Azpeitian lanean eta Arauntza

Hamazazpi urterekin laga zuen Institutu Laborala Angelek, 1959an. Lanean hasteko garaia ba-zuela uste zuen, nazkatu egin zen ikasten. Hala, aurreneko lanpostua Zumarragan aurkitu zuen; Irimo tailerrean, hain justu. Zumarraga aldean senideak zituzten Otaegitarrek, eta horregatik joan zen hara. Denbora bat egin zuen han, eta epe hartan koadrila ere Zumarragan osatu zuen. Futbolean, afarietan..., ahal zen leku gehienetan sartzen zuen muturra.

Baina laster etorri zen berriro Azpeitia aldera. Urkizu tailerrean lanpostu bat aurkitu zuen, eta ez zuen bi aldiz pentsatu. Hurrengo urteetan, Urkizun bertan, Sprint-en eta Glual-en jardun zuen lanean, beti Azpeitian. Tartean-tartean arrantzara joaten zen, atunetara eta antxoatara, Orioko itsasontzi batean. Joxe Aranburu Ariztondo Institutuko lagunak behin baino gehiagotan egiten zuen topo orduan An-gelekin, hau normalean asteburuero etxera etortzen zenean: “Nik soldadutza marinan egin nuen, eta azkenengo sei hilabete Donostiako kaian egin ni-tuen; Angelek Orioko Paulo VI itsasontzian jardun zuen lanean orduan, eta bazekien ni Donostiako kaian nengoela. Angel ere Donostian uzten zuten normalean, eta nigana etorri eta elkarrekin joaten gi-nen Azpeitira, trenez. Normalean, beti ekartzen zi-dan arraina”: Bizpahiru urtetan joan zen itsasora Otaegi, atun eta antxoa garaian batik bat. Baina, bestela, bizitza dena Azpeitian egiten hasi zen. Beti Nuarben bizi izan zen arren, etxean gutxi ikusten zuten.

Institutuko lagunekin hasi zen Angel kalera ateratzen: Jexus Aranburu Pattar, Abel Izagirre Txapa txikiye, Luis Mari Galdos, Imanol Zinkunegi eta abarrekin. Afaria batean, erromeria bestean... Orduko gazteen tankeran, batera eta bestera ibiltzen zen, koadrilan.

Baina benetako koadrila giroa 1969tik aurrera osatu zuten Angelek-eta. Urte horretan Azpeitian Arauntza Elkartea inauguratu zuten 40 lagunek, eta hango batzuen lagun handia egin zen Angel, urte gutxian gainera.

Arauntzatik Artetxenekora,kalean gora eta behera

Martin Agirre, Joxe Mari Agirre, Juan Mari Alberdi, Fernando Alberdi, Pako Alonso, Joxe Luis Amezua, Jexus Aranburu, Pedro Aranburu, Rafael Azkue, Manuel Azkue, Loren Azkue, Joxe Inazio Azpiazu, Pedro Beitia, Julian Beloki, Jexus Beobide, Joxe M. Bereziartua, Pedro Bereziartua, Joaquin Egiguren, Pello Egiguren, Pedro Elorza, Jexus Epelde, Se-bastian Esnaola, Juan Galarraga, Luis Mari Galdos, Javier Guibert, Joxe Mari Gurrutxaga, Luis Illarra-mendi, Abel Izagirre, Joxe Juaristi, Agustin Landa, Jexus Lasa, Javier Madina, Joxe Luis Olaizola, Angel Otaegi, Luis Mari Rezola, Tomas Ruiz de Argandońa, Joxe Manuel Salegi, Karmelo Zubillaga, Inazio Zubizarreta.

