Ardura hartzeko garaia (1955-1965)

Hamalau urterekin hasi zen Takolo Aranburu Hermanos-en lanean, mekaniko. Azpeitian, Loiolabiden zegoen tailer hura –gaur egun Odriozola Ardoak dagoen tokian–, eta nahikoa enpresa handia zen orduan. Artean, ordea, baserrian bizi zen; Javier ere bai. Gurasoen etxera egiten zuen bueltarik, gehienbat bazkaltzera joaten zen, eta, gurasoei, arrebari eta Juan Kruz anaiari ez ezik, Joxe Mari anaia gazteenari bisita egitera –1953ko otsailean jaio zen Joxe Mari–. Baina arratsaldean gora, Takolo baserrira igotzen zen, han lo egitera. “Neu ere joaten nintzen batzuetan –dio Juanitak–, eta gorakoan tartean-tartean Komuntzon geratzen nintzen. Izan ere, han mantekilla ederra prest izaten zuten, gure baserrian baino merienda gozoagoa izaten zuten, eta asko gustatzen zitzaidan han geratzea. Joxe ez zen gelditzen Komuntzon; hura, Ta-kolonera zuzenean, aitonaren eta amonaren ondora”.

Asteburuan ere baserrian egoten zen, lan pixka bat eginez eta, ahal zuenean, mendira buelta batzuk eginez, Xoxotera batik bat. Eta aitonarekin, Takolok maiz esaten zuen bezala “mendi ibiltari handia” baitzen Juan Joxe; esate baterako, adinean oso-oso aurrera zegoenean artean Xoxoteko egunera joaten zen Juan Joxe –90 urterekin hil zen–.

Hasiera baten lanean hastea ez zitzaion gustatu, baina gerora gustura zebilen zeraman bizimoduarekin, ez zuelako baserriarekin eta mendiarekin zeukan harremana moztu. Baserrian bertan egiten zuen lo, goizean goiz jaikitzen zen, gosaldu hantxe, eta oinez jaisten zen Aranburunera. Ez zuen bide luzea. Gainera, esaten zuen ondo irabazten zuela eta ez zuela kexatzeko arrazoi handirik. Motoreen bobinak egiten jarduten zuen.

Aitak: “Gaur emaiok amari dirua”

Orduan astean behin kobratu ohi zen soldata, eta Joxe Takolo oso gaztea zenez, ostiralero aitari ematen zion Aranburunean irabazitako dirua; hogei duro pasatxo. Harik eta behin Julian aitak zera esan zion arte: “Joxe, gaur ez eman niri, gaur emaiok amari dirua”. Ostiral bat zen, eta, bederatzi urtean gaixorik egon ostean, aita jada azkenetan zegoen. Handik bi egunera hil zen, tuberkulosiak jota. 1956ko abenduaren 17a zen. Joxe Takolok hilabete eta erdi lehenago bete zituen hamabost urte.

Orduantxe utzi zuen baserria, eta behin betiko jaitsi zen kalera, Enparan kaleko 15. zenbakiko (gaur egun 27a da) lehen pisura bizitzera, amaren etxera. Oso gazte bihurtu zen, beraz, etxeko gizona, eta horrek asko markatu zion bere bizitza osoan, aitaren papera hartzea tokatu zitzaiolako. Erantzukizun handia hartu behar izan zuen ezinbestean. Izan ere, ama Candelaria bost seme-alabekin zegoen eta lan finkorik gabe, arrebak hamahiru urte besterik ez zituen, Javierrek hamar baino ez, Juan Kruzek zortzi, eta Joxe Marik hiru. Ez zegoen panorama polita. Juanita bera ordurako bazebilen neskame lan batzuk egiten, baina lantokiren baten hasi beharra zuen dirua irabazteko. Javier hamahiru urterako hasi zen lanean –nahiz eta kalera bizitzera hamasei urte arte jaitsi ez–, eta arrebak eta Joxek bezala, soldata amari emanez egon zen; “30 durokoa izan nuen neure lehendabiziko soldata”, dio Javierrek.

Joxe Takolok egoerari ez zion bizkarrik eman, eta haren arrebak esaten duenez, ondo bete zuen paper hura: “Niretzat, anaia ez ezik, aita ere izan zen Joxe. Hura zen anai-arrebon artean zaharrena, eta beti serio egon izan zen, bere tokian. Guztiok genion egundoko errespetua”.

Takolok Aranburunean segitzen zuen lanean, baina handik urte gutxira tailer hura utzi eta Lafayet-en hasi zen –Nazabal y Compañia izena zuen enpresak; eta, hain zuzen, gaur egun Tuko dagoen tokian zegoen–. Han egokitzaile edo ajustadore lanetan aritu zen, mekanika arloan: kontrapuntua-eta egokitu eta muntatzen. Egokia omen zen.

