Everest, Takoloren mendia (1976-1980)

Euskal mendizaletasunaren gailurrik ospetsuena 1980ko maiatzaren 14koa da, Martin Zabaleta hernaniarra munduko mendirik altuenera iritsi zenean, Pasang Temba sherparekin batera: Everestera –Nepalen dago eta 8.848 metro dauzka–. Joxe Takolo espedizio hartako kidea izan zen.

Euskal mendizaleak Everestera lehen aldiz 1974an joan ziren, Tximist espedizioan, baina esan daiteke 1969an eman zituztela lehendabiziko urratsak. 1967an euskal espedizio bat Perun Andeetan izan zen eta handik etorri ostean, berriro nonbaitera joan behar zutela-eta, 1969ko uztaileko arratsalde batez Juan Ignacio Lorente, Angel Rosen eta Juan Carlos Fernandez mendigoizaleak Gasteizko Dato kalean zihoazela, haietako batek “eta zergatik ez euskal espedizio bat Everestera?”, galdera bota zuen. Itauna ez zen lurrera erori, gogoan hartu eta lanean hasi baitziren. Diru laguntza behar zuten, ordea, eta Arabako Cegasa enpresara joan ziren proiektua azaltzera, Lorente bera hango nagusi Juanito Zelaiaren iloba batekin ezkonduta zegoela-eta. Zelaiak erdi txantxetan hartu zuen mendizaleen asmoa: “Baina zuek benetan uste al duzue Everest igotzeko gai zaretela?”. Lorentek baietz, eta halaxe sortu zen 1974ko Tximist-Everest espedizioa.

Baita nolabait 1980koa ere, Takolo joan zeneko hura, 1974tik bueltan zetozela hasi zirelako berriro itzultzeko baimen bila. 1974koak, gainera, Azpeitiko Kiruri jatetxean egindako bazkari komertzial bati es-ker irten zuen aurrera, Juan Mari Alkorta azpeitiarrak kontatzen duenez: “Nik orduan Cegasan egiten nuen lan, komertzial arduradun bezala, eta Lorentek proiektua aurkeztu zuenean, Donostiako publizitate agentzia bateko zuzendari Juan Ramon Esnaola-rekin bazkaria egin nuen Kirurinekoan, espedizioa Cegasarentzat ekonomikoki eta marketing aldetik interesgarria al zen jakiteko. Baietz esan zidan, eta espedizioa diruz laguntzea erabaki genuen. Horre-gatik atera zen 1974ko espedizioa, eta, bide batez, baita 1980koa ere, 1974an bertan sortu baitzen be-rriro Everestera joateko asmoa”.

M1974koan ez zen Joxe Takolo joan, artean ez zituelako Lorente-eta askorik ezagutzen. Takolo, ha-la ere, gustura geratu zen, bere izena aipatu zelako orduan: “Deituko zidaten itxaropena izan nuen. De-na den, badakit nitaz gogoratu zirela eta ni oso gustura geratu nintzen”. Ama Candelariak pena handiagoa hartu omen zuen. 1974an Everestera, Lorente, Rosen eta Fernandez ez ezik, Luis Mari Saenz de Olazagoitia, Julio Villar, Frantzisko Lusarreta, Felipe Uriarte, Angel Landa, Angel Lerma, Juan Kortazar, Rodolfo Kirch, Alfonso Alonso, Fernando Larruquert, Ricardo Gallardo, Inazio Domingo Uriarte eta Luis Abalde joan ziren. Tontorra egitetik gertu geratu zi-ren, Rosenek eta Felipe Uriartek maiatzaren 25ean 8.530 metrora iristea lortu baitzuten; monzoiaren hasierak galarazi zien arrakasta –maiatzetik urria bitartean Ozeano Indiarrean sortutako haize bustiaren eraginez, Asia aldean euria latz egiten du eta bost mila metrotik gora elurra ugari–.

Euskal Herrira itzultzean berriro Everestera joateko gogoarekin geratu ziren. Joxe Takolo zain zuten.

Lagun Onak-eko afari haren garrantzia

Garai haietan Nepalgo Gobernuak urtean bi baimen besterik ez zituen ematen Everesterako, eta 1974ko espediziokideek handik itzuli eta elkarrizketak eta negoziaketak izan ostean, 1977an jakin zuten 1982ko udaberrirako eman zietela baimena. Az-kenean, ordea, 1980rako lortu zuten, errusiarren bitartez. Izan ere, 1977ko albistea jakin eta urtebete pasatxora, Espainiako Mendi Federazioko presidentea, Jose Antonio Odriozola, Nazioarteko Alpinismo Elkarteen Batzar baten zenean, errusiar ordezkariek esan zioten beraien espedizioak antolaketa eta diru aldetik zailtasunak zituela 1980an Everestera joateko, 1980an bertan Moskun Olinpiar Jokoak zirelako. Gestio eta negoziaketa batzuen ondoren, errusiarrekin txanda aldatu eta 1980an joateko baimena lortu zuen euskal espedizioak. Antolaketa azkartu behar izan zuten, baina ez zen buruhauste handia hori, 1982ko irteera ondo prestatzen ari zirelako.