Aurreko zerrendakoak dira Arauntza Elkarteko lehenengo bazkideak. 1969ko urriaren 31n inauguratu zuten, Angelek 27 urte zituenean, eta ordurako herrian beste elkarte batzuk baldin bazeuden ere, elkarte modernoetatik lehenengoa izan zen. Ge-roago etorri ziren, besteak beste, Irrintzi, Loiolatxo eta abar. Angel, beraz, Arauntzako lehenengo bazkideen artean zegoen. Eta ederki asko baliatu zuen bazkide-txartela, Arauntza izan zelako, hainbat urtetan, haren bigarrengo etxea.

Angelek Arauntzan egin zuen benetako koadrila: Pedro Elorza Kanpillo, Tomas Ruiz de Argan-dońa, Jexus Epelde, Jexus Beobide, Jexus Aran-buru Pattar... Eta hainbatekin egundoko harremana lortu zuen. Izan ere, egunero-egunero joaten ziren Arauntzara, eta handik atera eta zerbezeoan ere elkarrekin jarduten zuten. Angelen ama Mariak behin baino gehiagotan esaten zion Angeli, hura haragi egosia edo dena delakoa hartuta Arauntzara joaten zenean: “Zer galdu zaik hiri han, beti Arauntza horretara hoa-eta?”. Hala dio Pedro Elorza Kanpillok, Arauntza zabaldu zutenetik Angelekin hainbat abentura bizitako lagunak, elkartean denbora asko egiten zutela orduan: “Garai hartan, 1969tik Angel atxilotu zuten eguna arte, ia-ia egunero joaten ginen Arauntzara; afaltzera batean, afari-merienda egitera bestean, kafea hartzera...”. Angelek berak eramaten zuen, normalean, janaria. Eta arrantzan jarduten zuen garaian ere arrain ugari eramaten zuen Arauntzara. Arrantzatik arrainarekin etortzen zenean, “zer egin behar duk arrain horrekin?”, galdetzen zion amak. Eta Angelek “Arauntzara eramateko daukat” erantzuten zionean, “ba eraman ezak ba azkar, lagunentzako baduk kendu azkar nire begi-bistatik”, esaten zion amak.

Janaria biltzen ez ezik, Angel amorratua zen sukaldari lanak egiten ere; asko gustatzen zitzaion afariak antolatzea, eta berak jarduten zuen ia beti janaria prestatzen. Sukaldari lanak gogoko zituenik ez dute ukatzen lagunek, baina badakite horrekin zerbait gehiago bilatzen zuela. “Lagunen behar handia sentitzen zuen Artaberak –dio Kanpillok–, beti bilatzen zuen lagunartea. Eta askotan horregatik antolatzen zituen afariak, lagunak biltzeko”. Zeren eta, Angelen laguna izatea erraza eta zaila zen aldi berean, Kanpilloren arabera: “Hasiera batean zaila zen harengana iristea, baina behin Angelekin harremana lortzen zenuenean, estua zen harreman hori; hark bere zirkulua egiten zuen, eta hortik kanpo zegoenari dezente kostatzen zitzaion Angelengana heltzea”. Beraz, Arauntza Elkartean buru-belarri sartu zen Angel, eta afariak-eta antolatzen lehenengo puntan aritzen zen.

Behin afaldutakoan, kalera irteterakoan ere lehenengo puntan izaten zen Angel, trago batzuk hartzeko beti prest; eta, normalean, etxera joateko presa gutxirekin. Kalean, txikiteoan, derrigorrezko geltokietako bat Artetxeneko taberna izaten zuten. Orduan oso giro ona egoten zen Artetxenekoan. Madrazo eta Vaqueriza margolariek euren margoak jartzen zituzten ikusgai, eta iluntzean jende asko bildu ohi zen bertan. Imanol Eliasen arabera, Madrazok oso koadro arraroak jartzen zituen Ar-tetxeneko tabernan, “apropos”, eta han jarduten zuten guztiek, “hor Franco ikusten duk” eta “horiek erreja batzuk dituk”, eztabaidan, bakoitza koadroaren interpretazio propioa egiten.

