Txikitatik Xoxotera begira (1941-1955)

Txikitatik mendizalea izateko baldintza aproposak zituen Joxe Urbieta Takolo-k: Xoxote mendiaren magalean jaio zen eta aitona Juan Joxek mendia oso gustukoa zuen. Eta hala izan zen, mendizale sutsua txikitatik, hil arte (58 urterekin).

Hain zuzen, Azpeitian (Gipuzkoa) sortu zen Joxe, Takolo baserrian, 1941eko azaroaren 3an, eta han bizi izan zen hamabost urte bete arte. Joxeren gurasoak hara ezkonduta zeuden, 1941eko maiatzetik bertatik, eta ama Candelaria Zendoia zen Takolotarra. Aita Julian Urbieta, berriz, Mandiolatz baserrikoa, Loiola aldekoa.

Takolo baserria herriko plazatik gertu samar dago; kilometro bat pasatxora, hamar bat minutura oinez. Baserrri asko dituen herria da Azpeitia, eta Izarraitz aldean daude gehien; haien artean, Takolo. Baserria bera orain dela ia 400 urte egin zen –XVII. mendearen hastapenean–, eta berez ez du Takolo izena, Miraflores baizik, baina duela bi mende –XIX.ean– Takolotar sendikoren bat hara joan zen bizitzera eta baserria horrelaxe ezagutzen da harrezkero. Imanol Elias Odriozolaren Azpeitia historian zehar liburuan agertzen denez, 1815. urtean agertu zen lehendabizi Takolo goitizena herrian, eta Juan Joxe Agirreren Azpeitiko baserriak liburuko datu historikoek diotenez, Joxeren aitona Juan Joxe Zendoia 1873an baserri hartan bizi zen jada; aurretik beste familia bat, eta Altuna Portu delako bat zen jabe –gaur egun Joxe Takoloren osaba Justo, haren emaztea, alaba eta honen gizona, eta bilobak bizi dira han–.

Takolo sendia XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran oso ezaguna izan zen Azpeitian eta herritik kanpo, pilotan mutil iaioak zituelako; adibidez, Inazio Bereziartua Takolo I.a –1869an jaioa– kategoriko pilotaria izan zen. Joxe Urbietaren tartekoak ziren pilotariak, urrutikoak baziren ere, eta kalean bizi izan dira beti. Baina Joxek ez zion heldu pilotari, mendiari baizik. Txikitatik.

Aitonari esker hasi zen. “Txikitan asko gustatzen zitzaidan aitonarekin basora joatea. Izarraitz atzean zituen basoak eta lanera joaten zen, eta nik lagundu egiten nion. Jakina, artean ez nintzen mendizale bezala joaten, ez neukalako mendizaleen mentalitaterik. Baina oso gustura joaten nintzen aitonak laguntzeko eskatzen zidan bakoitzean. Gainera, baserrian bertan beti mendiko kontuak ziren hizpide; erromeria kontuak ez baziren, ganaduarenak, baina beti mendiari lotuak. Nik uste dut horrela hasi zela mendiaren eta nire arteko harremana”, zioen Joxe Takolok berak.

Basora ez ezik, aitona Juan Joxerekin ferietara ere joaten zen, “beti oinez, garai hartan normala zen bezala”. Zalea baino gehiago, “mendi ibiltari handitzat” jotzen zuen Joxe Takolok aitona, eta, beraz, berak “mendi ibilaldiekin lotura estua” eduki zuen txikitatik. Aitona zahartzen hasi zenean, osaba Justorekin ere ibili zen mendian, basoan batik bat.

Xoxote goialdera lehen aldiz, ordea, lagun batzuekin joan zen. “Sei edo zazpi urterekin igo nintzen aurreneko aldiz goialdera. Nirekin joan ziren lagunak neu baino gazteagoak ziren. Putzuraino iritsi ginen, ez gehiago. Hala ere, mutil kozkorrak izanda...”. Hura izan zuen, beraz, lehen espedizioa Joxe Takolok. Behin goialdea deskubrituta, handik gutxira igo zen Xoxoteko gaineraino, osaba Justorekin batera hain justu, eta, harrezkero, “edozein garaitan” igotzeari ekin zion. Begibistan zeukan beti.