Inazio Goenaga, kaleko lehen laguna

Inazio Goenaga izan zuen kaleko lehen laguna. “Gure etxetik gertu bizi zen Goenaga, eta huraxe egin zuen lagun segituan kalera jaistean”, gogoratzen du Juanita Urbietak. “Lehenagotik ezagutzen zuen, ordea, Joxek, Goenaga Takolo baserri aldean ibiltzen zelako ehizan”, dio Javierrek. Lagun gehiago egin zituen, astegunetan Erdi kalean beheko Riojanonekoan egiten zuelako juntadizoa beste gazte batzuekin: Esteban Camposekin, Pako Alonsorekin, Inazio Goenagarekin berarekin, Mo-desto Urbieta lehengusu txikiarekin, Joxe Luis La-rrañagarekin, Jesus Agirrerekin, Martzelino Mendi-zabal Xaberri-rekin, Bittor Otaegi Beizama-rekin... Mau-mau bezala ezagutzen zen kuadrila hura, haien orduko futboleko ekipoak hala izena zuelako. “Joxek, ordea, futbolean ez zuen jokatzen. Joxe mendira joaten zen”, esaten du Esteban Campo-sek.

Lanetik irteten zuenean, afaldu azkar eta Riojanonekora joaten zen. Bazterreko mahaian jartzen zen kuadrilarekin, eta hantxe egoten ziren kontu kontari, gaueko hamar eta erdiak aldera arte, Faustino eta Elvira jabeei bi pezetako porroia eskatu eta ardoa gorria edanez. Larunbat arratsetan, berriz, kafea hartzera azaltzen ziren. Tarteka kazuela batzuk jatera ere bai. Horrelaxe pasatu zuen soldadu joan aurreko denbora Joxek.

Astegunetan ez zen mendira joaten. Astirik ez joateko, Modesto Urbietak dioen moduan: “Neuk ere Lafayeten jardun nuen lanean, Joxerekin batera, eta familitik tartekoak izan arren, harekin ez nuen tratatu lanean hasi arte. Segituan hasi ginen ederki konpontzen. Mendira irteteari ekin genion, baina asteburuetan. Astegunetan lantokitik ez ginen oso berandu irteten, arratsaldeko seiak aldera asko jota, baina jada bederatzi bat ordu lan eginda egoten ginen, eta, beraz, nekatuta. Neguan, gainera, iluntzen hasia zegoen ordurako”. Batez ere igandeetan joaten ziren mendira Modesto eta biak, “orduan larunbat arratsaldeetan lana egiten zelako”. Eta hasi, Xoxote aldera joaten hasi ziren. Beherakoan obligazio bat izaten zuen Joxek: jaitsieran ez zen Takolo baserrira sartu-irtena egin gabe inoiz geldituko; gero ere eduki zuen ohitura hori, batik bat aitona eta amona bizi izan ziren artean.

Tailerrera joaterakoan etxetik arrebarekin batera irteten zuen –txikitan baserritik eskolara bezala–, arrebak ere Landeta aldean egiten zuelako lan: aita hil ostean, lehendabizi Loyeluxt-en eta gero Ordarbiden. Baina orduan ere Joxek ez zuen nahi izaten arrebarekin batera joatea; Modestorekin –Eliz kalean bizi zen– joaten zen. “Umetan lotsatia zen eta gaztetan ere bai. Ni Landeta aldera kaletik buelta joaten nintzen, eta Joxe Amuko zubitik buelta; udan arratsaldez, gainera, batzuetan hantxe bainatzen zen lantokitik irtendakoan. Eguraldi txarra zegoenean joaten ginen biok tailerretik etxera batera, aterkiarekin etortzen baitzitzaidan lantokira, baina ez pentsa kaletik buelta joaten ginena; Amutik joan behar!...”.

Hala ere, ederki konpontzen ziren arreba eta biak. “Etxean batera bazkaltzen genuen, biok bakarrik, ama lanen baten egoten zelako ia beti, Joxe Mari amarekin edo izeba Doloresen etxean, Juan Kruz Mandiolatzen zegoen bizitzen orduan –gure aitaren baserrian–, eta Javier Takolonean egoten zen asko. Otordu garaian geure bromak egiten genituen. Behin akordatzen naiz nola eman nion burruntzaliarekin egundokoa. Izan ere, etxetik irteterakoan bizkarrean ttak, kolpe txiki bat ematen zidan, jolasean. Eta nik behin neure artean: ‘Gaur ez dik ba ospa egingo!’. Eta hurbildu zen eta danba jo nuen buruan burruntzaliarekin”. Une “hunkigarritzat” ditu Juanita Urbietak haiek. Eta aitaren paper hartan, arduratzen omen zen Joxe familiaz. Esaterako, arreba bera neskame ere ibili izan zen oso gazterik Doña Maria Artia delako emakume dirudun baten etxean, Enparan kalean bertan, baina Joxeri ez zitzaion gustatzen Juanita han aritzea, emakume hura “gaiztoa” zela esaten zuelako.

Txikiteoan edo mendian?

Astegunetan beheko Riojanonekoan orduak pasatzen zituen arren, Joxe ez zen oso zalea asteburuetan ere trago batzuk hartzen ibiltzeko. Nahiago zuen igandeetan mendira joatea. “Gure etxetik gertu biltzen ziren Lagun Onakekoak –esaten zuen Joxek–, Etxe-Zurinekoan. Eta hango batzuekin mendira joaten hasi nintzen, Azpeitia inguruko mendietara. Urrutira ezin genuen joan, ez genekizkielako bideak. Ordurako zerbait ezagutzen nuen Miguel Iturbide, eta harekin ikasi nituen bideak, baita mendian nola ibili behar zen ere. Hamazazpi urte nituen”.

