ETAren fronte militarrean

Eustakio Mendizabal Txikia-k eta ETAren zuzendaritza militarrak eskatuta, Angel ETAko fronte militarrean hasi zen lanean. Lehen harremana Za-rautzen izan zuen miliekin, han aurkeztu zizkiotelako komando bateko bi lagun: Joxe Antonio Gar-mendia Tupa eta Xabier Aia Zulaika Trepa (biak amnistiatuta gaur egun). 1973 hasiera zen orduan. Eta haientzat azpiegitura osatzen hasi zen Angel.

Orduko ETAko komandoak oso mugikorrak ziren, Xabier Aia Zulaika Trepa-k dioenez. “Lehen ez zegoen komando bat leku bakoitzerako”. Hala, Hego Euskal Herrian ekintzaren bat egin eta egunean bertan edo hurrengoan Ipar Euskal Herrira hanka egiten zuten ekintzaile askok.

Horregatik, hauxe zen Angelen lana: ETAko komandoentzako informazioa bildu, azpiegitura osatu, laguntza lortu, garraioa... Gero haiek, ETAko fronte militarreko ekintzaileek, ekintza egin eta ahalik eta seguruen Urola aldetik alde egin zezaten.

Lan hori “oso ondo” egiten zuen Angelek, “oso diziplinatua baitzen, langilea eta zuzena”, Treparen arabera. Baina lan hori egiteko bazuen arazo txiki bat: ez zeukan autoa gidatzeko baimenik. Angelek komandoen irteerak eta sarrerak, lekualdatzeak... antolatu behar zituen, eta horretarako autoren bat-edo behar zuen. Hala, askotan Joxe Aranburu Txata-ri laguntza eskatzen zion. “Fronte militarrarentzako Azpeitia aldean azpiegitura-eta lortzea Angelen ardura zen. Hark egiten zituen harremanak, hark jartzen zituen hitzorduak, eta nik Angelek esandakoa egiten nuen. ‘Hi, Txata, bilera bat diat Bilbon hau eta bestea egiteko; joango al gara?’, esaten zidan, eta askotan elkarrekin joaten ginen Bilbora. Nik kamioiarekin egiten nuen lan orduan [gaur egun ere kamioilaria da Joxe], eta Bilbon banaketa batzuk egiten nituen bitartean, Angelek bere gauzak egiten zituen, bilerak-eta”. Batik bat tabernatan biltzen zen Angel ETAko kide militarrekin, askotan Bikandi tabernan. Eta hitz egin beharrekoaz hitz egin eta gero, Angel eta Txata elkarrekin itzultzen ziren Azpeitira. “Askotan Athleticen partiduren bat ikusteko aprobetxatzen genuen Bilbora-ko bidaia”.

Behin fronte militarrean sartuta, beraz, Angel Otaegiren bizitza aldatu egin zen, dezente gainera. Arauntza Elkarteko lagunekin berdin-berdin segitu zuen afariak-eta egiten. Alde horretatik, lehen bezala. Baina langileen fronteko lagunekin ez.

Klandestinitatea. Langileen frontearekin harremanak moztu behar

Langile fronteko kideekin harremana moztu egin behar izan zuen, segurtasun kontuengatik. Eta hori gogorra egin zitzaion, oso gogorra. Izan ere, Angel ETAko fronte militarrarekin lanean hasi zenean, langileen fronteko Azpeitiko lagunek argi eta garbi esan zioten: “Guretzat ere gogorra zen –dio Xabier Iturriak–, baina guk argi esan genion: ‘Hi, Angel, hemendik aurrera kalean ez gaituzte elkarrekin ikusi behar’. Eta hori oso gogorra izan zen harentzako”.

Baina ezin zuten elkarrekin ibili. Ahal zen neurrian behintzat. Angel, Xabier eta hauek baino askoz nagusiagoa zen –hamar urte zaharragoa–, eta kalean nahiko susmagarria egiten zen haiek elkarrekin ikustea. “Gainera, gu nahiko kalatuta geunden, Guardia Zibilak ez zigun begirik kentzen, eta Angelentzat oso arriskutsua zen gurekin ibiltzea”, dio Xabierrek, Angelek, behin borroka armatura pasatuta, klandestinitate berezia behar zuelako. «Gu ere klandestinitatean geunden, baina guk aurpegia eman behar izaten genuen herri-borrokan. Hari ez zitzaion komeni, beraz, gurekin ibiltzea».

Handik aurrera, hortaz, kalean elkarri “kasu lehorra”, besterik gabe, egiten hasi ziren. Angeli horrek ez zion batere graziarik egiten, eta langileen frontekoekin nolabaiteko harremana izaten segitu zuen, kosta ahala kosta. “Guk gogor egiten genion –dio Xabierrek–, baina Angelek egundoko garrantzia ematen zion lagun militanteak edukitzeari, lagunarteari. Harentzat oso-oso garrantzitsua zen hori”.

Beraz, militantzia arloan harremana moztu egin zuten; baina lagun bezala ez, lagun bezala Kortatxorekin-eta segitu zuen Angelek. Kalean elkar ikusitakoan “kasu lehorra” baino gehiago egiten zien, eta afaltzera-eta joaten ziren –Xabierrekin gutxiago, Kortatxorekin-eta gehiago–.

Tarteka laguntza bila ere joaten zitzaien Angel, nahikoa bakarrik baitzegoen orduan. Txata kanpora joaten zen askotan, kamioiarekin; eta jende berria sartzeko denbora gehiegi ere ez zuen eduki. Jardun zuen Azpeitiko jende bat ukitzen, baina ez gehiegi. “Oso noizbehinka eskatzen zigun zerbait; edo Lazkaora eramateko, edo ez dakit zer egiteko... Ez zuen gidatzeko baimenik, eta guk laguntzen genion batzuetan. Dena dela, ez zigun esaten zertara zihoan; eta guk ere ez genion galdetzen”.