Giro ona, beraz, iluntzetan Artetxenekoan sortzen zena. Gainera, garai hartan jendeak abestu ere gehiago egiten zuen, eta Angelek ere jarduten zuen kantuan. Joxe Inazio Azpiazuk gogoratzen du detaile hori: “Angeli Mexikoko rantxerak abestea gustatzen zitzaion; bazuen bat oso gustukoa, nahiko sentimentala, eta egundoko sentimenduarekin kantatzen zuen. Malkoak eta guzti ateratzen zitzaizkion”.

Igandetan, askotan, Jexus Epelde nuarbetarrarekin eta haren emazte Kororekin joaten zen Angel afaltzera; Arauntzara, jakina. Eta afaldu ondoren Artetxenekora joaten ziren, zeozer hartzera. Je-xusek gogoratzen duenez, Angelek bazuen maniatxo bat, Artetxenekora joandakoan askotan egiten zuena: “Artetxeneko tabernan bazegoen musika jartzeko aparailu bat, diruarekin martxan jartzen zen horietakoa. Ba, igandero-igandero, Angelek aparailu hartan dirua sartu eta Mari Triniren abesti bat jartzen zuen”. Itxura handirik ez eman arren, Mari Trini eta rantxera-zalea ere bazen Otaegi; “sentimentala”, lagunen iritziz.

Lagunekin apustuka, noiznahi

Lagunekin ibiltzeko edozein aitzakia zen ona. Eta, tarteka-tarteka, kirola ere egiten zuten. Gaztexea-gotan bezala, futbola, ziklismoa eta pilota oso gustuko zituen Angelek. Lagun Onak, Azpeitiko futbol taldean jokatzeari jubeniletan utzi zion, baina geroago beste txapelketa batzuetan ere parte hartu zuen, ez hain serio. Orduan tabernen arteko txapelketak jokatzen ziren, eta Angelek Arauntzako lagunekin jokatzen zuen. “Behin irabazi ere egin genuen –dio Kanpillok–. Angel bera futbolean ez zen txarra, nahiko ondo jokatzen zuen. Ezker-ezkerra zen, eta jenio bizikoa. Arbitroarekin-eta ez zen oso ondo konpontzen”.

Halako futbol partiduen artean, pare bat bereziki gogoan dituzte lagunek. Bat, Arauntza bertako bazkideen artean jokatu zutena, gazteek helduen aurka; Angelek helduen taldean jokatu zuen, eta 2-1 galdu zuten partidua. Bestea, Angelek eta honen koadrilak azkoitiarren kontra jokatu zuen partidua; Azkoitian bazituzten lagunak, alboko herrian dezente ibiltzen zirelako, eta elkarren aurka derbia jokatu zuten, “azkoitiar neska denak begira” zituztela, Angelen lagunek diotenez.

Baina apustu gehien pilotan egiten zituen Otaegik. Joxe Inazio Azpiazuk gogoan dauka An-gelen aurka buruz buru jokatutako partidu bat: “Biok elkarren aurka jokatu genuen, buruz buru, erronka moduan. Aratz-errekako pilotalekuan jokatu genuen, eta apustuak eta guzti egin zituzten koadrilakoek. Pattarrek eta Kanpillok Angelen alde jokatu zuten dirua, eta nik banuen beldur pixka bat. Nik denda itxi, eta larunbat eguerdi batean joan ginen jokatzera. ‘Ez didak niri berehalakoan irabaziko’, esan zidan Angelek, partidua hasi aurretik. Baina ordurako nahiko makalduta zegoen, jada kilo batzuk gehiagorekin. Eta irabazi egin nion”. Partidu hura galduta, Angelek, serio-serio, “hik pilotara dedikatu beharko hukek”, esan zion Joxe Inaziori.

