Nuarben hazitako umea

Ez zuen luze bizitzeko aukerarik izan Angel Otaegik, 33 urte zituenean hil zutelako, afusilatuta, frankismoak heriotzera zigortu eta gero. Bizi izan zituen urteak, baina, bete-betean bizi izan zituen; eta bukaera gogorra, oso gogorra bizi izan zuen, tristea benetan.

M1942ko urtarrilaren 13an jaio zen Angel, Nuarbe auzoko Beizamako partean (Gipuzkoa). Izan ere, Nuarbe –200 bat biztanle zituen orduan, Azpeititik bost kilometro ingurura dago– bitan zatituta dago: erdia Beizamarena da eta beste erdia Azpeitiarena, nolabait esateko. Nuarbeko soziedadera doan zubiak egiten du mugarena, eta Angel mugatik Beizama aldera dagoen etxe batean sortu zen, Nuarbeko Artabera etxean. Hortik zetorkion gerora Azpeitian lagunek jarri zioten Artabera ezizena. Otaegitarrek errentan hartuta zuten orduan Ar-tabera etxea. Artabera etxea, Kuban bizi zen familia batena zen; artaberatarrena, hain justu. Gerora, Angel hil eta handik urte batzuetara, Otaegi familiak erosi zuen etxea, eta orain haiena da, hutsik badago ere. Baina, berezko Artabera ez izan arren, izen horrekin geratu zen Angel, Azpeitiko lagunekin ateratzen hasi zenean. Eta agiri ofizialen arabera Angel beizamarra zen arren, azpeitiarretik gehiago zuen, behin ha-mahiru urtetik aurrera behintzat.

Mertxe Otaegik, Angelen izebak dioenez, haientzako erregetako oparia izan zen “Angelito-ren” jaiotza –hala deitzen zioten Nuarben umea zela, eta gerora ere bai, “Artaberako Angelito”–: “Angelen amak, Mariak, 27 urte zituen orduan, eta nik hamalau. Sei senide ginen, eta ni nintzen gazteena. Guretzako panpin bat zen Angel, eta halaxe erabiltzen genuen, panpin baten moduan; poz handia geneukan orduan gure etxean, Angel jaio zenean. Erregetako oparirik onena izan zen guretzako, erregeak pasatu eta astebetera heldu bazen ere”.

“Hijo de padre desconocido y María Otaegui (soltera)”

Jaiotze eta bataio agiriek ondo dioten moduan (hijo de padre desconocido y María Otaegui (soltera)), Angelek ez zuen aita ezagutu. Eta hori gogorra izan zen harentzako, nahiz eta gai horretaz ia inorekin hitz egin ez; gogorra zelako garai hartan ama alargun baten semea izatea. Kalean baziren zurrumurruak, gainera, haren aita halako edo besteko zela ziotenak. Eta horrek are zailagoa egin zuen Angelen beraren egoera. Bai umetan, eta baita gero hazitakoan ere.

Akaso horregatik, Angelek oso harreman estua eduki zuen ama Mariarekin. Maria Otaegi bera ere nuarbetarra zen, hura ere Artaberan sortua, 1915eko martxoaren 16an. Angel hil eta bost urtera hil zen bera, 1980an, auto istripuan. Mertxe ahizpak gogoan du Mariak Angelekin zuen harremana: “Haserrealdiak ere edukitzen zituzten, normala denez, baina oso harreman estua zuten, garai hartan gurasoen eta seme-alaben artean ohikoa zena baino estuagoa”. Mariak asko zaintzen zuen Angel, haren eskolako kontuak-eta asko segitzen zituen, irakasleekin-eta askotan egoten zen. Eta Angelek, egiten zuena egiten zuela, beti gogoan edukitzen zuen ama han zegoela, etxean; horregatik, ama enteratu gabe gauza batzuk nola egin, amak zer pentsatuko ote zuen gai hartaz... Halakoetan burua asko nekatzen zuen.

Imanol Eliasek ere gogoan dauka Maria Otaegi. Angelek hamahiru urte egin eta Azpeitiko Institutura joan zenean, Imanol izan zen haren irakasleetako bat. Eta Maria askotan joaten zen Imanolengana, Angelegatik galdezka: “Maria asko etortzen zen Institutura, Angelen noten inguruan-eta galdezka. Denborarekin, Mariarekin berarekin ha-rreman estua izan nuen nik, beti niregana etortzen zelako. Izan ere, ni nintzen azpeitiar irakasle bakarra, eta nigana errazago jotzen zuen. Semea babestu nahi hori sumatzen zitzaion Mariari, beharbada beste gurasoei baino gehiago”.

