Angelen eta Txikiren hilketak

Irailaren 26ko iluntze hartan, Angel Burgosko espetxeko ziegatik eraman zutenean, Mertxe Otaegiren eta senarraren etxean, Nuarben, dei bat jaso zuten. Deia Burgostik zetorren. Telefonoa Mertxeren senarrak, Inazio Urtuzagak, hartu zuen, eta Angel hurrengo eguneko goizeko zortziak aldera hilko zutela esan zion ahots batek. Gainera, berri hori ahalik eta modu suabeenean esateko Mariari, horixe esan zion Inaziori telefonoaren beste aldean zegoenak.

Baina semea hil behar ziotela modu suabean esaterik ez zegoen. Mariari esan ziotenean, “ikaragarri gaizki” jarri zen, Mertxe ahizpak dioenez. Hala ere, nuarbetar koadrila batekin batera Burgosera joan zen Maria bera ere, “lasaigarri asko hartuta”.

Angelen exekuzioa

Ziegatik gela aparte batera eraman zuten Angel, kapilla deitzen zioten gela batera. Bazekien azken gaua zuela. Bazekien hurrengo goizean hilko zutela. Burgosko funtzionariek apaizaren bedeinkapena eskaini zioten, baina Angelek ez zuen onartu, “frankista delako, eta ezer aitortzeko ez” zuelako, eta “garbi” zegoelako, gau hartan Angelek berak amari esan zionez. Nuarbeko apaiza ere joan zen Burgosera, baina ez zioten kartzelara sartzen utzi.

Gau hartan amak bakarrik ikusi zuen Angel. Nuarbetar koadrila bat joan zen Burgosera, tartean Maria, Mertxe eta Xixilio Alegria. Baina ama Mariak bakarrik ikusi zuen Angel. Burgosera iritsi orduko, bi militarrek arrastaka eraman zuten Maria, besoetatik helduta –“ibiltzeko ere gai ez zen gajoa”, dio Mertxek–. Semea azkenengo aldiz ikusteko aukera zuen.

Ez zuten elkarrekin luze egoteko aukera izan. Zazpi militar inguruan zituztela, hitz egiten hasi ziren. Mariak gerora Mertxeri esan zionez, “ama, zu lasai ibili, eta burua tente eduki; eta ez etxean geratu, lotsatzeko arrazoirik ez daukazulako. Nik ez dut inor hil, baina ni hil egingo naute. Euskal Herriarengatik odola emango dut nik”, esan zion semeak. Mariak nahiko lan izan omen zuen bi hitz jarraian egiteko. Gainera, irteteko ordua ere segituan heldu zitzaion.

Behin Maria atera zutenean, Angeli desioren bat ba al zuen galdetu zioten militarrek. Angelek pattar botila bat eta zigarroak eskatu omen zituen. Bizente Gurrutxagak, Burgosko kideak, dio Angel “beldurrez” hil zela, “normala” zen bezala. “Nik ez dakit heroi bezala hiltzea zer den. Nik ez dakit inor sekula heroi moduan hil ote den. Baina Angel gizaki normal bat bezala hil zen, halako egoera batean denok hilko ginen moduan: beldurrez”. Beharbada horregatik, pattar botila eskatu zuen Angelek. Eta goizeko zortziak aldera, hormara eraman zuten.

Lekukorik gabe hil zuten Angel. Diotenez, baina, espetxeko baratzeko hormara heldu aurretik “Otaegi!” oihu egin zioten militarrek, eta Angelek buelta hartu zuenean tiro egin. Ia enteratu gabe hil zen. 1975eko irailaren 27a zen, larunbata.

Nuarbetarrak eta gorputza etxera bidean

Bezperan, Maria bere seme Angel ikustetik atera zenean, etxera joan nahi zuela esan zuen. Lur jota zegoen, eta Nuarbera joan nahi zuen. Horregatik, Maria eta iloba bat Nuarbera itzuli ziren. Baina, Mertxek-eta han jarraitu zuten, Burgosen. Angel ikusi nahi zuten; gutxien-gutxienez gorputza.

Espetxe inguruan egoten ere ez zieten uzten nuarbetarrei. “Burgos inguruko herri txiki batera joan ginen –gogoratzen du Mertxek–, taberna batera. Gau osoan zabalik egoten den taberna horietako bat zen. Kafe mordoa edan, eta berriro espetxera itzuli ginen. Niri badaere Angel ikusten lagatzeko eskatu genien. Baina alferrik. Bizpahiru buelta egin genituen, baina ez ziguten uzten. Orduan, gutxienez gorputzaren zain egotea erabaki genuen”.

