Himalayako beste une bereziak (1981-1995)

Everesteko espedizioa handia izan zen Joxe Takolorentzat, baina baita ondoren sentitu zuen nolabaiteko bakardadea ere. 1980an landutako ha-rremanei jarraituz, hurrengo urtean atzera Hima-layara joan zen, eta atzera zortzimilako batera, Lhotse Sharrera (8.400 metro), Martin Zabaletare-kin, Kike de Pablorekin eta Xabier Errorekin –ezin izan zuten igo, baldintzak ez zirelako onak; Takolo 7.400eraino heldu zen, eta hura izan omen zen inoiz ezagutu zuen mendirik zailena teknikoki–, baina Lhotse Sharren ondoren hutsunea sentitu zuen. Izaeragatik. “Lotsatia zen oso, moztu egiten zen, ez zuen kasu horietan ekimena hartzen”, dio Joxe Mari Azpiazuk, “eta Juan Ignacio Lorenteren deiaren zain egoten zen orduan”.

Gainera, 1970eko hamarkadan eskalatzen eta mendian Joxerekin ibili ziren Azpeitiko lagunak ere erretiratzen hasiak ziren, arrazoi desberdinengatik: Pako Lertxundi, Azpiazu bera, Juan Mari Segues, Juan Mari Olaizola... Joxe Luis Orbegozo 1976an hil zen. Jesus Errezilek aguantatu zuen gehien, 1982an Takolo eta biak, Errorekin batera, Acon-caguara joan zirelako lehen aldiz; erronka handia zen, Aconcagua delako Andeetako eta Hego Amerikako mendirik handiena –Argentinan dago eta 6.959 metro ditu–. Bidaia hartan Huascaranera ere joan ziren –Andeetan dago, Perun, eta 6.768 metro ditu–. Takolok eta Errok bi mendiak igo zituzten –Errezilek Aconcagua–. Errezilek, ordea, handik itzultzean beste kirol batzuei heldu zien –eskiari, bizikletari, lasterkari...– eta Takolo bakarrik geratu zen. “Joxek mendia maite zuen; mendia, mendia eta mendia. Eta beste guztia denbora alferrikaltzea iruditzen zitzaion”, esaten du Errezilek.

Bakarrik, beraz, Joxe. Beste mendizale azpeitiar batekin topo egin zuen arte: Josu Bereziartua-rekin. “Takolo orduantxe piztu zen berriro, Josurekin irteerak antolatzen hasi zelako. Jadanik ez zuen Lorenteren deiaren zain egon beharrik”, dio Azpia-zuk.

Joxe lehen aldiz Everestera joan aurretik elkar ezagutzen zuten Bereziartuak eta biek, Joxek behin Vignemalera elkarrekin joango zirela esan baitzion, bestearen ezusterako. “Garai hartan gu bezalako gazteentzat Joxe mitoa zen [1960koa da Josu]. Salcantayn izanda zegoen, Everestera zihoan... Jainko txiki bat zen”. Elkarren beharra zuten. “Neu orduan –dio Bereziartuak– Pako San Sebastian, Pello Arenas eta Pepin Carmona herrikideekin ibiltzen nintzen, baina urrutirago jo nahi nuen, eta Joxez baliatu nintzen”. Vignemalera joan zirenean Bereziartuak ez zuen nahi Takolo baino gutxiago izatea, elurretan bidea irekitzen bera hasten zelako. “Ez zidan, ordea, berehala uzten Joxek. ‘Hau nire terrenoa duk! Utzi niri aurretik!’, esaten zidan. 1978 ingurua zen eta hura izan zen bien lehendabiziko hartuemana; momentuko hartuemana, beste bost urtean ia ez zutelako kontaktu zuzenik izan. 1984ko diapositiba emanaldi bat iritsi zen arte.

Annapurna’86: estrategia eza

M1984an Joxe Takolok Himalayan Annapurna aldera egindako trekking bateko diapositiba emanaldia eskaini zuen Lagun Onak Mendi Bazkunan lagun kuadrila baten aurrean. Han zen Josu Bereziartua bera, eta mendi bat gustatu zitzaion: Annapurna II (7.937 metro). “Diapositibak bota eta bota ari zen Joxe, eta ni mendi batekin geratu nintzen: Anna-purna IIarekin. Nik orduan ez nekien sei mila metroko tontorra zen, zazpikoa edo zortzikoa. Haren edertasunak erakarri ninduen eta haraxe joateko gogoa sartu zitzaidan. Horrela hasi ginen berriro harremanetan”.