Ez zuen ahanzten Aizkorrira joan zen lehen aldia. “Orduan niretzat Aizkorrira joatea izugarria zen. Iruditzen zitzaidan ez dakit nora gindoazela. Autobusean joan ginen Arantzazura. Gainera, garai haietan irteera bakoitzeko baimena eskatu beharra zegoen, eta akordatzen naiz nola joaten zen jendea guardia zibilen herriko kuartelera. Harrezkero neu ere makina bat aldiz joandakoa naiz horretara”.

Iturbide-eta gabe ere hasi zen Joxe mendian, batik bat Modesto Urbieta lehengusu txikiarekin. “Gehienetan Izarraitz aldera joaten ginen, beti igandeetan, eta igual igande berean bi aldiz eta dena. Ahuntzak ematen genuela esaten ziguten etxekoek. Sasoia sobera genuen. Joxe ni baino zoroagoa zen mendian. Kruz Mari Frantzesena gurekin ibiltzen zen askotan. Izazpi eta Ernio aldean ere maiz ibiltzen ginen”, esaten du Modestok, eta 1960ko hamarkadaren hasiera-hasieran bilbotar mendizale batzuen gida bezala nola aritu ziren gogoratzen du: “Joxe soldadu joan aurretik izan zen. Hala, behin hiru bilbotar etorri ziren Etxe-Zurinekora. Sociedad Juventudes-ekoak ziren. Etxe-Zurineko Pedrori galdetu zioten ea ezagutzen al zuen inor mendian iaioa eta ibilaldi bat egiten lagunduko ziena. Pedrok esan zien Joxe Takologatik galdetzeko Riojanonekoan. Ez zegoen Joxe, baina handik gutxira azaldu zen. Joxe nigana etorri zen, ea neu ere joango al nintzen, eta, beno, baietz. Hurrengo egunean atera ginen. Jantziak bai, jantziak ikaragarri onak zituzten bilbotar haiek, eta biok inbidia galanta pasatu genuen, baina mendian motelak! Lehendabizi Sañu egin genuen, gero Gazume eta azkenik Erniozabal. Arratsaldeko lauretan heldu ginen bazkaltzera, goizeko zazpietan irtenda! Hura abiada ekarri genuena biok Erniozabaldik, haiek atzean utzita”.

Joxe Takolori gustatzen zitzaion lagunartean ibiltzea txikiteoan, “baina saihestu egiten zuen”, Modesto Urbietak kontatzen duenez. “Orduan txikiteoa asko zegoen, eta kuadrilen afariak ere egiten ziren. Joxek, ordea, behin Donostian eskuratutako liburu bat irakurri zuen, giharrez-eta hitz egiten zuena, eta handik aurrera ez zen zalea izan lagunarteko afarietan tripotxak, odolkiak eta horrelakoak jateko. ‘Jango nikek gustura, baina ez diat nahi, ez diat jango. Giharrak izorratzen ditik. Arkumea besterik ez diat jango, tripotxak eta barrukiak ez, giharrak gogorrak izateko’, botatzen zuen. Bistan da pixka bat obsesionatuta zegoela mendi kontuarekin, eta asko zaintzen hasi zen”.

Behin egundoko mozkorra harrapatu zuen eta harrezkero gehiago heldu zion mendiari. Kuadrilako afari baten mozkortu zen zeharo Joxe –lagun batek bere patxaranera puru-hautsa botata, berak familiari esan zionez–; udaltzainek eraman behar izan zuten etxera, zoratuta bezala, jo eta denak hil egin behar zituela esanez. “Ni bakarrik nintzen etxean –dio arreba Juanitak–, ama Zabalaneko tabernan zegoelako lanean. Joxek esaten zuen amaren bila joan beharra zuela, hori agindua ziolako. Joxe Mari Zabalanekoa etorri zen gure etxera, eta hirurok joan ginen amaren bila. Taberna hartan eman zioten zerbait Joxeri, botaka eginarazi zioten, eta etxera itzuli ginen pixka bat lasaitu zenean. Gure Joxek orduantxe utzi zuen hein handi baten taberna giroa, lagunartean segitzen bazuen ere. Orduan ekin zion mendiari serioago. Hemezortzi urte zituen”.

Takolok berak aitortzen zuenez, artean ez zeukan “mendizale mentalitaterik”, baina mendiari atxikia zitzaion erabat, agian oharkabean. Hala, Modesto lehengusu txikiarekin sokarik gabeko lehendabiziko eskalada saioak egiten hasi zen: Izarraitzen, Aitz-bakar-en. “Joxe ni baino ausartagoa zen. ‘Modesto, hik ez begiratu behera!’, esaten zidan. Hura beti aurretik. Baina behin esan nion ez nintzela gehiago ariko eskalatzen. Hark ez zuen halakorik esaten. Horman zintzilik egotea gustatzen zitzaion, eta igartzen zitzaizkion giharrak. ‘Gustura ikasiko nikek eskalatzen eskolarik balego nonbaiten’, zioen. Soldadutzara joan baino zeozer lehenago zen hori, eta ordurako mendiko sena sartu-sartua zeukan”.

