Lehen 25 urteak

Lehen urratsetatik, zilarrezko ezteietara

1946ko irailaren 29an azpeitiar mendizale talde bat Arauntza mendira igo zen, mendiko talde berriaren sorrera ospatzeko asmoz. Mendia barrenean zeraman lagun talde bat batu eta gainontzeko mendi taldeen antzera funtzionatzen hastea pentsatu zuten.

Mendia eta Azpeitia betidanik egon izan dira lotuak; betidanik jo du mendira azpeitiarrak, baina orain 50 urteko ekimenak, antzinatik zetorkion afizioari gorputza eman zion; konpromezua eta antolaketa gehitu zizkion, lana ezezik, betidaniko ekimenari. Batek baino gehiagok aurpegiratzen zien, ea zertarako papeleotan sartu behar zuten. “Zertarako federatu behar gaituk?”, “mendi talde bat osatzeak ez dik zentzurik, mendira lehen ere joaten gaituk eta”, “mendira joateko ordaindu?”, esaten omen zuten, Julian Arruti Oriyo-k gogoratu duenez. Jende askok ez zuen ulertu zergatik osatu behar zen mendira joateko talde bat, “Horrelakorik gabe mendira joan daiteke eta”.

Baina argi dago Lagun Onak Mendi Elkarteak herriko mendizaletasunari eman dion bizitasuna 50 urte hauetan zehar ez litzatekeela lortuko inolako antolamendurik gabe.