Javier Maiz Mahatsa, Pako San Sebastian, Jo-xe Takolo, Joxe Mari Azpiazu, Agustin Arenas, Agus-tin Madrazo eta Josu Bereziartua ere joan ziren Annapurna IIra; Bixente Arrue ere han zen. Guztien artetik Takolok zuen esperientziarik handiena, baina ez zekien estrategia antolatzen, “ez zelako estratega”, Bereziartuak dioenez. “Zekiena jarri zuen: material batzuk egin zituen abiatu aurretik –hiltzeak, estakak...–, beste material bat lortu, espediziorako zenbat gauza behar genituen esan zigun, kanpamendu batetik besterako bideak nolakoak diren azaldu, horrelako mendietan nola jartzen diren sokak, nola kanpin dendak... Baina, bestela, mendiari berari buruzko informazioa lortzen gu ibili arren, Bartzelonako Mendiko Informazio Zerbitzu batera deituz, Joxek ez zuelako horretarako balio”.

Joan aurretik nola entrenatu behar ziren ere esan zien gazteei: “Motxila harriz kargatu eta Izarraitz aldera joan, lehertu arte”. Himalayarako ere filosofia bera zuen, baina harako ez zen modurik onena. “Material kontuan –dio Josuk– ondo ibili ginen, baina Joxe estratega ez zela ohartu nintzen. Haren filosofia zen nekatu arte igo behar zela eta behin nekatutakoan jaitsi. Bestetik, espedizio handien formula erabili genuen, eta hori ez da estrategia zuzena goi mendietan. Hala ere, guztiona zen okerra. Gero ohartu nintzen”. 1986an joan ziren, eta ez zuten tontorra egiterik izan; elurte eta haize handia tokatu zitzaien.

Azpiazuk dioenez, bi filosofia aurrez aurre zeuden: Joxe Takoloren filosofia erromantikoa eta Josu Bereziartuaren filosofia modernoagoa. “Josurenak irabazi zuen, ‘irabazi’ hitza erabil badaiteke, Joxek kontra ere ez ziolako egin azken batean. Izan ere, Joxek bazekien baleko mutila zela Josu, ekimena zuela, herrian bazirela beste mutil gazte indartsu batzuk, eta haien esku utzi zuen espedizioen kontua”.

Etorkizuna marrazten hasia zen Takolo, bai baitzekien herriko lagunekin espedizio handiak egiteko aukera izango zuela. Dena den, etxean, isilik. “Guk kalean jakiten genuen Joxe nora zihoan eta nora ez, etxean ez zuelako ezer kontatzen”, oroitzen da Javier Urbieta anaia. “Igual, gainera, mendiari buruz egiten genion galderaren bat, eta gaia aldatzen zuen”. Joxek amari, ordea, beti egia. “Nik amari inoiz ez nion gezurrik esan –zioen Takolok–. Behin, or-dea, abuztuan espedizio baten nindoala ez nekien nola esan, eta amak berak aipatu zidan irratian entzun zuela gazte batzuk zihoazela, eta orduantxe bota nion neu ere tartean nintzela”.

Yalung Kang’88: “Benantxio, ez noak gora”

M1988an antolatu zen Azpeititik hurrengo irteera Himalayara: Yalung Kang-era (8.505 metro), Josu Bereziartua eta Pako Iriarte buru zirela. Joxe Takolo taldean zen. Javier Maiz Mahatsa, Pello Aranburu, Josu Arrieta, Benantxio Irureta eta Rosa Mari Se-gues ere bai.

“Esan bezala, Takolo ez zen estratega bat –dio Bereziartuak–, baina bestela izugarria zen, eta hori ikusi nuen Annapurna IIn. Takolok zeukan umiltasun hura, lanerako gogo hura, goizetan mendira irteterakoan aurpegian nabaritzen zitzaion ilusio hura, guretzat txinparta zen. Gainera, taldeari segurtasuna ematen zion gizona zen, bermea baita adin horretako gizon bat, betidanik mendian ibili den bat taldean izatea”. 1988ko espedizioan 46 urte zituen Joxek.