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako finalista egunean maiz lortu izan zuen domina Joxe Takolok, urtean zehar egiten zituelako hogei mendiak, haietatik bost mendi mila metrotik gorakoak –Erlo, Ernio, Erniozabal, Ubeltz, Aitz-beltz; batzuetan Aizkorri ere sartzen zuten, bost haietako baten partez–. Baina orduan ere bere izaera azaleratzen zen, ez baitzuen dominarik hartzea nahi izaten; antolatzaileek haren izena aipatzen zutenean, hura ordurako Erlo aldean-edo izaten zen.

Auñamendira hemezortzi urterekin

Garai haietan Patxi Lopetegi mendizale azpeitiarra ezagutzeak mesede handia egin zion, 1960ko udan Pirinioetara joateko gonbitea luzatu ziolako Lope-tegik, honek bai baitzekien mutil fina eta indartsua zela hura. “Nik Joxe 1956. urtean ezagutu nuen, Xoxote gainean San Inazioren estatua egin zenean”. Loiolako Iñigoren heriotzaren 400. urteurrena ospatu zen orduan, eta Xoxoten estatua jartzeko ideia bilbotar batzuena izan zen; hain zuzen, Bilbo-ko Luistarren kongregazioko Aldatz-Gora Mendi Taldearen ekimena izan zen. Baina Azpeitiko herriak asko hartu zuen parte obratan, lan handia baitzegoen. Obrak hogei metro neurtzen zituen, nahiz eta eskulturak berak bost metro eduki. Material asko igo behar izan zuten; adibidez, berrehun zaku porlan baino gehiago. Inguruko baserritarren partehartzea ezinbestekoa izan zen, eta haien artean Takolonekoena. Makina bat aldiz igo ziren baserritarrak euren idi pareekin Xoxote goraino. Horrela ezagutu zuen Patxi Lopetegik Joxe Takolo. “Neu izan nintzen 1956an igandero-igandero Xoxotera joan zen bakarra trasteak zaintzera. Eta gehienetan Joxe ere han izaten zen, aitona Juan Joxerekin. Oso gaztea zen Joxe –hamalau urte–, baina hazitako mutila”.

M1956ko uztailaren 15ean inauguratu zuten San Inazioren estatua Xoxoten. Egun handia izan zen Patxi Lopetegirentzat, “egun hau izan da gure elkarteak izan duen egunik handiena” idatzi baitzuen Lagun Onak Mendi Bazkunako zuzendaritzako liburuan. Arreta eskaintzen segitu zion Lopetegik estatuari. Esate baterako, handik urtebetera tximistorratza jarri zuen –nola ipintzen zen ez omen zekien arren– bederatzi lagunek eskua botata, eta han zen Joxe Takolo laguntzen. Sasoi berean Joxek ere lagundu zion aldarea jartzen, Antonio Egibar Kitterra-rekin batera –Lopetegik broma artean dioenez, Antonio Kitterrak belauniko jardun omen zuen Arantzazuko Ama Birjina jarri berriari andregai bat eskatzen–. Lopetegiren eta Joxeren harremana sakontzen joan zen, eta mendira irteten hasi ziren: herri ondoko mendietara, Aizkorrira, Karakatera, Arantzazura oinez... “1956tik 1960a arte Joxe asko ibili zen mendian nirekin. Motorrean ibiltzen ginen maiz, eta hasieran nik Joxe animatzen jarduten nuen, baina ohartu nintzen hura animatu beharrik ez zegoela, mendia buruan sartuta zuelako eta beti prest zegoelako. Igande goizetan joaten ginen, eta gure etxean ez zuten ulertzen: ‘Aste osoan lana egin eta igande goizean mendira? Zoratuta al hago?’, esaten zidaten”.

Patxi Lopetegik orduan “harrapatutako guztia” irakurtzen zuen; besteak beste, mendiko kontuak. “Etxean Pyrenaica mendi aldizkariko ale guztiak nituen; hain zuzen, aldizkariaren aro berriko ale guztiak, Pyrenaicak aurretik beste aro bat eduki zuelako, 1926tik 1935era, tartekatua, eta 1951n berriro ekin zion. Aldizkari hura irakurtzen Pirinioetara joateko gogoa sartu zitzaidan, eta Joxeri komentatu nion, banekien-eta laguntzeko prest egongo zela. ‘Joxe, joango al gara Saninazioetan Hiru Errege Mahaira?’. Hark bazuen zerbait entzuna mendi hartaz, baina, oro har, aztarrenik ez zeukan. Ez zuen bi aldiz pentsatu. ‘Ni segituan joango nauk, Patxi’, esan zidan, eta joatea erabaki genuen”. Joxek irteteko gogoa zuen galanta. “Nik nekien bakarra zen mendi handiak eta gogorrak zirela, eta orduan Pirinioetara joateagatik egingo nuke baita zera ere!”, esaten zuen hark.