Arriskutsua zelako elkarren berri izatea. “Garai hartan jende batek ez zuen asmatu harremanak mozten, eta atxiloketaren bat gertatzen zenean ehunen bat lagunek alde egin behar izaten zuten, zenbaitek denekin zuelako harremana”, dio Kortatxok. Angel ETA militarrera pasatu zenean, Kortatxok gomendio bat egin zion: “Pasatu behar baduk, pasa hadi, eta antolatu behar duana antola ezak. Baina serio jokatu, eta jendea zaindu; bestela, norbait erortzen denean, katea luzea izan daitekeelako”.

Langileen frontekoekin eztabaidak. Kortatxorekin haserretu zenekoa

Angel fronte militarrera pasatu zenean, behin baino gehiagotan eztabaidatu zuen langileen frontekoekin –borroka armatua borroka politikoaren zerbitzuan egon behar zuen ala ez, marxismoa, ekintzak...–; askotan berotu ere egiten ziren, eta batzutan bene-benetan haserretzen zen Angel, odol berokoa zelako. Pastorkua tabernako gau hartan bezala.

Imanol Salegi Kortatxo, Joxe Mari Iturria eta Angel bera Pastorkuanera joan ziren, zeozer edatera, eta marxismoa gora, masa-borroka behera..., hitz egiten hasi ziren. Eta berehala eztabaidatzen. Angelek ordurako zuzendaritza militarrarekin lotura dezentekoa zeukan, eta Kortatxori esan zion ETA VI.ekoek bezala bukatuko zutela langileen frontekoek ere. Aldiz, Kortatxok esan zion langileriaren mugimendua landu egin behar zela, gizarteko masetan bazegoela lan bat egiteko: “Lau tipok ezin zutela iraultza bat aurrera eraman esan nion, herriarengana iritsi behar genuela, masen borroka ere ezinbestekoa zela. Baina hark berean segitzen zuen, gu espainol batzuk ginela esaten zuen. Langileen bo-rroka ere behar zela onartzen zuen, baina ekintza gehiago behar zirela aldarrikatu ere bai. Biok bagenuen arrazoiaren parte bat”.

Denbora luzean jardun zuten eztabaidan, eta sesioa gero eta gehiago berotzen joan zen. “Gau hartan egundoko eguraldi txarra egiten zuen, txingorra ari zuen, oso ondo gogoratzen naiz. Nahiko berandu zen, etxera joateko garaia, eta Angel gau hartan motorik gabe zegoen. Nik autoa hantxe bertan neukan, eta Joxe Mari Iturria motoarekin zegoen. Orduan, eztabaida bukatutzat eman eta eramango nuela esan nion Angeli”. Honek, ordea, “nik ez diat hitaz ezer jakin nahi”, esan zion. Joxe Marik ere jardun zuen Angel komentzitu nahian, baina Angelek ezetz, Kortatxorekin ez zela joango bera. “Hik eramango nauk motoan”, esan zion Joxe Mariri. “Baina ez al duk ikusten nola ari duen euria? Blai-blai eginda ailegatuko gaituk Nuarbera!”, esan zion Joxe Marik. Baina alferrik. Gau hartan ez zuen inork Angel komentzituko. Oso haserre zegoen, egoskortuta, eta alferrik ari ziren.

Hala, gaueko hamabiak aldera motoan joan ziren Joxe Mari eta Angel Nuarbera, euripean. “Biok blai eginda heldu ginen”, dio Joxe Marik –eta honek gero Azpeitira itzuli behar, gainera, bakar-bakarrik–. Baina Angeli bost axola zion horrek. Kortatxorekin ez joatea, horixe baino ez zuelako buruan gau hartan.

Haserretu ondoren, adiskidetzen primerakoa

Haserretzen zenean serio haserretzen zen horietakoa zen Angel. Baina adiskidetzen ere ona zen, azkar adiskidetzen zen berriro. Kortatxorekin haserrealdi hura izan eta handik egun gutxira, Arauntza Elkartera joan ziren biak, bakoitza bere aldetik, eta elkarrekin topo egin zuten. “Nire anaia ere han zegoen, eta Angelek eta berak Azkoitiko musean jokatu zuten, mus ilustratuan –gogoratzen du Kortatxok–. Niri ez zidaten jokatzen uzten, beti biek jokatzen zuten, eta orduan ere ez zidaten utzi. Halako batean, nire anaia upelategira joan zenean, ‘hi, aurreko eguneko kontu hartaz hitz egin behar diagu’, esan zidan Angelek. Nik, berriz, orduan han ez ginela eztabaidan hasiko esan nion, Arauntza erdian zirkoa muntatzeko gogorik ez nuelako”. Arauntza erdian ez, baina denak etxera joan zirenean Pastorkua tabernara joan ziren Angel eta Kortatxo, gauzak argitzera. “Haserretu ginen leku berean egin genituen bakeak”. Hori bai, bakoitzak berean segitu zuen, inor ez zen ideologia aldetik bere lekutik mugitu. Baina lagun mailan lehengora itzuli ziren, berehala gainera. Gau hartan ere eztabaidatu zuten, baina beste tonu batean. Bukaeran, Kortatxok Angeli zera esan zion: “Hik niri erakutsi beharko dik ni espainola naizela”. Eta Angelek Kortatxori: “Hik niri, berriz, ni langileriaren borrokaren aurkakoa naizela”.