Orduan, gainera, Benantxiok urriaren 11n ton-torra egin ostean, Takolo bera gailurretik gertu egon zen. Baina ez zen ausartu 7.800 metrora zegoen az-ken kanpamendutik gora egiten. Benantxio Irureta: “Gailurrera iritsi nintzen, ‘orain hemen zer egiten da?’ galdetu nuen neure artean –lehen zortzimilakoa bainuen–, hamar bat minutuz han egon argazki ba-tzuk ateratzen eta beherako bidea hartu nuen. Az-keneko kanpamendura ailegatzeko hamar bat minutu falta zirela Joxe Takolo hurbildu zitzaidan, eta egundoko besarkada eman zidan. Hango kanpin dendan afaldu genuen Puri eta Purba sherpek, Mahatsak eta bostok, eta Joxeri esaten nion animatzeko, abiatzeko hurrengo goizean gora, aukera guztiak zituela tontorra egiteko, zailtasunik ez zegoela, elurra baldintza onetan zegoela eta eguraldi ona iragarria. Saiatzekotan bakarrik joan beharra zuen, baina Joxe hemengo eta Pirinioetako mendietan be-ti bakarrik ibilitakoa zen, gauza aldrebesagoak egindakoa ere bai Pirinioetan, eta, beraz, seguru nengoen saiatuko zela. Hurrengo egunean oso garaiz jaiki zen, goizeko hirurak alderako, trasteak prestatu zi-tuen, baina denbora aurrera zihoan eta ez zen abiatzen... Ni esnatu egin nintzen eta neure artean ‘irten beharko dik ba, irten beharko dik ba’, esaten nuen. Goizeko bostak aldera esaldi bakar batekin sententzia bota zuen: ‘Benantxio, ez noak gora’. Zer esan ez nekiela geratu nintzen. Zakuan sartu zen, lo pixka bat egin genuen, gosaldu gero, traste den-denak hartu eta behera jaitsi ginen, beheko kanpamenduraino, 5.300 metrora”.

Benantxio Iruretak inoiz ez du jakin izan zergatik ez zen Joxe Takolo gora abiatu 1988ko urriaren 12 hartan. “Beheko kanpamendutik bueltan hamar egun pasatu genituen oinez, ni ia beti Joxerekin joan nintzen, baina ez nion galdetu zergatik ez zen gora joan. Joxek ere ez zidan ezer esan”.

Everest’91-92: tristura handia, poz handia

M11 urtean Everestera itzuli gabe egon ostean, Joxe 1990eko hamarkadaren hasieran bi aldiz izan zen munduko mendirik altuenaren besoetan: 1991n Azpeitiko espedizioan eta 1992an Josu Bereziartua-ri laguntza animikoa ematen. Eta 1991n “bizitzako porrotik handiena” izan zuela esaten zuen Takolok, eta 1992an, aldiz, “bizitzako pozik handiena”.

M1991n zergatik “bizitzako porrotik handiena”? Ez zitzaiolako batere gustatu espedizioan egon zen giroa. Orduko espedizioan, Amaia Aranzabal bergararraz eta Benantxio Irureta aizarnatarraz gain –biak ere Azpeitiarekin lotuta–, mendizale azpeitiarrak besterik ez ziren joan –Takoloz eta Bereziartuaz gain, Pello Aranburu, Josu Arrieta, Pedro Aranbarri eta Gurutz Larrańaga–, guztiak, aldez edo moldez, Takoloren itzalpean edo babesean ikasitakoak. Baina haserre itzuli zen handik Joxe. “Begiratu zenbat espediziotan ibili naizen, eta okerren etxekoekin pasatu behar!”.

Antxon Iturriza kazetari donostiarra ere han zen, EITBk bidalita espedizioa gertu-gertutik jarraitzeko, eta hark kontatzen duenez, taldekide batzuen artean izan ziren arazoak, “normaltzat jo beharrekoak ordea, espedizio guztietan gertatzen baitira tirabirak, baina gertatzen da jende asko zegoela orduan espedizio hari begira eta giro ez hain ona puztu egin zela”. Bi multzo bezala egon ziren espedizio hartan, “baina Takolo ez zitzaion inori oldartu, hari ez zi-tzaiolako gustatzen saltsan sartzea. Halakoa zen. Beste izaera bat balu, haien artean zeukan izenarekin eta pisuarekin, asko eragin zezakeen, baina...”. Ororen gainetik, Takolok Josu Bereziartua espedizioburuaren lana “azpimarratu” zuen, “lan handia egin zuelako, bai aurretik, bai han”, esaten zuen Joxek.

Giro hark “pena handia eman zion”, Benantxio Iruretak dioenez, “eta horregatik esan ohi zuen ordukoa izan zuela esperientziarik txarrena eta porrotik handiena”. Ez zuen, beraz, hori esaten espedizioa tontorrik egin gabe itzuli zelako; Josu Bereziartua eta Benantxio 8.760 metrora iritsi ziren behin. Takolo Hego Lepora iritsi zen gehienez –ia 8.000 metrora–.

Iturriza kazetariak esaten duenez, 1980ko espedizioa zela-eta egin zion elkarrizketan bezala ikusi zuen 1991n Takolo beheko kanpamenduan: “Adibidez, behin ikurrina bat josten ikusi nuen eta 1980ko elkarrizketaz gogoratu nintzen, Erloko azkeneko maldan gora begiak itxita joaten zela esan baitzidan eta Everesteko gailurrera iristen ari zela amets egiten zuela. 1991n amets berarekin jarraitzen zuen”.