M1960. urtea zen, eta Saninazio bezperan abiatu ziren, uztailaren 30ean, Azpeititik, goizean goiz, Lopetegiren Lambrettan, gasolina Lopetegik berak ordainduta. “Ez ziren orduan motor asko herrian; dozena bat inguru. Gure familia zen jabeetako bat. Neu etxeko tailerrean ibiltzen nintzen lanean, hojalatero, bizikletan batera eta bestera gauzak eramaten: Errezilera, Beizamara, Oñatzera... Azkenerako familiak motorra erosi zuen. Hasieran Gusi marka italiarra eduki nuen, SS-16523 matrikula zuena, hamabost mila pezetan erosia. Motore eskasa zuen, zaldi gutxikoa. Motor harekin ibili ginen Joxe Takolo eta biok mendietara irteerak egiten. Baina Pirinioe-tara beste motor batekin joan ginen, Lambretta batekin, Gusiaren ondoren horrelakoa erosi baitzuten gure etxean. Motore hobea zuen, zaldi gehiagokoa. SS-26400 matrikula zeukan”.

Atzean jarri zen Joxe, motxila txiki batekin. Bientzako motxila zen, eta barruan ez zuten ia ezer: arropa pixka bat eta askoz gehiago ez. Poltsikoan dirua, baina oso gutxi. Han atera ziren, ordea, egundoko ilusioarekin. Goizeko hamarretarako Irurtzu-nen zeuden, eta hango ermitara igo ziren, ibilalditxo bat egin behar zutela-eta. Hamaiketakoa egin –arrautza parea tomatearekin–, zeukaten dirurako garestiegi iruditzen zitzaiola esan Lopetegik Tako-lori, eta atzera motorrera. Handik Oteizara joan ziren, Lopetegiren senide baten etxera: Justo Arregi koinatuaren andrearen etxera. Han bazkaldu eta zuzenean Erronkariraino, Nafarroako izkinera. Lopetegiren emaztearen familiaren albaitariak –Huercanos abizenekoa bera– bazuen han etxe bat, eta bertan geratu ziren. Gero, taberna baten afaltzen zeudela, Guardia Zibilaren kuarteleko burua ere han tokatu zitzaien, Glariatar anaia nafar futbolariak ere bai –haietako batek Atletico Madrilen jokatzen zuen; orduan oporretan zeuden futbolariok–, eta goizaldera arte egon ziren jardunean guztiak; Takolo isil-isilik egon zen, lotsatuta.

Ia non zegoen ere ez zekien mutilak. “Julian Gaiarre tenore ospetsu zenaren herria zela banekien, eta Pirinioetako herria zela, baina askoz gehiago ez. Hori bai, nabaritu nuen atzeratutako bailara zela; gasolindegi bat itxita zegoen, kontsumorik ez zegoelako”, zioen Joxek. “Neuretzat orduan Pirinioetara joatea, gaur egun Everestera joatea bezalakoa zen”, esan zuen orain dela sei urte.

Albaitariaren etxean lo egin, eta Glariatar anaiekin Auñamendira –Anie– abiatu ziren Lopetegi eta biak. “Patxi Lopetegik hasiera baten Hiru Errege Mahaira joateko asmoa zeukan, Euskal Herriko mendirik altuenera –Frantziako eta Espainiako mugen gertu-gertu dago, eta 2.428 metro dauzka–, baina Glariatarrak Auñamendira zihoazela-eta, haiekin joan ginen”, zioen Joxek. Ia-ia Euskal Herrian egiten du izen bereko mazizoko mendi hark, Nafarroako mugatik 800 metro eskasera geratzen baita; Frantzian, Biarnoko departamenduan dago, eta 2.504 metro dauzka. “Utz nazak ni ondo Patxi, eh!”, esan zion albaitariak Lopetegiri. Glariatarren autoan joan ziren Belagua aldera –obratan ari ziren orduan–, eta handik Auñamendira oinez. Lopetegik huts egin zion albaitariari, flakiak jota gailurretik gertu geratu zelako, tontorrera ezin iritsita. “Aurreko egunean parrandatxoa bota genuen eta hurrengo goizean ezin arnasa ondo hartu. Horixe pasatzen da...”, dio Lopetegik. Takolok oso erraz igo zuen –hark parrandarik ez zuen egin–, Glariatarrei segika, haiek bidea bazekitelako, aurretik izanda baitzeuden. Takolo abarka zahar batzuekin igo zen; Glariatarrak, berriz, bota on batzuekin. “Nik trapuzko botak ere eraman nituen, tailerrera eramaten nituenak –esaten zuen Joxek–, baina iruditzen zitzaidan astunegiak zirela, eta nahiago izan nuen abarka kaskar batzuekin igo, ohituago nengoelako haiekin ibiltzen. Azkenerako, ordea, hankutsik geratu nintzen eta gogorra izan zen”.

Dena den, Joxeri inpresio handiena ez zion egin horrek, baizik eta Saninazio egunez, uztailaren 31n, Auñamendin elurra egoteak! Elur-zuloetan zegoen elurra. “Zeharo txokatuta geratu nintzen”. Bero handia egin zuen egun hartan, eta elurra hartu eta zurrupatu egiten zuten, barrualdea pittin bat freskatzeko. Iluntzean heldu ziren Erronkarira, eta berriro Huercanos albaitariaren etxean egin zuten lo biek. Pozik. “Esperientzia hartatik sortu zitzaidan mendiarekiko benetako zaletasuna”, esaten zuen Joxek.