M1980an joan edo 1982an joan, 1974ko espedizioaren ondoren Takolok garbi zeukan hurrengoan berak joan beharra zuela. Edozein aukeraz baliatzeko prest zegoen, baita lotsa pasatu behar bazuen ere. Hala, behin Lorente eta Rosen Lagun Onak Mendi Bazkuna egoitza ireki berrira afaltzera gonbidatu zituen, Juan Mari Alkortaren bitartez, Joxek ordurako ezaguna baitzuen Cegasan lan egiten zuen azpeitiar hura. Everesteko lehen espedizioa eta bigarrengoa zirela-eta, Alkortaren bidez Lorente eta Rosen Loiola Herri Irratira etorri ziren larunbat baten. Joxe Takolok egun hartan eguerdian familiako baten ezkontza zeukan, bazkaria Loiolan bertan, Kirurinekoan, eta bazkariaren ondoren mendigoizale haiek Loiolan Alkortarekin batera ikusi zituenean, ez zuen dudarik egin. “Alkortari esan nion Lagun Onakera joango ginela afaltzera, nik ordainduko nuela –zioen Joxek–. Ustarrineko taberna-jatetxetik txuletak eraman eta han afaldu genuen. Ni isil-isilik egon nintzen, lotsatuta, txokoren baten. Baina orduantxe hasi nintzen amistade pixka bat izaten jende harekin. Loiolako erabaki hura izan da inoiz hartu dudan garrantzitsuenetakoa, eta ez dakit nolatan hartu nuen, hain motza izan naiz beti...”. Ezkontzako bazkaritik pixka bat edanda irtengo zuela esaten zuen barrez, “bestela, buruan tiro bat jasotzeko mehatxua izanda ere” ez omen zukeelako pauso hura emango. Gainera, gero Lagun Onak elkarteak ordaindu zuen afaria, “ordurako lokal berria irekitzeak suposatu zuenari buelta ematen hasia baitzegoen”.

“Joxe, Everesteko taldean zaude”

Everestera 1980an joan zen espedizioa ez zuen Cegasak ordaindu, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako erakunde publikoak eta pribatuak diruz laguntzeko prest azaldu zirelako. Baina, hala ere, Cegasak antolaketan lagundu zuen, 1974ko esperientzia baitzeukan. Gainera, Lorente bera izendatu zuten Everesteko bigarren espedizioko buru –Cegasako nagusiaren ilobarekin ezkonduta zegoen–, Rosenek Cegasan egiten zuen lan. Eta Joxe Takoloren bi entxufek ere bai: Alkortak berak eta Juan Ramon Arruek. Azken hau ere Azpeititik ezagutzen zuen, Arrue Azpeitian jaio eta bertan bizi izan zelako lehen bi urteetan, eta gero udan beti joaten zelako aiton-amonei bisita egitera; mendian ere elkarrekin topatuak ziren. “Bileratan Alkorta eta biok hasi ginen Joxeren datuak ematen –dio Arruek–. Izen askok irten zuen mahai gainera, euskal selekzioa egin nahi zelako, baina guk Joxeren aldeko apustua egin genuen”. Pako Iriondo Euskal Fede-razioko orduko lehendakaria ere ibili zen Lorenteri deika Takolo aukera zezaten esanez. Alkortak dioenez, Lorente espedizioburuak mendirako “mutil langileak eta konfiantzakoak” nahi zituen, “eta zein aproposagoa Takolo baino?”.

Halako baten, Rosenekin edo Lorenterekin harremanetan jartzeko esan zion Alkortak Takolori, eta Joxe “urduri” ipini zen. Rosenek etxera telefonoz deitu zion: “Hartu nuen telefonoa eta: ‘Joxe, Everesteko taldean zaude’, esan zidan Rosenek. Aurretik zerbait susmatzen hasita egon arren, zutik geratu nintzen, ezin erreakzionatuta. Zoratzen nengoen, eta Rosen agurtu eta gero telefonoa eskegi gabe utzi nuen”. Une hartan ez zekien zer egiten zuen, “hamalauko kiniela tokatzeak baino gehiago inpresionatu” zuelako taldean zela jakiteak.

M1978a zen. Orduantxe geratu zen Everesteko taldea osatuta. Rosenen deia jaso eta egun batzuetara ezagutu zituen Joxek espediozioko lagunak, Gasteizko taberna baten. “Ez nituen bost hitz egingo. Hura urduritasuna!”.

Lorentez, Rosenez, Arruez eta Takoloz gain, Xabier Erro, Ricardo Gallardo, Emilio Hernando, Kike de Pablo, Luis Mari Saenz de Olazagoitia, Felipe Uriarte eta Martin Zabaleta ziren espedizioko beste kideak; Everestera joan baino zeozer lehenago Javier Garaioa ere sartu zuten taldean, 1979ko maiatzean Daulagiri (8.172 metro) egitean zortzimilako tontor bat lortzen lehen euskal mendizalea bihurtuta. Guztira, beraz, hamabi mendizale ziren, guztiak euskal herritarrak; 1974kotik Lorente, Ro-sen, Gallardo, Olazagoitia eta Felipe Uriarte ziren berriro joango zirenak. Taldeko zaharrena, Lorente –40 urte–. Ondoren, Gallardo eta Takolo –38 urte–. Gazteena, Hernando –25 urte–.