Bazekiten goizeko zortziak aldera hil behar zutela. Hala, ordu horretarako espetxe aurrean zeuden berriro. Militar batek esan zien minutu batzuk lehenago hil zutela. Mertxek gorputza ikusteko baimena eskatu zien, eta espetxe barrura eraman zuten. Baina, ez zioten gorputza ikusten utzi. “Angelen arroparen zerrenda bat eman zidaten, eta Angelen 7.500 pezeta ere bai. Zerrendan bi manta falta ziren, eta esan egin nien. Nik banekien Angelek manta haiek han zituela, nik eraman nizkiolako. Azkenean itzuli zizkidaten”. Artean gorputza ikusteko itxaropena bazuen Mertxek, eta berriro eguerdiko hamabi eta erdiak aldera joan zen espetxera, baimena eskatzera. Berriz ere alferrik. Burgosko ehorztetxera joan eta gorputza Nuarbera eramateko autoa lortu zuten —Nuarbera iritsitakoan 50.000 pezeta ordaintzekotan geratu ziren—. “Baten batek Nuarbera hots egin zuen, eta diru hori biltzen hasteko agindu”, dio Mertxek.

Arratsaldean, lau eta erdiak aldera abiatu zen gorputza Burgostik. Azkenean inork ez zuen ikusi Angelen gorputza. Denak ilaran abiatu ziren Nuarbera; aurretik ehorztetxeko autoa, ondoren guardia zibilenak, eta haien atzetik nuarbetar koadrila. “Halako batean, semaforo batean galdu egin genituen. Guk bide motzena hartu genuen, Gastei-zera doana. Eta arratsaldeko sei eta erdiak alderako Nuarben geunden”, gogoratzen du Xixilio Alegriak –auto bat berak ekarri zuen–. Baina, Nuarben ez zen Angelen gorputzaren arrastorik. Ehorztetxeko autoa-eta iluntzeko hamarrak aldera iritsi ziren, oso berandu. “Non ibili ote ziren? Auskalo!”, dio Mertxek. Nuarbe guardia zibilez josita zegoen, eta hilerrira senideek eta beste bakarren batzuk bakarrik igo ahal izan zuten. Baten batek hilkutxa ireki ere egin zuen, baina odola bakarrik ikusten omen zen. “Angel lasai hilobiratzen ere ez ziguten utzi. Egundoko errespetu falta erakutsi zuten”. 1975. urteko irailaren 27ko iluntze hartan hilobiratu zuten Angel Otaegi, Nuarben, guardia zibil ugari inguruan zutela.

Txikiren exekuzioa

Goiz hartan bertan, irailaren 27an, beste lau lagun ere afusilatu zituen Francoren erregimenak: Jon Paredes Manot Txiki ETAko kidea, eta FRAP erakunde iraultzaileko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz. Txiki Bartzelonan hil zuten, Sardanyolako basoan; FRAPeko hiru kideak, berriz, Madrilen, Manzana-resen.

Jon Paredes Manot Txiki, Zalamea de la Se-rena herrian jaio zen (Badajoz, Extremadura, Es-painia), 1954ko otsailaren 20an. Hil zutenean, beraz, 21 urte zituen. 1950eko hamarkadan egoera zaila bizi zuen Badajozek, jende asko lanik gabe zegoelako. Horregatik, Txikiren aitona Zarautzera etorri zen, eta Txikiren anaia Miguel berekin ekarri zuen. Handik denbora gutxira, Txiki bera, beste anaiak eta gurasoak Zarautzera etorri ziren; Txikik zortzi urte zituen Zarautzera etorri zenean.

Zarautzen hazi zen Txiki. Eta Zarautzen hasi zen kontzientzia abertzalea hartzen. Ez zuen nahi izaten extremeñoa zela esatea. Lagunen eta mendiaren bidetik, Euzko Gaztedin (EGI) sartu zen, gazte-gaztea zela. Handik ETA erakunderako pausoa eman zuen; hasieran legezko egoeran jardun zuen lanean, eta gerora iheslari moduan. Hain justu, 1974ko abuztuaren 12an alde egin zuen Txikik etxetik. Kide bat atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta egun batzutan ezkutatuta egon zen. Gero, abuztuaren 19an edo 20an Ipar Euskal Herrira joan zen. Iparraldean ikastarotxo bat jaso zuen, eta berriro Hegoaldera itzuli zen, Nafarroara, jada ilegal moduan. Klandestinitatean ibili zen batera eta bestera, Apalarekin-eta.