Hurrengo goizean Hiru Errege Mahaira joateko intentzioz jaiki ziren, baina azkenean Belagua ondoko beste mendi bat igo zuten. Juan Pito aterbean lo egin –“han ere guardia zibilak tokatu zitzaizkigun, eta Joxek mesedez isilik egoteko erregutzen zidan, ez hasteko haiekin ezbaian”, dio Lopetegik–, eta hurrengo egunean itzuli ziren Azpeitira, Joxe Takolok hala nahi zuelako. “Patxi, mesedez, nik etxera joan behar diat”, esaten zion Joxek, eta amarekin akordatzen zela. Abuztuaren 2an iritsi ziren herrira. Festak ziren artean.

Irteera historikoa izan zen 1960ko Saninazioe-tako hura, Azpeititik Pirinioetara egin zen lehen irteera izan zelako. “Patxik oraindik esaten du Takolo berekin joan zela lehen aldiz Pirinioetara”, zioen orain sei urte Joxek, broma artean. “Patxi ez zen mendizale gogor horietakoa, baina oso ondo portatu zen nirekin. Orduan diru aldetik ez nenbilen oso ondo, eta Patxik asko lagundu zidan”. Handik egun batzuetara, abuztuan bertan, beste azpeitiar bat joan zen Pirinioetara: Joxe Mari Garate; Anetora joan zen, tolosar, andoaindar, donostiar eta azkoitiar batzuekin.

Pirinioetako tontorren bidea irekia zegoen azpeitiarrentzat; Joxe Takolok irekia, hain zuzen.

Soldadutzara, Ferrolgo puntara

M1963ko irailaren 9a: Espainiako Armadara soldadutza egitera joan behar zuela esanez idatzi bat jaso zuen Joxe Takolok, Ferrolgo (Galizia) Itsas armadako instrukzio kuarteleko buru Ignacio Pardo Millek sinatua, eta urte bereko urriaren 2rako Ferrolen egon beharko zuela, orduantxe hasteko soldadutza.

M21 urte zituen, 22 egingo zituen azaroaren 3an, eta orduan soldadu joateak –garai haietan adin harekin joan ziren soldadu– bere bizitzan etena esan nahi zuen. Izan ere, familiari dagokionez, lanean diru bat irabazten ari zen eta etxera bideratzen zuen soldata, Javier anaia ordurako etxean bizi zen eta bazeramatzan lau bat urte lanean, eta Juanita arrebak egiten zituen bere lanak; beste bi anaiak kozkortuak ziren –Juan Kruzek hamabost urte, Joxe Marik hamar–. Bestetik, mendi aldetik Joxe Takolo bere bidea egiten hasia zen, irteera serio bat egina zeukan –Auñamendikoa–, ondo eskalatzen ikasteko gogoa zuen, hasia zen mendiko jendea ezagutzen, sasoi aldetik ezinhobeto zegoen... Baina, dena utzi eta soldadu joan behar. Bi urterako, Itsas armadara joatea tokatu zitzaiolako –bestela hemezortzi hilabete ziren–. 423. zenbakia eman zioten.

Takolotarrak saiatu ziren Joxeren soldadutza saihesten, baina alferrik. “Orduan aitarik ez zuena eta baldintza batzuk betetzen zituena ez zen joaten –dio Juanita arrebak–, baina Joxek joan beharra izan zuen hilabete bakar batzuengatik. Aipatu zioten soldadutza bost urte atzeratuko ziotela, baina amak esan zion hobe zuela orduantxe joatea. 1963ko bi-garren txandan joan zen”. Garai bertsuan beste lau azpeitiar ere joan ziren Ferrolera soldadu: Joxe Mari Azkue, Florentino Arzuaga, Joxe Mari Bastida eta Jesus Atanasio Beobide.

Nahiz eta bizitzan etena suposatu hark, Joxe Takolok ez zuen soldadutza txarra pasatu, berak aitortzen zuenez. Batetik, Mekanika departamenduan egotea egokitu zitzaion, eta, armekin ohiko praktika batzuk egiteaz gain, lan erosoa eduki zuen: Diaz Sante komandantearen etxeko laguntzaile. Bestetik, Errenteriako soldadu batzuk oso-oso lagun egin zituen eta bikain moldatu zen haiekin.

Gipuzkoar batek lagundu zion Diaz Santeren etxean sartzen; kasualitatez, Joxe Urbieta izeneko pasaitar batek, gainera. Takolo hara iritsi zenean, pasaitar hura lizentziatzear zen, eta Diaz Santeren etxean hilabeteak zeramatzan lanean. Hura guardian zegoen Takolo lehen aldiz ikusi zuenean –ez zuten elkar ezagutzen– eta soldadu pasaitarrak galdetu zion ea zer irizten zion han laguntzaile sartzeari buruz. Takolok orduan galdetu zion baimen aldetik-eta nola zebiltzan, berak etxera maiz joatea nahi zuela, eta pasaitarrak esan zion komandantearen laguntzaileek bi hilabete Ferrolen egiten zituztela eta bat etxean. Takolo segituan azaldu zen prest han sartzeko, eta beste Joxe Urbieta hark lagundu egin zion, etxeko nagusiek mutil fin bat nahi zutela aprobetxatuz. Beraz, Joxe Urbieta bat atera eta Joxe Urbieta bat sartu.

