Angel Otaegi espetxean

Garmendia eta Arruabarrena 1974ko abuztuaren 28an atxilotu zituzten. Handik ia hiru hilabetera, azaroaren 18an, Angel atxilotu zuten, Nuarben, etxean, gauez.

Javier Sanchez Erauskin kazetari eta idazleak atxiloketaren ingurukoak jaso zituen Txiki-Otaegi liburuan (1978an argitaratua). Nuarbe guardia zibilez josita zegoen azaroaren 18ko gau hartan. Eta Angelek etxeko atzeko leihotik alde egiteko planak eginak bazituen ere, alferrik ari zen; ez zeukan ihesbiderik. Angelen amak, Mariak, liburu horretan atxiloketaren berri ematen du. Horratx ama Mariak liburuan esandakoak: “Guardia zibilak Nuarbera sartu orduko, Angel non bizi zen galdezka hasi ziren, ordurako jakingo zuten arren. Gure etxeko atean jo zutenean, Angelek berak zabaldu zien atea. Nik ez zabaltzeko esan nion, ordu hartan –goizeko ordubata ingurua– lapurrak izan zitezkeela uste nuelako. Atearen beste aldean guardia zibil batzuk zeuden, eta denen arduraduna zirudienak bere burua aurkeztu zuen: ‘Linares, Diaz Linares’. Azpeitiko Garbancito guardia zibila ere tartean zen, hori gogoan dut. Etxe barrura sartu ziren, eta bakarren batzuk Angelen gelara, Angelekin berarekin. Ni larri-larri nengoen, eta komunera joateko beharra ere ba-nuen, baina baimena eskatzera ere ez nintzen au-sartzen. Azkenean, eskatu nien: ‘¿Puedo ir al servicio?’. Komunera joateko baimena eman zidaten, baina bi guardia zibil nirekin joan ziren, biak metrailetarekin. Tarteka Angelen buila batzuk entzuten nituen: ‘Eso no es verdad, eso no es cierto’, esan zuen behin baino gehiagotan. Nik ez nuen ezer ulertzen, ez nekien zer ari zen gertatzen. Halako batean, Angel jantzi egin zen, eta haiekin joan behar zuela esan zidan. Ez kezkatzeko, ezer ez zela gertatzen esan zidan”.

Azkenengo gaua, Arauntzan

Ia egunero bezala, azaroaren 18ko azken gau hura Arauntza Elkartean pasatu zuen, lagunekin. Pedro Elorza Kanpillo lagunak Angelekin afaldu zuen; atxilotu aurreko azken orduak harekin egin zituen. “Arauntzan afaldu genuen –gogoratzen du Kan-pillok–. Astelehen gaua zen, eta lagun batzuk bildu ginen afaltzeko: Jose Manuel asturiarra –tarteka herrira etortzen zen lagun bat–, Pepe, Martin... As-teartean azokara etorri behar zuen Artaberak, Azpeitira, txerrikume batzuk erosi behar zituelako. Hori oso ondo gogoratzen dut. Haren ama Mariak txerrikumeak hazi nahi zituela zioen Angelek, eta eginbehar hori zeukan hurrengo egunerako”.

Kanpillok kontatzen duenez, bat-batean Garmendiarekin lotutako zerbait eman zuten Telediario-n (Espainiako telebistako albistegia), eta Angel hari begira geratu zen, “nahiko kezkatuta”. Afaldu egin zuten, eta Arauntzatik kalera joan ziren, “betiko buelta egitera”. Garagardo batzuk edan eta etxera joateko ordua ailegatu zenean, Angel arraro zegoen, Kanpillok gogoan duenez: “Etxera motoan joateko gai ez zela esan zidan. Ez genuen asko edan egun hartan, baina, hala ere, ezin zuela motoan joan esaten zuen. Ni gau hartan autorik gabe nengoenez, Jose Manuel asturiarrari esan genion, eta hark esan zion ez zuela inolako arazorik Angel Nuarbera eramateko. Horrela, hirurok Jose Manuelen ‘Oviedo’ matrikuladun autoan sartu eta Nuarbera joan ginen”. Kanpillok dioenez, Angelen portaera hura ez zen oso normala izan. Ez zioten bestelako garrantzirik eman orduan; baina gerora bai. Jose Manuel asturiarrak oraindik ere askotan gogoratzen du gau hura, eta astelehen gau bat izateko Nuarben “jende gehiegi” zegoela omen dio. Izan ere, ordurako Nuarbe guardia zibilez josita zegoen. Guztiak Angelen zain. Gaueko hamabiak jota iritsi zen Angel etxera, eta ordubata aldera atxilotu zuten. Kanpillo-eta hurrengo egunera arte ez ziren gertatutakoaz enteratu; eta orduantxe hasi ziren Otaegiren bezperako “portaera ezohikoa” ulertzen.

Hurrengo eguneko egunkarietan ez da Angelen atxiloketaren berririk agertzen. Azken batean, beste atxiloketa bat gehiago izan zitekeen garai haietarako. Baina ez zen beste atxiloketa bat gehiago izan.

