Agur gizon puskari (1996-2000)

Takolo asko ibili zen Himalayan –dio Antxon Iturrizak–, baita munduko beste mendi batzuetan ere, baina edozeren gainetik hauxe azpimarratu nuke: ikustekoa zen zenbat maite zituen hemengo mendiak. Normalean, beste mendigoizaleei, zortzimilakoetan egon ostean, Aizkorrira joatea ez zaie askorik interesatzen. Joxeri bai, eta asteburuero zapaltzen zuen hemengo mendiren bat. Joxe azkeneko aldiz 2000ko ekainaren 25ean ikusi nuen, Aiz-korritik bertatik jaisten, eta hemengo edozein mendizale xume bezala goiza pasatzera joana zen hara, eta pentsatu nuen: gizon honek munduan eman dituen bueltak eta oraindik zer aprezio dien hemengo mendiei”.

Etxean zen bakoitzean edozein une aprobetxatzen zuen Joxe Takolok mendira buelta bat emateko. Dudarik gabe, Izarraitzera joaten zen gehien, batik bat Xoxotera eta Erlora, bertan zituelako. Gorbeara ere askotan joaten zen, Anbotora ere joan ohi zen, “baina Azpeititik kanpo gehien Aizkorri-

ra, hara itxuragabe joaten zelako”, dio Benantxio Irureta lagun minak. Eta Aizkorriko anekdota bat dakar gogora: “Yalung Kang’88ko espedizioko prestaketak zirela-eta, behin Aizkorrira joatea erabaki nuen, bakarrik, aspaldian hemen egin duen elurterik handiena egin zuen baten. Autoa hartu eta Legazpiraino heldu nintzen, gehiago ezin zelako joan aurrera. Adunatik barrena joan nintzen Aiz-korrira. Egundoko elur pila zegoen, eta jendea batere ez. Beno, ni bezalako bat bai: Joxe Takolo. Autoz Arantzazuraino kateekin heldu omen zen”.

Mendizale bakoitzak ditu bere ohiturak. Joxek ere bazeuzkan bereak. Batetik, inguruko mendietan arropa zaharrekin eta kaskarrekin ibiltzea. Eta, bestetik, gutxi jatea. Benantxiok dio arropa aldetik “desastrea” zela Joxe, “eta nahiz etxean mendiko arropa onak eduki, inguruko mendietara joaten zenean, eguraldi txarrarekin ere jertse zahar batekin, xira kaskar batekin... ibiltzen zen”. Hori ulergaitza zen Benantxiorentzat.

Takoloren lagunak harekin mendian gosea pa-satutakoak dira. Benantxio bera, esaterako: “Joxe-rekin ibilaldi luzeren bat egiten ari zinela, igual esaten zenion gosea zenuela eta gelditzeko pixka bat, eta hark: ‘Mendira zertara etortzen haiz? Ibiltzera, ezta?’. Izugarria zen. Beti jarduten nuen neure artean ea Joxe ez al zen gosetzen. Motxilatik zerbait hartu eta jateko geratzen baldin zinen, Joxek aurrera segitzen zuen; gero hura harrapatzeko lasterka joan behar...”.

Lagunen gosearen aurrean, Takolok bazeukan formularik haien pattalaldia sendatzeko. “Behin esan nion ezin nuela –oroitzen da Joxe Mari Az-piazu–, ez genuela batere jan, eta indarrik gabe nengoela. Eta Takolok: ‘Egon hadi lasai, oraintxe konponduko diagu arazoa’. Neure poza!, zeozer jango genuela uste nuelako. Ba, ez zidan jatekorik eman, motxila kendu baizik. ‘Goazen!’, Joxek. Eta nik berriro ezin nuela. Hark bere erantzun horietako bat atzera: ‘Aizak, hemen ezin baduk, Alpeetan gutxiago’. Beharko segitu aurrera!”.

Balaitousera sarritan eta bakarrik

Pirinioetan gustuko mendiak zituen Grand Fache, Infierno, Aneto, Perdido edo Vignemale –beste batzuetan Anayeten, Moncayon... ere ibiltzen zen–, baina guztien artetik maiteena, dudarik gabe, hango bosgarren mendirik handiena zuen: Balaitous –Espainian dago, Aragoin, eta 3.146 metro ditu–. Eta ia beti bakarrik joaten zen, jendearen harridurarako, Takolok berak gogoratzen zuenez: “Alde hartara joan eta stopean Gipuzkoako jendea hartu eta ea nongoa naizen galdetzen didatenean eta azpeitiarra naizela erantzuten diedanean, ‘Azpeitian da-goen mendizale mordoarekin eta bakarrik al zaude?’ galdetzen didate, harrituta”.

Bakarrik ibiltzea gustatzen baitzitzaion. “La-gunekin gustura ibiltzen naiz, baina badakit jendeak ez duela nahi mendian ni ibiltzen naizen bezala ibiltzea, eta logikoa da, arrazoia dute. Ni baino azkarrago edozein ibiliko da, baina ni igo gora, jaitsi behera, lo edozein lekutan eta horrela ibiltzen naiz, baldintza txarretan eta denbora laburrean”. Jesus Rezabal Munatxo-k dioenez, gainera, “Joxek aldaparik handiena aukeratzen zuen beti”. Leher eginda bukatzen zuen Takolok, nekatuta, logureak, eta gero arazoak...; behin itzuleran auto istripua eduki zuen, larria izan zitekeena. “Orain urte asko Pirinioetan lagun batzuen erreskatea zela-eta, pare bat egunez lo egin gabe ibili ginen, eta bueltako bidaian, autoan neu gidari nintzela, Iesako urtegiko bihurgune baten lo hartu nuen, bazterra jo eta ia urtegira erori ginen. Lau lagun gindoazen autoan eta, zorionez, ez zen ezer gertatu; zauritutako bakarra. Hori dela-eta, nahiago dut bakarrik joatea mendira. Gainera, etxera etorri behar izaten dut”. Amarena, hain zuzen.

Hauxe zuen bidaia ohikoenetakoa: ostiral eguerdian motxila txikia prestatu, arratsaldeko bostak aldera arte lana egin, autoa hartu eta zuzenean Sallent de Gallego herriraino (Huesca, Aragoi). Lau bat orduko bidaian 270 kilometro egin ondoren Sa-llent de Gallegora iritsi, handik pixka bat gora jo eta La Sarra izeneko urtegiaren bukaeran dagoen txabola baten lo egin –1.500 metrora–, eta Balaitous aldera hurrengo egunean goizean goiz. “Txabola hura zen Takoloren hotela”, esaten du Benantxio Iruretak. “Joxek nahiago izaten zuen horrelako to-kietan edo bazterren baten lo egin aterbeetan-eta baino”.

Hain zuzen, La Sarrako txabolan ezagutu zuen, 1989an, gero bere lagun mina izango zena: Lorenzo Nogues aragoiarra (Borja, Zaragoza) Gaztetxoa zenean Tuterara ikastera joan zenetik, Lorenzok az-peitiar batzuk ezagutzen ditu –Joxe Joakin Azkue, Antton Perez...–, eta urtero Azpeitira etortzen da. Azkueren bitartez egin zuen Takolorekin harrema-na.