Beste laguntzaileen artetik bi galiziarrak ziren. Bestea, berriz, Debakoa: Joxe Mari Galdona. Garai hartan euskaldunak ondo ikusiak zeuden Espai-niako Armadan, langiletzat zituztelako. Adibidez, Francok berak –Ferrolgoa zen– Azor itsasontzian euskaldun ugari zuen lanean. Beste adibide bat: Takolo bera soldadutza amaitzen ari zenean, “Joxe, botaiok begia euskaldunen bati hona ekartzeko”, esan zion etxejabeak. Ferrolen soldaduen %30 inguru zen euskal herritarra.

Diaz Santeren laguntzaile guztiak eraikin berean bizi ziren, komandantearen etxe-blokean bertan. Emaztearekin bizi zen hura, eta ez zuten seme-alabarik. Garrantzi handiko militarra zen Diaz Sante Ferrolen, Mekanika departamenduko burua zelako. Ferrolgo zentruak berak ere pisu handia zeukan Espainiako Armadan, Itsas armaden artean Cadi-zekin eta Cartagenarekin batera garrantzitsuena baitzen eta han baino ez zegoelako Mekanika de-partamendua.

Joxe Takolok soldadu lagunik handienak etxekoak ez, baizik eta hiru errenteriar egin zituen: Atanasio Arruabarrena Atana, Angel Palomo eta Xabin Irastorza Xisto; azken biak Joxeren departamendu berean zeuden, eta Atana Armatoki departamenduan, kilometro eskasera. Haiek ezagutzen dute Joxeren soldadu garaia ondoen, eta kontatzen dutenez, Diaz Santeren emazteak oso gogoko zuen. “Asko maite zuen andreak Joxe, baina seguruenez nahi zuen guztia egingo zion mutilari: enkarguak eginarazi, autoa garbitzeko esan, etxea garbitzeko, arropa bila bidali... Baina Joxe ere baliatu zen emakumeaz, bere probetxua atera ziolako egoera hari”, dio Palomok. Diaz Santeren emazteari egiten zizkion lanen artean bazen bat Joxe zeharo lotsarazten zuena: ileapaindegian andreari txanda hartzeko iladan egon behar izana. “Hori Azpeitian balitz, ez nintzatekeen joango ezta...”, esaten zuen Joxek berak. Takolo soldadutza bukatzear zela, andreak oso or-dulari ona oparitu zion, eta Joxek ez zuen hartu nahi. “Hartu zuen azkenean, baina seguru asko Azpeitian ez zuen esango hartu zuenik”, dio Xistok.

Komandanteak ere asko maite omen zuen azpeitiarra. “Ondo tratatzen zuen Joxe, eta, zerbait behar bazuen, bere bulegora lasai sartzeko esaten zion. Hori ez zen oso ohikoa han, armadan betiere hierarkia asko zaintzen baita. Joxek, ordea, konfiantza hartu zuen eta han sartzen zen Diaz Santeren bulegora, ez atea jo, ez ezer egin gabe, oye-ka”, Xistok dioenez.

Hango jeneralarekin berarekin ere lasai-lasai aritu omen zen behin. Diaz Santek igandero etxean norbait izaten zuen kafea hartzen, eta igande baten jeneral bat gonbidatua zuen. Diaz Santek guardiako kapitainari abisatu zion irten beharra zutela, eta jenerala bera baino lehenago iristen bazen, etxera sartu eta kasu egiteko. Joxeri ere esan zion hori. jenerala Diaz Sante baino lehenago azaldu zen, gora igo zen, eta Joxek pasatzeko gelara, lasai pa-satzeko. Jenerala harrituta, “zein dugu hau?”, esanez bezala. “¿Qué tomas?”, Joxek. Kopatxoren bat hartuko zuela jeneralak, eta: “Ezetz hutsegin: zu euskalduna zarela?”. “Si, de Azpeitia”, Joxek. Eta solasaldian hasi ziren, kopa bat hartzen zuten bitartean. Halaxe ikusi zituen Diaz Santek, biak hitz eta pitz. “Hori bai, jeneralari ere tu-ka Joxe”, dio Xistok.

Errenteriar haiek bazekiten Takolo lotsatia zela, baina batzuetan harrituta geratzen ziren haren erreakzioekin. Xisto: “Mekanika eskolakook toki desberdinetan egiten genuen lo; Joxek eta beste hiru la-guntzaileek etxe hartan eta besteok geure kuartelean. Baina behin gurekin etorri zen Joxe. Trago ba-tzuk edatetik berandu iritsi ginen, eta zarata ateratzen genuen, eta jendea kexatzen hasi zen. Joxe gure ondoan jarri zen lo egiten, eta halako baten oihuka hasi zen: ‘Gora Euskadi! ¡Viva la República alemana!’. Gu, harrituta zeharo. Kaboak segituan: ‘Zein izan da?’. Guztiok isil-isilik, baina Joxe ez zegokion tokian harrapatu zuen, eta zigor txiki bat jarri zion: plantón delakoa. Palomori eta neuri ere bai. Eta hirurok pasiloan hormaren kontra zutik egon behar besteak lo zeuden bitartean. Kabo hura ere ona zen, ordea, eta pixka batera esan zigun lotara joateko, eta Joxek: ‘No me jodas, ¿tan pronto?’. Sutan jarri zen kaboa eta Diaz Santeren etxera bidali zuen Joxe”.