Seme-bakarra zen Angel, ez zuen anai-arrebarik. Eta ume-umetatik zen bizi-bizia; laupabost urte egiterako bazekien amona nola haserrarazi, Mer-txek kontatzen duenez: “Laupabost urterako ikasi zuen albokoa zirikatzen. Gogoan dut Azpeitiko azokatik bueltan etorri nintzenekoa: ailegatu nintzen, eta han zegoen etxean, amonarekin, oinetakoak or-duantxe jantzita. Amonak oinetakoen lokarriak lotu zizkion, baina Angelito ez zegoen konforme, lokarriak gaizki lotuta zituela zioen. Orduan, ni ikusi ninduenean, ‘Mertxe, lotu iezaizkidan botak, amonak ez ditin-eta ondo lotzen’, esan zidan, artean ume mukizu bat zenean. Eta gure ama haserretu egin zen, umeari halakoak entzunda. Alkandoren mangekin ere beste horrenbeste jarduten zuen, bi mangak parean ez zitzaizkiola geratzen-eta, kexuka”. Betiere hikaz hitz egiten zuen guztiekin, amarekin izan ezik.

Egoskorra ere bazen, umetatik gainera. Pixka bat hazten joan zen heinean, eskola orduetatik kanpo etxean lanak egiten hasi behar izan zuen, egurra etxera igotzen-eta. Eta lana egin, beti egiten zuen, baina berak nahi zuenean eta berak nahi zuen moduan, Mertxek dioenez: “Egurra igotzeko kontu horrekin behin baino gehiagotan haserretzen ginen, beti errietan ibiltzen ginen etxean. Egurra igotzeko esan nion behin, eta ‘ezta pentsatu ere, gaur ez dinat igoko’, erantzun zidan. Azken batean, zeu haserretzea zen lortzen zuena, zeure onetik ateratzea. Izan ere, egurra ez zuela igoko esan eta handik gutxira, ezer esan gabe, egurra hartuta azaldu zen etxera, isil-isilik”. Otarrak ere egiten zituzten garai hartan Artaberan, zumitzarekin. Eta horretan lanean jartzeko ere errietan jardun behar izaten zuten: “Arantzazuko fraile bat etortzen zen batzuetan Nuarbera, eta Angelekin errietan ari ginen haietako batean parean tokatu zen. Guk, fraileari, umea Arantzazura eramateko esan genion, Angeli zeharka begiratzen geniola. ‘Ez naun ni berehalakoan fraile joango’, erantzun zigun Angelek”.

Hamahiru urte egin arte, bizitza Nuarben

Hamahiru urte bete arte Nuarben egin zuen bizitza, eskola ere Nuarben bertan zutelako. Neskek eta mutilek bananduta ikasten zuten, eskola banatan. Garai batean neskak eta mutilak elkarrekin ibiltzen ziren, orain Nuarbe Sokatira Taldeak lokala daukan etxean, eliza ondoan. Baina gerora banandu egin zituzten, eta Angelen garaian ere hala zebiltzan neskak eta mutilak, bakoitza bere aldetik. Nesken eskola lehengo eskola zaharra zen, eliza ondokoa; eta mutilena Artabera pare-parean zegoen, Angelen etxe aurrean.

Ikasteko gogo gutxi zuen Angelek, orduan ere beste gauza batzuk zituelako buruan. Umetan indartsua zen, Xixilio Alegria nuarbetarrak gogoratzen duenez: “Ni Angel baino bi urte zaharragoa nintzen, baina orduan eskolan guztiok batera ibiltzen ginen, Nuarben bertan. Eta mutil kozkorretan bizia zen Angel, oso bizia, eta borrokan ere egiten zuen, batarekin eta bestearekin”. Indartsua izanik, borroka gehien-gehienetatik airoso ateratzen zen.

Pilotan sumitorioan egiten zuten garai hartan, Nuarbeko eliza azpian. Eta Angelen genio biziarentzako, Angelen jokatzeko erarentzako, primerakoa zen pilotaleku hura. “Di-da egin behar duk pilotan; edo galdu edo irabazi, baina di-da”, esan ohi zuen Angelek. Eta halaxe egiten zuen hark, Xixiliok gogoratzen duenez: “Orduan pilotan-eta asko ibiltzen ginen Nuarbeko elizapean, sumitorioan. Eta Angel oso ona zen pilotan, bizia eta bizkorra. Indarra ere bazuen, eta tantoa azkar bukatzea gustatzen zitzaion. Gainera, orduan errealeko pilotarekin jokatzen genuen, eskuan minik ematen ez zuten horietakoekin. Eta Angel batere beldurrik gabe sartzen zen ezker airez-eta”.

Xiriako Gurrutxaga ere han ibiltzen zen, Angelek baino lau urte gutxiago zituen arren, helduagoen atzetik. Gerora profesional mailan jokatzera iritsi zen Xiriako, zesta-punta modalitatean, baina hark ere, nuarbetar guztien moduan, hasierak sumitorioan egin zituen: “Angelen ezkerra gogoan dut; oso ezker ona zuen, eta makina bat tanto bukatzen zituen ezker harekin. Beso motza zeukan, baina bizia, eta beldurrik gabe sartzen zen pilotara”.