Juliana amonaren kuttuna

Harreman handia zeukan Joxe Takolok aitonarekin, eta baserritik kanpo harekin ibiltzen zen han eta hemen. Baina baserrian bertan amona-zuloa zen. Amonak ere maite zuen biziki, kuttuna zuen, Juanita Urbieta, Joxeren arrebak kontatzen duenez: “Anai-arrebon artetik amonak Joxe zuen maiteena, dudarik gabe”. Aitonaren kuttuna, berriz, Juanita bera omen zen, eta Justo osabarena Javier anaia. “Aitonekin zeukan harreman bereziak Joxe are gehiago lotu zuen baserrira, eta, ondorioz, mendira. Mutil kozkorretatik Xoxotera begira egon zen”, dio Juanitak.

Batik bat baserritik bizi zen Takolo familia. Eta lan asko egin beharra zuten, ez zirelako gutxi bizi bertan: Joxeren aitona eta amona, osaba Justo, gurasoak, amaren ahizpak –Joxepa eta Dolores; lehen urteetan, gero joan egin zirelako, ezkondu zirenean–, Juanita arreba –Joxe baino urte eta erdi gazteagoa– eta Javier anaia –lau urte pasatxo gazteagoa–; Joxek gero beste bi anaia izan zituen –Juan Kruz eta Joxe Mari–, baina biak jada kalean jaio ziren eta baserrian ez zuten urterik egin bizitzen. Beraz, baserrian lana bazenez, Joxek ere lan egin behar. “Ez genuen ganadu askorik: sei bat txahal, idi pare ederra, behiak..., baina Joxek eta biok ia beti behiak zaintzen egon behar izaten genuen”, esaten du Juanitak. “Orduan gaur baino negu hotzagoa egiten zuen, eta arbiaren hostoak biltzen ere jarduten genuen, gero ur berotan balde baten ipini eta ganaduari emateko”. Baserrian txerriak eta oiloak ere bazituzten, baratza ere bai. Ez omen zen jatekorik falta han. “Joxeri gustatzen zitzaion bizimodu hura”, iritzi dio haren arrebak. “Amona egunero jaisten zen kalera, azokara astoarekin, esnea, baba, patata, arrautzak eta horrelako produktuak saltzera, eta egunero irabazten zuen diruarekin enkargu batzuk egin eta atzera baserrira. Joxek, ordea, aitonari laguntzen zion batik bat; aitonak Xoxote aldean basoak zituen, eta Joxek garo mozten, biltzen eta abar laguntzen zion. Ordutik zeukan mendirako joera”.

Aittola aldera akuiluetara ere joaten zirela oroitzen da Javier Urbieta anaia: “Urtean pare bat aldiz Aittola aldera joaten ginen, Goltzibar aldera, astoarekin. Aitonak akuiluak behar izaten zituen, eta alde hartan haitz arteko urritza zegoenez, haren bila joaten ginen. Aitonak Joxe beti eramaten zuen, eta noizean behin neu ere joaten nintzen haiekin”.

Eskolara, arrebarekin batera...

Adin bertsukoak izanik, Juanita arrebarekin harreman handia eduki izan zuen Joxe Takolok beti. Txikitan batera egoten ziren behiak zaintzen, batera arbiaren hostoak biltzen... Batera hazi ziren. Eskolara ere batera antzean hasi ziren. Biak elkarrekin jaisten ziren baserritik kalera, baina Joxek ez nahi arrebarekin jaistea, lotsatu egiten zelako, Juanitak berak esaten duenez: “Joxe beti izan zen oso-oso lotsatia, eta ez zuen nahi izaten nirekin batera azaltzea herrira. Eskolara batzuetan goizez joaten ginen eta besteetan arratsaldez, eta han jaisten ginen Takolonetik, bat aurretik zela eta bestea atzetik, hala nahi izaten zuelako. Nik, aldiz, elkarrekin jaistea nahi izaten nuen, eta egundokoak esaten zizkidan Joxek”.