M1975eko apirilaren 1a. Ia egunkari denetan Jon Paredesen izena agertu zen; Jose Diaz Linares poliziaren hiketan parte hartu zuela zioten. Maia-tzean, Txiki Kataluniara joan zen, ETAren Komando Bereziekin. 1975eko uztailaren 30ean atxilotu zuten Txiki, Inazio Perez Beotegi Wilson-ekin batera. Bartzelonako espetxean eduki zuten, isolatuta. “Atxilotu nindutenetik erabakita zeukaten ni hiltzea”, esan zion bisita batean Txiki berak Miguel anaiari, Javier Sanchez Erauskinek Txiki-Otaegi liburuan jasotzen duenez.

M1975eko irailaren 19an, Txikiren aurkako epaiketa sumarisimoa egin zen Bartzelonako Gobernu Militarrean. Epaiketa hartan leporatu zioten delitua, hurrengoa: ekainaren 8an Bartzelonako Caspe kaleko Banco Santanderreko lapurretan parte hartzea; lapurreta hartan, tiroketa baten ondorioz, polizi bat hil zen. Epaiak Txikiri leporatu zion poliziaren hilketa. Txiki heriotzera zigortu zuten.

Angel eta FRAPeko hiru kideak bezala, Txiki ere irailaren 27ko goizean hil zuten, Bartzelonako Sardanyola basoan. Txikiren afusilamendua Mark Palmes eta Magda Ordanich abokatuek eta Mikel Paredes anaiak ikusi zuten, zuzenean.

M1975eko irailaren 26ko Ministrarien Kontseilu hartan, Angelen eta Txikiren heriotzak agindu zituzten hartan, beste militante batzuk indultatu egin zituen Espainiako Gobernuak: Joxe Antonio Garmendia Tupa ETAko militantea eta FRAP erakundeko beste bost lagun. Baina, 1970ean Burgosko prozesatuekin gertatu ez bezala, Angel, Txiki eta FRAPeko hiru kideak hil egin zituen frankismoak. Hilketek mobilizazio handiak eragin zituzten mundu osoan eta Euskal Herrian, bereziki hildakoen herrietan.

Mobilizazioak Euskal Herrian

Angelen eta Txikiren exekuzioen aurka mobilizazio izugarriak egin ziren Euskal Herrian. Bai hil aurretik, eta baita hil eta gero ere. Gainera, aurrera begira ere euskal politika arloan zeresan handia izango zuten mugimenduak sortu ziren; Koordinadora Abertzale Sozialista (KAS), esaterako. Angelen eta Joxe Antonio Garmendiaren epaiketei aurre egiteko plataforma anti-errepresibo moduan sortu zen KAS, mobilizazioak koordinatzeko. Koordinadora EAS, HAS, ETAm, ETApm eta LAIA erakundeek osatu zuten hasiera batean; gerora, LAB eta LAK sartu ziren. KASek, 1975eko ekainean argitaratu zuen lehenengo agiri publikoa. Horrela zioen: “Hacemos un llamamiento a todo el pueblo de Euskadi, a todos los revolucionarios y democratas de Europa y del mundo entero, para que luchen contra el proceso a muerte que están montando contra Garmendia y Otaegi”.

Bestalde, Angel eta Txiki hil zituzten eguna, irailaren 27a, sinbolo bihurtu da Euskal Herrian. Izan ere, gaur egun oraindik Gudari Eguna ospatzen du data horretan ezker abertzaleak, hildako militanteen omenez.

Esan dugunez, Angelen eta Txikiren exekuzioek mobilizazio handiak eragin zituzten. Salbuespen egoeran zeuden Bizkaia eta Gipuzkoa, eta Poliziaren errepresioa izugarria zen Hego Euskal Herrian. Baina, hala ere, jendea kalera atera zen. Irailaren 29ko eta 30eko greba egunetan 200.000 langilek utzi zioten lana egiteari, eta tailer, denda eta taberna gehienak itxi zituzten. Herri eta hiri denetan egin ziren manifestazioak, eta Poliziak gogor jardun zuen. Esaterako, Errenterian, irailaren 27an bertan, Guardia Zibilak tiroka sakabanatu zuen manifestazioa, eta hamar urteko ume bat balaz zauritu zuen.