Lehenengo hilabeteak, Martutenen

Atxilotu eta berehala, Angel espetxera eraman zu-ten, Donostiara, Martutenera. Hasierako hilabeteak espetxe hartan egin zituen, eta gero Burgosera (Espainia) eraman zuten.

“Paradoxikoa dirudien arren, orduan, Fran-coren garaian, espetxe barruko egoera oraingoa baino hobea zen. Orduan preso asko zegoen, eta euskal preso ia denak hemen zeuden: Martutenen, Langraitzen, Basaurin... Hala, barruko giroa ere oso desberdina zen. Zentzu horretan, sistema ‘ikasten’ joan da”. Hitzok Iñaki Esnaola abokatuarenak dira. Iñaki Esnaolak 1972ko irailean bukatu zituen Zu-zenbide ikasketak, eta Juan Mari Bandresen bulegoan hasi zen lanean. ETAko ia kasu guztiak bezala, Angelena ere Bandresek hartu zuen hasiera batean; beraz, Esnaolak ere izan zuen harremanik Angelekin. “Nire lana, ikasle moduan, presoak bisitatzea zen, batik bat”.

Esnaolak dioenez, “Angel pertsona isil samarra zen espetxe barruan, baina denekin ondo konpontzen zen, hori nabari zen. Eta ideiak oso garbi zituen. Orduan eztabaida ideologiko handiak planteatu ziren ETAren barruan (trotskistak batetik, poli-miliak, miliak...), eta Angeli esaten zioten beti isilik geratzen zela eztabaida haien aurrean. Angelek beti bera esaten zien: ‘Hobe duk isilik egon eta gauzak garbi izatea, asko hitz egin eta nahastuta egotea baino’. Hark ideiak oso argi zituen”.

Iñaki Esnaolak esan bezala, ETAko jendea elkarrekin espetxeratzen zuten orduan. Hala, ETA militarraren aldeko jendea modulo batean zegoen Martutenen, eta politiko-militarraren aldekoa bestean. Angel, lehenengoekin zegoen, eta espetxean berehala egin zituen lagunak. Joxe Mari Zubillaga hernaniarrak oso ondo gogoratzen du Angel. Izan ere, Martutenen ez ezik, Burgosen ere harekin egon zen Zubillaga, azken egunera arte; elkar ondo ezagutzeko aukera izan zuten. “Angel oso mutil alaia zen. Batarekin eta bestearekin jarduten zuen, denekin hizketan. Irakurtzen-eta ez zuen denbora gehiegi egiten, baina pilotan asko jokatzen zuen”. Pilotan ez ezik, kartetan eta partxisean ere asko jokatu zuen Angelek Martutenen; denbora nolabait pasatu beharra zegoen.

Hizketa-gairen bat ateratzen zuenean, Angelek Azpeitiko kontuak aipatzen zituen beti. “Azpeitiko lagunak, hango parrandak, pasadizoak... Makina bat barre egin genuen Angelen istorioekin”, dio Zu-billagak. Espetxeko lagunek Azpeiti deitzen zioten; eta hori ez gustatzen hari. Izan ere, bere nuarbetar izaera aldarrikatzen zuen beti, eta Azpeiti deitzen ziotenean haserretu ere egiten zen. Baina barruko lagunentzako Azpeiti zen Angel.

Juan Mari Labordeta Lezo ere Martutenen egon zen, Angelekin. Beasaingo CAFeko lapurreta ospetsuaren ondoren atxilotu zuten Labordeta. Angelen izaera lagunkoia gogoan du Labordetak ere, baina dioenez, Angelek bazuen kezkaren bat buruan: “Denokin oso ondo konpontzen zen, baina askotan bakarrik egoten zen, oso pentsakor, gogoeta egiten. Angelek ere, denon moduan, kezkaren bat izango zuen buruan”.

Martuteneko janari-biltegiko arduraduna

Angelek ez zuen arazorik izaten arduraren bat hartzeko orduan; beti zegoen lanerako prest, jendeari laguntzeko prest. Eta Martutenen ere hartu zuen ardura bat: moduloko janariaren arduraduna zen. Senideek-eta kanpotik emandako janaria jaten zuten orduan euskal presoek. Eta hori nolabait antolatu beharra zegoen. Hasiera batean bakoitzak ahal zuena lortzen zuen; baina gerora zerrendak eta txandak egiten hasi ziren, janariaren kontua antolatzen.