Lagun errenteriar haiekin arazorik ez zuen, komandantearen etxean ere ez. Gaztelerarekin zi-tuen arazoak Joxe Takolok, beti izan zuen moduan. “Ni Ferrolera iritsi eta neure lehen egunean –dio Xistok– Diaz Santeren etxean guardia egitea tokatu zitzaidan. Joxe jada han zegoen bizitzen, eta, jakina, ez nuen ezagutzen. Guardian eserita nengoela, Joxe abiadan jaitsi zen eskaileratan behera, eta buruarekin kasu egin zidan. Handik pixka batera bueltan etorri zen, enkarguren batetik, eta ‘¿qué hay?’ justu-justu bat egin zidan. Nik ‘iepa’, eta Joxe gora atzera. Bi edo hiru minutura berriro atea ireki eta han jaitsi zen. Ikusi ninduen eta ‘¿quieres nobela?’ galdetu zidan. Artean ez ninduen ezagutzen ezertatik eta espainolez mintzatzen zitzaidan. Nik ere ez nuen ezagutzen, baina segituan ohartu nintzen hura euskalduna zela inondik inora, baina ‘como quieras’ erantzun nion. Utzi zidan eleberria eta martxa. ‘Bueno, oye, luego te dejo aquí o le doy al siguiente’, esan nion. ‘Bale’, hark. Hura hala joan zen, eta nik neure guardiatxoa bukatu nuenean, hango eskolako tabernara joan nintzen zerbait hartzera, eta han zein ikusiko nere lagun Angel Palomorekin eta niri nobela utzi zidana: Joxe. Biek hilabeteak zeramatzaten Ferrolen eta ordurako lagunak ziren. Joan nintzen haiena eta ‘kaixo’, esan nien. Palomok orduan gaur baino gutxiago egiten zuen euskaraz, eta esan zidan: ‘Mira, aquí tienes a Joxe, para que hables con él lo que tú sabes’. Eta Joxek: ‘Mekauen la puta, lehen hiregatik pasatu ditudanak nik! Esan besterik ez huen euskalduna haizela!’. ‘Nik nola esango nian ba! Heuk ere euskaraz mintzatu besterik ez huen’, esan nion. Horrelaxe egin genuen lehen hartuemana Joxek eta biok”.

Hitzekoa zen Joxe Takolo, zintzoa, laguntzeko prest zegoena, baina Atanak dioen moduan, “tontoa ez zen, ez horixe!”. Eta Xistok Diaz Santeren emaztearen loroaren anekdota ekartzen du gogora: “Etxe hartan zeuden lau laguntzaileak arratsaldean irten eta ilunabarrez batzuetan ardo pixka bat edanda itzultzen ziren etxera. Halakoetan etxeko andreak beti nabaritzen zituen etxean sartzen, zarata ateratzen zutelako. Andreak Joxe sartzen, ordea, ez zuen nabaritzen, behin ere ez, nahiz eta Joxe ere txikiteoan ibili. Beti besteei egiten zien errieta. ‘Hau marka, Joxek ere txispatu ederrak harrapatzen ditik eta hari ezer ez!’, esaten zuten beste laguntzaileek. Zer gertatzen zen? Ba, Joxe terraza batera igotzen zela jauzi eginda, abildadea eta trebezia bazuelako menditik ikasia, eta etxetik atera aurretik leihoa erdi irekita uzten zuen gero handik logelara sartzeko. Besteek, berriz, atetik sartu eta zarata ateratzen zuten, eta egoerarekin pixka bat haserretzen hasi ziren. Hala, andreak etxean zeukan loroari ‘Josetxo borracho, Josetxo borracho’ esaten erakutsi zioten. Eta loroak esan egiten zuen. Andrea, harrituta: ‘¿Qué me dices? ¿Quién te ha enseñado eso? ¡Sinverguenza!’. Joxeri ez zitzaion batere gustatu loroaren kontu hura, eta egun baten sartu zen loroa garbitzera eta lepoa bihurritu zion. Haiek negarrak andrearenak loroa hilda ikusi zuenean! Eta Joxek: ‘No apure, señora. Mañana vas a ver entierro’. Joxek berak egin zituen etxeko zelaian zuloa, gurutzea eta dena”. Azpeitian, baina, Joxek ez zuen hura hala kontatu, loroa –kanarioa, esaten zuen– hil egin zela eta berak lur eman ziola besterik ez zuelako kontatzen.

Ondo samar bizi zen Ferrolen, baina etxera itzultzeko gogoa izaten zuen. “Etortzen zenean –dio Juanitak–, lanera joaten zen, Lafayetera, diru pixka bat irabazteko. Hala ere, soldata beti amari ematen zion”. Baimenarekin etorri zen baten ezagutu zuen bere