ETAren Azpeitiko lehenengo helburua: Gregorio Posadas

Ordurako Angel Otaegi ETAren adar militarrarentzako lanak egiten hasita zegoen. Eta ETAk Azpeitian egin beharreko lehenengo ekintza zehaztu zuen: Gregorio Posadas Zurron, Guardia Zibilaren lehenengo mailako kaboa, Azpeitiko Informazio Zer-bitzuetako burua hiltzen saiatzea.

Gregorio Posadas Zurron guardia zibila Villaferrueña herrian jaio zen, Zamoran (Espainia), 1941. urtean. ETAk 1974ko apirilaren 3an hil zuen, Azpeitian, Juan XXIII.a auzunean, hark 33 urte zi-tuela. Posadas 1962an hasi zen Guardia Zibilarekin lanean. 1968an, Donostiako Komandantziara bidali zuten, eta han Azpeitiko Informazio Zerbitzuen ardura hartu zuen.

Oso ezaguna zen Azpeitian. Jende denak ezagutzen zuen. Eta hark ere herria oso ondo ezagutzen zuen; Azpeitiko jendea oso-oso kontrolatuta zeukan. “Gaur egun, orduan hark zeukan informazioa edukiko balute, inor ez litzateke aske geratuko”, dio Kortatxok. Posadasek informazio asko baitzeukan; herriko zein gazte egon zitekeen ETAren inguruan, zein zen abertzalea eta zein ez, herriko jendearen inguruko gertaerak... Denetik zekien Posada-sek, orduko azpeitiarrek diotenez, nahiz eta hark inolako frogarik ez omen zuen. Orduan Azpeitian bi mila gazte bazeuden, Posadasek bi mila horiek ia banan-banan ezagutzen zituen. Hori zelako bere lana; abertzaleen mugimendua ahalik eta gehien kontrolatzea. Herri osoa ezagutzen zuen.

Beti bakarrik ibiltzen zen herrian, beste pare bat guardia zibilekin. Eta ezagutu zuen jendeak dioenez, oso “zinikoa” zen, “oso gaiztoa eta maltzurra”. Jendea beldurtzea eta presionatzea gogoko zuen. Eta horretan jarduten zuen.

ETAk Urola bailara aldean lehenengo ekintza gogorra egitea erabaki zuenean, Posadas hiltzea erabaki zuen. Hasiera batean beste norbait hiltzea ere pentsatu zuen erakundeak, herriko baten bat ere bai. Baina ETAko azpeitiar jendeak ez zuen halakorik onartu. Horregatik, ETAk Posadas aukeratu zuen.

Xabier Iturriaren arabera, ETAk Azpeitia inguru hau astindu egin nahi zuen: “Zuzendaritza militarrak hemen egurra sortu nahi zuen, Goierri aldean bezala. Eta horretarako taktika moduan erabili zuten Posadasen hilketa. ETAk errepresioa sortu nahi zuen hemen, horrek gerora militantzia berria eta azpiegitura handiagoa ekarriko zuelako”. Borroka armatuaren areagotzeak militantzia handitzea ekarriko zuen, dinamika horrek laguntzaile gehiago eskatzen zituelako, fronte militarraren arabera.

Izan ere, orduan ETAk ekintza-errepresioa-ekintza (acción-represión-acción) estrategia erabiltzen zuen, gero ETAren inguruko azpiegitura sendotzen joateko. Eta Azpeitian ETAko fronte militarrak azpiegitura handirik ez zuenez, zuzendaritza militarra justu horren bila joan zela uste du Xabier Iturriak.

Esan bezala, helburu hori lortzeko herrian oso ezaguna zen pertsona bat aukeratu zuten biktima moduan, herritarren artean estimazio handirik ez zuen guardia zibil bat: Gregorio Posadas Zurron.

Posadas eta azpeitiarrak

Angel bera ere ondo ezagutzen zuen Posadasek. Arauntzako koadrilakoek diotenez, “Angeli beti beste modu batean begiratzen zion”. Eta behin baino gehiagotan probokatu ere egin zuen kalean, ondo probokatu ere. Fatima Azkuek gogoan du behin Angelek harrapatu zuen haserrea: “Ni etxean nengoen, eta Tomas [Tomas Ruiz de Argandoña, Fatimaren senarra zena, Angelen oso laguna] eta Angel etxera etorri ziren; biak oso haserre zetozen, baina, batik bat, Angel. Artetxe tabernaren aurrean Posadasekin gurutzatu omen ziren, Posadas Arrona taberna aldera zihoala, eta Posadasek ‘hijo de puta’ deitu zion Angeli. Hau bere onetik aterata zegoen, akabatu behar zuela esaten zuen”. Ez zen lehenengo aldia Posadasek halakorik egiten ziona. Seguru asko, Angelek aita ezagunik ez zuela jakingo zuen Posadasek; eta horregatik ‘hijo de puta’-rena.

Baina, Angelek ez ezik, beste askok ere izan zuten arazorik Posadasekin. Behin, herriko gazteak plazan dantzan ari zirela, Posadasek bakarren batzuk atxilotuta eraman zituen Guardia Zibilaren koartelera. Haien tartean, Joxe Mari Iturria errezildarra: “Orduan euskal dantzak-eta antolatzen genituen herriko plazan. Egun hartan Posadas begira zegoen, eta sinbolo komunistak zirela-edo aitzakiatzat hartuta, bakarren batzuk koartelera eraman gintuen. Hori aitzakiatzat hartuta, jakina, beste kontuen inguruan galdezka hasten zen. Bazekien gu zeozertan bagenbiltzala, eta zeozer hori ezagutu nahi zuen. Egun hartan esan zigun bazekiela gu ETA inguruan genbiltzala, eta propaganda banatzen genuela aitortuz gero, bi urte ‘soilik’ egingo genituela espetxean. Orduan oso denbora gutxi zen bi urte».