Baina janariaren kontua antolatzea ez zen lan makala. Ehundaka preso zegoen orduan Angelen-eta moduloan, eta haientzako denentzako zerrendak egin, janaria bildu, egutegia prestatu... Hori guztia egin beharra zegoen. Eta Angel arduratzen zen horretaz. Bestalde, ardoa eta tabakoa lortzea ere Angelen beraren ardura zen. Preso sozialei erosten zien material hori, eta gero lagunen artean banatu. Enrike Bengoetxea errenteriarra Martutenen zegoen orduan, eta Angelek lan handia egiten zuela dio: “Egundoko lana zen, ez zen txantxetako kontua. Eta oso zorrotz eramaten zuen guztiaren kontrola. Haren baimenik gabe tabakoa edota janaria hartzea ezinezkoa zen. Biltegi bat genuen, eta sukalde bat ere bai. Goitik behera kontrolatzen zuen guztia. Ez zion ezerk ihes egiten”.

Martuteneko euskal presoek “oso-oso ondo” jaten zuten orduan, haiek diotenez. Baina horretarako norbaitek kanpotik eraman behar izaten zuen janaria; gehienetan senideek. Nuarbeko Mariak eta Mertxek –Angelen amak eta izebak– makina bat janari eraman zioten Angeli Martutenera. “Amari beste enkargurik ez zion ematen –dio Mertxek–. ‘Ama, zuk ahal duzun dena ekarri, hemen ezin duen jendea ere badago-eta’, esaten zion amari. Egundoko lapikokadak eramaten genituen: haragi egosia piperrekin eta tomatearekin batean, txibiak bestean...”.

Lapiko handia hartu eta autobusean joaten zi-ren Martutenera Mertxe-eta. 1975eko San Sebas-tian egunean, urtarrilaren 20an, hala egin zuten. Mertxe eta iloba bat joan ziren orduan, lapiko handi bat eskuan zutela. Azpeitian goizeko autobusa hartu behar eta sokamuturrarekin topo egin zuten, festak baitziren: “San Agustinpean geunden –herriko plazan–, eta han agertu zen zezena; biok lasterka alde egin genuen, presoen janaria eskuetan genuela, Enparan kalean behera. Nahiko lan izan genuen. Hala ere, janaria osorik iritsi zen Martutenera, beti bezala”.

Angelek egundoko garrantzia ematen zion janariaren antolaketari. Eta lan hura serio bete zuen. Era horretan, gainera, ia euskal preso denekin zeukan harremana. Azpeitiko Arauntza Elkartean bezala, Martutenen ere jendearekin erlazionatzeko aukera eman zion sukaldaritzak.

Donostiako kartzelatik gutunak lagunei

Espetxean zegoela, Angelek dezenteko herrimina zeukan, barruko lagunek gogoratzen dutenez. Herriko kontuak askotan aipatzen zituen. Hil artean gogoan izan zituen lagunak, Arauntza, ama eta izeba, Azpeitiko mobidak... Eta hori argi eta garbi ikusten da herrira bidalitako gutunetan. Berez, lagunen bisitarik ezin zuen jaso, senideek soilik zeukaten baimena –nahiz eta lagun batzuek ere ikusi zuten Martutenen; Burgosen ez, Burgosen amak, izebak eta abokatuak bakarrik bisitatu zuten–. Horregatik, gutun bidez komunikatzen zen lagunekin. Eta bakarren batzuk bidali zituen Angelek, batik bat Arauntzako koadrilako lagunei.

Hurrengoa Jexus Aranburu Pattar-i bidalitako gutunaren zati bat da. 1975eko apirilaren 15eko data dauka, eta gazteleraz idatzita dago –Otaegitar Gotzon bezala sinatzen zituen; Gotzon, euskaraz, Angel da–: “Kaixo Jesus: (...) No tengo nada en particular que contarte; ya sabes que aquí pasan pocas cosas. Pero te diré que me encuentro bastante bien de salud, y que pegamos cada paliza jugando al futbol y a la pelota casi todos los días... Porque al futbol solemos jugar los bilbainos contra los realistas, y siempre ganamos los bilbainos, aunque en la Liga nos están bañando; pero todavía quedan bastantes partidos, y el Athletic quedará entre los cinco primeros.

¿Por lo demás, qué pasa por ahí? Me figuro que seguireis como antes: mucho txikiteo y muchas cenas en la sociedad (...).

(...) Bueno, Jesus, recuerdos a Martin, que no me ha escrito nunca, y a ver si se anima, aunque sean dos lineas. Recuerdos tambien a ‘todos’ de la sociedad. Espero que me contestes explicando cosas de por ahí y de la sociedad. Besarkada bat hire emazte Milari eta hire semeari.

Beste bat arte, agur,

Otaegitar Gotzon”

Aurretik, 1974ko Gabonetan, postal ugari bidali zuen Angelek Azpeitira. Postal guztiek marrazki bera zuten: preso bat kaiola batean sartuta ageri da, alboan lauburu handi bat dauka eta behealdean egu berri-on jartzen du. Hurrengoa Jexus Aranbururi bidalitakoa da:

“Kaixo Jesus: Te escribo más letras para decirte que estoy bastante bien. ¿Y tú? Me figuro que habrás pasado bien la Navidad. Nosotros tambien lo pasamos bastante bien. Y ahora nos llegan otros dos días de fiesta, que suelen ser los mejores del año. Dale recuerdos a Mila; ¿y qué tal tu hijo? Todavía no sé su nombre. Tambien le das recuerdos a tu hermano Pedro Mari. Que tengais un feliz año nuevo.