Eskola garaiko unea ere ez zuen gustukoa. Izan ere, nahiz eta urte eta erdiko aldea eduki arrebarekin, hasierako garaietan gela berean egon ziren ikasten, gaur egungo udaletxeko eraikin berean. “Biok mahai berean egon beharra geneukan –dio Juanitak–, gurasoek ez zutelako bioi liburuak erosteko dirurik. Joxek orduantxe amorrua!; gelan zeinen ondoan egon behar eta neska baten ondoan, eta neska hura zein izango eta arreba...”. Juanitak, gainera, “zirikatu” egiten zuen. “Behin elkarrekin argazki bat atera genuen, baina gero Joxek ez zuen nahi izaten nik argazki hura inon erakusterik. Deskuiduan erakusten banuen eta hark ikusten bazuen nik erakutsi egin nuela, a zer errietak egiten zizkidan...”.

Harreman berezia zuten biek, eta Juanitak zine aretoko une bat ere ez du ahazten: “Orain Zelaitxo dagoen inguruan lehen zine areto txikia zegoen, Luminor izenekoa, eta behin hara eraman gintuzten pelikula bat ikustera. Guretzat ezohikoa zen zinera joatea. Hasi zen pelikula, eta pantailan han ikusten nituen guardia zibilak gero eta hurbilago, gero eta hurbilago, gero eta hurbilago, eta nigana zetozela pentsatzen nuen. Bost urte baino ez nituen, eta aretotik ospa egin nuen, bakarrik. Joxe zinean azkeneko lerroan eseritzen zen, eta hanka egiten ikusi ninduen. Artean baserrian bizi nintzen, ez Enparan kalean gurasoen etxean, baina hauen etxean bi aldiz soilik egonda nengoen arren, aurkitu egin nuen. Gero jakin nuen Joxe nire bila ibili zela, Luminorretik irtenda. Orduan ere hura errieta egin zidana aurkitu ninduenean...”.

Takolo ondoren Eskola Nazionalean hasi zen, Victoriano Fernandez Maisu Beltza-rekin. Eta arreba gabe, Juanita Jesuitinetara joan zelako. Ez zen berez ikasle txarra, dohainak bazituelako; ez gehiegi gustatzen, ordea, ikaste hori –marrazkia gustatzen zitzaion gehienbat–, eta burugogorra ere bazenez, kostatu egiten zitzaion liburuak eskuartean hartzea. “Pentsa, jaunartze handia egiteko, azkenerako izeba Joxepak erakutsi behar izan zion doktrina, eskandalu artean erakutsi ere”, esaten du Juanita Urbietak. “Dena den, ikasketetan ez zen etxeko txarrena, anaia Javier burugogorragoa eta alferragoa baitzen. Javier etxetik eskolara bidali eta frontoira joaten zen, pilotara. Joxe diziplinatuagoa zen”.

Joxe Takolok nahiago izaten zuen baserrian gelditzea eskolara joan aurretik, Javier anaiak dioenez: “Garotan ibiltzen ginen orduan Azketa aldean, Egiondon. Aitonak esaten bazigun halako ordutan berekin lanera joan behar genuela, han joaten ginen Joxe eta biok aitonarekin, baita ordu haiek eskola orduak baziren ere. Garai haietan eskolari ez zitzaion horrenbesteko garrantzirik ematen; doktrina ikastea zen funtsezkoa, eta guk ikasi genuenez...”.

Gurasoek kalera jaitsi behar

Joxe Takoloren gurasoak ezkondu zirenean, baserrira ezkondu ziren, baina Joxek sei urte zituenean kalera, Azpeitira jaitsi ziren bizitzera, Enparan kalean erosi zuten etxera. 1948. urtea zen, eta ama Juan Kruzen haurdun zegoen. Baina ez ziren horregatik jaitsi, baizik eta aita gaixorik jarri zelako eta ez zitzaiolako komeni baserrian bizitzea. Lasanean egiten zuen lan aitak, Erdi kalean, baina handik gutxira lana ere utzi egin behar izan zuen. Une gogorrak izan ziren familiarentzat, eta baserrian zeuden hiru anai-arreben artetik Juanita baino ez zen jaitsi Azpeitira bizitzera, gurasoak jaitsi eta hiru urtera, Juanitak berak zortzi urte zituela. Joxe eta Javier baserrian geratu ziren aitonekin, “modurik ez” zutelako hiru anai-arrebek batera jaisteko.