Angelek beti bilatzen zuen pilota apustuen saltsa hori. Eta, hala, beste behin binaka egin zuen apustu bat, Aratz-errekan bertan. Partidua, hurrengoa: Angel-Azpi bikotea Jexus Epelde-Txistu bikotearen aurka. Jexusek gogoan du partidu hura: “Egun hartan ere diru mordoa jokatu zuen jendeak. Partidu gogorra izan zen, eta hogeina berdintzera ailegatu ginen; garai hartan beste joko sistema bat erabiltzen genuen, eta hogeina jarritakoan beste sei tantora jokatzen zen. Hasi ginen ba beste sei tanto jokatzen, baina handik gutxira partidua bertan behera geratu zen, laurok pauso bat emateko gai ez ginelako; laurok lehertuta geunden, eta apustuak egin zituztenak dena beldurtuta”:

Hurrena bai, hurrengo partidua irabazi egin zuen Angelek. Matximentan jokatu zuten, hango festetan, Jexusek eta biek beste bikote baten aurka. Kontrario bat gaupasa eginda azaldu zen, eta ia nahi gabe irabazi zuten partidua. Irabazleek txuleta bana eta angula ugari jaso zuten sari moduan.

Bizikletan erori zenekoa

Aurretik esan bezala, oso ziklismo zalea zen Angel. Hamazazpi bat urte egin arte asko ibili zen bizikletan, eta serio samar ere heldu zion horri. Gerora, ordea, erabat utzita zeukan. Hala ere, noizean behin lagunekin ibiltzen zen pixka bat helduxeagoa zenean. Eta orduan ere erronkan ibiltzen ziren.

Behin, 1972. urteko egunen batean, tarteka koadrilan egiten zituzten lasterketa haietako bat egin zuten. Azpeititik abiatu, Meagas igo, Zarautzera jaitsi eta kostako errepidetik itzuli; horixe zen egun hartarako prestatu zuten proba. Koadrila handia bildu ziren, gehienak Arauntza Elkartekoak. Guztiek handik edo hemendik inguratu zituzten bizikletak, eta irteera lekuan bildu ziren. Joxe Inazio Azpiazuk Angelen alboan egin zuen irteera: “Nik orduan ez neukan errepideko bizikletarik, eta Joxe Antonio Trukuman-ek utzi zidan; gurpil fin-finak zeuzkan, eta zutik egoten nahikoa lan banuen nik. Artabera ere nahikoa potolduta zegoen ordurako, ez zegoen sasoi bete-betean. Hala, lasterketa hasi orduko koadrilako batzuk ziztu bizian joan ziren aurrera, eta biok atzean geratu ginen. Artabera eta biok azkenengo postuan gindoazen, eta atzetik Joxe Mari Herrero genuen, motoarekin, Lambrettarekin. Ha-lako batean, Lasao parean gindoazela, Joxe Mari atzetik galdezka hasi zen: ‘Hi, Angel, zer moduz hoa?’. Artaberak atzera begiratu-edo egin zuen, eta besteak motoarekin jo zuen... A zer zartadakoa hartu zuena Angelek! Kamioiarekin eta erratzekin Jexus Beobide zetorren egun hartan, eta Angel eta bizikleta kamioira sartu genituen”.

Otaegi, beraz, kamioian joan zen egun hartan Zarautzera, Jexus Beobiderekin. Zarautzen Azken-Portu auzoan gosaldu, eta kostako errepidetik Azpeitira itzuli ziren. Batzuk bizikletan, beste bat motoan, eta Angel eta Jexus kamioian, lasterketaren eskoba lana egiten.

Artaberaren motoa, derbia; behin bati utziko, eta lapurtu!

Bizikletan bai, baina, batik bat, motoan ibiltzen zen Angel, batera eta bestera; 49 zentimetro kubikodun derbi txiki horietako batean. Gorria zen haren motoa, eta Nuarbetik Azpeitira motoz etortzen zen. Indar handirik ez zeukan, nahikoa kostata joaten zen. “Gaur egun edozein mukizuk pasatzen naik”, esaten zuen askotan. Izan ere, orduan gazte askok zilindrada handiagoa jartzen zion motoari, 75 zentimetro kubikokoa-edo, eta Angel airean pasatzen zuten. Eta ez gustatzen hori!