Otaegitar Gotzon”.

Martutenera bisitak

Esan bezala, berez senideek eta abokatuek bakarrik zeukaten Angel bisitatzeko baimena; senideak astean behin joaten ziren. Hain justu, ama Maria eta izeba Mertxe joaten ziren Angelengana, txandaka, bata aste batean eta bestea hurrengoan. Gerora, Burgosera eraman eta behin Angel epaitzen hasi zirenetik aurrera, amak baino ez zeukan baimena. Hil zuten gauean ere amak bakarrik ikusi ahal izan zuen. Mertxe izebak dioenez, “Martutenen ondo zegoen, bera ondo ikusten zen; funtzionariekin-eta ez zuen batere arazorik edukitzen. Bisitan bertan kafea pattar pixka batekin ematen genion, funtzionarien beraien muturren aurrean, eta arazorik ez”. Bisita horiek asteroko janaria emateko aprobetxatzen zituzten Mariak eta Mertxek.

Bestalde, Iñaki Esnaola abokatuarekin ere asko egon zen Angel. Orduan bisita-gelan ez zegoen gaur egungo kristalik; orduan alanbrezko burdinsare bat zegoen. Hala, abokatuak bisitan joaten zirenean, kubalibreak-eta ematen zizkieten presoei, lastoarekin. Esnaolak dioenez, «bisitetan epaiketa kontuez-eta ez genuen gehiegi hitz egiten; gehiago hitz egiten genuen egoera politikoaz, futbolaz, Azpeitiko kontuez, ETA barruko ideologia arazoez... Epaiketa kontuez Bandresekin-eta hitz egiten zuen Angelek”.

Baina bere lagunek ere ikusi nahi zuten Angel. Hala, baimen bereziak zirela medio, lagunen batzuk lortu zuten harekin egotea. Xixilio Alegria nuarbetarra astero-astero joaten zen Martutenera, Maria edota Mertxe eramatera. Orduan Azpeitiko Muebles Agirre enpresan lan egiten zuen Xixiliok, astelehenetan, asteartetan eta asteazkenetan, eta gainontzeko egunak jai izaten zituen. Horregatik, eta auto bat bazuelako, berak eramaten zituen Maria eta Mertxe. Hainbeste aldiz hara joanda, Angel laguna ikusteko irrikitan zegoen. Behin, Mariak espetxeko arduradunei baimena eskatu zien, eta Xixiliok barrura sartu ahal izan zuen, Angel ikustera. “Artean espetxeratu berria zuten, eta ordu laurdentxo bat besterik ez nuen egin harekin. Itxaropen handiarekin zegoen, oso gogotsu. ‘Laster aterako nauk ni’, esan zidan. Gehiago ez nuen ikusi”.

Xiriako Gurrutxaga Nuarbeko pilotaria ere sartu zen, beste behin, Martutenera. Estatu Batuetatik etorria zen Nuarbera, hango zesta-punta denboraldia bukatu eta gero. Eta Mariak aitzakia hori erabili zuen kartzelako zaindariak komentzitzeko: pilotari profesionala zela, Estatu Batuetatik etorri zela Angel ikustera... Xiriakok ere nahiko animatuta ikusi zuen Angel: “Animatuta ikusi nuen, itxaropenarekin. Nik txiki-txikitatik ezagutzen nuen, baina sekula ez nuen pentsatuko ETAn sartuta egon zitekeenik. Nik galdetu nion ea zergatik ez zuen alde egin, eta berak esan zidan ez zuela uste Garmendiak hitz egin zezakeenik”.

Angel Otaegi Martutenetik Burgosera eraman baino zertxobait lehenago, koadrilako lagun batzuek bisitatu zuten. Joxin Azpiazuren emaztearen osaba Martuteneko kaperaua zen garai hartan, eta haren bidez lortu zuten Angel bisitatzeko baimena. Pedro Elorza Kanpillo eta Joxin bera joan ziren. Angelek ez zuen haien bisita espero, eta nahiko txokatuta geratu zen. “Hasiera-hasieran nahiko deseroso geunden denok, hizketa-gairik ezin aterata —dio Joxinek—. ‘Koño, zer egiten duzue hemen?’, esan zigun berak, baina Artabera bera ere ez zegoen eroso. Gero, zigarro bat pasatu genion, eta berehala hasi ginen berriketan, Reala gora eta Athletic behera”. Franco ordurako gaizki zegoen –1975eko azaroaren 20an hil zen–, eta Angel oso itxaropentsu ikusi zuten lagunek. Amnistia egongo zela esan zieten, eta lehenago edo beranduago denak kalera aterako zirela. “Bisitatik atera ginenean, ziegatik ikurrina bat atera zigun, agurtzeko, eta guk ere buila batzuk atera genizkion kanpotik”.