“Joxe Joakin Azkuek esan zidan –dio Loren-zok– bazuela mendian oso ondo ibiltzen zen lagun bat, Joxe Urbieta Takolo zela lagun hura, eta harekin gera nintekeela mendira joateko. Gainera, oso gizon jatorra zela. Niri ideia ona iruditu zitzaidan, Borjan ez dagoelako mendiko zaletasun handirik, eta mendira irten beharra nuelako baten batekin”. Geratzeko modua ere oso bitxia izan zen: “Ostiral baten geratu ginen, gaueko hamaiketan, La Sarrako txabolan. Orduan txabola kaskarra zen, bi horma soilik zituen eta bi hormen gainean sabaia, eta euria egiten zuenean barrura sartzen zen. Barrua zikin samarra ere bazegoen, behien kaka-eta egoten ze-lako, baina zerbait garbitu eta hantxe egiten dute batzuek lo. Takolo eta biok telefonoz hitz egin eta 1989ko urriaren 7an txabolan bertan geratzea erabaki genuen. Ni azaldu nintzenerako han zegoen Joxe, ordurako zakuan sartuta, lo. Ukitu nuen eta, ‘zu al zara Joxe?’, galdetu nion. Hark baietz, eta ea ni al nintzen Lorenzo. Baietz. Elkarri ‘gabon’ esan, eta lo egin genuen, goizeko bostetarako jaiki behar genuelako Balaitousera abiatzeko. Hurrengo goizean ezagutu genuen elkar, eta nire itxura mendizale pattala ikusi zuenean, eskularruak oparitu zizkidan, baita soka bat ere”.

Joan-etorrian bederatzi bat orduko bidaia dago txabolatik Balaitousera, eta Joxek makina bat aldiz egina du bide hori. “Nik uste dut bere bizitzan ehun aldiz baino gehiagotan joango zela Joxe Balaitou-sera”, uste du Juan Ignacio Lorentek. Benantxio Iruretaren beraren lehen hiru mila metroko mendia Balaitous izan zen, 1976ko ekainean egina, eta irteerako lagun zuen Joxe Takolo. Gregorio Ariz eta Pili Ganuza nafarrei askotan kontatzen zien Balaitou-seko buelta, “eta seguru Joxek hango harri eta bidezidor guztiak ezagutzen zituela, La Sarratik oso azkar egiten zuelako joan-etorria, ia beti Diagonal deritzon bidetik”, dio Arizek. Ia beti bakarrik, baita adinean aurrera zihoanean ere.

Bakarrik ez bazen ibiltzen, Lorenzo Noguese-kin ez ezik, Joxe Mari Gurrutxaga Kapellaua lagun eta herrikidearekin ibiltzen zen asko, batik bat Euskal Herriko Pirinioetan edo horien inguruan. Biek txabola bat hartua eta atondua zuten Izaba aldean, Zurizako bidegurutzea pasatu eta segituan, eta ondo konpontzen ziren, izaeraz eta afizioz desberdinak izan arren. Joxe beste lagunen batekin ibilaldian zen bitartean, Kapellaua autoan joaten zitzaion mendiaren bestaldera eta Joxe-eta iristerako pronto edukitzen zuen ardoa freskatuta eta jatekoa.

McKinley’98, azken espedizio handia

M1998ko udaberrian egin zuen mendizale azpeitiarrak bere azkeneko irteera handia, McKinley mendira joan baitzen. Alaskan dago eta Ipar Amerikako mendirik altuena da –6.194 metro–. Joxek, bere 56 urterekin, lehen aldia zuen Alaskara joaten zena. Goraino heltzea lortu zuen. Baita beste espediziokideek ere: Jesus Suso Aiestaranek –1976an batera joan ziren Salcantayra–, Benantxio Iruretak, Loren-zo Noguesek eta Manu Oterminek. Takolok esaten zuen Yalung Kangeko gerturatze bidearekin batera McKinleyko irteera izan zela inoiz izan duen “esperientziarik gogorrenetakoa”, baina baita “esperientziarik politena” ere, “berriro joateko modukoa”.

“Hunkigarria” izan baitzen, Benantxiok dioenez. “Batez ere tontorra egin genueneko unea. Batetik, bostok iritsi ginelako. Lorenzok ‘Gora Euskadi’ bat bota zuen, bera espainiarra izan arren. Eta, bestetik, tontorrera iritsi eta Suso Aiestaranek zer aterako eta 1976an Salcantayra eraman zuen ikurrina. Bostok negarrez hasi ginen”. Ohi bezala, Joxek ireki zuen bidea, lege-zaharrean, eta goialdean hotzagatik –30 gradu zero azpitik– eskuetan arazoak pasatu zituen arren, seguru joan zen, azkarregi ez, baina ezta makalegi ere. Ekainaren 14a zen, eta gailurra egiteko han hain harrigarria ez den ordua: goizeko ordubatak, Alaskan garai hartan ez dagoelako ilunperik.

Tontorreko unea ez ezik, espedizio osoa bera izan zen berezia. Himalayan hainbeste aldiz ibili eta gero, Joxe Takolok beste giro bat aurkitu zuen Alas-kan, Benantxiok kontatzen duen bezala: “Hegazkin txiki batek Kahiltna glaziarera eramaten zaitu, 2.200 metrora, eta hegazkinekoei zeuk esaten diezu noiz etorri: hamabost egunera, hemezortzira... Harrezke-ro ez duzu harremanik haiekin, eta handik aurrera elurra besterik ez duzu ikusten. Horregatik jatekoa bezain garrantzitsua da erregaia, edateko elurra hurtu beharra baitago. Bestela, ez dutxatu, ez hortzak garbitu, ezer ez pare bat astean. Bestetik, zaborrik ezin duzu utzi, alde horretatik oso neurri zorrotzak daudelako, eta, hortaz, traste guztiak zeuk eraman behar dituzu. Kontuan hartu hegazkinak uzten zaituen tokitik 30 bat kilometrora dagoela beheko kanpamendua –4.300 metrora dago–, eta trineo edo lera bati tiraka egin behar du bidea norberak. Horretaz gain, hogei bat gradu zero azpitik zaude beti, baita kanpin denda barruan ere. Harri-tzekoa dirudien arren, iglu barruan epelago egiten du, hamabi gradu. Izan ere, kanpinak muntatzeko elurra kendu beharra genuen metro bateko zuloa egiteko, bestela haizeak dendak eramateko arriskua zegoen. Bistan da, beraz, oso esperientzia gogorra izan zela, baina baita polita ere”. Esaten denez, Himalayako 7.500 metroko mendi baten parekoa da McKinley igotzea.