Angel eta derbi gorria. Hala ezagutu izan zuten askok. Ez zuen autoa gidatzeko baimenik-eta. Lagunek, adarra jotze aldera, Angel Nieto deitzen zioten, motoziklismo piloto famatu hura bezala, eta Otaegik hori entzutea baino nahiago zuen beste edozer gauza entzutea. Joxe Inazio Azpiazuk buruan du Angelek motoan ateratzen zuen itxura: “Oraindik gogoratzen dut nola pasatzen zen Erdi kaletik, gure dendaren [Irentzaile dendaren] aurretik. Makina bat eroriko izandakoa ere bada”.

Nuarbetik Azpeitira, beraz, motoan etortzen zen beti. Itzuli ez, itzuli ez zen beti motoan egiten. Gehienetan bai, baina batzuetan, afal ondoren behar baino gehiago edaten zuenean, Nuarbeko Patxi taxista zenarekin itzultzen zen etxera. Eta Patxi taxista falta bazen, Tomas Ruiz de Argandońa lagunaren etxean geratzen zen gaua pasatzen, Tomasek ez ziolako uzten Nuarbera joaten, badaezpada. “Batzuetan lo egin zuen gure etxean”, dio Fatima Azkuek, Tomasen alargunak.

Behin, Fatima Azkuek hamabost eguneko oporraldia hartu zuen batean, Angelek motoa utzi zion Fatimari. “Hartu motoa –esan zion Angelek Fati-mari–, oporretan hondartzara joan zaitezen”. Hartu zuen Fatimak motoa, eta hondartzara joan eta lehenengo egunean bertan lapurtu egin zioten, Zumaian. A zer ezustekoa Fatimarena! “Azpeitira itzuli eta zuzenean Tomasengana joan nintzen, dena larrituta. ‘Tomas, egundokoa gertatu zait: Angelen motoa lapurtu didate’, esan nion”. Ostegun bat zen, eta ostegun gauetan Fatima eta Tomas kalera irteten ziren. Gau hartan Angelen bila joan ziren zuzenean, gertatutakoa kontatzera. “Ni zeharo beldurtuta joan nintzen –dio Fatimak–, baina Tomas ez, Tomas nahiko lasai joan zen”. Berehala egin zuten Angelekin topo, eta esan ziotenean, “beno, hori ez da ezer”, esan zien nuarbetarrak. “Ea, hirurok afaltzera joango gara” esan, eta, ospatzeko ezer ez bazuten ere, Angel, Fatima eta Tomas afaltzera joan ziren, Ustarri erretegira. “Orduan arrantzan zebilen Angel, eta itsasotik ekarritako langostinoak jatera joan ginen”. Angeli motoa galdu, eta, gainera, haren kontura afaldu zuten Fatimak eta Tomasek. “Dena ematekoa zen Angel”, dio Fatimak.

Athleticen zalea; Madrilen, Manzanaresen, Kopako finala ikusi zutenekoa

Angel oso futbol zalea zen. Eta Bilboko Athletic zen haren taldea. “Pena bakarra zuen: Bilbon ez jaio izana”, diote oraindik ere lagunek. Ia hamabost egunetik behin Bilbora joaten zen, askotan Kanpillo-rekin. “Egunpasa joaten ginen —gogoratzen du Kanpillok—; goizean Lezamara joaten ginen, zatoarekin eta hamaiketakoarekin, eta gero San Mamesera. Angel, gainera, beti lepokoarekin-eta joaten zen. Nire emazte Milarekin eta semearekin ere askotan etorri zen, gustura. Oso forofoa zen”. Athleticen ahal zuen partidu guztietara joaten zen Otaegi.