Guztiak –Erro eta Garaioa izan ezik– 1979ko udan Perura, Andeetara joan ziren, Alpamayo (5.947 metro), Kitajarro eta beste mendi batzuk igotzera, elkar hobeto ezagutzeko helburuarekin. Bete zuten xedea. Taldearen aurkezpen ofiziala, berriz, 1980ko otsailaren 8an izan zen, Bilbon, Bilboko Aurrezki Kutxaren lokalean, jende esanguratsuaren aurrean. Erro, De Pablo eta Zabaleta baino ez ziren falta taldekoen artetik: Erro eta De Pablo ordurako Katmandun ziren, eta Zabaletak ezin izan zuen joan Bilbora. Joxe bertan zen, lotsatuta. “Izan ere, niri horrelako ekitaldiak ez zaizkit batere gustatzen”. Baina han egon beharra zuen, zeren eta hamabost milioi pezetako aurrekontuaren zatirik handiena Bilboko Aurrezki Kutxak eta erakunde publikoek jarria zutelako eta arduradunak han zeudelako. Mendizaleek ez zuten beren poltsikotik sosik ipini orduan. Azpeitiko Udalak hamar mila pezeta –guztira Euskal Herriko 24 udalek eman zuten diru laguntza; gehien Getxok, 50.000 pezeta–.

Joan aurreko lana: San Inazio pintatzea

Ostiral bat zen Bilbon aurkezpen publikoa egin zuteneko eguna, eta hurrengo asteartean, otsailaren 12an, irten behar zuten Katmandu aldera. Bitartean, baina, Joxe Takolok izan zuen zereginik: Xoxoten lehen aldiz San Inazioren estatua zuriz pintatzea. Hain justu, abiatu aurreko igandean margotu zuen. “Estatua zementozkoa egin zuten –1956an– eta aurreneko aldiz 1978an pintatu nuen, letxararekin. Baina ez zitzaidan askorik gustatzen zeukan itxura, zementozko kolorea ilun samarra delako. Jendar-tean esaten nuen estatua zuriz pintatu beharra zegoela. Inork ez zidan kasurik egiten, eta inori baimenik eskatu gabe, Everestera joan aurreko igandean Joxe Mari Sudupe Montte lagunari pintura kendu eta zuriz margotu nuen San Inazio”. Ez zen nolanahiko lana hura pintatzea, bost metroko estatua baita, eta hari buruan soka bat pasatu ondoren, “pultsuan” pintatu zuen. Inoiz egurrezko plataforma bat jarrita ere margotu izan zuen. Bere arriskuak eta buruhausteak zituen lanak, baina Everestera abiatu aurretik pintatu beharra omen zuen, “sekula” bueltatuko ez balitz bezala.

Egindakoarekin “oso gustura” geratu zen, “or-dura arte estatuak ez zuelako atentziorik sortzen. Zuriarekin bai, eta jendea ere pozik geratu zen”. Hain zuzen, hamasei urtean –1995a arte– berak pintatu zuen zuriz, baita estatuaren hatzak konpondu ere inoiz. “Urtero ez nintzen aritzen, beharra zegoenean baizik”.

Katmandurekin harrituta eta hunkituta

Bakoitza bere etxetik Madrilera joan –Joxe autobusez joan zen, lehendabizi Donostiatik Gasteizera eta hemendik Madrilera, espediziokide batzuekin batera– eta hegazkinean Madril-Brusela-Teheran-Kat-mandu bidaia egin ostean, otsailaren 14rako Ne-palgo hiriburuan zeuden: Katmandun.

Joxe txundituta geratu zen han aurkitu zuen pobreziaz: “Katmanduk erabat harritu ninduen. Joan aurretik toki hartaz asko irakurri nuen, oso ederra zela, eta, beraz, ez nuen imajinatzen leku pobre eta utzitako bat”. Segituan “hunkitu” zuen bertako jendeak. “Esaten da hango jendearen zoriontasuna po-breziaren atzean ezkutatzen dela. Baina egia esan behar badut, itxuraz behintzat haiek zoriontsu agertzen ziren. Izan ere, txirotasunean jaio izan dira eta ez dute ohiko gauzatatik aparte ia ezer behar”.

Asiako ekialdean dago Nepal, Indiaren eta Tibeten artean –ofizialki Txinan dago Tibet, 1950ean Txinak militarki konkistatu ostean–. 1923tik herrialde independentea da, Erresuma Batuak haren burujabetasuna onartu ostean. 1980an hamabi milioi biztanle zituen –hango etnia ugarien artean, nepaldarrena da nagusiena, %53rekin–, eta herrialde po-brea da, urte hartan biztanleriaren %90 nekazaritzatik –arroza, garia, artoa, azukre-kanabera, sendabelarrak– eta abeltzaintzatik –jakak, ardiak, ahuntzak eta behi-aziendak– bizi zelako, turismoa lehen pausoak ematen hasia zen arren. Joxe Takolok liburuetan Nepalgo mendiak –munduko hamalau zortzi mila metroetako mendietatik zortzi han daude– eta XVI. eta XVIII. mendeetan Katmandun egin ziren santutegi budisten eta tenplu brahmandarren artea ikusiko zuen batez ere, ez hango jendearen pobrezia, eta horregatik harritu zen, gizarteko benetako errealitatearekin topo egitean. “Erlijioari izugarrizko garrantzia ematen diote [hinduismoa da nagusi; biztanleriaren %86a], eta tradizioak ondo gordetzen dituzte, haien artean tenplo zoragarriak oso ondo zainduz. Baina egundoko kontrastea dago Katman-duko artearen edertasunaren eta hango herritarren inkulturaren artean, biztanleen %62a analfabetoa baita”.