Aitak lana utzi zuenean, ama hasi zen lanean, Juan Kruz jaio eta segituan, 1948ko udan. Hasiera baten trenak garbitzen; urtebete pasatxo aritu zen horretan. Ondoren Beitianean hasi zen, fundizioan. Harro azaltzen da amaz Juanita: “Orduko fundizioa gaurkoaren aldean gogorra zen, baina esaten zuten gure ama tailer hartako gizon askoren pare bazela, emakume indartsua baitzen”. Beste hiru emakume ere baziren Beitianean lanean: Arantxa Gereta Filemonenekoa, Felisa Olaizola eta Trini Galtxa-berrineko ama. Hiruok ere aurretik trenak garbitzen aritu ziren, baina Beitianera joatea erabaki zuten laurek, gehiago irabazten zelako. “Ama Beitianean lanean zegonean hasi zen familia burua altxatzen”, esaten du alaba Juanitak, amaren lantokiko soldataz gain, lau seme-alaba izateagatik Espainiako Estatuaren gain-sari bat jasotzen zutela gogoratuz, “gain-sari harengatik Beitianeko tailerreko mutilzaharrekin ika-mika sortu bazen ere, mutilzaharrei kentzen zitzaielako dirua soldatatik”. Tailer hura erre egin zen, Azkoitira pasatu zuten Beitia berria, baina Joxeren-eta amak utzi egin zuen, sei bat urtez bertan jardun ostean.

Joxek, Javierrekin batera, artean Takolo baserrian segitzen zuen aitonekin bizitzen. Gustura, bere terrenoan. Eskola, gainera, lehen baino gertuago zeukan: Komuntzo baserrian. Bertatik bertara, Takolonetik ehun metro eskasera. Maisu ona izan zuten, gainera. “Joxe normalean arratsaldez joaten zen klasera –esaten du Javier anaiak–, goizez baserrian lan egin ondoren. Hogei bat lagun ibili ginen han, guztiok baserrietako neska-mutilak. Herritik bakarren batzuk ere igotzen ziren, bai baitzekiten oso irakasle ona zegoela Komuntzon. Eta nik uste dut Joxe bera izango zela hango ikaslerik argienetakoa”. Ezbeharra gertatu zen, ordea, Komuntzon: baserria erre egin zen, eta ondoren horma batek azpian harrapatu zuen maisu hura, eta hantxe hil zen.

Baserriko eta mendi irteeretako lagunak

Kozkortzen hasia zen ordurako Joxe Takolo, eta eskolan berez trebe samarra izan arren, harena ez zen hori. Mendia zen harena. Gainera, familiaren egoeragatik ez zuen bestelako ikasketei ekiteko asmorik. Aita oso gaixorik zuten. Joxe bera zen anai-arrebetan zaharrena, horrek esan nahi zuenarekin. Artean, baina, hamahiru urte zituela, baserrian bizi zen, eta inguruko jendearekin hasi zen tratatzen. “Logikoa zen –dio Javier anaiak–. Lehen, igandero, erromeria egiten zen, Kostiten, gaur egun Xoxoteko pistako beheko atea dagoen hartantxe. Gure amaren-eta garaitik erromeria handi samarra egiten zen. Trikitilariak joaten ziren, eta inguruko baserrietako jendea biltzen zen han: Berastegikoak (Juan panderista oso laguna zuen Joxek), Goiko-Saletxekoak, Urretakoak (hango lehengusua lagun handia zuen), Arantzetakoak (hango Luisio laguna zuen), Mendibilgoak, Abitaingoak, Komuntzokoak, Urruzolakoak...”.

Kostiteko erromeriarekin ere bistan geratzen zen Joxe Takoloren izaera, anaiak gogoratzen duen moduan: “Soinua jotzen Garate baserrikoak jarduten zuen, gero Lajak ere bai, eta jende askok egiten zuen dantzan; Joxek ez. Berriketan bai, jendearekin egoten zen hizketan, batik bat mutilekin”. Lasterka apustuak ere jokatzen zituen, orduan han zegoen putzuari buelta zeinek azkarrago eman jokatzen zelako.