Gerturatze bidea izan zen gogorrena, eta han ere Joxek bere jakituria azaldu zuen, haren espediziokideen mesederako. “Bakoitzak denera 60 bat kilo zeramatzan –dio Lorenzok–, eta bakoitzak norbere trineoa erosoago eta gutxiago mugituz garraiatzeko, trineoaren alde banatan egurra jarri zuen, gerri parera iristen zirenak. Danona lantokian egin zituen tramankuluak. Han zeuden beste mendizale denak –txinatarrak, espainiarrak, italiarrak, korearrak...– harrituta geratu ziren eta inbidiz, haiek trineoak sokekin lotuta zituztelako eta asko mugitzen zitzaizkielako”.

Takolok Nepalen bertako jendea maitatzen bazuen, Alaskan eskimalak maitatzen hasi zen. “Nepaldarrak oso sotilak dira, eta eskimalak ere bai. Arraza hori galdu egingo da eta pena izango da”, esaten zuen.

Alaskako tontorren bidea ere irekia zegoen, beraz, azpeitiarrentzat; Joxe Takolok irekia, hain zuzen.

Emanaldirik ez, mesedez

Euskal Herriko mendietan, Pirinioetan, Alpeetan, Andeetan, Himalayan eta Alaskan makina bat mendietan ibili zen Joxe Takolo, argazki ugari atera zuen, eta argazkiak lagunei erakustea gustatzen zitzaion, baina ez emanaldi publikoak ematea. Itxia baitzen izaera aldetik.

Azkeneko urteetan lagun batzuekin uda partean Oriora joateko dezenteko joera zeukan, eta han, gainera, lagun handi bat bat zeukan: Manuel Lasarte bertsolariaren seme Eusebio. Behin honek mesedez eskatu zion 1991ko Azpeitia-Everest espedizioko diapositibak Orion emateko. “Nik emanaldia? Ez, Eusebio, ez mesedez”, izan zen Joxeren erantzuna. Lasarteren semeak behin eta berriz egin zion, ordea, eskaera, eta azkenean lortu zuen Ta-kolo proiekziora eramatea... baina Benantxiok Iruretak eskaini zuen emanaldia, ez Joxek. “Oriora joan baino pixka bat lehenago deitu zidan Joxek –dio Benantxiok–: ‘Aizak, hiretzat badiat putakeri bat ba: emanaldi bat Orion. Emango al duk?’, erregutu zidan. Nik ez neukan arazorik. Gero mila aldiz eman zizkidan eskerrak”.

Huescako Javierrelatre herriko emanaldia zuen gustukoenetakoa. Lorenzo Nogues lagun minaren bitartez joaten zen hara; aurreneko aldiz 1999an, McKinleytik etorri eta urtebetera. Jakina, orduan ere ez zuen Takolok eskaintzen diapositiba emanaldia. Orain hogei urte, utzitako herri bat zen Javierrelatre, eta Lorenzo Noguesek eta beste batzuek errekuperatu egin zuten. Hori dela-eta, estimazio handia dio-te Lorenzori bertakoek, eta Javierrelatren 80 lagun bizi badira, 78 joaten ziren Takoloren-eta emanaldira. “Isil-isilik egoten zen Joxe, baina oso ondo pasatzen zuen. Benantxiok prestatzen zuen emanaldia. Gero afari txiki bat ematen ziguten, eta gustura. Horrelako ekitaldi xumeak gustatzen zitzaizkion Jo-xeri”, esaten du Lorenzok.

Emanaldirik ez, beraz. Elkarrizketarik ere ez. Bere bizitzan zehar hatzekin konta daitezkeen elkarrizketak eman zituen Takolok. Moztu egiten zen, eta galdera-erantzunean afari-legean egon arren, grabadora basoekin eta zapiekin estali beharra zegoen Joxe erosoago sentitzeko. Hala ere, egunkari edo aldizkari bati ematen zion elkarrizketarik, asko kostatu arren; irratiari edo telebistari ezta pentsatu ere. Antxon Iturriza kazetariak ondo daki hori: “1991n Azpeitia-Everest espedizioan ni neu han izan nintzen, EITBk bidalita. Eta Joxe irratirako inoiz ez nuen zuzenean sartu”. Joan den maiatzaren 14an, euskal mendizale batek –Martin Zabaletak– Everest lehen aldiz igo zuela hogei urte bete zirela-eta, ETB1ek programa berezia antolatu zuen, eta Iturriza bera izan zen –Ramon Olasagasti kazetariarekin batera– programa antolatu zuena. Hala, Joxe Ta-kolori deitzea otu zitzaion, programan hitz egin zezan, azpeitiarra 1980an han izan zelako eta, gainera, Joxe zelako euskaraz zekien bakarrenetakoa. “Hura estuasuna Joxerena! Seguru nago nik hori esan eta hurrengo egunetan ez zuela lasai lo egin. Egun batzuetara deitu nion ez zuela hitz egin beharko esanez, konponduko ginela, eta hark: ‘Hori duk lasaitasuna eta poza dudana orain, Antxon’, esan zidan”. Platoan jendartean egon zen eserita, kameren atzean. Logikoa.

Lagun Onak, ‘beheko kanpamendua’

Amak maiz esaten zion: “Joxe, lo egitera eta jatera baino ez haiz etortzen etxera”. Eta hala zen, mendian edo lanean ez bazegoen, Lagun Onak Mendi Bazkunako egoitzan egoten zelako. “Mendizaletako taberna izan zen Joxeren beheko kanpamendua”, diote haren lagunek. 1973an ireki zuten lokala eta Joxe Takolok ordutik ez zuen hutsik egin, ia-ia egunero joaten zelako hara.

Urteak aurrera joan ahala Joxek ikusten zuen lagunak desagertzen ari zitzaizkiola, gero eta bakarrago geratzen ari zela. Azkenean Inazio Garmendia Xaberri-rekin baino ez zen gelditu eguneroko zitan. “Lehen mendizaletan jende asko elkartzen ginen –dio Xaberrik–, hamar bat lagun, jokoa zela edo beste zeozer zela. Laxaro Mendizabal Xaberri, Joxe Aizpitarte Irujo, Pako Larrańaga Pako Txikiye, Boni Arregi, Bitoriano Zubizarreta, Joxe bera, neu... Egunero etortzen ginen, gauez. Gero jendea hiltzen, edo uzten, edo ezkontzen hasi zen, ordea. Denbora dezentean Laxarok, Bonik, Joxek eta neuk biltzen segitu genion, baina azkenerako Joxe eta biok andregaiak bezala geratu ginen, biok bakarrik egunero mendizaletan”.

Astegunean gauero joaten zen Joxe Lagun Onakeko lokalera. Eta beti ordu berean: bederatzietarako, Xaberri bezala. Bost minutu pasatzen baziren eta Xaberri artean falta bazen –harritzekoa zena–, tabernako atera irten eta “ume txerri hau non zagok?” galdezka hasten zen Joxe, Ińaki Alkorta tabernariak ondo gogoratzen duenez. “Izugarria zen biena: beti bederatzietarako ttak, han azaltzen ziren atean. Eta joan ere beti ordu berean: hamarretan puntuan”. Xaberrik segitzen dio joaten.