‘Mister Takolo’ deitu zion sherpa

Katmandura iritsi, eta Everest’80 espedizioko kide bakoitzak bazekien zer lan egin behar zuen: Lorent-ek espedizioburu lana, Garaioak medikuntza arloa hartua zuen, Felipe Uriartek elikadurarena, Rosenek materialarena, Arruek antolaketa administratiboarena... Joxe Takolori Arrueri laguntzea tokatu zitzaion. Eta gustura, ez Joxe bera administrazio kontuetan iaioa zelako, baizik eta lagun batekin ariko zelako lehen aste haietan lanean.

“Garai hartan horrelako espedizioak jende eta material aldetik astunak ziren –dio Arruek– eta, Joxe ez ezik, beste pare bat ere ibili ziren niri laguntzen. Esate baterako, lanetako bat hasieran zama-eramaileei eta gero sherpei dirua ordaintzea zen”. Katmandutik multzoan txandaka Luklara hegazkinean joan ondoren, 170 zama-eramaile erabili zituzten handik oinez beheko kanpamenduraino materiala eramateko –hamahiru tona guztira–, eta kiloko hogei errupia nepaldar –hango dirua– ordaintzen zioten eramaile bakoitzari; hau da, garai hartako 120 pezeta. Beheko kanpamendutik aurrera, berriz, 42 sherpa eta haien buru egiten zuen Pemba Tsering sirdarra kontratatu zituzten; bakoitzak gainean hamabost bat kiloko materiala eramaten zuen, eta eguneko 30 eta 35 errupia nepaldarren artean irabazten zuten –180 eta 210 pezeten artean–, zortzi mila metrotik gora lan egin zutenek gehiago irabazi bazuten ere.

Nepalgo kondaira zahar batek dioenez, Tibe-teko mesetan artzain bat bere artaldearekin zegoela, ardi batzuk galdu egin zitzaizkion eta haien bila ari zela tontor batera iritsi zen. Tontorrera heldu eta Nepalgo bailara berde handiak ikusi eta txundituta geratu zen. Orduan hasi omen ziren sherpak Kum-buko lur haietara bizitzera joaten, eta harrezkero han bizi omen da sherpen familia edo herria. Shar-ek Ekialdea esan nahi du eta Pa-k herria; Ekialdeko herria, beraz. Takolo-eta Everestera joan zirenean zazpi mila sherpa bizi zirela kalkulatzen zen, haietako gehienak Everesteko mendialdean bizi ziren, 2.500 eta 4.000 metroen artean, herri txikietan sakabanatuta.

Takolok “Himalayako benetako txapelduntzat” jotzen zituen sherpak. Bikainak baitira mendiko lanean. Haien odolean ohi baino globulu gorri gehiago dago, eta, gainera, han komunikazio tresnak edo bideak oso eskasak izan direnez beti, oinez ibilaldi luzeak eta gogorrak egiten ohituta dagoen jendea da. Espedizioen ohiko laguntzaileak dira, beraz, sherpak. Lan egiten dutenez, ordaindu egin behar. 1980ko espedizioan Joxe Takolo ibiltzen zen motxilatik zaku militarra atera, hortik dirua atera eta sherpei-eta soldata ordaintzen. Everesteko beheko kanpamenduan Arruerekin batera egon zen kanpin dendan Joxe, eta denda hari “banketxea” deitzen zioten, han zegoelako dirua; badaezpada, gainera, espedizioko denden erdian zegoen Joxeren eta Arruerena, babestuta.

Ez zuen, baina, Takolok arazorik izan sherpekin, ondo konpontzen zelako, “oso jende noblea edo sotila baita”. 1980an behin, ordea, sherpa batek estuasunean jarri zuen Joxe, zer egin ez zekiela. “Bi anaia sherpa, espedizio baten inoiz parte hartu gabe egon arren, Hego Leporaino hiru aldiz heldu ziren espedizioan zehar –8.000 metrora ia-ia–, eta hasi nintzen haiei soldata ordaintzen eta anaia bat negar baten hasi zen, belauniko jarrita. Eskerrak emanez ari zen, ez zuelako inoiz horrenbeste diru batera ikusi. ‘Aldegin ezak neure aurretik... Ez ezak hori egin nire aurrean, Jainkoagatik!’, jardun nuen neure artean, zer egin ez nekiela. Azkenerako, eskupekoa eta guzti eman nien anaia haiei, baita arropa pixka bat ere”.