Azpeitiarren erreakzioa

“Goizean Radio Nacionaleko berriak jarri nituen; Pink Floyden musikarekin hasten zen tarte hura. Eta orduan entzun nuen: ‘Los procesados Angel Otaegi, Juan Paredes, Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo y Ramon Garcia Sanz han sido ejecutados’. A zer kolpea hartu nuena! Bagenekien hilko zituztela, baina beti daukazu itxaropena”. Imanol Salegi Kortatxo-ren hitzak dira aurrekoak, Azpeitiko ETAko langileen frontean Angelekin ibilitako lagunarenak. Harentzat bezala, azpeitiar denentzat kolpe gogorra izan zen Angelen heriotza. Espero zuten arren, itxaropena beti edukitzen delako.

Herrian oso ezaguna zen Angel, jende askok ezagutzen zuen. Egun hartan, herria guardia zibilez josita zegoen, Bizkaian eta Gipuzkoan salbuespen egoera zegoen. Baina herria kalera atera zen. Larunbat hartan, 1975eko irailaren 27an, taberna eta denda denak itxi zituzten herrian. Egun haietan manifestazioak egin ziren, goizez eta arratsaldez, eta bertan izan zirenek diotenez, izugarrizko jendetza bildu zen. Irailaren 29an eta 30ean greba orokorra egin zen Azpeitian eta Euskal Herrian. Tailer, denda eta taberna denek itxi zuten herrian. Azpeitian tentsio handiko uneak izan ziren hilabete haiek. Eta azkenean, irailaren bukaera hartan, lehertu egin zen tentsio hura.

Azpeitiko Udalak ere egin nahi izan zuen zerbait Angelen alde. Angel hil aurretik, abuztuaren 30ean, ezohiko udalbatza egin zen udaletxean. Silvestre Otamendi alkateaz gain, Agustin Prat, Inazio Urkia, Javier Arakistain eta Manuel Altuna alkate ordezkariak, eta Imanol Elias, Rafael Larra-ñaga, Lorenzo Soraluze, Tomas Bereziartua eta Inazio Uranga zinegotziak bildu ziren pleno-aretoan. Tomas Olaizola eta Joxe Inazio Aizpuru zinegotziek eta Estanislao Iriarte alkate ordezkariek ezin izan zuten bilkurara joan. Ezohiko udalbatza goizean egin zen, eta Rafael Larrañagak, Lorenzo Sora-luzek, Imanol Eliasek eta Manuel Altunak aurkeztutako mozioa onartu zuten, aho batez. Horrela zioen mozioak: “Enterados a través de medios de comunicación sentencia recaida en el día de ayer condenando a muerte a Don Angel Otaegui Echeverría, sentimientos humanos y cristianos, que si cabe, se hacen más patentes este año de reconciliación cristiana, se solicita de ese Ayuntamiento Pleno, al tratarse de un hijo de esta villa, la adopción de un acuerdo en el sentido de solicitar clemencia para el mismo”. Esan bezala, mozioa onartu zuen Azpeitiko Udalbatzak, eta idatzi hori bera Francisco Francori bidaltzea erabaki zuten.

Bestalde, irailaren 27ko larunbat hartan, Nuarbeko hilerrirako bidea zabaltzen saiatu ziren herriko ordezkariak. “Hil zuten egunean udaletxean nengoen ni –gogoratzen du Imanol Eliasek, orduan herriko zinegotzi zenak–. Goiz hartan guardia zibilez josita zegoen herria. Herritarrek Nuarbera joateko aukera izan zezaten nahi genuen guk. Izan ere, Nuarbe itxita zeukan Guardia Zibilak, hilerrira joatea ia ezinezkoa zen. Manuel Altuna Kanpaxa eta biok Guardia Zibilaren koartelera joan ginen eskaera egitera, eta eskailerak igotzen hasi orduko metrailetak atera zizkiguten. Nuarbe jendeari irekitzeko eskatu genion arduradunari, baina ezin zutela esan ziguten. Bigarren aldiz ere joan ginen, baina alferrik”. Herritar batzuk joan ziren, mendiz, Nuarbeko hilerrira. Baina oso gutxi.

