eta Ugartetxea mendizaleen aldeko errezoa egin zen. Jarraian, dominen banaketa estatua egiten lagundu zutenentzako; Angel Sopeña, Vasco-Navarrako lehendakaria; Jose Maria Mugika eta Jose Maria Ortuzar, Bilboko Aldatz-Gora Mendi Bazkunearen izenean; Miguel Arregi, Lagun Onak taldeko lehendakaria; Ariztia jesuita, Azpeitiko Luistarren ordezkaria; Inazio Azkune, eraikitzaile loiolatarra; Urbano Azkue, lanean jardundako azpeitiar guztien izenean; Guillermo Anasagasti, arkitektoa eta Jesus Torre eskultorea. Dominen ostean estatuaren inaugurazioari ekin zion Aranburu gotzainak, suziri eta kanpai hotsekin.