Felipe Uriartek esaten zuen “garai baten Afrikara ispilu txikiekin zihoazen eta azkenean urrea ekartzen zuten kolonizatzaileen joko zikin bera” egiten zietela munduaren mendebaldeko mendizaleek sherpei. Kritika bat zen. Kontuak kontu, negarrez hasi zen sherparentzat egun hura ahanztezina izan zela da garbi geratu zena. Joxe Takolo gizon ahanztezina ere bihurtu zen harentzat, hurrengo urtean, azpeitiarra Lhotse Shar mendira joan zenean, Everesteko eta Lhotseko bidean elkar topo egin eta “mister Takolo” deitu ziolako bat-batean. “Han egon ginen taberna kozkor baten tea hartzen”, esaten zuen Joxek. Halakoetan arazoak izaten zituen Takolok, ingelesik ez zekielako eta ia nepaldar guztiek ere ez. Nepalerazko hitz bakan batzuk ikasiak zituen behintzat (namaste-kaixo eta adio, tuche-eskerrik asko, lemu-ona edo ondo, chiya-tea...), ingelesezko beste bakarren batzuk ere bai, eta horrela moldatu behar. Horrela, eta keinuekin. “Ordu erdiz behintzat jardun genuen. Esan zidan gustura joango zela gurekin Lhotse Sharrera, baina esan nion ez genuela dirurik eta ezinezkoa zela. Ondo hartu zuen, asko maite baininduen”.

M1980an Martin Zabaletarekin batera Everes-teko tontorrera igo zen Pasang Temba sherpak ere gogoan eduki izan zuen Joxe Takolo, Azpeitia Everest’91n Temba bera beste espedizio bateko zama garraiatzen ari zela, Joxe ikusi eta bera besarkatzera joan zelako, zama utzita. “Ikaragarrizko eskuak” zituen sherpatzat jotzen zuen Joxek Pasang Temba. 1981ean Azpeitira etorri zen Temba bera, 1980ko sirdarrarekin batera. “Zuei Himalayara joatea gustatzen zaizue, guri Euskal Herrira etortzea”, esan zuten nepaldarrek.

Everest estreinakotz ikustearen emozioa

Otsailaren 24an eta 29an eta martxoaren 3an Katmandutik Luklara –2.804 metro– hegazkin txiki baten ordubeteko bidaia egin ostean –Takolok otsailaren 29an–, txandaka hasi ziren beheko kanpamendurainoko –5.450 metro– gerturatze bide luzea egiten, astebete pasatxokoa oro har. Astuna zen bidea. Takolori bost axola. Gainera, martxoaren 6an, sherpen herri nagusi Namche Bazar-era iritsi zenean –3.440 metro– Joxek bizian aurreneko aldiz bere begiekin Everest ikusi zuen. Ez zuen une hura sekula ahaztu. “Emozionatu egin ninduen Everesteko arista ikusteak. Lehen aldia nuen, eta ez dut hitzik une hura nola sentitu nuen azaltzeko. Laino artean zegoen Everest. Ederra ikuskizuna! Eta hura mendi puska! Nik imajinatutakoa baino askoz handiagoa”.

Everest. Edo 1921etik Txomolungma tibetarrentzat –euskaraz, Ama Jainkosa–. Edo 1955etik Sagarmata nepaldarrentzat –Burua zeruan duena–. Baditu beste izen batzuk. 1856tik Everest du izen ofiziala; Georges Everest, 1830tik 1843ra bitartean Indiako Topografia Zerbitzuko zuzendaria izan zenaren abizena hain justu. Izenak izen, mendi mitikoa. Alde hartan esaten dutenez, beste mendiak bukatzen diren tokian hasten da Himalaya mendikatea, han baitaude munduko hamalau zortzi milako metroko tontorrak. Guztien artean handiena, Everest, “txoriek hegan egiten ez duten mendia”, edo 1921eko igoera saioan George Leigh Mallory ingelesak –1924ko saioan hil egin zen– esan zuen bezala, “munduko maletezurretik ateratzen den hortz zuri ikusgarria”. Eta Joxe haren altzoan 1980an. Ametsa egia bihurtua.

Takolok hamabi urte zituenean igo ziren lehendabiziko aldiz mendizale batzuk Everesteko tontorrera; 1953ko maiatzaren 29an, goizeko hamaika eta erdietan, Edmund Hillary zeelandarra eta Ten-tsing Norgary sherpa hain zuzen, biak Erresuma Batuko espedizioko kideak. Eskola handiko injeniaria zen Hillary, eskolarik gabeko gizagajo bat Norgary; biak munduaren gailurrean. Handik bi urtera –1955eko azaroaren 25ean–, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Erresuma Batuko enbaxadarekin harremanetan egon ostean, bere lehendabiziko proiekzio emanaldia eskaini zuen Azpeitian, Soreasu antzokian: Everesten konkista. Hamalau urte zituen Joxek emanaldia izan zenean. Orduan hasi zen Everest gerturatzen Takolorengana, edo alderantziz.

M1980an egin zuten topo. Eta Joxek “hitzik ez” zuen unea deskribatzeko. Gogoa bai gehiago hurbiltzeko eta mendia bera musukatzeko. Igotzeko ere bai? “Gehiegi” litzateke, baina Joxek badaezpada motxilan ondo gordeta zeraman amak propio egin zion ikurrina txikia.