M1973ko ekainaren 26a. Madril. Manzanares futbol zelaia. Espainiako Errege Kopako finala. Bi talde aurrez aurre: Castello eta Athletic. Bilboko taldearen hamaikakoa: Iribar, Saez, Larrauri, Zubiaga (Aranguren), Gisasola, Rojo II.a, Lasa, Villar, Arieta II.a (Carlos), Uriarte, Rojo I.a; entrenatzailea: Milorad Pavic. Castellon hamaikakoa: Corral, Fi-gueirido, Cela, Babiloni, Oscar, Ferrer (Cayuela), Tońin, Del Bosque, Clares (Ortuńo), Planelles, Felix; entrenatzailea, Lucien Müller. Partidua Medina Iglesias arbitroak zuzendu zuen, eta Athleticek irabazi zuen, 2-0, Arieta II.aren eta Zubiagaren golekin. Orduko Athletic handiak bi denboraldi zeramatzan ezer irabazi gabe; egun hartan Espainiako Errege Kopa irabazi zuen.

Eta Angel han izan zen. Joxe Aranburu Txata-rekin, Kanpillorekin eta honen emazte Milarekin. “Partidua justu Francoren beraren goian ikusi genuen —dio Joxe Txatak—, eta han jardun zuen Angelek, burutik behera txiza egin behar ziola esanez; a zer-nolako barreak egin genituenak!”. Partidu hartara ere lepokoa eta guzti joan zen Angel, forofo onenaren pare. Partidua bukatu eta Madrigal hotelera joan ziren lo egitera; Madrildik Andaluziara doan errepidean zegoen hotel batera, hain justu. Gaua pasatu zuten, eta goizean Alacantera abiatu behar zuten, Mila han utzi behar zutelako. Baina goizean, Angel autora joan zenean, autoko gurpil batek zulatua zuela ikusi zuen. Txatak eta biek zulatua konpondu zuten, Mila Alacantera eraman, eta Alacan-tetik Azpeitirantz abiatu ziren.

Txata zihoan gidari, Kanpillo aldamenean eta Angel atzean. Halako batean, Alacantetik irten eta ez denbora askora, bi neska ikusi zituzten, auto-stop egiten, Kanpillok gogoratzen duenez: “Artabera lo zihoan atzean, eta Txatak galdetu zidan: ‘Zer? Hartuko al ditugu?’. Eta bai, hartu egin genituen bi neskak; Angelen albora sartu ziren. Artaberak lo jarraitu zuen denbora batean. Ia Madrileraino eraman genituen bi neskak, eta halako batean esnatu zen Artabera. Nora begiratu ez zekiela geratu zen, lotsa-lotsa eginda, seko harrituta”. Neska kontuan-eta lotsati samarra zen.

Bi neskak Madril inguruan utzi zituzten, eta Otaegi-eta handik Azpeitira joan ziren. Zuzenean etxera ez, ordea, Gau-Txori tabernatik sartu-irten bat egin zutelako. Eta gero, etxera.

Nuarbeko pilotari lagunari bisitan, Bartzelonara

Baina ez zen hura izan Athletic Euskal Herritik kanpo ikusi zuen egun bakarra. Beste behin, 1969an, Bartzelonan ikusi zuen bere taldea, Saba-dellen kontra. Hain zuzen, Javier Clementek bernezurra, peronea eta belauneko lotailuak hautsi zituen partidua ikusi zuen Angelek. Clementek Athleticen jokatzen zuen orduan, erdilari, eta oso etorkizun ona zuela zioten adituek. Baina partidu hartan, hemeretzi urte zituela, Sabadellgo Marańonek ostiko bat eman zion eta egundoko lesioa eragin.