Bazuen Takolok beste ohitura bat han. “Egu-nero eskatzen zidan frailea; alegia, beneditin kopa bat –dio Ińaki Alkortak–. Guk Joxerentzat ekartzen genuen beneditin, jadanik apenas edaten baita. Joxek gustukoa zuen, baina hori bai, kopa bat, gehiago ez. ‘Hau fraileek egindakoa duk eta fraileek bazakitek zer den gauza ona’, esaten zuen”.

Ostiraletan ez zen azaltzen, mendira joaten zelako edo bestela herriko lagun batzuekin afaltzera garaje batera. Aste osoan lanean “madarikatzen” egon ostean mendira edo afaltzera joan beharra izaten zuela esaten zuen azkenaldian, “pixka bat li-beratzera”. Mendira Pirinio aldera joaten zen normalean, baina larunbat arratsalderako mendizaletan zen. Zerbezaren bat hartzen zuen, lagunak jokoan ikusi, kale buelta bat egin edo baratzara joan, eta etxera, hurrengo egunean atzera mendira irteteko, Izarraitz aldera batik bat.

Ohitura jakin batzuetako gizona zen Joxe. Eta bakarti samarra. Baina jendearen babesa behar zuena. Azkeneko urteetan nekatuxe zebilen lanean, amaren heriotzarekin –1999an– asko sofritu zuen, eta jendearengandik jasotzen zuen berotasuna Lagun Onaken jasotzen zuen batik bat. Hala, azkeneko hiru bat urtean Benantxio Irureta ere lokalera azaltzen hasi zen, astearteetan, “eta hark pizten zuen Joxe, mendiaz hitz egiten hasten zirenean”, uste du Xaberrik. “Neu ere ohartua nintzen –dio Benantxiok– azkenaldian pattal samar zebilela animo aldetik, eta arraro ere bai pixka bat, mendira lagunartean irtendakoan ondo pasatu arren, hurrena bakarrik joaten zelako. Mendiaz hitz egiten hasten ginenean alaitzen zen”.

Informazio gunea ere bazuen Takolok Lagun Onak, “hemen izaten zirelako harentzat telefono deiak edo oharrak”, dio Ińaki Alkortak. Mendizale gazteekin harreman gune ere bazuen, eta saiatzen zen haiei laguntzen. “Ez dut gazte askorik ezagutzen, baina haiei ez zaie ezer ukatu behar”, esaten zuen, eta bere materiala uzten zien, zela zakua, zirela botak...

Baina nahiz eta urteak eta urteak egin ia beti jende berarekin eta toki berean, ez zuen bere gauza askorik kontatzen. “Joxe mendian soltatzen zen. Harekin oso goian eta denda baten egon behar zenuen bere gauzak jakiteko”, iritzi dio Josu Bereziartuak. Hala ere, gauza ugari barruan eraman zituela ziurtatzen dute Takoloren lagunek.

Baratza “sakratua” afiziorik handiena

Sasoi betean zenean denbora librean ia soilik mendiari atxiki bazitzaion, azkeneko urteetan beste afizio batzuei ere lotu zitzaion. Batez ere, baratzari. Ama Candelariak orain dela hemezortzi urte baratza bat erosi zuen Azpeititik Zestoarako irteeran den mendixka baten, eta hasiera haietan amak, Luis Urbieta osabak eta Joxek berak jarduten zuten lanean soroan. Azkeneko urteetan, baina, Joxek baino ez, ama eta osaba zahartuta zeudela-eta. “Gainera, azkenaldian baratza sakratua zuen”, iritzi dio Xabe-rrik.

Astegunetan normalean lanetik irtendakoan pare bat orduz joaten zen baratzara, eta larunbatetan arratsaldeetan. Era askotako produktuak zituen: txermenak, sagarrak, letxua, baratxuria, tipula, alkatxofak, laranjak, gereziak, marrubiak, mahatsa, tomatea, limoia, azalorea... Barazkiak baino gehiago arbolak zaintzen zituen. “Bere munduan sartzen zen –esaten du Xaberrik–, baina bertako produktu asko eta asko ez zituen beretzat, lagunentzat eta senideentzat baizik. Jakiak ezin enplegatuta ibiltzen zen, eta igual batere abisatu gabe etxeko tinbrea jotzen zizun, zuk atea ireki, eta han ikusten zenuen poltsakada txermen, letxua eta tomaterekin”.

Joxek, bestela, ez zeukan afizio handi jakinik. Irakurri, gehienbat, mendiko kontuak irakurtzen zituen, behin Joxe Miguel Barandiaranen tomoak erosi zizkion arren saltzaile bati, “ezetz ez esatearren”, Xaberrik kontatzen duenez. “Hi, Xaberri, nahi al dituk tomo hauek hiretzat? Nik ez diat denborarik irakurtzeko, motel!”, esan zion gero. Bestetik, Lagun Onakera joan eta telebistan mendiko programaren bat edo politikako albisteren bat ikusten bazuen, segituan hurbilduko zen telebista azpira.

Lagunekin asteburuetan txikiteoan ibiltzea ere gustatzen zitzaion, kuadrilan ibiltzeko betiere, ez bestela –“kale buelta horrek egiten dik min handiena”–, eta lagunak askotan zain izaten zituen kalean edo hurrengo tabernan, “nahiz eta gizon isila izan, oso kunplitua zelako eta kalean ikusten zuen ezagun denekin gelditzen zelako hizketan”, dio Luis Aizpuru Etxahun-ek. Azkenaldian gehiago zebilen lagunekin, espedizio handietan ez zebilelako jada.

Hondartzara ere joaten zen batzuetan, Zu-maiako herrikora, baina bakarrik eta oso goiz, “inork ez ikusteko”. Pilota partiduren batzuk ere ikusten zituen –“Patxi Eugik dik sasoia!”, esaten zuen–, txirrindularitza ere bai –Miguel Indurain zuen gogoko lehen–, eta iloba Julen Etxeberriaren eraginez, lagunen “harridurarako” futbolaz inoiz baino gehiago zekien –inongoa bazen, Athleticekoa zen–, futbolariak lehen bezala kritikatzen jarraitzen zuen arren.

Euskararen aldeko ekitaldietan parte hartzen zuen, zela Kilometroetan, zela Korrikan –lekukoa eman izan zuen–, maite zuelako ama hizkuntza, bere euskara idatziaren maila eskasa izan arren, 1980an Everestetik Juan Mari Olaizola lagunari bidalitako gutunak hitzez hitz erakusten duen bezala: “Kaixo Juan Mari eta hartu artu nian hire carta jatxi nintzanean 2Ş canpamentutik 6550 metro. poz haundi bat hartu nian ire carta ikustia. amendik juandakuan kontatuko dizkiat gauzak. urrengo arte eskerrik asko. Agurra”. Logikoa zen haren euskara idatzia ez izatea ona, bere garaian espainolez baizik ez zuelako hartu eskola.

