‘Imanol Lazkano. Aho bizarrik gabe’ liburua

Imanol Lazkano Landetakoa da, bertsolaria eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria. Hona Bertsolari Liburuak-ek Durangoko Azokan ateratako liburuaren bi zati

Sendia
Sendia.  "Sendi osoa, anaia Iñakik habitoa hartu zuenean, Antzuolan". 
Keixeta
Keixeta.  "Keixeta handia. Atzeko neskatilen arteko bat Arantxa da, gero emazte izango nuena"  

Zoriari zor

Suerte izugarrikoa izan naiz nire bizitzan. Gerra urtea izan arren, familia bedeinkatu batean jaio nintzen. Behartsua, hori bai, baina zorionekoa oso. Hamar senide, aita eta ama, amona eta aitona, markesaren maizter. Gure etxean lana eta errezoa ziren oinarri, baina el-kartasuna eta umorea ezaugarri. Oraindik ere senide artean ezin giro hobea izaten dugu.

Auzoa ere zoragarria izan nuen. Nekazari mundua, euskaldun peto-petoa, salbuespen bat edo beste bazen, baina euskaltzale-euskaltzaleak ziren gehienak. Auzolanetan eta abarretan adarjotze sano eta umoretsua ezagutu izan dut nik beti.

Sei urtetik zazpira hasi nintzen Azpeitira eskolara, maristetan. Agian gaztelera eta diziplina pittin bat zuten sobera, baina oso irakasle onak ziren gainerakoan.

Kaletarrak, berriz, baserritarrak bezain euskaldun ziren Azpeitian. Komentuetako mojarik gehienak, Loiolako jesuita batzuk, eta kuartelean zeuden sei guardia zibilek ez beste denok genekien euskaraz. Seguru asko, giro hori ikusita galdetuko zion biajante batek Azpeitiko dendari bati:

—En este pueblo habrá mucha agricultura, ¿no?

Eta dendariak, gaztelaniaz ziharduelakoan,

—No, no. También hay burnikultura!— Ordurako mekaniko tailer gutxi batzuk hasiak baitzeuden tornu eta horrelako makinak egi- ten.

Bertsolaritza ere, oso haur nintzela ezagutzeko aukera izan nuen, lehenbizi Santa Ageda eskean, eta geroxeago udaletxeko balkoi handi hartan. Basarri, Uztapide, Txapel, Zepai, Loidi-saletxe eta abar, niretzat mundu honetako pertsonaia handienak ziren, hainbeste miresten ni-tuen. Haietako bakoitzaren aurpegian ere aurkitzen nuen halako zer berezi bat, beste pertsona arruntek ez zutena. Propio bertsotarako egindako pieza bakarrak ziren niretzat. Nola sinestuko nuen gero beraiekin plazaz plaza ibiltzera eta beren lagun izateraino iritsiko nintzela?

Ondorengoekin berdin, neroni baino zaharxeagoekin hasi, neure adinekoekin segi, eta, be-launaldiz belaunaldi, gaur egun eskolarteko txapelketan parte hartzen duten gazteetaraino, ha-rreman ezin hobean igaro ditut orain arteko urteak. Neronek hainbeste maite izan dudan bertsolaritzaren putzu handi eta gozo horretan nahi adina igeri egiteko aukera izan dut, neuretzat zorionez.

Lantokietan ere beti lagunarte giro ezin hobea aurkitu izan dut. Garai batean, erlojuari asko be-giratu gabe, argitik argira lan egiten bagenuen ere, eta gorputzari zigortu latzak eman, lagun arteko giro ona eta umorea galtzeko arriskura iritsi gabe ibili izan naiz beti lanean.

Horrela esanda, badirudi nire bizitza lore arteko paseo bat izan dela, baina hori ez da egia. Nire bizitza ere, beste askorena bezalaxe, arantzatsua eta gogorra izan da. Baina nekea ez da hainbeste neke, eta arantza ez da hain arantza, inguru eroso batek babesten zaituenean. Beraz, berriro diot, oso suerte oneko sentitu naiz beti izan dudan inguruarekin.(...)

Hitzaren artistak Mundu honetan norbait izan eta zerbait egin nahi duen orok, begiak erne ibili beharra dauka. Bertsolari izan nahi duena behartuta dago, nahitaez, belarri-zabala izatera. Horrek ez du esan nahi belarri-zabal guztiak bertsolari izango direnik, baina bai bertsolari diren denek belarriak oso zabalik ibili izan dituztela dabiltzan leku guztietan, non esaldi dotore bat entzungo, noiz gertakizun bitxi bat jasoko. Bertsoa, nolabait esateko, euskararekin jolas egitea denez, herri bakoitzean izan ohi diren hiztun iaio horiei izugarrizko miresmena diegu. Horiexek dira gure maisuak.

Horretarako eskola ezin hobea izan da Azpeitia, bertan pertsonaia berezi asko izan delako hizketarako trebeziaduna. Keixeta aizkolaria aipatu dut lehenago, eta esan dut bere garaian onena zela aizkoran. Hizketan ez zen kamutsagoa. Behin, auzoko batek, han-hemenkako bere ibiliari esker informatuago zegoelakoan, galdera egin zion:

—Aizu, Keixeta, obra bat egin nahi nuke, eta zuk ba al dakizu zer egin behar den aurrezki kutxatik dirua ateratzeko? Keixetak, beste behin ere, zuzen eman zuen epaia:

—Aurrena, sartu!

Beste behin, Azkoitian aizkora apustu bat bukatu ondoren, hartu du gure Keixeta hori errezildar batek bere kamioian, Azpeitiraino ekarriko zuela esanda. Garai batean arrain garraioan ibiltzen zen kamioi horietako bat zen, hain zu-zen, eta Loiola aldean behera ziztu bizian joango zen seguruena, eta Keixeta larri. Nonbait honela esan omen zion behintzat gidariari:

—Uste det belaxe ailegatuko garela, baina nahiago nuke ailegatuta banego.

Mutilak aizkorako prestatzen ere fama handikoa zen. Behin bere mutilak apustua irabazi eta afaltzen ari zirela, galtzailearen aldeko gizatxar horietako bat etorri zaie berak zeuden mahaira, eskandalu bila noski. Eta esaten dio Keixetari:

—Zuk esan omen dezu, ni ez naizela gizo- na.

Keixetak orduan, bere hizketa apal eta gozoarekin:

—Antonio, neri ez didazu arrazoirik eman zu gizona ez zarela esateko, eta ez det inun esan zu gizona ez zarenik. Antonio horrek, orduan eta harroago, jainkoa eta santu mordo bat komunetik pasatu, eta mahaiari ukabilkada bat emanez: —Zuk esan omen dezu ni ez naizela gizona!

Eta horrela hiru edo lau aldiz, Keixeta beldurtuko zuelakoan. Keixetak, ordea, adinean aurreratu xamarra bazegoen ere asko izutu gabe, jeiki, bi besaburuetatik heldu, eta astindu txiki bat eman dio, esanez:

—Oraindik ez det esan, baina uste det berehalaxe esanaraziko didazula. Han bukatu omen ziren eskandalu arriskuak. (...)