Everesteko bere lehen espedizioan besoarekin, eztarriarekin eta hankako zain batekin arazoak izan bazituen, bigarrengoan egundoko katarroa harrapatu zuen. Eta zergatik eta zen bezalakoa izateagatik: eskuzabala, bihotz onekoa. “Bittor Zulaika debatar batek –dio Benantxio Iruretak– Luklako aireportu txikitik Pumoriko beheko kanpamendurainoko bidea sei egunetan egin beharrean lautan egin zuen, eta hara iritsi eta buruko odol-isuri sintoma eduki zuen. Everesteko eta Pumoriko beheko kanpamenduen artean oinez ordubete baino ez dago, eta albistea azkar iritsi zen gurera. Takolok jakin zuenean Zulaikak zer zeukan, Pumoriko beheko kanpamendura hurbildu zen. Beste batzuekin Zu-laika ohatila baten hartu eta Periche herrira eraman zuten, altuera galduz osatuko zelakoan. Eta osatu zen. Baina Joxe bera gaixorik itzuli zen gure beheko kanpamendura, katarro handiarekin. Izan ere, Zu-laikaren arazoaren berri jakin zuenean, soinean zeramanarekin joan zen laguntzera, arropa askorekin ez, eta gero Perichen lo egiterakoan ez zeukan ez zaku, ez ezer, eta Joxe zen bezalakoarekin nola eskatuko zuen ba manta bat? Ikaragarrizko katarroa harrapatu zuen, eta, jakina, beheko kanpamenduan, 5.400 metrora, katarro bat ez da sendatzen. Joxek esaten zuen ondo zegoela, baina ez zegoen ondo. Bazkalostean lokuluxka egitera zihoala esaten zuen, baina nik bistarekin segitzen nion eta botaka egitera joaten zen”.

Espedizioko giro kaskarra, bere arazo fisikoak, tontorrik ez gainera... Frustrazioa. Hurrengo urtean bertan kendu zuen arantza, Josu Bereziartuak Eve-resteko gailurra zapaldu zuenean. Aurretik Amaia Aranzabal eta hirurak Cho Oyun egon ziren, baina gero Josu baino ez zen joan Everestera gailurra egiteko asmoz, Cho Oyun Amaia behatzetan izozketak izan zituelako eta Takolok buruko arazo fisikoak. Amaia Euskal Herrira itzuli zen. Takolo ez; Takolo Everesteko beheko kanpamendura joan zen, Josu ordurako mendi hartako Hego Lepoan zegoenean.

Takolo ez zen mugitu behetik, baina “laguntza psikologiko” handia eman ziola aitortzen du Josuk: “Hego Lepoan nengoela izan zuen lehendabiziko harremana Joxerekin, walkie bidez. Hurrengo egunean Hego Lepotik goizeko ordubietan irten nuen eta 8:30ak aldera aurreko urtean iritsi nintzen tokira, Hego Tontorrera –8.760–, iritsi nintzenean, bakardade eta errespetu handia sentitu nuen, bakarrik bainindoan. Joxeri deitu nion eta hark segituan: ‘Jexux, segi aurrera! Segi aurrera! Segi aurrera! Ailegatuko haiz!’. Une hori ez zait sekula ahaztuko”.

Josuk gailurra egitea nahi zuen Takolok, irrikaz zegoen, eta, gainera, goian eguraldi ona zegoela ikusten zuen, lagun mina garaiz zebilela eta tontorreraino segitzeko erregutu zion. “Hura niretzat in-jekzio handia izan zen”, dio Josuk.

Baina Josuk zergatik deitu zioen Joxeri Hego Tontorretik? Arrazoi bategatik: “Hego Tontorraren eta gailurraren artean Hillary pasabidea dago, zortzi-hamar metroko horma da eta ez nekien sokekin zegoen edo ez. Joxeri deitu nion jakiteko ea berak informaziorik ba al zuen Hillaryren egoerari buruz, bost bat egun lehenago Felix eta Alberto Ińurrategi anaiek igo zutelako Everest. Dei haren unean Ińurrategitarrak beheko kanpamendutik jaisten ari ziren, eta Felixek walkie-a irekita zeukan. Deia harrapatu zuen, bai baitzekien ni ahalegina egitekoa nintzela. ‘Hi, Josu, soka bat zagok ipinita’, esan zidan. Orduan gora jo nuen zuzenean”. Gauzak nola diren: gaur Felix eta Takolo, biak hilda daude.