Musika aldetik, euskalduna maite zuen, eta, gehien, Benito Lertxundi. Dena den, espedizio handietara joaten zenean, bestelako musikarik eramaten zuen. “Black eta Pink Floyd grabatzeko eskatzen zidan abiatu aurretik tabernara, Fideora, etortzen zenean”, kontatzen du Patxi Olaizola tabernariak. “Eta Fideon zen bakoitzean Blacken Wonderful life –Bizitza zoragarria, euskaraz– jartzeko esaten zidan. ‘Hau bai musika!”, esaten zuen”,

Urteroko hitzorduetara hutsik egiten ez zuen horietakoa zen, era berean: zela soldadu lagunen bazkarira, zela garai bateko eskalatzaileen eskolako bazkarira, zela azkoitiarrekin izaten zuen bazkarira... Hitzekoa zen. Euskalduna.

Joxe eta emakumeak

Takolo mutilzahar geratu zen. Bere borondatez baino gehiago bere izaeragatik, lotsatia baitzen oso. Bere bizitzagatik ere bai, lanetik, familiatik eta menditik aparteko mundurik ez zuelako ia. Xaberri lagun minak ulertzen du haren jokabidea, “emaztea hartuz gero, mendia dezente utzi beharko zuela eta bizitzan aldaketa izango zuela uste baitzuen seguruenik”.

Joxe libre sentitzen zen, eta Benantxio Iruretari esana zion: “Alde ederreko askatasuna diagu guk”. Reinhold Messner mendigoizale tiroldarrak gauza bera zioen 1978an, Everest oxigeno artifizialik gabe igo aurretik: “Emazteagatik bereizita nagoenetik, egoera limiteetan ez naiz hain arduratuta sentitzen, askeagoa baizik. Aurrera jarraitzean jartzen dut arreta guztia. Niretzat jada ez dago iragan bat edo etorkizun bat. Bizitza honetan ez dut ezer galtzeko. Baina oraindik existitzen naiz”. Joxek ere ez zuen andrerik, neskalagunik edo umerik, baina, haren lagunen ustez, hartuko zukeen azkeneko urteetan emakume bat gustura, batez ere ama gaixotu eta hil zitzaionetik.

Amak ere gustura ikusiko zukeen semerik zaharrena andre batekin. Ondo daki hori Gregorio Arizek, adibidez: “Nik haren ama ez nuen pertsonalki ezagutu, beti telefonoz hitz egin izan nuelako. Eta deitzen nuenean Joxe ez bazegoen etxean, Joxez galdezka hasten zitzaidan. ‘Neskarik ba al duzue hor harentzat?’, galdetzen zidan, edo ‘non ote dabilkit, ez ote zait beste tokiren batera joan neska batekin, ezta?’, broma artean”. Beste behin Mari Abrego mendizale nafarrak deitu zuen Takolotarren etxera. Joxe ez zegoen eta amak nafarrari: “Zein zara ba?”. Eta Abregok: “Esaiozu Marik deitu duela”. Amaren harridura, Joxegatik galdezka Mari batek deitu zuelako. “Joxe, gero esaten al dik ez haizela neskekin ibiltzen! Mari batek deitu ez dik ba!”, esan zion, Takolok berak kontatua zuenez.

Emakumeak gustukoak zituen Joxek, haren lagunek ederki zekiten hori, baina lotsa ematen zion baten batek adarra jotzen zionean. “Joxek esaten zigun Azpeitian emakume batekin kafea hartzen ikusten bazaituzte, segituan esaten dutela zure andregaia dela, eta jendearen jarrera hori ez zitzaion gustatzen”, dio Pili Ganuza mendizale nafarrak. Gaztea zenean behin izugarrizko lotsa pasatu zuen. Hau da, Pirinioetatik Tolosara berandu iritsi ziren behin, eta hango lagun batzuek tranpa bat prestatu zioten: neska batekin utzi zuten, neskak esango ziolako Joxeri zein ostatutan egin behar zuen lo. Biak bazihoazen ostaturantz eta zeinekin topo egingo eta neskaren gurasoekin. Hauek aurkeztu eta beren etxean lo eginarazi zioten Joxeri. Honen lotsa! Hurrengo egunean goizeko seietarako jaiki zen beste denak esnatzerako, eta Azpeitira azkar.

Azkoitiko hiru neskekin moldatzen zen mundial: Urrategi, Anparo eta Mari Balentziaga ahizpekin –aurreneko biek 27 urte dituzte, Marik 35–. Orain dela dozena bat urte ezagutu zituen, eta harrezkero oso harreman ona eduki zuen. Elkarrekin mendira joaten ziren, azken urteetan hamabostean behin Mariren etxean afaltzeko edo kafe bat hartzeko elkartzen ziren –“Joxeren ekimenez ia beti”, dio Anparok–, Joxe Nepalen joaten zenean beti deitzen zien Katmandutik, Urrategiri eta Anparori lantokira ere sarri deitzen zien –lehendabizi Danonako beste bati deituarazten zion, gero bera jartzeko–, etxeko lanetan laguntzen zien... Mari Balentziagaren ustez, “bere familikoak bezala” tratatzen zituen ahizpa azkoitiarrak Takolok. “Uste dut gurekin eroso egoten zela”, dio Urrategik. “Bere kontu pribatuak ere kontatzen zizkigun. Behin Europako Pikoetara autoan bera gidari zihoala, kontuak kontatu eta kontatu ari zitzaigun, isildu ere egin gabe, eta, ohartu gabe, hartu behar zuen gurutzebidea pasatu egin zuen. Hori bai: gurekin bakarrik zegoela kontatzen zituen bere gauzak; beste bat hurbiltzen bazen, orduan beste Takolo bat zen”, esaten du Anparok.

Eta hala zen, bestela ezkontza kontua-eta aipatzen ziotenean gaia aldatzen zuelako edo gorri-gorri jartzen zelako. “Ni gaztetan ez nintzen erromerietara joaten, mendira baizik. Bestela honezkero ezkonduta nengokeen”, esaten zuen Takolok.

Ezkontza eskatu zion behin neska batek Pi-koetan. Andoni Unanue Lagun Onak Mendi Baz-kunako batzordekideak kontatzen duenez, behin Bulnesetik Sotresera (Asturias, Espainia) bidean oinez zihoazela, mendialdean goian txabola baten bizi zen emakume batek irten zion bidera Takolori, eta berekin ezkondu nahi al zuen galdetu zion Joxeri, “bable hizkuntzan galdetu ere. Joxek dena ulertu zion, nonbait, eta hori da abiada eman zuena!”.

Joxe ezkondua zegoen, Ińaki Alkorta tabernariak ondo dioen bezala, “mendia zuelako andrea”.

Amaren heriotzaren kolpea

Mendia ez ezik, ama zuen bere bizitzako beste emakumea. “Oso ama-zuloa zen”, dio Xaberrik. Ama Candelaria 1999ko uztailaren 4an hil zitzaion, aita hil eta 43 urtera, eta inoiz baino tristeago sentitu zen Joxe orduan. Ama kalean eta bera baserrian bizi izan ziren urte batzuk kenduta, beti amaren babesean egon izan zen. Hil zen arte. “Egundoko konpromisoa zuen amarekin, eta hori geuk ere igartzen genion”, esaten du Pili Ganuza nafarrak.