Oso kirol-zalea zen Otaegi, ikastea baino askoz nahiago zuen kirola egitea. Gainera, denetik gustatzen zitzaion: boxeoa, pilota, futbola..., eta, batik bat, ziklismoa. Gerora, hamahiru urterekin Azpeitiko Institutu Laboralean sartu zenean, fitxa bat bete behar izan zuen Angelek, gainontzeko ikasleek bezala. Fitxa hartan, besteak beste, zer lanbide eta zer afizio zituen gustukoenak galdetu zioten, eta erantzuna hurrengoa izan zen: lanbiderik gustukoena mekaniko, eta afiziorik gustukoena ziklismoa; horixe jarri zuen Angelek Azpeitiko Institutuko fitxa hartan.

Perurenari eta Elortzari irabazi zienekoa

Hala, afizio hari, ziklismoari, nahikoa serio heldu zion hasieran Angelek. Betiere etxeko ume bakarra izanda, aiton-amonen eta osaba-izeben mesedeak nahiko eskura zituen, beste batzuek baino eskurago zituen gauza batzuk. Mertxe Otaegik gogoan du garai hura: “Orduan ziklismoa gora eta ziklismoa behera zebilen jende dena, eta Angelek ere buruan besterik ez zeukan. Eta hori ikusita, Angelen aitonak eta osabak harentzat lasterketetako bizikleta bat erostea erabaki zuten. Andoainen bizi zen urrestildar batek bazuen bizikleta denda bat, eta urrestildar hark Angelen aitona bizikletak ikustera eraman zuen Andoainera; eta ikusi orduko, laster erosi zioten bat Angeli”. Orduan ez zuen jende askok lasterketetako bizikleta; Nuarben, adibidez, beste inork ez. Baina Angelek bai, Angelek bazuen bat. Eta ez zuen alferrikaltzen utzi nahi.

Garai hartan Nuarben ziklisten lasterketak antolatzen zituzten, eta bizikleta erosi orduko haietako batean parte hartu zuen Angelek. Partehartzai-leen artean, besteak beste, Xebastian Elortza azkoitiarra eta Txomin Perurena oiartzuarra zeuden. Lasterketa Azpeititik, Azkoititik eta Matximentatik pasatzen zen, eta Nuarben jarri zuten helmuga. Angelek irabazi zuen proba hura, esprintean; 1966tik 1979ra profesionalen artean txapeldunik handienetakoa izan zen Txomin Perurenaren beraren aurretik sartu zen Nuarbeko ziklista –hala ere, ezin ahaztu Perurena Angel baino ia bi urte gazteagoa zela, 1943ko abenduaren 15ean jaio zelako–. “Angel bizkorra zen, bukatzen oso ona, eta lasterketa hura ere oso ondo bukatu zuen, primeran”, dio Xiriako Gurrutxagak.

Lasterketa haren atzetik, beste batzuk irabazi zituen Otaegik, eta lagunen artean Dufraise ere deitzen zioten batzuek, frantziar ziklista handi haren omenez. Izan ere, lagunak Angelengan sinesten hasiak ziren, aurrera begira ziklismo munduan zerbait egin zezakeela ere uste zuten Nuarbeko lagunek eta senideek. Eta haren aldeko elkarte antzeko bat ere jarri zuten martxan garai batean, Angelen-tzako dirua bildu eta haren gastuei aurre egiteko: jatekoa, bizikleta, bestelako materiala...

Baina txirrindulari bezala ez zuen bide luzea egin Angelek. Segituan, 1955ean, Azpeitiko Institutu Laboralera joan zen ikastera, eta ziklismoaren kontuari ez zion serio-serio heldu. Hori bai, tarteka apustuak-eta egiten zituen, Inazio Beldarrainek go-goratzen duen bezala. Inazio Beldarrain Institutuan ezagutu zuen Angelek, eta behin lasterketa bat jokatu zuten biek, Azpeititik Azkoitira joan-etorria: “Institutan hasi ginenean, jolas-denboran bizikletan ibiltzen ginen, eta normalean beti buelta bera egiten genuen: Institututik abiatzen ginen [orain Sindikatu Zaharra dagoen lekuan zegoen hasiera batean Ins-titutua], Enparan kaleko zubitik tren geltoki aldera jotzen genuen, eta handik berriro Institutu aldera. Angelek, normalean, ez zuen lagunen arteko lasterketa haietan parte hartzen, normalean begira egoten zen. Baina behin erronka bota zidan, eta hogei duro jokatu zizkidan, berak baietz Azkoitiko buelta lehenago egin. Nik onartu egin nion apustua, baina Angelek airean irabazi zidan, oso erraz. Oso azkarra zen bizikletan. Egunero ibili beharra zeukan-eta...”.

Eta hala zen. Angelek eta beste nuarbetarrek –Xixilio eta Martin Alegriak, Xiriako Gurrutxagak...–, egunero ibili beharra zeukaten bizikletan, etxetik Azpeitiko Institutura joateko; joan-etorria, 11 bat kilometro. Orduan hasi zen Angel Otaegi Azpeitiko lagunak egiten, eta gero eta gehiago bizia Azpeitian egiten