Urriaren 1ean zapaldu zuen Josu Bereziartuak Everesteko gaina, eta asko poztu zen, hark ere aurreko urteko arantza kendu zuelako. Takolo ere kontent zen, bai. “Bizitzako pozik handiena hartu nuen Jexuxek igo zuen unean. Neuk igota baino poz handiagoa hartu nuen”, zioen Joxek.

Cho Oyu’92: ia bertan akabatu zen

M1982an Errezilekin eta Errorekin Aconcaguara joan zenean, Joxe Takolo hil egin zela zabaldu zen Azpeitian, baina akats baten ondorioz zabaldu zen albistea; “doluminak-eta dena eman zizkiguten, eta haiek negarrak egin zituena gure amak...”, dio Juanita Urbieta arrebak. Joxek Argentinan bertan jakin zuen zer gertatzen ari zen herrian, baina ez zion aparteko garrantzirik eman.

Hil, handik hamar urtera hil zen ia, Cho Oyun –8.201 metro–, ia tontorrean zela burua galduta ibili zenean. Hantxe egin zuen Himalayako eskapadarik handiena.

Izan ere, horrenbesteko gosea izaten zuen mendira igotzeko, ez zela askotan kontrolatzen. 1992ko hartan Gregorio Ariz, Pili Ganuza, Joxe Artetxe, Joxe Manuel Gońi, Alfonso Ballano, Javier Bermejo, Juan Beroiz eta Agustin Pagola mendizaleekin joan zen Cho Oyura, Ariz eta Pili senar-emazte nafarrekin zeukan amistadeaz baliatuz –“Joxe hilabete batzuk lehenago ezagutu genuen, Tolosan, baba-jan baten”, dio Pilik–. Takoloren taldeaz gain, bi aste lehenago Josu Bereziartua eta Amaia Aranzabal ere Cho Oyura joanak ziren. Takolok bi haiekin joan nahi zuen, baina laneko arazo batzuengatik atzeratu egin behar izan zuen bidaia.

Cho Oyun guztiak bildu zirenean, ordea –baimen bera zuten–, Takolo Josu eta Amaia lagun handiekin elkartu zen, eta haiekin abiatu gora. Joxek orduan, Josu Bereziartuaren iritziz, hanka sartu zuen: “Beheko kanpamendua Nepalen genuen, Ne-palgo baimena Txinakoa baino merkeagoa zelako, baina mendia Txina aldetik igotzen genuen. Egiten genuena zen Nepalgo beheko kanpamendutik irten, hamabi bat orduko ibilaldi gogor bat egin, Txinara pasatu, eta han jartzen genuen lehen kanpamendua. Joxe-eta iritsi zirenerako Amaiak eta biok ibilaldia hiru aldiz egina genuen. Ba, Joxe iritsi zen eta egokitze fasea pasatu ordez, gurekin bildu eta gurekin hasi zen, biokin ibiltzea eta bizitzea nahi zuelako. Denbora behar zuen, baina... Lehen kanpamendura iritsi zenerako –6.400 metro– jota zegoen, egundoko egurra hartuta”.

Gainera, hankako min handiarekin zebilen Joxe, peronea pitzatuta zuelako, aste batzuk lehenago hanka bat Aizkorrin zulo baten sartu ondoren. “Cho Oyura abiatu aurretik medikuak esan zion ahazteko espedizioaz –dio Juan Mari Olaizola lagun masajistak–, eta igeltsua jarriko ziola. Joxek ezetz, joan beharra zuela Cho Oyura. Nik gero esan nion bitartean lokatza behintzat ipintzeko hankan”. Makina bat sofritu zuen hankarekin Joxek, batik bat hasieran, baina gero arazoa ez zuen hori izan, egokitze fasea ondo egin ez izana baizik.

Takolok hori ordaindu egin zuen erasoa jotzeko unea iritsi zenean. Azken kanpamendutik –7.600 metro– goizean goiz irten ziren Joxe, Josu eta Amaia, han ziren bi katalanekin batera. Abiatu eta ordubetera, aldapa gogor baten, “goazen behera, goazen behera” esanez hasi zen Joxe, eta horrek “harritu” egin zuen Josu. Aurrera segitu zuten, bidea Josuk irekiz beti, eta Joxe atzean geratzen hasia zen. “Gelditzen ginen Joxeren zain, 50 bat metrora zegoelako ia beti, elkartzen ginen, eta berriro gora”, dio Josuk. “Baina gauza batek deitzen zidan arreta: jada oso goian geundela, Joxek 20-25 pauso egiten zituen eta motxilaren gainean jartzen zen, ezinean bezala; pixka bat egon, jaiki eta beste 20-25 pauso egiten zituen. Nekatuta ikusten nuen”.