1999ko hartan “ia izugarria” gertatu zitzaion Joxeri, Benantxio Iruretak dioenez, “gurekin baitzen joatekoa Muztagh Ata mendira –Txinan dago, Tibeten, eta 7.546 metro ditu–. Espedizioko dirua eta dena jarria zeukan, baina ama oso gaixorik zuen jada, eta abiatu baino astebete lehenago esan zigun pena hartzen zuela baina ez zihoala gurekin. Es-kerrak! Izan ere, Ariz, Ganuza eta konpainia han geundela hil baitzen Joxeren ama. Gurekin etorri izan balitz ez lioke bere buruari barkatuko amaren heriotzan haren ondoan ez egotea”.

Bi urte lehenago Luis Urbieta osaba maitea hil zitzaion. Gero ama. Haren lagunek diote inoiz ikusi izan zuten Joxerik tristeena eta bakartiena ikusi zutela orduan.

Takolok hori aurreikusten zuen, nonbait, ama hil baino zerbait lehenago 1972tik Azpeitian bertan Etxe-Alai auzoan zeukan pisua saldu –inoiz ez zen han bizi izan– eta arreba Juanitaren etxebizitzaren ondoan erosi zuelako pisua, Garmendi auzoan, behebarru berean eta lehen solairu berean; bertatik bertara, beraz. Gustura zegoen etxe berrian, sukaldetik Xoxote ikusten zuelako eta bere gelatik Ernio; “hori zorte handia da!”. Amari ezer esan gabe erosi zuen, amagatik ere erosi zuen arren, etxe berria denentzat erosoagoa zelakoan. Behin etxe berria erosita, Enparan kaleko etxea utzi eta ama hara eramatea nahi zuen Joxek, baina Candelariak ez zuen joaterik nahi izan.

Ukituta utzi zuen amaren heriotzak Joxe. “Ama hil eta handik gutxira ikusi nuen Takolo, eta pare bat orduz egon ginen hizketan. ‘Nik ez zaukaat Ga-bonak aurten hemen pasatzerik. Pentsatuko duk ba nire barruan dagoen tristura handia dela eta hemen gelditzen banaiz bertan akabatuko naizela’, bota zidan. Bihotza gehiegi bigunduta zuela igarri nion”, dio Joxe Mari Azpiazuk.

Hala, 1999ko Gabonetan Aconcaguara joan zen, Everest’80 espedizioko bi lagunekin: Juan Ignacio Lorenterekin eta Xabier Errorekin. “Joxek hara nindoala jakin zuenean –dio Lorentek–, zera erregutu zidan: ‘Juan Ignacio, zu Aconcaguara baldin bazoaz, ni zurekin noa, bai?’. Han joan ginen eta baita Joxek ondo igo ere, bere 58 urteekin”.

Orduan ere lagunei laguntzen aritu zen, Lo-rente ezinean zebilenean itxaron egingo ziola, motxila hartuko ziola, zerbait emango ziola eta abar esan zizkiolako. Erro mendiko gidari ere lagundu zion kanpamendu bat jartzen, berak atsedena hartu beharrean.

Besteei laguntzeko prest beti Joxe. Aconca-guako irteera hartan bezala; hau da, bere azken irtetera dezentekoan. 2000ko urtarrilean itzuli zen Argentinatik etxera, pozik egindakoagatik, baina etxean ama falta. Hutsunea.

Lanetik erretiratzeko irrikitan

Jubilazioa hartzeko gogoa zeukan jada Joxek. 58 urte zituen eta, beraz, 44 urte zeramatzan lanean, hamalau urterekin Aranburu Hermanosen hasi zenetik, amak lana aurkituta. Urte gehien Danona lantokian eman zituen. Bi aro egin zituen Azpeititik Zestoara bidean dagoen kooperatiban, mekaniko lanean. Aurretik batik bat Aranburun, Lafayeten eta Egigurenen ibili ostean, 1974ko urrian hasi zen Danonan lehendabiziko aldiz, baina hurrengo urteko apirilean utzi egin zuen, Azkoitira Arumera joateko. 1978ko martxoan hasi zen berriro Danonan, eta hantxe jardun zuen hil zen arte.

Oso hilabete gutxi geratzen zitzaizkion erretiroa hartzeko, 60 urterekin aurre-jubilazioa hartzea pentsatzen baitzuen. “Joxe, har ezak lehenbailehen erretiroa. Orain behintzat mendian ibiltzeko gauza haiz; lanean denbora gehiago pasatzen baduk, zeinek jakin erretiratutakoan nola egongo haizen...”, esaten zion Andoni Unanue lankideak eta Lagun Onakeko kideak.

Nahiz eta azkenaldian bere errealdiak pasatu, oro har kontent zebilen Danonan. Xabier Alvarezek ia mende laurdena egin zuen Joxerekin batera lanean Danonan –urteetan Joxeren departamenduko arduradun izan zen– eta haren ustez, Takolo “mugimendu kooperatibistarekin identifikatu egiten zen. Hark beti maite izan zituen aberria eta askatasuna, eta kooperatiban horren alde lan egiten zuela sentitzen zuen”.

Bestetik, gainera, espedizioetara joateko baimenak lortzeko erraztasunak eduki izan zituen. Ordutegi malgu samarra zeukan, eta, beraz, laneko orduak pilatu egiten zituen, gero uda partean oporraldi luzeagoak hartzeko. “Hori bai, kanpora joan aurretik makinak goitik behera aztertzen zituen, guk arazoak izan ez genitzan”, dio Alvarezek. “Hain zen langile fina, azkenerako geu ere nolabait identifikatu egiten ginela haren espedizioekin, eta ‘Joxe, joan hadi, baina itzuli ere bai’, esaten genion”. Joxek esaten zuenez, “merezi” zuen asteburuetan edota festatan lanean sakrifikatzea gero mendira joateagatik, berak aitortzen baitzuen: mendira joateko egiten zuen lan. “Jendea aurrezki kutxara etxe berrirako dirua eskatzera joaten da; ni, berriz, mendira joateko”, esaten zuen.

Azkenaldian ari zen ikusten lanera joan gabe irten zezakeela mendira; alegia, jubilazioa hartuta. Gainera, fisikoki lanaren gogortasuna nabaritzen hasia zen, besteak beste desgasteko lana baitzuen. Belaunetik, adibidez, operatuta zegoen, meniskoko arazoak zirela-eta. Erretiroa hartzeko gogo handia zeukan, eta Xaberri lagunari galdetzen zion ea aguantatuko al zuen 60 urte arte lanean. “Itxurako soldata gera dadila, ez handia, ez txikia, itxurakoa baizik, eta gustura egongo naiz. Zer gehiago behar dut ba nik hemen ibiltzeko?”, esan ohi zuen Takolok. Mendiko auto txiki bat erosteko gogoa zeukan, “pixka bat seguruago ibiltzeko” inguruko edo Pirinioetako mendietan. Hain zuzen, jada mendiok zituen helburu edota ikuspuntuan, “Himalayako abenturak dagoeneko ez ziolako hainbesteko ilusiorik egiten”, Benantxio Iruretak dioenez. “Hil baino bi aste lehenago esan zidan espedizio handi horietatik segituan erretiroa hartu behar zuela”, esaten du Patroie azkoitiarrak.