Julian ‘Toalle’-rekin akordatu zenekoa

Martxoak 7. Gerturatze bideko seigarren eguna, Takolok lehen lesioa izan zuen eguna. “Akabo?”, pentsatu zuen. Izan ere, Namche Bazarretik irten eta berehala, Poliziaren egoitzara erregistratzera zihoala, aldapan baten irristatu eta erori egin zen, ezkerreko besoan min hartuz. “Munduko gizonik zo-ritxarrenekoena sentitu nintzen eroritakoan, uste bainuen besoa hautsi nuela eta espediziotik erretiratu beharra izango nuela. Zorionez, ordea, besoa pixka bat aztertzen hasi eta ez neukan hautsita, aterata baizik”.

Julian Lapeira Toalle azpeitiarrarekin akordatu zen Takolo besoa atera zitzaionean. “Toallek behin baino gehiagotan azaldua zidan bost bat urte lehenago Benasquen besoa atera zitzaiola eta medikuak nola sartu zion. Neuri atera zitzaidanean, Toallek azaldu zidana ekarri nuen gogora, eta, zorabiatuta eta bakarrik banengoen ere, besoa sartzea lortu nuen. Harrezkero makina bat esan izan diot Toalleri: ‘Eskerrak hiri behin besoak irten zian’”.

Arruek lagunduta, Tyangboche-ko monasterio ospetsura joan zen Takolo, espediziokide guztiak han baitzeuden, 3.876 metrora. Javier Garaioa me-dikuak begiratu zion mindutako besoa, eta hiru astez besoa lotuta eduki beharko zuela esan zion, “horrenbeste egun beharko direlako, Joxe, zauria orbaintzeko, eta, beraz, orduan jada ez zaizu berriro besoa aterako”. Baina Takolok hirugarren egunerako Garaioari: “Zenbat astez egon beharko dudala, hiru?! Ez dut minik-eta!”.

Joxek ez zeukan gogorik denbora eder hura alferrikaltzeko, eta, besoa lotuta eduki arren, astebeterako hasi zen inguruko tontor batzuk igotzen, Rosen oroitzen den bezala: “Periche herrira iritsi –4.243 metro– eta ondoko mendi batzuk igotzen hasi ginen, gorputza altuerara egokitzen joan zedin. Hernando, Lorente, Olazagoitia eta Garaioa Island Peak-era joan ziren –6.189 metro–. Arrue, beste bat eta neu, berriz, tontor txikiago batera, Awira, eta Joxe Takolo ere gurekin etorri zen. Besoa lotuta, sofritzen, baina etorri”.

Pako Lertxundik arrazoi: mendian Joxek osasunaren aurretik jarri izan du helburua. Eta Joxeren helburua Everesten lana egitea zuen. Martxoaren 15erako beheko kanpamendua dezente muntatua zuten, eta Joxek han atseden pixka bat hartu ostean eta besoa pittin bat zaindu ostean, martxoaren bukaeran goizeko hiruretan jaiki eta Izotz Jauzian lanean hasia zen, horrek esan nahi zuen ahaleginarekin, oso zaila delako 88 metroko desnibela daukan eremu hura. Izan ere, egunetik egunera pare bat metro mugitzen da, eta euskal herritarrak joan aurretik bi hilabete lehenago poloniarrak ibili baziren ere toki hartan, euskal mendizaleek berriro jarri behar izan zituzten zubiak eta sokak, Izotz Jauziak beste itxura bat zuelako eta poloniarren lanak ez zielako balio. Reinhold Messner tiroldarrak berak esana du Izotz Jauzia dela berak inoiz aurkitu duen tokirik zailena. Ez da edozeinen iritzia, Messner izan baitzen munduko hamalau zortzimilakoak igotzen lehena, baita Everest oxigeno artifizialik gabe igotzen aurrena ere. Mina eduki arren, ordea, Takolo jo eta ke aritu zen lanean, eta Uriarterekin, Lorente-rekin eta Olazagoitiarekin martxoaren 26an Izotz Jauziaren azkeneko zatia ireki zuen.

Aurretik beheko kanpamenduan ere lan asko egin zuen, “inork baino gehiago”, orduko espediziokideek aitortzen dutenez. Lorenteren esaldi honek laburbiltzen du nolakoa zen Joxeren izaera: “Han goian zaudela beti saiatzen zara nola edo hola mo-txilan ahalik eta gauza gutxien sartzen, edo beheko kanpamenduan ahalik eta lan gutxien egiten. Gerora begirako mugimenduak dira zureak. Joxerenak ez, hari ez ziolako axola motxila goraino betetzea, edo beheko kanpamenduan lan asko egitea. Nik uste dut hasierako etapa horretan galtzen zuela indar gehien Joxek, besteok nolabait indarrak gordetzen geunden bitartean”.

Guztiak zeuden gustura azpeitiarrarekin, “ez tontotzat hartzen genuelako, ez zelako batere tontoa; oso gizon maitagarria zelako geunden harekin pozik”, dio Rosenek. Errok badu beste definizio bat: “Taldekiderik onena zen”.