Azpeitiar batzuk kanpoan orduan

Herrian ziren azpeitiar ia denek hartu zuten parte, nola edo hala, Angelen-eta aldeko omenaldi-ekitaldietan. Baina, herritar batzuk kanpoan ere baziren, atzerrian. Han, jakina, era berezian bizi izan zuten Angelen heriotza. Besteak beste, Xiriako Gurru-txaga nuarbetarrak.

Xiriako Gurrutxaga, Nuarbeko zesta-punta jokalari profesionala, batera eta bestera zebilen orduan ere. 1975eko irailaren 27ko goiz hartan Barajasko aireportuan zegoen, Madrilen. Buruan, kezka bakarra: Angel laguna noiz hilko ote zuten. Egunkari denak goitik behera leitu, irratia entzun... New York-erako hegazkina hartu zuenean, artean ez zekien Angel hil zutela. Hara ailegatu zenean, lehenengo gauza egin zuena, etxera deitzea. Angel hil egin zuten, goiz hartan bertan; horixe esan zioten etxean. Akabo.

Angelen oroitzapen bat eraman zuen Xiriakok New Yorkera. Izan ere, Angel atxilotu aurretik Xiriako Nuarbera etorri zen batean, Angelek Arauntza Elkarteko zato bat oparitu zion. “Garai hartan Estatu Batuetara asko joaten nintzen ni, pilotan jokatzera. Eta hango ardoa txarra zen, gozoegia edalontzitik edateko. Horregatik, Angelek esan zidan bazuela zato bat Arauntzan, eta huraxe emango zidala. Hala egin zuen. Handik gutxira atxilotu zuten”.

Jexus Mendizabal Errezil-ek ere, esaterako –Errezilgoa izan arren, Jexus ordurako Azpeitian bizi zen–, Euskal Herritik kanpo eduki zuen afusilamenduen berri. Izan ere, Errezil bera urte hartako uda hasieran Pakistan aldera joana zen, Martin Zabaletarekin –handik bost urtera Everest zapaldu zuena; lehen euskal herritarra izan zen hori lortzen–, Antxon Bandresekin –gaur egungo Euskal Herriko Mendi Federazioko lehendakaria–, Manu Badiola-rekin –Makalu zortzimilako mendian hil zen orain dela urte batzuk– eta beste zazpi mendizalerekin batera, Pakistango mendi batzuk igotzeko asmoz. Baina herrialde hartako giroa zela-eta, ezin izan zuten ezer ere egin, eta bost mendizale Indiara joan ziren beste mendi batzuk igotzera; haien artean, Errezil joan zen. Indian ondo moldatu ziren, eta Euskal Herritik irten zutenetik lau hilabete pasatu ondoren, etxera zetozela, Grezian sartu eta muga pasatuxe zutela jakin zuten Angel-eta afusilatu egin zituztela, Jexusek berak kontatzen duen moduan: “Greziara iritsi, eta lorategi bat zeukan dendari batek ikurrina ikusi eta ezagutu egin gintuen nongoak ginen, eta keinu bat egin zigun, ‘Franco, pum, pum, pum’ esanez, gu tirokatzen ariko balitz bezala. Guk ez genekien ezer, hilabeteetan ez egunkaririk, ez irratirik, ez telebistarik, ezer gabe geundelako mendian ibilita, eta, jakina, garai hartan ez zegoelako gaurko aurrerapen teknologikorik. Izugarri harritu gintuen lorategiko gizon haren erreakzioak, eta segituan pentsatu genuen Euskal Herrian zerbait gertatzen zela. Egunkari bat hartu genuen, eta Greziako hizkuntza ez ulertu arren, argazkiak behintzat ikusten genituen, eta orduan jakin genuen zer gertatzen zen Euskal Herrian, eta etxerako bidea hartu genuen”.

Hala ere, izan zuten arazorik Greziatik irteteko, Italiara pasatzen saiatu zirenean lehendabiziko saioan ez zietelako utzi, “nongoak ginen ikusi zutelako akaso, eta auskalo zer arazo saihestearren-edo”, Errezilek esaten duenez. Hurrengo egunean utzi zieten pasatzen, eta handik egun batzuetara heldu ziren etxera. “Grezian geundenean pentsatzen genuen Euskal Herrian gerra egongo zela”, dio Errezilek, “eta gerra ez, baina oso giro beroarekin aurkitu ginen hemen”.