Baserrietako jendearekin ez ezik, kaleko jendearekin ere hasi zen tratatzen, eta haiekin ekin zion mendi buelta luzeagoak egiteari. “Hamahiru urterekin hasi nintzen mendi irteera batzuk egiten –zioen Takolok–. Ordura arte Izarraitzen ibiltzen nintzen, batik bat Xoxoten. Miguel Arregi Iturbide eta Tomas Gogorza Martue ezagutu nituen, eta haiekin hasi nintzen pixka bat. Azpeitia inguruan ibiltzen ginen, igandetan. Gerrako kontuak-eta kontatzen zizkidaten, eta oso ondo pasatzen nuen”.

M1954. urtea zen eta ordurako baziren zortzi urte Azpeitian Lagun Onak Mendi Bazkuna sortu zela. Beraz, mendi irteera antolatuak egiten hasiak ziren herrian. Hain zuzen, aurreneko irteera ofiziala Takolo bost urte egitear zela antolatu zen: 1946ko irailaren 29an, Azpeitian, Arauntzara. Mugimendu hark bere garrantzia izan zuen Joxe Takolorengan. 1950. hamarkadaren hasieran irteerak asko ugaldu ziren, eta haien artean irteera handiak garai hartarako: Gorbeara, Sollubera, Aralarrera, Aizkorrira, Urbasara... 1954. urtean bertan Xoxoten ospatu zen finalista eguna, maiatzaren 30ean; aurretik Ońatzen, Madariagan eta Elosiagan egin ziren. Elkarteko kideak Etxe-Zurineko tabernan biltzen ziren, eta Mendi Bazkunari horrek egonkortasuna ematen zion, eta erreferentzialtasuna sortzen zuen herritarren artean.

Gainera, Miguel Iturbide bezalako gizon bat ezagutzea erabakigarria izan zen Takolorentzat, herriko –eta inguruetako– mendizaletasunean gizon funtsezkoa baitzen hura, artean Iturbide Lagun Onak Mendi Bazkunako presidente izan gabe zegoen arren –1955etik 1958a arte izan zen–.

Azpeitian mendiko mugimendua indartzen ari zen, baina Joxeren hasierako irteerak oso txikiak izan ziren, garrantzi handirik gabeak. Miguel Iturbiderekin-eta 1957. urtea arte ez zen mendian modu indartsuagoan hasi.

“Joxe, lanean hasi behar duk”

1955eko azaroaren 3ean hamalau urte egin eta astebetera bizitza aldatu zitzaion Takolori: lanean hasi zen. Julian aita jada oso-oso gaixorik zuten. Candelaria ama, berriz, artean Beitianean zegoen lanean –azkeneko hilabeteak zituen–, eta hura utzi ondoren lan finkorik gabe geratu zen; Zabalaneko tabernan lan batzuk egin zituen, itsu bati txartel batzuk saltzen lagundu zion, baina familian beste baten batek etxera dirua eraman beharra zuen. Joxek lanean hasi beharra zeukan.

Anaia Javierrek eman zion lanean hasi behar zuen albistea: “Oraindik ere gogoratzen naiz. Joxeri lana amak aurkitu zion, eta amak esan zidan neuk emateko albistea anaiari. Ostiral batez kaletik baserrira nindoan eta Joxe Komuntzon aurkitu nuen, sagardoa egiten beste lagun batzuekin batera. Harengana hurbildu eta: ‘Joxe, amak esan zidak astelehenean lanean hasi behar duala, Aranbu-runean, eta bihar bertan hitz egin behar duzuela’. Hori entzun eta negar baten hasi zen, ez zuelako inola ere lanean hasterik nahi, baserriarekin eta bide batez mendiarekin harremana galdu egingo zuelakoan”.

Kolpe handia izan zen Takolorentzat, baina lanera hasi beste erremediorik ez zuen. Orduan legez hamalau urterekin has zitekeen lanean, eta oso ohikoa zen mutilak adin harekin hastea. Joxe Takolo hala hasi zen, hamalau urtean batik bat Xoxotera begira egon ondoren.