Beste behin, herriko plazan Egan musika taldea jotzen ari zela, herriko gazteak mutil-dantza hasi ziren dantzatzen. Eta orduan ere Posadas han, begira. Gau hartan ere 40 bat lagun koartelera eraman zituen; eta tartean, berriz ere, Joxe Mari Iturria. “Esteban Uzin eta biok han ginen orduan –dio Joxe Marik–, eta banan-banan galdekatzen hasi zen. Posadasek galdera hauxe egin zigun atxilotuei, banan-banan: ‘Oraintxe bertan hauteskunde demokratikoak izango balira, zeini emango zenioke botoa?’. Esteban izan zen lehengoetakoa erantzuten, eta alderdi nazionalistaren bati emango liokeela erantzun zuen. Hori erantzuteagatik bakarrik, Donostiara eraman zuten atxilotuta. Aurretik, baina, Esteban galdekatu eta berriro gurekin sartu zuten gelan. Beraz, guk, Posadasen aurrean jartzerako, bagenekien zer galdetuko zigun. Hurrengo atxilotuak ere antzeko zerbait erantzun zuen, eta hura ere Donostiara. Niri txanda heldu zitzaidanean, nik esan nion Juventudes Obreras Catolicas (JOC) erakundeko kidea nintzela. Posadasek hori entzutea baino nahiago zuen beste edozer gauza entzutea, JOC legezkoa eta katolikoa zelako. Beraz, ni aske utzi ninduen”.

Kortatxori klitxea atzeman, eta Josu Iturriari pornografia

Kortatxok ere tratua pasatu zuen behin Posadase-kin. Izan ere, bi guardia zibil bidali zituen Posadasek Kortatxoren etxera, etxea miatzera. Eta multikopistaren klitxe bat aurkitu zioten. “Hasiera batean Marxen, Trotskiren eta Hengelsen liburuak hartu zituzten, eta, bat-batean, klitxe hori azaldu zen. Nik esan nien kalkamonia horietako bat zela, baina esan zuten badaezpada hartu egingo zutela hura ere. Ondoren, nire arrebak josteko erabiltzen zituen patroietako bat ere hartu zuten, marra ugari edukitzen dituzten horietakoa. ‘¿Y este mapa de donde es?’, galdetu zidan guardia zibil tontolapiko batek. Eta nik esaten nion hura ez zela mapa bat, hura patroi bat zela. Baina alferrik, hark ‘y este mapa, y este mapa’ segitzen zuen, seko egoskortuta. Azkenean beste guardia zibilak komentzitu zuen arte; haren emazteak ere josteko halako patroiak erabiltzen zituela esan zion”.

Kortatxo etxean utzi zuten, baina liburuak eta klitxea eurekin eraman zituzten koartelera, Posadasi erakusteko. Kortatxok txarrena espero zuen orduan, eta lagunei abisua eman zien, badaezpada. “Handik gutxira berriro etorri ziren, koartelera eraman ninduten, eta Posadas galdezka hasi zitzaidan. Donos-tiara eraman nahi ninduen, baina koarteleko beste arduradun batek ez zuen froga nahikoa ikusten, eta zalantzak zituzten. Azkenean ez ninduten eraman, Donostiako komandantziatik ezezkoa esan zietelako. Dena dela, Posadasek zera esan zidan: ‘De todos modos, lo que me extraña es que tengas en casa un cliché y esta clase de libros’. Eta nik erantzun nion liburu asko nituela, eta liburu asko horien artetik hartu zituztela haiek. Guardia zibil tontolapikoari galdetu zion ea hori egia zen, eta baietz erantzun zion”.

Josu Iturriak gertaera zelebreagoa izan zuen Posadasekin: “Egun batean gure etxera sartu zen Posadas, eta maleta batean zerbaiten bila ari zela, dinamita itxurako petardo batzuk aurkitu zituen; dinamita zela zioen hark. Eta nik ezetz, inauterietako petardoak zirela esan nion. Eta azkenean ikusi zuen hala zela, inauterietako petardo eskas batzuk zirela. Baina han jarraitu zuen, zer aurkituko, jo eta su, eta halako batean aldizkari pornografiko bat aurkitu zidan, ezkutatuta. Lehengusuak ekarri zidan Donostiatik, eta gerora han geratu zen. Eta han hasi zitzaidan Posadas hori, ea nondik lortu nuen eta halakoak galdetzen. Nik esan nion Donostian saltzaile txiki batek saldu zidala; nik orrazi bat erosi nahi niola, baina berak pornografia eskaini zidala, eta nik erosi. ‘Ah, ya se quien es’, esan zidan berak. Halakoxea zen bera, oso tipo segurua. ‘¿Tu sabes que con esto puedes calentar a una mujer?. ¿Tu sabes qué mal le puedes hacer?’. Halako galderak egiten hasi zitzaidan”: Pornografiarena aitzakia mo-duan hartuta, bestelako informazioa atera nahi zuen Posadasek, eta politika kontuez ere galdetu zion. Gau hartan, Josuren-eta aita ere galdekatu zuen Posadasek, eta aldizkari pornografikoarena esan zion. Josuren aitak, baina, zera erantzun zion: “Yo trabajar en laminaciones Marcial Ucin. Si, si, yo trabajar muy duro”. Informazio askorik gabe alde egin zuen Posadasek Josuren-eta etxetik.

Posadasen hilketa prestatzen

Gregorio Posadas guardia zibilaren hilketa prestatzera etorri ziren Azpeitira Joxe Antonio Garmendia Tupa eta Xabier Aia Zulaika Trepa. Angel Otaegik Arauntzako ezagun baten etxean sartu zituen –arrantzale batzuk zirela esanda–, eta hamabost-hogei egun inguru egin zituzten herrian, Trepak berak dioenez.