Erantzuna nazioartean

Madrilen, Parisen, Genevan, Amsterdamen, Lis-boan, Milanen, Erroman, Berlinen... Europako hiriburu nagusietan protesta egin zuten afusilamenduen kontra. Herritarrek eta politikariek. Javier Sanchez Erauskin kazetaria, gero Txiki-Otaegi liburua idatzi zuena, Madrilen zegoen irailaren 27an. Espainiako hiriburuan ez zen erraza mobilizazioak-eta egitea, baina jendea atera zen kalera, Sanchez Erauskinek kontatzen duenez: “Carrero Blancoren atentatua gertatu zenetik –1973an hil zuten Carrero Blanco– Espainiako Alderdi Komunistak (PCE) asko jaitsi zuen pistoia. Horregatik, nik harremanak batik bat PCEtik ezkerrera zeuden alderdiekin nituen, ORTrekin-eta. Alderdi hori asko mugitu zen afusilamenduen kontra. Manifestazioak egin genituen Madrilen, eta esku-orri asko atera eta zabaldu genituen kalean”. Afusilamenduak baino egun batzuk lehenago, irailaren 23an, Madrilgo Torre Hotelean zazpi intelektual frantziar atxilotu zituzten –haien artean Michel Foucault, Régis Debray eta Costa Gavras–, Francoren Erregi-menaren aurkako idatzi bat irakurri zutelako. Atxilotu ondoren Espainiatik bota zituzten.

Frantzisko Letamendia Ortzi EHUko irakaslea eta Espainiako Legebiltzarreko parlamentari ohia Parisen zegoen egun hartan. ETA V.a-ETA VI.a zatiketa eman zenean, Ortzi ETA VI.arekin geratu zen. Eta gerora ETA VI.ean beste banaketa bat gertatu zenean, Ortzi Frantziako hiriburura joan zen. Parisen Francoren aurkako mobilizazio handiak egin zirela dio: “Frantziako ezkerra oso solidarioa izan zen. Burgosko epaiketan gertatu bezala, 1975eko udan ere asko mugitu zen, batik bat afusilatu zituztenean. Baina, Francoren aurkako elkartasuna zen, ez euskal nazionalismoaren aldekoa”. Exekuzioak “hiltzear zegoen erregimenaren azken adarkada” izan zirela dio Ortzik, “ahulago sentitzen zelako areagotu zuen errepresioa”.

Bi adibide horietan nabari daitekeenez, Espai-niako Erregimenaren aurkako jarrera nagusitu zen nazioartean. Hala, Mexikoko Gobernuak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren berehalako bilera eskatu zuen, Espainia erakunde horretatik bidaltzeko. Orduan Luis Etxeberria zen Mexikoko presidentea, baina Mexikoren ekimena atzera bota zuen NBEk, “foro hori egokia ez delako horretarako”, Txalaparta argitaletxearen Euskadi Ta Askatasuna liburuan jasotzen denez.

Europako hiriburu nagusietan egin ziren manifestazioak, baita Caracasen (Venezuela) eta Pana-man ere. Espainiako Informazio eta Turismo ministrariak, Leon Herrerak, jendaurrean onartu behar izan zuen Europan gertatutakoa: “Gure ordezkari diplomatikoen aurkako manifestazioak egin dira, baita banketxeen, Iberia konpainiaren eta abarren aurkako atentatuak ere. Halaber, gure hegazkinek, untziek eta trenek boikot etengabea jasan dute”. Hilketak baino lehen, Olof Palmek, Suediako lehen ministroak, diru-bilketa egin zuen heriotzara zigortutakoen alde.

Bestalde, NATOko Legebiltzarkideen Asanbla-dak heriotza zigorren aurkako jarrera ofiziala hartu zuen. Munduko Sindikatuen Federazioak –Pragan zeukan egoitza–, berriz, ohar bat bidali zuen ordezkaritza denetara, heriotza zigorren aurkako protestaldiak eta grebak bultzatzeko esanez.