M7.360 metrora iritsi zen gehienez

Takolo gehienez hirugarren kanpamendura iritsi zen, 7.360 metrora, maiatzaren 4an. Apirilaren 21ean tontorrerako erasoaren plangintza egin zuten beheko kanpamenduan, eta lehen erasoko multzoko partaideak Garaioa, Rosen, Hernando, Gallardo eta sherpa batzuk izango zirela erabaki zen. Haiek hutseginez gero, erasoa beste multzo batek joko zuela erabaki zen, goialdera haiek baino egun bat beranduago abiatuko zena, eta talde hartan zen Takolo, Errorekin, Olazagoitiarekin, Lorenterekin eta sirdarrarekin batera. Badaezpada hirugarren talde bat ere osatu zen, egun batzuk beranduago aterako zena, eta Zabaletak, Uriartek eta bi sherpek osatu zuten ekipoa.

Takolo-eta hirugarren kanpamendura iritsi ziren egunean Garaioa eta Nin Temba tontorretik 88 me-trora gelditu ziren, Hego Tontorrean –8.760 metro–. Beraz, bigarren ekipoaren unea heldu zen, Tako-loren taldearena. Joxe ez zen gora abiatu, baina. “Ekaitz handia sartu zuen –dio Errok– eta Lorentek hirugarren kanpamenduan eguraldi hobearen zain itxarotea erabaki zuen. Ni goialdera abiatu nintzen sherpekin, baina Joxek izugarrizko laguna zuen Lorente, eta Olazagoitia behera jaitsia zenez, Lorente kanpin dendan bakarrik ez uzteagatik, harekin gelditu zen”. Bigarren arrazoi bat ere bazegoen, eta huraxe zen larriena: hankako min batekin aguantatu, aguantatu eta aguantatu egon ondoren, azkenerako Lorenteri esan zion min zeukala. Lo-rentek –medikua da– zer zeukan aztertu eta berehala bidali zuen Joxe behealdera, hankako zain baten tromboflebitia izateko arriskua zuelako.

Maiatzaren 11tik beheko kanpamenduan egon zen mendizale azpeitiarra. Martin Zabaletak eta Pasang Tembak maiatzaren 14an egin zuten Everesteko tontorra, arratsaldeko hiru eta erdietan, eta Joxe hantxe harrapatu zuen. Beheko kanpamenduan zeuden, era berean, Arrue, Gallardo, Hernando, De Pablo, Rosen eta Olazagoitia. Bigarren kanpamenduan Garaioa zegoen, hirugarrenean Erro eta Uriarte, eta laugarrenean Lorente.

Guztien arrakasta izan zen, bai baitzekiten oihartzun handiko lorpena zela. Everestera igotzen munduko 104. mendizalea zen Zabaleta, eta lehen euskal herritarra. Joxe Takoloren espediziokidea. Hobeto esanda: Joxeren lagun handia, Everestera joan aurretik eskaladako saioetan ezagutzeaz gain, espedizio osoan zehar Joxek gehienbat Zabaleta-rekin berarekin, Arruerekin eta Errorekin tratatu zuelako, azpeitiarrarekin batera hiru haiek baitziren euskaraz zekiten bakarrak.

Omenaldi hunkigarria Azpeitian

Nepal aldera abiatu eta justu lau hilabetera itzuli ziren Euskal Herrira espediziokideak: ekainaren 12an, Sondikako aireportura, arratsaldeko bostak eta hamarrean, De Pablo, Erro eta Garaioa izan ezik, artean Nepalen zirelako materialaren trasladoa tramitatzen. Sondikan bertan hasieran eta Bilboko Kirol Pabilioian gero harrera beroa jaso ondoren –pabilioian lau mila lagun zituzten zain–, irrikaz etorri zen Azpeitira Joxe Takolo. Lagunekin eta senideekin egon nahi zuen, baina mendira ere joan nahi zuen, Juan Mari Olaizolak dioenez: “Everestetik etorri eta hurrengo egunean, ostiralero afaltzen dugun garajean lagun ugarik afaria egin genuen, Joxeren amak propio arkumea prestatuta. Halako baten, Jo-xek niri galdetu zidan ea hurrengo goizean Erlotik buelta egingo al genuen. Han joan ginen. Beherakoan, Urreta baserriko Prontxio osaba zaharra bisitatzera joan zen”. Takolok Everestera joaterako elkarrizketa baten esana zuen handik etorri eta Izarraitzera joango zela, “hemengo mendi txikiei ere garrantzi handia ematen diedalako”. Isila zen, baina hitzekoa.

Everesteko espediziokideek omenaldi ugari jaso zuten etorritakoan: Bilbon, Pasaian, Tolosan, Hernanin... Azpeitian ere bai. Ekainaren 29an. Igan-dea zen. Herriak antolatu zion omenaldia (Udalak, lagunek, Lagun Onak Mendi Bazkunak...). Lagunek hilaren 12an Sondikako aireportuan bertan Azpeitira gonbidatu zituzten Everesteko kideak. Guztien artetik Errok baino ez zuen huts egin, familiako kontu bat baitzeukan 29an. Omenaldia bide batez Arruerentzat ere bazen, jaiotzez azpeitiarra delako.