Komandoko kideak batetik bestera eramateaz-eta Angel bera arduratzen zen, eta orduan ere Guardia Zibilak kontrol asko jartzen zituen. Baina Angelek ez zien beldur handirik kontrol haiei. “Komandoetako kideok pistola eramaten genuen gainean –gogoratzen du Trepak–, eta Angeli esaten genion kontuz ibiltzeko, kontrolen batekin topo eginez gero tiroka hasiko ginela-eta. Angelek, ordea, beti aurrera egiteko esaten zuen. Beti aurrera egiteko prest zegoen. Ez zuen beldurrik”.

Angel, hala, Posadasen mugimenduak zaintzen hasi zen. Izan ere, hori izan zen ekintza hartarako Angelek egin behar izan zuen lana: Posadas zaindu, eta Trepari eta Tupari informazioa eman.

Angelek bazekien Posadas egunero-egunero Arauntza aurretik pasatzen zela, Angel bera egunero-egunero Arauntzan egoten zelako. Horregatik, Arauntza bertan hasi zen informazio-bilketa lana egiten: egunero zer ordutan pasatzen zen, nondik nora... Egun batzuetan horretan jardun ondoren, informazioa Tupari eta Trepari pasatu zien. On-doren, Tupak eta Trepak alde egiteko beharrezkoa zuten ibilgailua, Vespa bat, lortu zuen. Motoa Txatari eskatu zion, eta Txatak, zertarako behar zuen galdetu gabe, utzi egin zion. ETAko bi ekintzaileen iheserako bidea ere prestatuta zeukan Angelek. Egin beharrekoa egin zuen. Handik aurrerako dena beste bien lana zen.

Posadas hil zuten eguna

M1974ko apirilaren 3a. Arratsaldeko seiak inguru. Angelek esandako toki eta ordu berean, Posadas bere semearen bila zihoan Milagrosako eskolara. Egunero egiten zuen bide bera, egunero ordu berean. Eta beti, bidean, Arauntza Elkartearen pareko bi-degurutzean geratzen zen –Guardia Zibilaren koarteletik 200 bat metrora–. Egun hartan ere bere automobila, Seat 850 bat, bidegurutzean geratu zen; eta orduan hil zuten, tiroz, metraileta batekin. Ez zen momentuan hil, Donostiako Ospitale Militarrera bizirik eraman zutelako. Baina laster hil zen. (Bezperan ere saiatu ziren Posadas hiltzen, baina Posadas semearekin zihoan autoan, eta ekintzaileek hurrengo egunera arte zain egotea erabaki zuten).

Berehala, Trepak eta Tupak Txataren Vespa hartu zuten, Angelek utzitakoa, eta Lasao aldera ihes egin zuten. Han, Vespa hura bazter batean utzi eta Zarautzera joan ziren, mendiz mendi, kontrolak saihestearren. Posadasen aurkako atentatuaren inguruko lanak bukatuak zituzten.

Horratx hurrengo eguneko El Diario Vasco egunkariak atentatuaren inguruan argitataratutakoa: “Un cabo de la Guardia Civil, muerto a tiros en Azpeitia. Fue atacado por dos individuos que se dieron a la fuga. Sobre las 18:00 horas de ayer, cuando el cabo primero, don Gregorio Posadas Zurrón, perteneciente a la 551 Comandancia de la Guardia Civil, al mando del Grupo de Información de Azpeitia, ocupando su vehículo particular, se hallaba practicando gestiones propias del servicio que tenía entonces encomendado, siguiendo ordenes de sus superiores y circulaba por la calle Juan XXIII de las afueras de aquella localidad, por la que frecuentemente transitaba, relativamente estrecha y con el pavimiento en mal estado, lo que obliga a circular con lentitud, dos individuos desconocidos que se encontraban ocultos entre los materiales de una obra, le salieron al paso haciendole señales para que se detuviera.

Disminuyó la marcha del vehículo, introdujeron una metralleta por la ventanilla disparando dos ráfagas siendo alcanzado por dos proyectiles. Como consecuencia de las heridas sufridas por el cabo don Gregorio Posadas, fue asistido de primera intención en la Casa de Socorro de Azpeitia y posteriormente trasladado al Hospital Militar de San Sebastian, donde falleció a las 19:45 horas”.

M1974ko apirilaren 3 hartan, Angelek ez zeukan ETArentzako lanik egin beharrik. Gainera, Posadas hil zuten orduan, arratsalde partean, Angelek Urola auto-eskolan egon behar zuen, gidatzeko baimena ateratzen ari zelako. Baina, egun hartan ez zen auto-eskolara joan, egun hartan beste gauza bat zuelako buruan. Horregatik, 1974ko apirilaren 3ko arratsalde hura Arauntza Elkartean igaro zuen Angelek, Posadas hil zuten lekutik 50 bat metrora.

Atentatua izan eta oso denbora gutxira egin zuen topo Angelekin Fatima Azkuek, Arauntzan bertan. Artean ezer ez zekiela, Fatima Arauntza aldera abiatu zen, Alex eta Joxe Mari seme txikiekin. “Kalean nindoala, norbait inspekziora eramaten zutela ikusi nuen; burua odoletan zeukan, eta ez nuen ezagutu. Kalean berehala hasi ziren zurrumurruak zabaltzen: hildakoa guardia zibilen bat zela, halako bestea zela...”. Fatima, Tomas senarraren bila joan zen Arauntzara, eta Angelekin egin zuen topo: “Ni hunkituta nengoen, eta Angel ikusi nuenean harengana joan nintzen. ‘Angel, ez dakizu zer pasatu den’, esan nion nik. Eta hark: ‘Zer pasatu da ba?’ Eta ni hari azalpenak ematen hasi nintzen; herrian guardia zibilen bat hil omen zutela, eta hori ikaragarria zela... Hark ezjakinarena egin zuen, uste dut entzun ere ez zidala egiten. Baina Angelek ordurako ondo zekien zer gertatu zen...”.