Egun haietan Xiriako Gurrutxagarengana joan zen Angel, bisitan. Xiriako Gurrutxaga nuarbetarra da, eta 54 urte ditu orain. Orduan pilotari profesionala zen, zesta-puntan jokatzen zuen. Bartzelonan, Balearretan, Estatu Batuetan... aritu zen jokatzen Xiriako. Eta pare bat aldiz-edo joan zitzaion Angel bisitan Bartzelonara. “1969ko hartan etorri zenean, ni min hartuta nengoen, partidu batean orkatila bihurritu egin zitzaidalako. Egun batzuk libre nituenez, Nuarbera joateko aprobetxatu nahi nuen nik, baina Angel bera etorri zen”. Xiriakok zera esan zion: “Nik Nuarbera joateko gogoa diat ba...”. Baina Angelek azkar erantzun zion: “Ba beste astebete egin beharko duk hemen, ni behin etorri naizenean”. Eta zer erremedio! Angelen bisita behin izango eta ezin alde egin ba Nuarbera...

Han pasatu zuten biek astea, Bartzelonan. “Orduan Bartzelonan egundoko giroa zegoen –dio Xiriakok–, jende ugari ibiltzen zen. Parrandaren bat edo beste ere egin genuen, nola ez ba”. Eta, besteak beste, Sabadellen eta Athleticen arteko partidu hura ikusi zuten, Clementek min hartu zuenekoa.

Otaegiren aitzakiak ETAko kontuak ezkutatzeko

Angel asko ibiltzen zen orduan Arauntza Elkarteko eta inguruko lagunekin. Atxilotu zuten arte ia egunero egoten zen haiekin. ETA erakundean ere garai hartan sartu zen, 1972 inguruan. Eta Kanpillok eta hauek ezer jakiterik ez zuen nahi Angelek. Izan ere, Angelek koadrilako lagunen ideologi politiko berbera ez zeukan. Eta, horregatik, aitzakia ugari jartzen zien lagunei, batik bat iluntzean-eta elkartetik ospa egiten zuenean.

Kanpillok zerbait nabaritzen zuen, laguna zerbaitetan muturra sartuta zuela iruditzen zitzaion, “baina ez hainbesteraino”, dio. “Nik neure buruari galdetzen diodana da nola demontre konpontzen zen leku denetara ailegatzeko; gurekin denbora asko pasatzen zuen, eta egundoko konfiantza giroa lortu genuen; ETAko kontuetan ere hor jardun zuen, batera eta bestera; lana ere egiten zuen, Glualen...”.

Angelek askotan jartzen zituen aitzakiak gogoan dituzte oraindik koadrilakoek. “Santa Engraziko kontua ateratzen zuen askotan —dio Kanpillok—. Afaldu ondoren zurrutean ari ginela, joan beharra zeukala esaten zuen. Eta norbaitek ea nora zihoan galdetzen zionean, ‘Santa Engrazira’, erantzuten zuen. Han lagun bat bazuela esaten zuen, eta lagun harengana joan behar zuela. Motoa hartu eta han joaten zen, bakar-bakarrik, ilunpetan”. Igande goizetan behin baino gehiagotan harrapatu zuten Angel nahiko trantze zelebrean, Kanpillok gogoratzen duenez: “Behin baino gehiagotan igande goizetan Arauntzara gosaltzera joaten ginenean, han egoten zen Artabera, erdi lotan, goitik behera lokatzez zikinduta. Mototik erori zela nabari zitzaion, baina guk ez genion azalpenik eskatzen. Eta hark ere ez guri. Errespetua erabatekoa zen”.

Bilera bat baino gehiago ere egin zuen Angelek Arauntzan ETAko beste batzuekin. Zerbait, beraz, nabaritzen zuten lagunek. Baina Arauntzako koadrilarekin afaltzen, txikiteoan... segitu zuen; haiekin bizitzen, azken batean. Atxilotu zuten gauean bertan ere Arauntzan afaldu zuen Angelek.

Nuarbetar gazteak bere bizitzaren beste parte handia, ordea, Arauntzako lagun koadrilatik kanpo egin zuen. Politika munduan; Euskadi Ta Askatasu-na (ETA) erakundean.