Burgosko espetxera 1975eko apirilean

Handik gutxira, 1975eko apirilaren 26ko salbuespen egoeraren bezperan, Angel Burgosko espetxera eraman zuten; salbuespen egoera hura Bizkaian eta Gipuzkoak ezarri zuen Francok. Handik hamabosten bat egunera Joxe Mari Zubillaga kidea eraman zuten, hura ere Martutenetik. Angel Burgosera eraman zutenean, itxura txarragoa hartu zuen haren auziak. Izan ere, normalean zigor gogorragoak-edo izango zituztenak eramaten zituzten hara.

Juan Mari Labordetak gogoan du Angel Martutenetik eraman zuten eguna: “Egun hartan funtzionari bat etorri zen, eta, besterik gabe, Angel eraman behar zutela esan zuen; Burgosera eraman behar zutela esan zuen, bestelako azalpenik eman gabe. Egun hartan erdi-negarrez joan zen Angel, oso triste. Sekula ez nuen horrela ikusi. Agur txiki bat egin genion, eta berehala eraman zuten. Une hura oso gogorra izan zen harekin geundenentzako. Angel eta beste batzuk eraman zituztenean matxinada txiki bat antolatu genuen”. Handik gutxira Juan Mari Bandres abokatua joan zen Angelen lagunengana, eta egoera nahikoa beltz ikusten zuela esan zien. Iñaki Esnaolaren arabera, “hasiera batean egoera ez zen hain larria; baina gero, eta batik bat prentsa heriotza zigorraren kontua ateratzen hasi zenean-eta...”.

Burgosko espetxeko sistema askoz gogorragoa zen. Janaria sartzeko-eta arazo handiagoak izaten zituzten senideek; baita bisitak egiteko ere. Gainera, Nuarbetik Donostiara joan edo Burgosera joan, aldea badago. “Janari aldetik-eta askoz ere gaizkiago geunden –dio Joxe Mari Zubillagak–. Ni lehen ere Burgosen egon nintzen, eta orduan bagenuen sukaldetxo bat. Baina 1975eko apirilean eraman gintuztenean, kontserba latak-eta soilik sartu ahal genituen. Berotzeko su txikirik ere ez genuen”. Pilotan jokatzeko lekua ere, patioko horma, ez zen oso-oso egokia. Pilotak presoek beraiek egiten zituzten Burgosen. “Angelek ez zuen pilota askorik egin; hark jokatu egiten zuen, baina egin, pilota gutxi egiten zituen”, dio Zubillagak.

Virgilio izeneko funtzionaria

Burgosko sistema gogorrago hartan, funtzionariak ere hala ziren, gogorragoak; batik bat, Virgilio izeneko bat. Angelen izeba Mertxek ez du sekula ahaztuko Virgilio hura: “Oso pertsona txarra zen. Gazta eramateko ere arazoak edukitzen genituen. Preso sozialei ez zien arazorik jartzen, baina euskal presoen senideoi bai. Janariaren ordez Angeli dirua emateko esaten zigun Virgiliok, han bazegoela-eta denda bat”. Angelek ere ondo zekien Virgilio hura nolakoa zen, eta ez zion barkatzen. Behin, Mertxe janaria sartu nahian ari zela, eta Virgiliok dirua emateko esan zionean, Angelek horrela esan zion Mertxeri, gazteleraz, besteak ondo ulertzeko: “No traigais dinero, que estos funcionarios quieren comprar casas a nuestra cuenta!”.

Joxe Antonio Garmendia Tupa presoaren senideek ere izan zuten arazoren bat Virgiliorekin –Tupa ere Burgosera eraman zuten, Angelen garain bertsuan–. Zumarragako mendi punta batean ikurrina jarri zuten egun batean joan zen Garmendiaren arreba Burgosera, eta gai horren inguruan hitz egiten ari zirela, “puta-kumeren batek azkar asko kendu dik ikurrina”, esan zion arrebak Garmendiari. Virgiliok “puta” hitza aditu zuenean, “eso no es el lenguaje de una señorita” esan, eta bisita-gelatik bidali zuen Garmendiaren arreba. Angel eta Mertxe ere aldamenean zeuden, eta Angelek alde egiteko esan zion Mertxeri, bisita bukatu zela. “Usted no, usted puede seguir con la visita”, esan zion Virgiliok. Baina Angelek ezetz, han denak berdinak zirela, eta batek bisitarik ez bazuen besteek ere ez zutela izango, horixe esan zion Virgilio funtzionariari. “Han joan behar izan nuen nik ere, isil-isilik, Burgoseraino joan eta Angelekin ia egon gabe”, gogoratzen du Mertxek.

Fiskal militarraren eskaera: heriotza zigorra

M1975eko apirilaren 27an, Bizkaia eta Gipuzkoa bezperatik salbuespen egoeran zirela, Burgosko Kapitainiako fiskal militarrak zigor-eskaera egin zuen: heriotza zigorra Garmendiarentzat eta Otaegirentzat. Egun hartatik aurrera, Angel Otaegi eta Joxe Antonio Garmendia Tupa-ren aldeko mobilizazioak hasi ziren Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo.