Goizeko zazpi eta erdietarako hasi zen jardunaldia, txistularien eta txalapartarien dianarekin. Ondoren Xoxotera ibilaldia, eta goizeko hamar eta erdietan herri-meza, San Agustineko elizan. Gero Lagun Onak Mendi Bazkunak espediziokideei harrera egin zien bere egoitzan, eta eguerdian Soreasu antzokian, mahainguruaren ostean, opari-ematea izan zen. Gainezka zegoen Soreasu. Dantzariak izan ziren, kantariak... Une berezia izan zen Joxe Takolorentzat: “La ostra izan zen egun hura! Jen-dea Soreasun!... Lagunek Everesteko taila bat oparitu zidaten, Everest eta Lhotse intxaur-egurrean tailatuta azaltzen zirela, bidea markatuta. Ikusgarria! Dotorea!”. Ia Joxe Aizpitarte Irujo geratu zen, ordea, taila harekin. “Lagunek erabaki genuen –dio Olaizolak– garajean afaltzen biltzen ginenon artetik zaharrenak emango ziola guztion izenean oparia Takolori; Irujok, beraz. Baina igo zen oholtzara eskuan oparia zuela, agurtu zuen Joxe Takolo, bizkarretik heldu zion, eta Irujo han hasi zen jaisten atzera opariarekin; urduritasunarekin, ematea ahaztu...”. Azkenean eman zion, eta Takolok beti maitasun handiz gorde izan du taila hura. Lagun Onakek urrezko plaka txiki bat oparitu zion, eta Azpeitiko Udalak mendizaleei harri handi bana plaka batekin.

Zoratzen joan zen Joxe Kirurira bazkaltzera, baina pena pixka batez ere bai, Lorente lagun minak beraiei Gasteizko Udalak “arratsalde onik ere ez” zielako eman esan ziolako. “‘Joxe, zuri egin dizuten hau apreziatzekoa da’, esan zidan”. Lorenteri oraindik ez zaio ahaztu omenaldien garai hura: “Orduan Jose Angel Cuerda zen gure hiriko alkatea, eta intelektual bat zenez, kirola jende arruntarena zela iruditzen zitzaion. Etorri ginenean ez zigun kasurik egin. Gerora ere ez. Ni orduan mediku oftamologoa nintzen Gasteizen, ospitale probintzialean, eta uztailaren 25ean, Santiago egunez, agintari politikoek ospitala bisitatu zutenean, Everesteko espedizioa batik bat Gasteiztik antolatu zen arren –hangoak ginelako asko–, Cuerdak zer moduz nengoen ere ez zidan galdetu. Azpeitiko omenaldiaz-eta gogoratu nintzen orduan”.

Omenaldiaren egun hura “izugarria” izan zen Takoloren ustez, “eta esan daiteke herriko jendea espedizio haren eraginez hasi zela mendiari dagokionez erabat aldatzen. Jada ez gintuzten gizaki arrarotzat hartzen”.

Berriro itzultzeko gogoz

M1980an Evestera abiatu aurretik, Antxon Iturriza kazetariak elkarrizketa bat egin zion, eta munduko mendi altuenaz zer sentitzen zuen galdetu ostean, amets baten deskribapena egin zion Takolok: “Egunero joaten naiz Izarraitz aldera, prestaketa fisikoa egitera, Erlo aldera askotan, eta azkeneko aldapan harri artean nagoela, begiak itxi eta Eve-resteko tontorrera iristen ari naizela amesten dut”.

Joan aurretik ametsa zuen Everest. Etorri ondoren mendi faboritoa. Eta betirako. Izan ere, bazuen motiborik: euskal espedizio historikoan parte hartu izana, Katmandurekin txundituta eta ha-rrituta geratu izana, sherpa “sotilak” lagunak egin izana, Everest lehendabiziko aldiz ikustearen emozioa, Azpeitiko omenaldia... “Nik orain berriz ere nonbaitera joateko aukera eduki eta nik Everest aukeratuko nikek. Niri loteria tokatu eta haraxe. Evereste ez dela polita? Izango ez duk ba!”, esan ohi zion Benantxio Irureta mendizale lagunari. “Everest zen Joxeren mendia”, diote haren lagu-nek.

Eta hori jota, egurra hartuta etorri zela Everestetik, argal-argal. “Lehen aldia nuen Hima-layara joan nintzena, eta nik beti esan izan dut espedizio hark oso gogorra irten zidala, hogei kilo barrena galdu nituelako. Etxera etorri nintzenean, nahiz eta menditik jaitsi eta egun batzuk pasatu baldintza onetan, artean 58 kilo nintzen, pisu normala baino hamalau kilo gutxiago”, zioen Joxek. Eztarriko minak kalte handia egin zion, ahotik odola botatzeraino iritsi zelako. Arazo bat zeukan, izan ere, Joxek: sudurra itxi egiten zitzaion haragi faltsuak zituelako eta arnasa ahotik hartu beharra izaten zuen. Antxon Bandres, gaur egungo Euskal Mendi Federazioko presidentea, ezkon-bidaian Katmandura joan zen orduan eta oraindik gogoan du zer-nola aurkitu zuen Takolo: “Ahotsik gabe, ezin hitz eginda. Hura itxura zeukana!”.

Kontuak kontu, Himalayarako bidea ere, beraz, irekia zegoen azpeitiarrentzat; Joxe Takolok irekia, hain zuzen