Arantzazuko Biltzarraren garrantzia (1968)

Akademiak 50 urte betetzen zituela aitzakia harturik, eta Gabriel Arestik eskatuta, euskara idatziaren ba-tasun prozesua aztertzeko jardunaldi batzuk egitea proposatu zuen Euskaltzaindiak. Biltzar Nagusiak, euskaltzainak ez ezik, euskararekiko ardura berezia zuen jende ugari bildu zuen 1968an, urriaren 3an, 4an eta 5ean Arantzazun.

Euskara batuaren lan proiektua egiteko batzorde bat eratu zuen Euskaltzaindiak eta honen buru Koldo Mitxelena aukeratu. Arantzazuko txostena izenaz ezaguna den lanak bost txosten zituen eztabaidagai: Batasun bear au zergaitik eta zertarako, Ortografia, Itzen formak, Itz berriak eta Deklinazioa.

Eztabaidak ugariak eta beroak izan ziren, batasunaren aldeko eta kontrakoen artean. Baina, zalantzarik gabe, Mitxelenaren ortografiari buruzko txostena izan zen eztabaidatuena, ‘h’aren auziaz hitz egin baitzuen.

Mitxelenak ‘h’a erabiltzearen alde egin zuen, eta, era berean, batuaren alde. ‘h’a euskal letratzat hartzen zuen, Euskal Herri osoak ezagutu duen fo-nema delako batetik, eta orduan Ipar Euskal Herrian erabilera arrunta zuelako, bestetik.

Eta horrez gain, ‘h’a onartzeko beste arrazoi garrantzitsu bat —eta agian, arrazoi erabakigarria izan zena— ere bazuen: 1964an, Baionan Txillar-degiren inguruan bildu zen idazle gazte talde batek baturako hainbat proposamen egin zituen, besteak beste ‘h’aren erabilera proposatuz. Hori dela eta, idazle gazteek letra hori erabiltzen zuten, beste proposamenak beste. Horregatik letra horren alde eta euskara batuaren alde egin zuen Mitxelenak, eta hala adierazi zuen: “Gazteak beti arrazoi dutela. Ale-gia, gazteak, bizitzaren etorriz, arrazoi, nahiz beste aldetik ez izan”.

Patxi Altuna ere iritzi berekoa zen: “Gabriel Aresti izan zen euskara batuaren bultzatzaile, eta hasieran estrainio samarra egiten bazitzaigun ere, nik neuk batuaren eta ‘h’aren alde egin nuen, gaztediaren aldekoa zelako. Orduko euskaltzale gaz-teek hori nahi zuten; beraz, hori hartu. Gainera, arrazoitsua iruditzen zitzaidan batasuna lortzea Euskal Herri osoan”.

Jon Etxaide ere, besteak beste, batuaren, ‘h’aren aldekoa zen eta honela adierazi zuen Arantza-zun: “Ortografiaren batasuna iritxiko ba’dugu, premiazkoa da, Bidaso’z bi aldetako euskaldun guztiok honartzea ala gaitzestea. (...) Iparraldeko gure anaiek ez dezakete baztertu oguzten duten letra bat, (...) bestalde, guri <> horrek eztigu batere kalterik egiten, baitipat gogoan edukita eskola españoletan hazi geran euskaldun guziok <> mututzat daukagula”.

Kontrako iritziak ere asko izan ziren. Esaterako, R. Intzagaraik zera zioen: “Erraztasunagatik idazleak h gabe. Irakurleentzat hkin zailago”.

Aita Mujika, berriz, ‘h’aren kontra zegoen, baina euskara batuaren alde: “Gaur euskaldunak seietatik bost h gabe, gehienen kalterako dana ezin diteke euskeraren onerako izan. (...) Jaun Andreak!! Ez dezagun indioarena egin! Erraztasunari lagundu eta indarra eman, eragozpenak kendu. (...) H letrak ez du garrantzirik batasunerako”.

Baina, badirudi, aita Pierres Lafitteren hitzak erabakigarriak izan zirela auzi hura baretzeko. Hala kontatu zuen, behintzat, aita Luis Villasante zenak H letraren iskanbila Arantzazuko Biltzarrean artikuluan: “Ez dakit nik zer pasatuko zen itsaso haserre hartan ustegabeko gertari bat gertatu ez balitz. Ba-zen han Pierre Lafitte jauna, Iparraldeko euskal le-tren patriarka beneragarria (...), hitza eskatu zuen. Denak isildu ziren berari entzuteko. Eta, mamiz hau-xe esan zuen: Iparraldekoek, alegia, segituko zutela H erabiltzen, zeren eta berentzat utzi ezinezkoa baitzen. Hemengoei, aldiz, berak eskatzen zien ez ze-zatela letra hori har, horrenbeste istilu eta eragozpen sortzen zienez geroz. Azken batean —gaineratu zuen— euskara biziko bada, hemen biziko da, ze-ren eta beste aldean ez baitu etorkizunik.

Hitz horiek sortu zuten erreakzioa ustegabekoa izan zen eta erabakigarria oso, Biltzarrak amaiera edo azken on bat izan zezan: utziera eta zatiketarentzat ez zen lekurik laga behar; Iparraldea gure herriaren zati guztiz begikoa eta kutuna zen; beharrezkoa zen, bada, denek bat eginik joatea. Eta ordutik urek beste norabide bat hartu zuten eta gehienek ortografia batuaren alde jarri ziren edo behintzat, ez zuten lehengo kontrakarra erakutsi” (Euskera, 1994(3)).

Gaur egun sinesgaitza bada ere, ‘h’ letra izan zen batasunerako koska nagusia. Letra mutua bilakatu baitzen aldeko eta kontrakoen bandera. Batasunaren aldekoak, ‘h’aren aldekoak ziren eta batasuna nahi ez zutenak ‘h’aren arerio.

Euskara batuaren aldeko eta kontrako iritziak entzun ziren saio haien ondoren, euskaltzainak be-raiek bakarrik bildu ziren eta azkenik, batasunerako bidea hartzea erabaki zuten. Berebizikotzat jotzen zelako euskara batzea, euskara biziko bazen. Eta ‘h’aren auzian erdiko bidea aukeratu zen: kasu batzuetan hitzak ‘h’z, beste batzuetan ‘h’ gabe.

Kontuak geroago okertu ziren, biltzarrean izan ez zirenen eraginez. Euskal gizarteak gertutik jarraitu zuen batasunaren inguruko eztabaida eta ‘h’ak —hots, euskara batuak— ere izan zuen makina bat aldeko eta arerio Arantzazutik kanpo.