Hain denbora gutxian izateko, tankerako gertaera gehiegi: Angel Martutenetik Burgosera eraman zuten, salbuespen egoera Bizkaian eta Gipuzkoan –ondorioz, prentsaren zentsura areagotuz–, fiskalaren heriotza zigor-eskaera...

Berez, fiskalaren eskaeratik 30 egunera An-gelen eta Tuparen aurkako epaiketa egin beharra zegoen. Baina Francoren Gobernuak data atzeratu egin zuen. Behin eta berriro atzeratu ere. Euskal Herriko kaleetako giroa gori-gorian zegoen: egunero-egunero manifestazioak, protestaldiak, atxilotuak, torturatuak, ETAren ekintzak... Izan ere, ETAk berak Angel eta Tuparen aldeko mobilizazioak bultzatu zituen uda hartan. Horratx ETAren izenean Euskal Herriko kaleetan gaztelaniaz zabaldutako esku-orri batek zioena:

“El Estado fascista español esta preparando nuevos asesinatos contra el Pueblo vasco. No bastan los ya cometidos; no bastan las salvajes torturas a que han sometido a nuestros militantes y a otros luchadores de Euskadi; no bastan las ofensas y vejaciones de que son objeto –durante controles y registros– enormes sectores del pueblo; ahora, como una verdadera provocación, y al igual que en el proceso de Burgos, intentan matarnos a dos de nuestros mejores luchadores, Tupa y Otaegi, dos jovenes que no han dudado en sublevarse contra la opresión de que somos objeto, ni de entregarse totalmente a la lucha por la liberación de nuestro pueblo.

La causa principal de esta ola represiva está en la lucha que la clase trabajadora y todo el pueblo de Euskadi estamos manteniendo. Durante los últimos años, desde las huelgas generales de diciembre, las luchas no han dejado de incrementarse en Euskadi; movilizaciones políticas como las de apoyo a presos; durísimas luchas obreras como las de Firestone o Papelera de Legarreta; respuestas armadas del Pueblo vasco a la opresión que sufre, como las ejecuciones de torturadores de la Guardia Civil y BPS; tales son los hechos que han marcado la tónica de los acontecimientos políticos de Euskadi...

(...) En estos momentos claves y dificiles en los que nos estamos jugando nuestro futuro, nuestra voz, la de toda Euskadi, debe oirse bien fuerte: ¡Libertad para Tupa y Otaegi! Dejarlos morir es morir con ellos; luchar por salvarlos es proclamar que somos Pueblo, y que nada ni nadie romperá nuestra voluntad de ir hasta la victoria final.

Trabajadores, Pueblo de Euskadi: ¡Todos en pie por Tupa y Otaegi! ¡Libertad para los presos políticos! ¡Contra la opresión nacional, libertad para Euskadi! ¡Disolución de los cuerpos represivos! ¡Exijamos responsabilidades para los criminales fascistas! ¡Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi Sozialista!”

Baina dena erabakita zegoen. Mobilizazioek beren eragina izan zuten, batik bat aurrera begira, baina ez zegoen Angelen bizitza salbatuko zuen mobilizaziorik. Garmendia ezin zuten hil, balek arrasto handiengatik gaixorik zegoelako. Baina An-gel bai. 1975eko abuztuaren 23an, Espainiako Erre-gio Militarreko Kapitainia Orokorrak Garmendia eta Otaegiren aurkako Gerra Kontseiluaren data zehaztu zuen: abuztuaren 28an egingo zen epaiketa.

Burgostik bidalitako azkenengo gutunak

Martutenetik adina ez, baina Burgostik ere bidali zituen gutun batzuk Angelek. Hurrengoa Pedro Elorza Kanpillo-ri bidali zion –familiakoei soilik idatzi ahal zienez, lehengusua balitz bezala idatzi zion Kanpillori, “querido primo” titulutxoarekin–. Gutuna 1975eko ekainaren 19koa da –heriotza zigorraren eskaera eta gerokoa–, eta nolabaiteko etsipena nabari zitzaion idatzian:

“Burgos. 19-06-1975

Querido primo: Qué tal estas? Me figuro que seguirás como siempre; es decir, bien y en la sociedad. Ya me enteré que te dejó Juanito; pero ya tendrás a algún cocinero por hay. Tambien me dijo mi ama que estuvisteis en mi casa en fiestas; pero según me ha contado, no ha habido ambiente en fiestas; ya podrás imaginar quien faltaba, no? (...) Bueno Pedro. Por aquí nada en particular, esperando el juicio, que ya sabes lo que me han pedido [heriotza zigorragatik ari da]. En fín, qué vamos a hacer; paciencia, a esperar, a ver lo que pasa. Y que no sea la última vez que te escriba.

También me dijo la madre que el Lagun había subido a Tercera División, o sea que la afición estará contenta; no es para menos. (...) Y qué me dices del Athletic de Bilbao? Menuda hazaña, no? Me figuro que los realistas estarán de una...