Irailaren 27an bertan, bost militanteak hil zituztela munduan zabaldu zenean, Europako hemeretzi herrialdetik bidali zituzten Espainiako enbaxadoreak: Austria, Belgika, Kanada, Danimarka, Frantzia, Erresuma Batua, Holanda, Hungaria, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Norvegia, Polonia, Portugal, Mende-baldeko Alemania, Ekialdeko Alemania, Suedia, Suitza eta Vatikanotik. Erroman, Italiako eta Finlandiako futbol selekzioen arteko partiduan minutu bateko isilunea egin zuten hildakoen alde. Bestalde, Espainiako enpresen-eta kontrako atentatuak egin zituzten Stockholmen, Hagan, Bruselan, Erroman, Genevan, Parisen eta Atenasen. Ankaran, Turkiako Espainiako kontsulatu nagusiaren etxean dinamita lehertu zuten. Urriaren hasieran, Parisko Espainiako Enbaxadako militar bat, Bartolome Garcia, tirokatu egin zuten; Juan Paredes Manot Nazioarteko Brigada izena zeukan erakunde batek hartu zuen atentatua beregan.

Burgosko Prozesuan bezala, Estatu Batuak baino ez ziren geratu isilik. Irailaren bukaeran, Es-painiako Kanpo Harremanetako ministrari Pedro Cortina Mauri, EEBBetako estatu idazkari Henry Kissinger-ekin bildu zen. Kazetariek Kissingerri heriotza zigorren inguruan galdetu ziotenean, “ez dugu jarrerarik hartuko; ez dugu ez gaitzetsiko, ezta ezer esango ere”, erantzun zuen Kissingerrek. Egun haietan, Pedro Cortinak eta Henry Kissingerrek bi herrialdeen arteko tratatu militarra berritu zuten. Hala ere, EEBBetan ere izan zen afusilamenduen aurkako jarrerarik. Irailaren 27a baino lehen, EEBBetako 22 pentsalarik gutun bat bidali zioten Francori, eta bost militanteei heriotza zigorra “barkatzeko” eskatu. Era berean, Manhattanen –New Yorken– ehunen bat lagun bildu ziren Iberiako bulegoen aurrean, Espainiaren kontra protesta egiteko.

Aita Santuak berak ere exekuzioen aurkako jarrera publikoa agertu zuen. Behin hil zituztenean, Francori indultoa hiru aldiz eskatu ziola aitortu zuen, eta hildakoen arimen alde otoitz egin zuen. Ingalaterrako Kanpo Harremanetako ministro James Callaghanek ere beste bi aldiz eskatu zion indultoa Francori.

Irailaren 28an, 29an eta 30ean afusilamenduen eta frankismoaren kontrako adierazpen mordoa gertatu zen munduan. Hainbat herrialdek, Mexikok kasu, harreman denak hautsi zituen Espainiarekin. Frankismoa azkenetan zegoen.

Francoren heriotza eta Espainiako trantsizioa. Amnistia eta Konstituzioa

M1975eko azaroaren 20a. Angel Otaegi-eta hil zituztela ia bi hilabete. Denbora askoan gaixo egon ondoren, Francisco Franco hil egin zen, Espainiako Estatu burua. 83 urte zituen Francok hil zenean. 1936ko uztailaren 18an Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zen, eta 1939tik Espainiako arduradun nagusia izan zen. Franco hil eta bi egunera besterik ez, Juan Carlos I.a borboitarra Espainiako printzeak hartu zuen Espainiako estatuburutza. Juan Carlos I.a Erroman jaio zen, 1938an, eta 1948an Espai-niara joan zen. 1969ko uztailean izendatu zuen bere oinordeko Francok. Hezkuntza frankista jaso zuen Juan Carlos borboitarrak, gaur egungo Espainiako erregeak.

ETA militarrak idatzi batean salatu zuenez, Francoren heriotzak ez zuen “egiturazko aldaketarik ekarri; alderantziz, sistemaren jarraipena” eman zen Juan Carlos Espainiako erregearekin. Horratx idatzi hartan ETAk esandakoa, Franco hil eta berehala:

“No han faltado fuerzas políticas cuya única acción ha sido la atenta vigilancia de la salud del Caudillo, en la confianza de que, muerto éste, el paso a las libertades democráticas sería casi automático. Son los mismos que hoy, negándose a reconocer el hecho de que su estrategia exclusivamente ‘política’, basada en conversaciones y acuerdos, ha desembocado en un callejón sin salida, culpan del retraso del advenimiento de la democracia política a quienes en Euskadi Sur hemos luchado por conseguirla, con un contenido real para todo el Pueblo Vasco, en el marco de una Democracia Popular Vasca”. Hala, Franco hil eta gero ere borroka armatuarekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuen ETAk idatzi hartan: “No podemos aplazar la lucha, porque la democracia liberal no representa para nosotros sino un objetivo táctico desde el que proyectarnos hacia la Democracia Popular Vasca. Para ello no nos sirven las organizaciones pacifistas, sino que hemos de crear organizaciones de lucha, capaces de triunfar sobre el poder de la oligarquía, tanto si éste se ejerce bajo formas dictatoriales como si lo hace bajo formas liberales. Y las organizaciones de lucha no se crean sino en la lucha misma”.