Irailaren 17a zen eta Josu Bereziartua iritsi zen aurrena gailurrera. Ondoren Amaia eta Collet katalana. Beste katalana behera jaitsia zen ordurako. Joxe Takolo atzerago zegoen, baina jada Josuk-eta ez zuten ikusten. “Gailurra oso laua da, eta goian zaudela ordu erdiko bidea ikusten da, baina Joxe ez zen ageri eta kezkatzen hasi nintzen. Ordu erdia egon ginen goian, haren zain, eta Amaiari esan zion bila nindoala, gertu behar zuelako. Eguerdiko ordubiak ziren ordurako”. Baina Josu hasi zen jaisten, eta jaisten, eta jaisten, eta Joxe falta. Atzera gora igo zen, argazkia atera eta behera abiatu ziren. “Buruan Joxe baino ez nuen”, esaten du Josuk.

Joxe, berriz, burua galduta zebilen, non zebilen aztarrenik gabe, goian, oso goian, ia tontorrean. Baina bidetik aterata. Eta Gregorio Ariz eta Pili Ganuza izututa, Joxe noraezean ikusten zutelako lehen kanpamendutik prismatikoekin. “Guk ez genekien Joxe zenik, arropekin-eta ez delako nabaritzen. Baina bai ikusten genuela mendizale bat noraezean, amildegirantz”, dio Arizek.

Ezustean, ordea, Joxek buelta eman zuen, pixka bat behera egin zuen, bideari heldu eta bere onera etortzen hasi zen. “Burua galduta nengoen –esaten zuen Takolok berak–, baina kontua da hanka-markei heldu niela berriro eta pixka bat behera jaitsi nintzenean, neure artean: ‘Aiba la ostra, ni zer nabil bakarrik hemen?’. Bestaldera pare bat gra-du hartu izan banu, eror nintekeen ez dakit nora, eta agur jauna. Bertan geratu ez nintzenean...”.

Josu Bereziartuak arratsaldeko sei eta erdietan ikusi zuen Takolo, hirugarren kanpamendura iristen ari zirela, 50 metrora, hura ere beheraka. “Joxe bizi zela behintzat esan nuen”, dio Josuk, baina ez zuen ondo aurkitu. “Kanpin dendan sartu eta gauza arraroak esaten hasi zen. ‘Trenak noiz etorri behar du?’, ‘ardiak non daude?’ eta horrrelakoak”.

Takolori altuerak kalte egiten zion, eta orduan buruko odol-isuririk izan ez bazuen ere, gaizki egon zen. Hurrengo egunean askoz hobeto zegoen, buelta ematen hasia zen, eta arazo handirik gabe jaitsi zen beheko kanpamendura.

Orduan ere, ordea, berea egin zuen Joxek: Amaia Aranzabalekin batera Euskal Herrira itzultzeko aukera eduki arren, Cho Oyuko beheko kanpamendua desegin eta Everestekora joan zen oinez bost egunez, bakarrik, Josu Bereziartuaren arrakasta gertutik jarraitzera. Jada “ondo” zegoen eta... Josuk dioena:“Astapotro bat zen”.

Shisha Pangma’95: azken zortzimilakoa

Shisha Pangmako erdiko tontorra –ez nagusia– izan zuen azken zortzimilakoa (8.008 metro), 1995eko udaberrian. Gregorio Arizekin-eta joan zen, ez jada Josu Bereziartuarekin; ez, ordea, Josuk eta Takolok elkarrekin joan nahi ez zutelako. “Hor batetik gertatu zen –dio Josuk– nik Everest igo ondoren, Ińurrategitarrak niri deitzen hasi zirela haiekin joan nedin espedizioetara. Irteeren bultzatzaile nagusiak Ińurrategitarrak ziren, laguntza handiak jasotzen hasiak zirelako dagoeneko, haiek oso talde txikien eta arinen aldekoak ziren gainera, eta nik ezin nien esan Joxe Takolo ere taldean sartzeko. Nik bai nahi, eta Joxe ere gustura etorriko zen, baina biok ezin genuen ezer egin”.