Bueno Pedro. Dales recuerdos a todos de la sociedad, y en partícular a Pattar, a Martin etc. Y diles que si salgo de esta ya les escribiré. Y dale muchos recuerdos tambien a Txata (...)

Bueno Pedro. Abrazos a Mila y a tus hijos, de vuestro amigo que nunca os olvidará.

Otaegitar Gotzon, agur”.

Hurrengo gutuna, azkenetakoa, abuztuaren 3an bidali zuen. Azken gutun horretan itxaropentsu nabari zen, Franco gaizki zegoelako eta beraien epaiketa abuztuan ez zela egingo esan ziotelako. Horratx Kanpillori bidalitako azken gutuneko lerro batzuk:

“Burgos. 03-08-1975.

Querido primo: (..) Por aquí nada en particular. El otro día me visitó el abogado, y me dió un gran alivio, porque me dijo que el juicio no se celebraría en el mes de Agosto, y que es muy seguro que tampoco en Septiembre. Ya te figurarás lo que sentí, porque pensé: ya tengo dos meses más de vida. Aunque te digo que creo que todavía vamos a hacer, tú y yo, buenas juergas, ¿verdad Pedro? Porque la esperanza es lo último que se pierde, y yo he tenido muchos días para pensar.

Bueno Pedro. Te estoy escribiendo en plenos Saninacios, y me acuerdo mucho de Azpeitia; pero ya vendrán más Saninacios. (...) Me figuro que en Alicante os acompañará el buen tiempo, y que estareis pasandolo en grande; haceis bien, porque si dejas para luego, te quedas con las ganas. (...) Que paseis bien las vacaciones, y un abrazo a Mila y a tus hijos. Contestame pronto, agur.

Otaegitar Gotzon”

Angelen eta Garmendiaren aurkako Gerra Kontseilua

M1975eko abuztuaren 28a. Castrillo del Val, Burgostik 12 kilometrora. Gerra Kontseiluko kideak: presidente bat, sei bokal, komandante fiskal bat, bi abokatuak (Juan Mari Bandres, Garmendiaren defentsan; Jose Ruiz Balerdi, Angel Otaegiren defentsan). Akusatuak: Angel Otaegi eta Joxe Antonio Garmendia. Ustezko delitua: Gregorio Posadas Zurron guardia zibilaren heriotza. Fiskalaren eskaera: bientzako heriotza zigorra.

Gerra Kontseilua 42 bat lagunek segitu zuten zuzenean. Mertxe-eta Nuarbetik joan ziren —ama ez, moralez baxu baitzebilen—, baina ez zieten utzi sartzen, lekurik ez omen zelako. Bestalde, nazioartetik ere zuzenbide arloko jende garrantzitsua joan zen, baina haiei ere ez zieten sartzen utzi, haientzako ere lekurik ez omen zegoelako.

Aditu denek diotenez, epaiketa hasi aurretik erabakita zegoen dena. Bazekiten Angelek ez zuela zuzenean parte hartu Posadasen aurkako atentatuan. Baina epailearen arabera, “beharrezko laguntza” eman zuen Angelek; alegia, Angelen laguntzarik gabe ezin omen zitekeen Posadas hil. “Eta ‘beharrezko laguntza’ eman zuena egilea bezala zi-gortua zegoen kode penalean”, dio Iñaki Esnaola abokatuak. Horregatik, Angel Otaegiren aurkako heriotza zigorra onartu zuen epaileak; Joxe Antonio Garmendia ere heriotzera zigortu zuten –gerora, ordea, indultoa eman zion Gobernuak–.

Handik ia hilabete batera, irailaren 19an, Jon Paredes Manot Txiki ETAko kidearen aurkako epaiketa sumarisimoa egin zen Bartzelonako Gobernu Militarrean. Txiki ere heriotzera zigortu zuten. Francoren agindua baino ez zen falta. Ostiralero egiten zen Espainiako Ministroen Kontseilua. Eta abuztuaren 28tik ostiralero, Francok noiz agindua emango zegoen Angel, Burgosko espetxean. Bakarrik.

Angelen azkenengo egunak

Izan ere, heriotzera zigortu zutenean isolatu egin zuten Angel, ziega aparte batean jarri zuten azkenengo hilabetean. Eta patioan ere ez zioten uzten besteekin ibiltzen.

Burgosko espetxeko patioa ezaguna zen: Patio de las acacias. Espainiako Gerra Zibilean patio horretan jendea exekutatu zutelako zen ezaguna. Han egin zituen azken egunak Angelek; han ibili zen azkenengoz paseoan, eta han erakutsi zituen azkenengo kezkak, azkenengo beldurrak.