Azkeneko irteera ere Auńamendira

M1960ko uda. Joxek 18 urte. Haren lehen irteera Pirinioetara. Auńamendira. Patxi Lopetegirekin.

M2000ko uda. Joxek 58 urte. Haren azkeneko irteera Pirinioetara. Irteerako azkeneko mendia ere Auńamendi, abuztuaren 9an. Anaia batekin eta herriko lagun batzuekin. Hil baino hiru egun lehenago soilik.

Kasualitatea.

“Ez dakit zer gertatzen zitzaion –dio Juan Mari Olaizolak–, maiatzerako hasi zitzaidalako abuztuan zer egin behar genuen galdetuz. Ekainean berriro galdetu zidan, ea elkarrekin joango al ginen Pirinioetara. Ezohikoa bazen ere, kuadrilan joatea nahi zuen. Eta Pollero, haren lagun zaharra eramango al genuen esan zidan, nire harridurarako, Pollero ez delako mendian ibiltzen den horietakoa”.

Kuadrilan joan ziren, egun batzuetarako, kanpinean. Batetik, Juan Mari Olaizola bera eta haren familiako batzuk. Bestetik, Joxe bera, Joxe Mari anaia gazteenarekin. Eta, azkenik, egun baterako soilik, Luis Etxahun eta Agustin Aranbarri, guztiek abuztuaren 9an Auńamendi igotzeko asmoz. “Ba al dakik Juan Mari zer akordarazten didan irteera ho-nek? Garai bateko irteera haiek, alde honetara autobusean kuadrilan etortzen ginenekoak”, esan zion Olaizolari Takolok. Eguerdirako guztiak tontorrean zeuden, eta Joxe oso gustura zen, Joxe Mari anaia gazteak goraino igotzea lortu zuelako.

Anaiarekin, Etxahunekin eta Aranbarrirekin Azpeitira itzuli zen, hurrengo egunean –abuztuak 10, osteguna– goizeko zazpietan autobusa hartu eta azken urteetako ohiko bidaia egitera zihoalako zazpi lagunekin batera: Luis Etxahunekin berarekin –azkeneko hiru bat urtean asko zebilen harekin–, Modesto Urbietarekin... Santa-Grazin (Zuberoa), Belaguan, Izaban eta beste toki batzuetan ibiliz egunpasa egin ostean gauez iritsi ziren Azpeitira.

Kolpe handi bat jaso zuten herrira heldutakoan: Inazio Goenaga hil zela jakin zuten. Joxe Takoloren kaleko lehen laguna.

Bi aste lehenago –uztailaren 29an– beste kolpe bat jasota zegoen Joxe: Felix Ińurrategi laguna hil zen Gasherbrum IIan, amildegira erorita. Ez zen Felixen aldeko hileta elizkizunetara joan Aretxa-baletara, “triste eta animorik gabe” zegoela esan zuelako, Benantxio Iruretari telefonoz kontatu zionez. “Egongo nauk hurrena Albertorekin [anaiarekin]”, esan zion Benantxiori.

M2000-08-12: Joxe hil zen eguna

Abuztuak 11. Ostirala. Arratsaldea. Inazio Goe-nagaren aldeko hileta elizkizuna. Han zen Joxe, lagunari azkeneko agurra emateko. Hala ere, ondoren ez zen joan hilerrira, Xaberrik kontatzen duen bezala: “Gogoratzen naiz: euria ari zuen eta parroki bazterrean geuden lagunak. Batzuek zioten gora zihoazela, hilerrira. Joxek, berriz, Lagun Onakera zihoala. Pixka batera mendizaletan geunden, eta iluntzean berriro bertan elkartzekotan gelditu ginen. Baina Joxe ez zen azaldu. Ostirala zen, eta pentsatu nuen ostiraletako garajeko afarira joana izango zela, ez mendira. Baina jakin nuen hara ere ez zela joan. Orduan pentsatu nuen larunbat goizean mendi irteeraren bat izango zuela eta nahiago izango zuela atsedena hartzea”.

Joxe gaueko bederatziak laurden gutxian sartu zen bere etxean, Julian Lapeira Toalle-ren arreba Presen-ek ikusi baitzuen sartzen. Afari pasada bat egin, eta ondoren horixe irteera eta horixe atsedena: ohera sartu eta bertan hil zen, bihotzekoak jota, larunbat goizaldean. 58 urterekin (59 egingo zituen azaroaren 3an). Iloba Isabel Etxeberriak eta honen senar Luis Azpiazuk aurkitu zuten ohean hilda.

Auńamendikoarena eta Inazio Goenagarena kasualitate handiak izan baziren, Dersu Uzalarena ere halakoxea izan zen. Joxek oso gogokoa zuen orain dela mende bat Txina eta Siberia arteko mugako oihan baten bizi zen ehiztari haren istorioa, eta oso gogokoak zituen Dersu Uzalari buruz atera ziren liburuak, etxean apal baten ondo gordeta zituelako eta hura izaten zuelako hizpide. Mendia maite zuen Dersu Uzalak; Joxek ere bai. Txikia eta indartsua zen Dersu Uzala; Joxe ere bai. Gizon apala, lotsatia eta lagunen laguna zen Dersu Uzala; Joxe ere bai. Ez zuen esaten ikusten zuen guztia Dersu Uzalak; Joxek ere ez. Beti labana batekin ibiltzen zen Dersu Uzala; Joxe ere bai mendian zenean. Kanpoan lo egitea gustatzen zitzaion Dersu Uzalari; Joxeri ere bai mendian ahal zuenean. Bakarrik bizi zen azkenaldian Dersu Uzala; Joxe ere bai. 58 urterekin hil zen Dersu Uzala; Joxe ere bai. Lo zegoela hil zen Dersu Uzala; Joxe ere bai. Gora begira zegoen hil zenean Dersu Uzala; Joxe ere bai. Mendian zela hil zen Dersu Uzala; Joxe seguruenez mendiarekin ametsetan ari zela.

“Osabak azkenaldian askotan esan zidan hil behar zuenean hil zen bezala hiltzea nahi zuela, edo bestela mendian. Baina kolpe baten, ez luzaroan gaixorik egon eta gero”, dio iloba Isabelek.

Albistea segituan hasi zen zabaltzen Azpeitian eta Euskal Herrian, eta guztiak geratu ziren harrituta: “Niretzat -–dio Gregorio Arizek– egundoko ustekabea izan zen. Gaixorik balego, edo mendian istripuren bat izan balu, sikiera justifikazio bat aurkitzen saiatzen zara. Baina bihotzekoa izanda...”. Lagun Onakeko lokalera kanpotik telefono dei asko izan zirela dio Ińaki Alkortak, “eta inork ez zuen sinesten nola hil zen”.