Franco hil ondorengo lehenengo Espainiako presidentea Carlos Arias Navarro izan zen; Gobernazioko arduraduna, Manuel Fraga Iribarne –Francoren garaian Espainiako enbaxadorea Londresen eta ministro ere bai–; eta Santiago y Diaz de Mendibil Espainiako Armadako teniente nagusiak Espainiako presidenteorde kargua hartu zuen. Martin Villak Harreman Sindikalen ardura hartu zuen, eta Adolfo Suarez Gonzalezek Mugimendua-ren Idazkaritza. Hala ere, Francoren ondorengo lehenengo gobernu hark ez zuen asko iraun. Izan ere, 1976ko ekainaren 30ean kargutik bota zuen Juan Carlos I.ak Carlos Arias Navarro. Haren ondorengoa aukeratuta zegoen: Adolfo Suarez, Francoren Gobernuko kidea –uztailaren 3an izendatu zuten Gobernuko presidente–. 1976ko uztailaren 6an, erreferendum bat iragarri zuen Suarezek; kontsulta abenduaren 15ean egin zen, eta gorte frankistek onartutako Erreforma Politikorako legea onartu beharko zen; halaber, 1977ko ekainaren 30erako Espainiako hauteskunde orokorrak ere iragarri zituen.

Erreferenduma, beraz, 1976ko abenduaren 15ean egin zen, asteazken batean. Oposizioko alderdi ia denak (EAJ, PSOE, PCE...) abstentzioaren alde agertu ziren, baina Espainia mailan Erreforma Politikorako legeari onespena eman zitzaion. Hego Euskal Herrian Espainian baino abstentzio handiagoa gertatu zen: %42,8ko abstentzioa Hego Euskal Herrian, %22,6koa Espainia mailan.

Ezker abertzaleak deituta, mobilizazio ugari egin zen erreformaren kontra.

M1977ko ekainaren 15a. Espainiako hauteskunde orokorrak egin ziren. Bizkaian eta Gipuzkoan EAJk irabazi zuen; Araban eta Nafarroan, UCDk. Espainia mailan, UCD atera zen garaile, Adolfo Suarez buru zela. Abuztuaren 22an, Espainiako Konstituzioa egiten hasi ziren, 1978an onartuko zutena.

M1977ko urriaren 17an Amnistiaren Legea onartu zen. Lege horrek, 1976ko abenduaren 15a baino lehen arrazoi politikoek eraginda egindako delitu denei eragiten zien —baita 1976ko abenduaren 15etik 1977ko ekainaren 15era bitartekoei ere, “baldin eta askatasun publikoen aldeko arrazoiek eragindako delituak izan badira”; eta 1977ko urriaren 6tik aurrerakoei, “pertsonen bizitzaren edota osotasunaren aurkako erasorik gertatu ez bada”—.

Lege horren arabera, Angel Otaegirekin espetxean egondako preso guztiak kalera atera ziren. 1977ko abenduaren 9an irten zen Martutenetik Patxi Aldanondo, espetxean geratzen zen frankismo garaiko azken euskal preso politikoa. Baina euskal gatazkak aurrera jarraitu zuen.

M1978ko abenduaren 6a. Espainiako Konstitu-zioaren onarpenerako erreferenduma. Espainian baiezkoak irabazi zuen, %59ko aldeko botoekin. Hego Euskal Herrian, Konstituzioaren alde %34,9k baino ez zuen bozkatu. Erreferenduma eta berehala, ETAk Espainiako Konstituzioaren aurkako kanpaina hasi zuen.

M21 urte badira Angel Otaegi-eta hil zituztela; gaur, oraindik, Nuarben urtero-urtero omenaldia egiten diete Angeli eta hildako beste militante guztiei, irailaren 27an, Gudari Egunean.