Isolatu aurretik Bizente Gurrutxaga plazentziarra eta Joxe Mari Zubillaga hernaniarra ordu askoz ibili ziren paseoan Angelekin. Bi haiekin zuelako konfiantza handiena. Gurrutxagak eta Zubillagak diotenez, Angelek bukaera-bukaera arte ez zuen sinetsi hil egingo zutela. Hark bazekien zer gertatzen ari zen. Fiskalak apirilaren 27an heriotza zigorra eskatu zuenetik, bazekien bere bizitza kolokan zegoela. Kanpoko mobilizazioen berri ere bazuen. Eta kanpoko mobilizazioetan sinesten zuen. “Behin hilko zutela esan ziotenean –dio Gurrutxagak– mobilizazio handiak hasi ziren Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Eta Angelek itxaropena bazuen; batik bat nazioarteko mobilizazioetan sinesten zuen. Askotan hitz egin genuen gai horretaz, bere egoeraz, eta oso bukaera arte ez nuen zapuztuta ikusi. Ez zuelako uste hilko zutela”.

Joxe Mari Zubillagak ere hala dio. “Angelek ez zuen uste hilko zutenik. Berak baietz esaten zidan niri, Garmendia ezin zutela hil, eta haren ordez bera hilko zutela. Baina nik uste dut sinetsi gabe esaten zuela hori. Nik neuk ere ez nuen uste hilko zutenik”. Esan bezala, Espainiako Ministroen Kontseilua ostiralero egiten zuten, eta haietako batean erabaki behar zuten Angel-eta hiltzea. Baina, abuztutik ostiralak pasatzen ari ziren, eta hiltzeko agindua ez zen iristen. Horregatik, Zubillagaren beraren itxaropena handitzen joan zen.

Angelek, ordea, egun txarrak ere izan zituen Burgosko patioan. Tarteka morala nahiko baxu izaten zuen, lagunek diotenez, eta orduan azaleratzen ziren Angelen beldur denak. “Behin egoera belzten joan zenean –dio Bizente Gurrutxagak–, egun txarrak edukitzen hasi zen Angel. Beldur zen, normala den moduan. Angel, gu bezala, herritar arrunta zen, eta behin baino gehiagotan negarrez ere hasi zitzaidan, patioan bertan. Ez zen gutxiagorako”. Egun batean, “hiltzen banaute, zer jarrera hartu behar diat azkeneko unean?”, galdetu zion Bizenteri Angel Otaegik. Bizentek ez omen zekien zer esan, baina hurrengoa erantzun zion, une latzetan ere umore puntua erakutsiz: “Ez zakiat ba. Nik zer esango diat ba? Duintasuna? Zergatik ez duk Internazionala kantatzen?”. Angelen erantzuna, hori entzundakoan, berehalakoa: “Internazionala? Ezta pentsatu ere. Hori espainolena duk”. Bizentek, jakina, bazekien Angelek antzeko zerbait erantzungo ziola. Horregatik esan zion esan ziona.

“Ziegatik ‘Azpeiti’ eraman ditek!”

Azken hilabetean batik bat Joxe Mari Zubillagarekin egon zen Angel. Isolatuta zegoenez, eta patiora besteengandik aparte ateratzen zutenez, Angelen-tzat zaila zelako lagunekin egotea. Baina Joxe Mari Zubillagak ez zion kasurik egin bakartzeari, eta Angel patiora ateratzen zutenean harengana joaten zen. Eta harekin paseoan ibili. Eta harekin hitz egin. Burgosko Patio de las acacias-eko azken paseoak Joxe Marirekin egin zituen Angelek.

M1975ko irailaren 26a. Ostirala. Bazkalondoa. Egunero bezala, Angel patiora irten zen. Egunero bezala, Joxe Mari harengana joan zen. Eta egunero bezala, biak paseoan ibili ziren, biek hizketan jardun zuten. Azkenengo aldia zuten. Baina haiek ez zekiten. Egun hartan Angel ez zegoen lur jota, Joxe Marik dioenez. “Betiko kontuez” hitz egin zuten, eta betiko moduan agurtu zuten elkar, “bihar arte” batekin. Patioko besteak ere, Gurrutxaga-eta, eskuarekin agurtu zituen Angelek.

M1975eko irailaren 26a. Ostirala. Iluntzea. Josu Apalategi beasaindarra ziegan zegoen, afalondoren, atsedena hartzen. Bat-batean, Angelen ziegatik “zarataren bat” entzun zuen. “Ateko zirrikitutik begiratu, eta bi funtzionarik Angel zeramatela ikusi nuen”. Norbait ziegatik ateratzeko ez zen ordu normala; ez zen egoera normala. “Azpeiti ziegatik eraman ditek!”, oihu egin zuen Josuk.

Halako batean, Joxe Antonio Garmendia Tu-pa-k beste oihu bat egin zuen bere ziegatik: “Indultatu egin naute!”. Dena argi zegoen. Ostiral iluntzea zen, eta asteroko Ministroen Kontseilua bukatu zen. Tupa indultatuta. Eta Angel ziegatik kanpo. “Jada ez zegoen zereginik”, dio Joxe Mari Zubillagak. Angel hiltzera zihoazen.