Hurrengo eguna igandea zen eta astelehenean egin zioten Donostian, Polloen, ohiko autopsia; arratsalderako Azpeitiko tanatorioan zegoen gorputza. Asteartean –abuztuaren 15ean– izan ziren Joxe Takoloren aldeko hileta elizkizunak Azpeitiko parrokian, eguerdiko hamabi eta erdietan. Uda izan arren, mundu bat bildu zen. Antxon Iturriza kazetari beterano donostiarrari grabatuta geratu zitzaion eguerdi hura: “Ni ez naiz azpeitiarra, baina nabaritu nuen, bai, oso gizon maitatua zela Joxe. Herriko gizarte esparru guztietako jendea zegoen, eta hori oso-oso gutxitan lortzen dena da; baina ez Azpeitian soilik, beste herrietan edo hirietan nekez lortzen da. Kasu bakarretakoa da Joxerena”.

Gorputza goizeko bederatzietatik egon zen Lagun Onak Mendi Bazkunan, jendeak Joxe azkeneko aldiz ikus zezan. Gero handik elizaraino Takoloren lagunek eta Lagun Onak elkartekoek eraman zuten hilkutxa bizkarrean, ehun metroko bidean jendeak pasiloa egiten zuela. Han ez zeuden azpeitiarrak soilik; Gipuzkoako eta Euskal Herriko toki askotatik iritsitako jendea zegoen, Espainiatik bakanen batzuk ere bai. Kanpotik etorri zirenen artean jende ezagun asko: Alberto Ińurrategi, Juanito Oiarzabal, Kike de Pablo, Juan Ignacio Lorente, Gregorio Ariz edota Pili Ganuza mendizaleak, Pako Iriondo edota Antxon Bandres mendiko agintariak, Roman Sudupe politikaria, Juanito Zelaia Cegasako enpresaria... Bestelakoak ere bai: Lorenzo Nogues aragoiarra, Errenteriako soldadu-lagunak –Palomo eta Xisto hiletan abesbatzan kantari aritu ziren–, garai bateko eskalada eskolako kideak, Juan Ra-mon Arrue, beste mendizale asko, Patxi Lopetegi... Elizkizunean esan zuen Patxi Aizpitarte apaizak: “Kontrariorik gabeko gizona zen Joxe”. Lagun Onak Mendi Bazkunako Ander Uranga lehendakariak, berriz, elkartearen izenean «mendizaletasunak zor dizuna eskertuz» agurtu zuen Takolo Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian idatzitako iritzi artikuluan.

Eliz atarian aurreskua dantzatu zuten gazte batzuek Takoloren omenez, eta parrokitik hilerrira ere, aldapan gora, bizkarrean eraman zuten hilkutxa. Iraina litzateke Takolo autoan igotzea hilerrira. 13:37an eman zioten lur, 50 bat lagunen eta senitartekoen artean. Zerbait aurretik iloba Julenek hilkutxa gainean zegoen osabaren pioleta hartu zuen.

Xoxotek –Takoloren Xoxotek– ez zuen nahi ikustea lurperatzea, lainoz estalia baitzuen gainaldea. Lanbroa ari zuen. Zerua ere negarrez ari zen.

Joxe Takolok utzitako arrastoa

Azken baten, zer utzi zuen Joxe Takolok, zer izan zen Joxe Takolo?

Iturriza kazetariarentzat, laneko eredua utzi zuen. “Takoloren mendiko irteerek baino arreta handiagoa sortu zidan herri mailan egin zuen lanak. Azpeitian Himalayarekiko dagoen mugimendua ezin da ulertu Takoloren eredua ez balitz izan aurretik. Ate asko zabaldu zituen”.

Era berean, apaltasunaren isla izan zen Iturrizaren ustez. “Kontrariorik gabeko gizontzat jo zuten hileta elizkizunean, eta gogoetarako balio du horrek. Izan ere, apaltasunak ez dauka, gaur egungo gizartean, prestigio sozialik maila baterako. Gi-zarteak ez du baloratzen apaltasunak daukan balorea, eta Takoloren balorea apaltasuna zen. Kanpora begira ez zuen prestigio hori, baina herrian bai, guztiek ezagutzen zutelako. Nik uste dut gaur egun arkeologiaren museoan jarri beharko lituzketela horrelako gizonak; munduan pertsona guztiak horrelakoak balira, askoz hobeto legoke egoera”.

Joxe Mari Azpiazurentzat, berriz, meritu handikoa izan zen Takolok erakutsi izan zuen barruko indarra: “Etxean aita izan zen semerik izan gabe. Kuadrilakoak mendizaleak izan gabe bera kategoriko mendizalea izan zen eta gazteen ispilu. Bizitzan toki askotan izan zen eta jende asko ezagutu zuen, eta ezagun guztiek bera maitatzea lortu zuen. Joxek urguilua handia zuen, baina barruan, ez zuen azaleratzen. Eta helburu bat jartzen zuenean iritsi egiten zen helburura, barne indar handia zuelako. Ez, ez zuen egin zortzimilakorik –altuerak kalte egiten ziolako–, baina zenbat ekimen desberdinetan parte hartu izan zuen? Horri eman behar zaio garrantzia”.

Angel Palomok eta errenteriar beste soldadu lagunek laburbildu zuten Takoloren bizitza, Joxeren heriotza zela-eta komunikabideetan idatzi zuten gutunean: “Zure ametsa bete da: igaro izan zaren lekuetan zure arrastoa utzi duzu”.

Hiru bertso haren omenez

Joxe Takolo hil zen egunean, Xebaxtian Lizaso bertsolari azpeitiarra txirrindularitzako Donostiako Kla-sikoa ari zen jarraitzen autoan, eta, heriotzaren berri izan zuenean, sobre txiki baten honako bertsoa idatzi zuen ahal zuen moduan:

Isil-isilik bizi zinen ta

isilik utzi gaituzu.

Azpeitiako mendizaleen

lagun, gidari ta maisu.

Mutil leiala, bihotz-zabala,

besterentzako beti zu,

ta besteentzat ona zendunak

zeuretzat hutsegin dizu.

Beńat Arrue, Aritz Arrue, Aritz Iturbe Moreno eta Mikel Olaizola Donosti mendizale gazte azpeitiarrak, berriz, Perun, Andeetan zeuden Takolo hil zenean –Jesus Errazurekin eta Ińaki Aiertzarekin batera–, eta, heriotzaren berri izan ostean, ondorengo bertso hau idatzi eta bidali zuten faxez Huaraz herritik, Takolo bera hemezortzi urte lehenago egona zen parajetik:

Gizon ona eta eskuzabala,

beste gutxiren antzera.

Zure aholku eta laguntzaz

goaz gu Huascaranera.

Gazteok ere segiko dugu

gailurrez gailur aurrera.

Eskerrik asko Joxe Takolo,

mendian ikusiko gera.

Andoni Egańa bertsolari zarauztarrak ere aipatu zuen Joxe Takolo, Felix Ińurrategiri abuztuaren 13an –Takolo hil zen hurrengo egunean– Donostian Konstituzio plazan bertso eta txistu doinuz egin zitzaion omenaldian:

Takolo ere joan berri duk,

ez duk erreza jasaten

nola naturak ustegabean

gaitun sarri erasaten.

Saiatu gara bi adiskideei

adio goxo esaten,

euren omenez segiko dugu

mendizaleak izaten.