Angelek ederki zekien, bai. Eta berehala Joxe Aranburu Txata-ri deitu zion, konfiantzako lagunari, eta Arauntzara azaltzeko esan. Txata Arauntzara joan zenean, Posadasen gorputza artean han zegoen. “‘Ikusten al duk zein dagoen hor?’, galdetu zidan Angelek —gogoratzen du Txatak—. Nik ez nekien ezer, eta Posadas hil zutela esan zidan”. Gogorra den arren, azpeitiar askok eta askok ez zuten pena handirik hartu Posadasen heriotza zela-eta, Po-sadas bera ere halakoxea omen zelako. Eta Txatak berak ere ez zuen pena handirik hartu. “Angelek txanpaina atera zuen”, dio.

Arauntzatik irten eta Angel etxe aldera zihoala, Nuarbeko eta Arauntzako lagun batekin egin zuen topo, Jexus Mari Epelderekin, Artetxe parean. “Hi, Jexus, Posadas hil diagu”, esan zion Angelek. Konfiantza handiko laguna zuen Jexus. Zeozer edatera joan nahi zuela esan zion Angelek, eta azkar-azkar zeozer hartu zuten Maritxu tabernan –gaur egun Hartzubiko errotonda dagoen lekuan zegoen taberna hura–, eta Jexusek “berehala” alde egin zuen. “Nik ez nuen ezer jakiterik nahi”.

Beste komando bat Azpeitira zuloak egitera

Posadasen aurkako atentatua eta gero, Angelek ETAko fronte militarrarentzako lanean jarraitu zuen. Handik gutxira, beste bi lagun aurkeztu zizkioten: Juan Manuel Galarraga Zaldibi eta Kaiku delako bat. Azpeitia aldera azpiegitura lanak egitera etorri ziren bi haiek, ekintzarik egitera ez. Zaldibi eta Kaiku zulo batzuk egitera etorri ziren. Zaldibiren izena ezaguna egin zen gerora, telebistan-eta bere izena eta argazkia agertu zirelako, harrapatze eta atxilotze agindua izenburupean. Izan ere, Madrilgo Correo Kaleko Rolando Hotelean 1974ko irailean gertatutako atentatuarekin lotzen zuen Guardia Zibilak Zaldibi; hotel hartako tabernan polizi ugari biltzen zen, baina atentatu hartan 11 zibil hil ziren eta beste hainbat zauritu.

“Ni Madrilen egon nintzen –dio Zaldibik–, eta handik Itsasondora joan nintzen, Kaikurekin harremanetan jarri ninduten eta Azpeitira joan ginen biok. Ni Madrilen nengoela prestatu zuten Carrero Blancoren aurkako atentatua [Carrero Blanco 1973ko abenduaren 20an hil zuten, Madrilen; Francoren Gobernuko presidentea zen, eta ETAk historian egin duen ekintzarik sonatuenetakoa izan da], eta Carreroren aurkako atentatua egiteko egin zuten zuloa ikusi nuen. Igeltsero batekin ikasten ere jardun nuen”. Zaldibik esaten duenez, orduan Euskal Herrian oso zulo gutxi zegoen, eta Azpeitira horretara etorri ziren.

Kaikuri eta Zalbibiri ere lo egiteko lekua eta azpiegitura lortu behar izan zien, beraz, Angelek. Eta kasu hartan Txataren etxea erabili zuen. Txata alde zaharrean bizi zen orduan, baina Sanjuandegi auzoan, La Salbe kalean, bazuen beste etxe bat. Angelek etxe horretako giltzak eskatu zizkion, eta Txatak utzi. Txatak ez zekien nor, noiz eta nola ezkutatzen zen jendea bere etxean, ez zekien etxea zertarako erabiltzen zuen Angelek; hori guztia Angelek berak kontrolatzen zuen.

Otaegi arduratzen zen bi haien janariaz, eta behar zen guztia egiteko prest egoten zen. “Zer falta zaizue?”. Horixe galdetzen zien beti. Eta behar zutena eskura eman. “Oso bihotz onekoa zen —dio Zaldibik—. Guri behintzat asko lagundu zigun. Benetan sinesten zuen zerbait egin behar zela, oso komentzitutako gizona zen”.

Behin, Angel, Kaiku eta Zaldibi Zarauzko Azken-Portu auzoko taberna batera joan ziren, ETAko kide batzuekin bilera bat zutelako. Gauean bukatu zuten bilera, berandu samar, eta Kaiku eta Zaldibi Zarautzen geratu ziren gaua pasatzen, kontrolak saihesteagatik. “Angelek esan zigun Azpeitira joango ginela –dio Kaikuk, gau hura gogoratuz–. Eta nik esan nion arriskutsua iruditzen zitzaidala. Ea kontrolik ez al zen egoten galdetu nionean, ‘ba, pare bat-edo’, erantzun zidan. Jakina, hark paperak-eta ondo zeuzkan, ez zeukan inongo arazorik bueltatzeko, baina gure egoera desberdina zen”. Beraz, Angel Otaegi Zarauztik etxera joan zen, motoan, eta besteak Zarautzen geratu ziren, hurrengo eguna arte.