Bestetik, gainera, Amaia Aranzabalekin batera Azpeitia eta Errezil artean baserri bat hartu eta eraberritzen hasi zen 1993 aldera Josu Bereziartua, eta horrek gastua zekarkien. “Beraz, ezin nuen neure poltsikotik dirua jarri Himalayarako. Hala ere, Joxe garai hartan –eta gerora ere bai–, edozein aitzakiaz baliatuz, sarri etortzen zitzaidan Urtzineko tabernara, ‘zer, Jexux, zer moduz habil tabernan-eta?’ galdezka, ondoren, ‘Jexux, joan beharko diagu ba!’ esateko. Baina behin eta berriz esaten nion nik ezin nuela horrela joan, eta, horretaz gain, Joxeri aipatzen nion ni ez nindoala 1991n bezala dirua eskatzen ibiltzera”. Takolok ere nahiago zuen ez ibiltzea dirua eskatzen –“norberak aurreztutako diruarekin joatea da ederrena, hartara, egin duzuna egin duzula, itzuleran inork ez dizu ezer esango”, esaten zuen Joxek–. Beraz, ulertzen zuen Josuren egoera. “Gainera, nik Jexux [hala deitzen zion Josuri] eskertu besterik ez dut egin behar, harengatik ez balitz Himalayako nire ibilbidea 1981ean bukatuko zelako, Lhotse Shar eta gero”.

M1992an Gregorio Arizekin eta Pili Ganuzarekin Cho Oyura joan zenetik, harreman estua egina zuen bikote nafar harekin, eta haiekin joan zen 1995ean Shisha Pangmara; Alfonso Alzugarai, Idoia Nieves, Algontza Nieves, Ińaki Otxoa de Olza, Mikel Otermin, Joxe Artetxe eta Robert Larrandaburu izan zituen beste taldekideak. Inork ez zuen tontorrik egin.

Baina, Arizek esaten duenez, Joxe bere lehen zortzimilakoa lortzetik oso gertu egon zen. “Behin 7.500 metrora iritsi ginen, azkeneko kanpamendura, eta hurrengo egunean ginen erasoa jotzekoak. Gailurra egingo genuela uste nuen. Baina, zoritxarrez, hurrengo egunean eguraldi txarra egin zuen, haize handia, eta ezin izan genuen abiatu ere egin. Buruko mina neukan nik, eta behera jaitsi nintzen. Takolok beste egun bat iraun zuen azkeneko kanpamenduan, gailurra eskura ikusten zuelako, baina haizea ez zen gelditzen eta jaitsi egin zen azkenerako. Espainiar batzuk Takolo jaitsi eta hurrengo egunean igo ziren goraino. Takolori ezinezkoa zitzaion, ordea, beste egun bat egotea 7.500 metrora, hark ere altuerarekin buruan arazoak izan zituelako”.

Tontorrik ez: pena eta erantzule

M1980tik 1995era bitartean zazpi aldiz joan zen Joxe Takolo zortzi mila metrotik gorako mendi batera: Everestera bi aldiz (1980an eta 1991n), Lhotse Sharrera behin (1981ean), Yalung Kangera behin (1988an), Cho Oyura bi aldiz (1990ean eta 1992an) eta Shisha Pangmako erdikora behin (1995ean). Inoiz ez zen tontorreraino iritsi.

Eta pena zeukan. “Zortzi mila metrotik gora ibili izan naiz batzuetan, baina gailurrik ez dut zapaldu. Egia esanda, badut horren pena, baina...”, zioen Joxek. Dena den, oso gutxitan aipatzen zuen hori. Aipatzen zuenean, batik bat Lagun Onak Mendi Bazkunako egoitzan aipatzen zuen, lagunartean zenean, Ińaki Alkorta hango tabernariak dioenez. “Apenas hitz egiten zuen horri buruz, baina hitz egiten zuenean barru-barrutik esaten zuen pena ematen ziola zortzimilako bat inoiz lortu ez izanak. Joxek esaten zuen bera inoiz ondoen 1974an egon zela, Everestera Tximist espedizioa antolatu zenean, eta orduan lortuko zukeela baita zera ere, baina ez ziotela deitu eta...”.

Joxek bazekien berak zortzimilako tontor bat ez egitearen erantzulea zein zen, berak aitortzen zuelako: “Nik tontorrik zapaldu ez badut, neuregatik izan da, ez beste inorengatik”.

Ez zen arrazoi bakarra. Arazo fisikoek zeresana izan zuten –“altuerak kalte handia egiten zion”, dio Pili Ganuzak–, baina baita Joxeren izaerak ere, Inazio Garmendia Xaberri lagunak uste duenez: “Joxeri hiru mundu tokatu zitzaizkion: lana, familia eta mendia. Eta ez zen erabat dedikatu mendira, halako izaera zuelako, familiari eta lanari bere garrantzia ematen zielako, hamabost urterekin jada etxeko gizon bihurtu zelako aita hiltzean. Zenbait mendizale Joxeren kategoriara iritsiko balitz, lana utziko lukete, familiari ez liokete horrenbesteko kasurik egingo eta mendira dedikatuko lirateke. Joxe ez”. Takolok “beste historia bat” bezala definitzen zuen mendigoizale profesionalen jarduera.

