Sarrera

Hazia, zuhaitz sendoan bilakatuta Angel Mari Etxeberria (Lagun Onak M.B.ko lehendakaria)

Jadanik bete dira 50 urte Lagun Onak Mendi Bazkunea sortu zenetik. Hasieran bezala, Azpeitiko herrian dauden hainbat eta hainbat mendizaleentzat txoko egokia izateko asmotan da elkartea. 1946. Urtean gertatu zen, bai, bazkune honen sorrera, liburu honetan zehar ezagutuko dituzuen lagun batzuei esker.

Azken 50 urte hauetan Lagun Onak M.B. hazten joan dela nabarmena da, pixkanaka-pixkanaka joan baldin bada ere. Adibidez, lehenengo urtean, bi ibilaldi egin ziren. Hurrengoan, berriz, zazpi. Hurrena, gehiago. Eta horrelaxe, gaur egun ia igandero irteeraren bat antolatzen dugun arte. Ibilaldi hauen artean, garrantzia handia ari dira gaztetxoentzat bereziki antolatzen ditugunak. Gazteak direnez etorkizuna, guk, itxaropenaz gain, lanerako gogo handia ere badaukagu, beti ere mendizaletasun zintzo eta jatorra lortzekotan.

Irteerak utzita, urtean zehar Mendiko Astea deituriko bi aste ere antolatzen ditugu, eta bertan gehienbat goi-mailako espedizioen proiekzioak eskaintzen dira. Hasiak gara, era berean, eta ingurugiroak daukan garrantzia ikusirik, gai horri dagokion astea antolatzen. Eta jendeari, proiekzio eta hitzaldien bidez, gaur egun batik bat Euskal Herrian dauden ingurugiroko arazorik garrantzitsuenak zein diren jakinarazi nahi diogu. Lagun Onak Mendi Bazkunearen ekitaldietan, besteak beste, Xoxoteko, Santa Engraziko eta Txalintxoko egunak ere hortxe ditugu.

Nik uste, elkartearen sortzaileak, eta gerora lehendakari eta batzordeko kide izan ziren guztiak, gustura sentituko direla egun zuzendaritzan gaudenok egiten ari garen lanarekin. Izan ere, garbi dago duela 50 urte sortutako hazia, dagoeneko zuhaitz sendoan bilakatu dela.

Besterik gabe, eskerrak ematea baino ez dugu hau guztia lortu ahal izateko parte hartu edota laguntza eman dutenei, mendizaletasunak beti bezain tinko jarrai dezan arituko direlako.

Pako Iriondo (Euskal Mendizale Federakundeko lehendakaria)

Kaixo adiskideok:

Azpeitiko Lagun Onak Elkartearen 50. Urteurrena ospatzen dela-eta, Euskal Mendizale Federakundeko lehendakari gisa Azpeitiko mendizaleak agurtzeko aukera eskaini didate, elkartearen historia jasotzen duten orrialde hauen bidez.

Aukera hau izaten dudan guztietan, eta luze gabe, beraien lan apalaz ospakizun hau antolatzen lagundu duten hainbat eta hainbat lankide zoriondu nahi izaten ditut, joan direnak eta egun horretan gurekin izaterik ez dutenak ahaztu gabe.

Bukatu aurretik, antolatzen diren ekintza guztietara bultzatu nahi nituzke azpeitiarrak, ahaztezinak izango diren jarduerak eskainiz, urrezko eztei honetako ospakizun hau dagokion bezala igaro beharra baitago.

Lerro hauen bidez, har ezazue besarkada bero bat.