Azpeitira zuloak egitera etorri ziren Zaldibi eta Kaiku, baina ezer egin gabe alde egin zuten. Izan ere, Angelekin bakarrik ez zuten nahikoa, jende gehiago behar zuten lan hura egiteko. Angelek jardun zuen jende gehiagoren bila, baina ez zuen lortu. Kaikuk dioenez, “hasiera batean lortu zuen laguntza, familia bateko kide batzuk prest omen zeuden laguntzeko, Angelek zioenez, baina gero atzera egin zuten”. Egun gehiegi ere ez zuten egin, beraz, Azpeitia aldean bi haiek. Baina egun haietan oso harreman sakona izan zuten Angelekin, batik bat Kaikuk: “Angelekin harremanik ez izatea ezinezkoa zen”.

Kaiku: “Angel ez zen beste bat gehiago”

“Angel pertsona berezia zen; ez zen beste bat gehiago. Hark zuen izaerarekin, haren alaitasunarekin eta bizitzeko gogoarekin, ezinezkoa zen haren laguna ez izatea. Nonbaiten bageunden, eta etxera joan behar genuela esaten bagenion, ‘nola etxera? Oraindik bazkaldu egin behar diagu!’, esaten zizun, eta bi minutuan prestatzen zuen bazkaria, Arauntza Elkartean”. Horrelaxe mintzo da Kaiku Angelez.

Txataren etxean zeudela ere, Angel behin baino gehiagotan joan zitzaien iluntzean, ate-joka. “Ea, goazen kalera!”, esaten zien Angelek. “Joder Angel, badakik gu zer egoeran gauden. Badakik zertara etorri garen...”. Eta Angelek orduan, txantxetan: “Hi zer haiz ba, ni baino gehiago hala?”. Angelek komandoko kideekin ere lagunartea bilatzen zuen.

Horrela, Azpeitian egon ziren egunetan ia gauero kalera atera ziren Angelekin –batik bat Kaiku; Zaldibi ez hainbeste–. Afaria batean, txikiteoa bestean, Azpeitian orain, Azkoitian hurrena... “Or-duan esperientzia txikia genuen [Kaikuk 21 urte zituen]; bestela ez ginatekeen horrela ibiliko”, dio Kaikuk. Baina Angelen lagun egiteko balio izan zion behintzat. Kaiku oso erraz egokitu zen Azpeitiko girora, “oso giro herrikoia eta euskalduna zelako”. Behin baino gehiagotan egiten zuten topo Guardia Zibilarekin –paisanoz jantzitakoak batzuetan, uniformedunak besteetan–, “baina gu orduan herriko edozein bezala ibiltzen ginen: jertsea lepotik zintzilik, eta puroa ahoan”.

Baina Kaiku-eta pistolarekin ibiltzen ziren orduan, “badaezpada”. Eta zenbait unetan “traba dezentekoa” zen pistola, batik bat neskekin dantza egin behar zenean. “Behin, txikiteo handia egin eta Gau-Txori tabernara joan ginen –gogoratzen du Kaikuk–; neska gazte asko zegoen, denak dantzan, eta Angeli esan nion neskaren batekin dantza egin nahi nuela. Baina pistolarekin ezin nuen dantza egitera joan. Horregatik, pistola Angeli utzi nion, une baterako. Angel lasai egon zen, pistola gerrikoan sartuta; eta ni ere bai, neskekin dantzan”.

Egun batzuk egin zituzten horrela. Baina Angelek ez zuen zuloak egiteko jenderik topatu. Eta horrela jarraitzerik ez zeukaten. Beraz, Azpeititik ospa egiteko garaia ere iritsi zela pentsatu zuten Zaldibik eta Kaikuk. “Pena handia hartu nuen nik, baita Angelek ere”, dio Kaikuk.

Komandoarekin agurtzerakoan, penatan

Hamabost bat egun egin zituzten Azpeitian Kaikuk eta Zaldibik. Biak oso gustura egon ziren Azpeitian, baina jada ez zuten ezer egiten, joateko garaia ailegatu zen. Eta joateko garaia ailegatu zenean, Angelek Azpeitian geratzeko eskatu zion Kaikuri. “Serio-serio esan zidan; nik Azpeitian geratu ahal nuen, baina ezetz esan nion, Azpeitian geratzerik ez neukala, betiere ETAk esandakoa egin behar nuelako”.

Kaikuren arabera, Angelekin beste inorekin baino harreman sendoagoa lortu zuen. “Beste edozeinekin hilabete batzuetan lor nezakeena baino harreman sakonagoa lortu nuen Angelekin, eta hori hamabost egunetan soilik”. Horregatik, eta Kaikuk egoera gogor asko bizi izan dituen arren, Angelen atxiloketa eta afusilamendua gogorrak egin zitzaizkion, “oso gogorrak”. Eta egun hartan Angelekin banatzea ere gogorra egin zitzaion.

Angelek eta Txatak atera zituzten bi komandokideak Azpeititik, Txataren kamioian. Zaldibi Itsa-sondora eraman zuten, Mandubiko gainetik barrena. Eta Kaiku beste nonbaitera. Zaldibik ez zuen gehiago Angel ikusi. Kaikuk beste behin baino ez.

Tuparen eta Tankeren atxiloketak Angelengan izan zuen eragina

M1974ko abuztuaren 28an, Angelen bizitza goitik behera aldatu zuen gertaera gertatu zen: Joxe Maria Arruabarrena Tanke eta Joxe Antonio Garmendia Tupa-ren atxiloketa.

Egun hartako goiza oso-oso nahasia izan zen Donostia aldean. Goizeko bederatziak aldera, hurrengo egunean egunkarietan agertu zenez, Bidebieta auzoko Aurrezki Kutxa Munizipalean lapurretan egin zuen ustezko ETAko kide batek. 60 mila pezeta inguru lapurtu zituen. Ustezko ETAko kidea pistola batekin sartu zen banketxera, eta bertako langilea komun batean sartu ondoren, diruarekin alde egin zuen.