Josu Bereziartuaren ustez, Joxe Takolok mendian zela ez zuen bere burua horrenbeste baloratzen: “Tontorreko erasoaren estrategia zehaztu behar zenean, hura isilik egoten zen. Nik gero handiak esaten nizkion, nortasun handiagoa izan behar zuela, botatzeko bere iritzia, baina ez zuen botatzen. Igual besteak erasorako prestatuago ikusten zituelako izango zen”.

Dena den, Joxek berak lagunartean aitortu izan zuen inoiz “erabilita” sentitu zela. Baina ez zuen gaitasunik “erabilita” sentitzen zenean bertan hori esateko. Eta lan egiten zuen, lan asko. “Nik askotan esaten nion ez hartzeko horrenbesteko zama bizkarrean, baina jaramonik ez hark”, dio Pili Ganuzak.

“Jendearekin ondo konpontzea da kontua, eta hori erraza da: pertsona izan behar duzu”. Horixe zen Takolok zioena eta horixe haren filosofia. Eta dena esanda dago.

Nepalen ibiltzea, gozamena

Zortzimilako tontorrik inoiz zapaldu ez arren, harentzat gozamena izan zen horrenbeste urtean Himalayako mendietan ibiltzea eta Nepalgo gizartea ezagutzea. “Nik beti esan izan dut –zioen Joxek– askoz gehiago gozatzen dudala Pirinioetan eta hemengo mendietan, baina Himalayak erakarri egiten nau. Dirua uzten dut, sasoia ere bai, baina etxera itzultzean berriro hara joateko gogoa izaten dut, nahiz eta han nagoenean ‘beno, ez nauk gehiago etorriko’ esan. Horren azalpena askok eskatu izan didate, baina ezinezkoa zait azaltzea”.

Ińaki Alkorta tabernariak dio Takolo espedizio handi batetik etortzen zenean, “lehen bi asteetan arraro samar” egoten zela, “hango altuerak egurra emango balio bezala, baina horrelakoetan bakean utzi behar zen, azkar itzultzen zelako bere onera”. Eta orduan berriro Himalaya hizpide eta helburu.

M1980an inpresio handia eragin zion Katman-duk, han aurkitu zuen pobreziak harritu egin zuelako, baita nepaldarren “sotiltasunak” ere. “Hemen jende askok uste duenaren kontra, lurralde hura oso polita da eta kontu handiz zaindutakoa”, zioen 1980an bertan Joxek. Harrezkero asko maite izan zuen Nepalgo hiriburuan ibiltzea, hango ohitura bat gogoko ez zuen arren: “Hildakoak ibaiaren ertzean erre egiten dituzte. Neuk ez dut inoiz ikusi, baina pentsatzea bera ez da ederra”

Menditik bueltan zirenean, etxera itzuli aurreko Katmanduko sei bat egunak ondo aprobetxatzen zituen. Espedizioan Benantxio Irureta tokatzen zitzaionean, batik bat harekin ibiltzen hirian. Goizeko zazpietarako jaiki, dutxatu, hoteleko prezioaren barruan sartzen zen gosari amerikarra egin –pińa zukua, arrautza parea edo tortilla, tostadak, eta kafe mordo bat–, eta kale buelta egitera. Katmandutarrak oso goiztiarrak dira eta Takolori hango giroa goizean goizetik bizitzea gustatzen zitzaion: eguneroko azoka ikusi, arreta handia eskaini produktuei eta zerbait erosi –dozena platano askotan–, gozotegi baten pastelen bat ere erosi –azkenaldian gozozalea zen Joxe–, eta dena kalean jan. Goiz partea halaxe pasatzea zuen gustukoa.

Opariren bat erosteko beta ere hartzen zuen tarteka. 1988an, Yalung Kangetik bueltan, iloba Isabel Etxeberriaren alaba jaioberriari –Alazne Azpiazuri– kolore berdeko soineko bat ekarri zion; ez zion berak erosi, ordea, Benantxio Iruretak baizik. “Joxe Katmanduko puntan ere lotsatu egiten zen”, dio Benantxiok.

Joxek ez zuen nahi izaten hotelean edo itxura dotore antzeko jatetxe baten bazkaltzerik eta afaltzerik. Nahiago zuen turisten eremutik kanpoko taberna kaskarren baten jatea; eta arroza jaten zuen plazer handiz, beste jaki asko “pikanteegia” delako han. Kafea hartzera, berriz, Zimbali izeneko taberna zuen gogoko; zentro aldean dago, lehen pisu baten, erdipurdikoa eta txikia da, baina “oso kafe ona” ematen dutela eta haraxe joan behar.

M1995ean hartu zuen azkeneko kafe katmandutarra.