Lapurreta horren ondoren, Guardia Zibilak kontrol ugari jarri zuen Donostia inguruan. Tupak eta Tankek, M-676184 matrikuladun autoan zihoazela, kontrol haietako batekin egin zuten topo; hala, buelta hartu eta ihes egin zuten. Guardia Zibilak buelta hartu zutela ikusi zuen, eta autoaren atzetik joan ziren hainbat agente. Denboralean atzetik joan ondoren, azkenean Donostian, Tolosa Etorbidean, harrapatu zituzten, Pakea Erresidentziaren inguruan. Guardia Zibilaren eta ETAko bi kideen artean tiroketa gertatu zen, eta 21 eta 23 urteko bi gazte haiek larri zaurituta eraman zituzten Donostiako Ospitale Militarrera.

Tankek zauri larri samarrak zeuzkan, baina okerren Tupa zegoen, oso-oso larri. Diotenez, lurrean zegoela errematatu egin zuten, eta buruan tiro bat eman. Hasierako egunetan hilda zegoela ere zabaldu zen. Baina Tupa ez zegoen hilda.

Egun hartako atxiloketak ere eragina izan zuen ETAko hainbat kiderengan. Esate baterako, Juan Manuel Galarraga Zaldibi-k Madrilen ezagutu zuen Tanke, eta Itsasondotik alde egin behar izan zuen –Angelek eta Txatak eramana zuten Zaldibi Itsasondora–.

Atxiloketa hark goitik behera aldatu zuen Angel Otaegiren bizitza. Izan ere, atxilotu eta berehala lotu zuten Tupa etakidea Posadasen hilketarekin. Beraz, Angel ere ez zegoen salbu. Horregatik, eta orduko ETA barruko arautegiari jarraituz, Angelek alde egin zuen Azpeititik; hamar bat egun Hernanin egin zituen, konfiantzako baten etxean, ezkutatuta. Egun haietan zalantza asko zeuzkan buruan Angelek, ez zekien seguru zer egin. Aukera bat baino gehiago zituen; haietako bat, Ipar Euskal Herrira joatea.

Kaikuri kontsulta egin, eta ez alde egitea erabaki zuen

ETAko fronte militarrean gehien konfiatzen zuen lagunarekin bildu zen orduan Angel: Kaikurekin. Bilbon egin zuten hitzordua, taberna batean. Erabaki garrantzitsua zeukan hartzeko Angelek, eta harekin hitz egin eta gero, Nuarben geratzea erabaki zuen.

Kaikuk Azpeititik alde egin zutenetik, Angelen berririk ez zuen izan. Ordutik elkar ikusi gabe zeuden. Baina Angelek, Joxe Aranburu Txata-ren bidez, Kaikurekin harremanetan jartzea lortu zuen. Bilboko Zazpi Kaleetako taberna batean jarri zuten hitzordua. Eta han bildu ziren Kaiku eta Angel. Nuarbetarra serio, oso serio zegoen, kezkatuta, Kaikuk gogoratzen duenez. Bazkaldu bitartean, hizketan jardun zuten.

“Ea zer egin behar zuen galdetu zidan. Hamar bat egun ezkutatuta egin zituela, eta denbora horretan bera atxilotzera ez zela inor joan esan zidan. Nik ez nekien zer esan. Niretzat ere lehenengo aldia zen nire inguruan halako zerbait gertatu zena. Eta ez nekien zer esan. Angelek ez zuen bere burua Ipar Euskal Herrian ikusten, eta nik ere ez nuen Angel han ikusten. Horregatik, nik gomendatu nion ez joateko, hamar egunean bere bila joan ez baziren, jada ez zirela joango uste nuelako”. Gomendio hori eman izana oraindik damu zaio Kaikuri, berak dioenez.

Baina Angelek berak ere ez zeukan Iparraldera alde egiteko gogorik, asmorik. Ez zeukan lagunak, ama, Arauntza, Azpeitia, Nuarbe... uzteko gogorik. Gainera, Tupa oso-oso gaizki zegoela zioten denek, burua erabat galduta zuela, eta ez zela hitz egiteko gai. Horregatik, Angelek ez alde egitea erabaki zuen. Kaikuk eta Angelek elkar agurtu zuten Bilboko Zazpi Kaleetako taberna hartan, eta bakoitza bere bidetik joan zen. Angel Nuarbera, etxera. Kaikurekin hitz egin eta gero, Angel bizimodu normala egiten hasi zen. Lanera ere joaten zen —pistola batekin, diotenez—.

Baina Tupak hitz egin zuen, halabeharrez. Guardia zibilek trikimailu ugari erabili zuten Abaltzis-ketako gazte hari hitz eginarazteko —mojaz jantzitako emakume baten galdeketa ere bai tartean—. Eta, batik bat, Gregorio Posadasen hilketaren inguruan galdetu zioten. Horrela, galdeketa horien bitartez, Guardia Zibila Angel Otaegiren arrastoaren atzetik hasi zen.

Guardia Zibila etxera bila joaten zitzaionean atzeko leihotik alde egitea pentsatua ere bazuen Angelek, Josu Iturriari kontatu zionez. Baina ez zuen alde egiterik izan. Azken aldian halako ihesaldi bat baino gehiago gertatu ziren Euskal Herrian, eta, nonbait, Guardia Zibilak lezioa ondo ikasita zeukan. Angelen etxeko atzeko lehioa ere ondo zaindua zeukaten hara joan zirenean.