Nire eskubideak
Euskal herritar garenoi zein hizkuntza eskubide dagozkigu? Nola bihurtu errealitate eskubideok eguneroko bizitzan?
Bideak eskuliburua, oso-osorik (pdf formatua, 106 Kb)
Ondorengo zerrendak, euskal herritarroi, berez, naturalki eta nazioarteko hainbat adierazpenetan aitortzen zaizkigun eskubideak ezagutarazi nahi ditu. Idazlan honek egunerokotasunean tresna erabilgarria izan nahi du, erreferentzia bat, gure hizkuntzan aritu ahal izateko baliabide bat. beraz, erabil ezazu!
- Euskal herritarrok eskubidea dugu euskara ofizial, hizkuntza nazional eta lehentasunezko izendatua izan dadin Euskal Herriko lurralde osoan.
- Eskubidea dugu Euskal Herrian hizkuntza politika bakarra finkatu dadin euskara babesteko, bere jarraipena ere aginte bakarraren esku utziz, zatiketa administratibo eta politikoen gainetik.
- Eskubidea dugu alor publikoko jarduera guztiak euskaraz egiteko.
- Eskubidea dugu euskaraz idatzitako edozein dokumentu pribatu zein publiko baliozkoa eta eraginkorra izan dadin.
- Eskubidea dugu alor pertsonalean eta familiartekoan euskara erabiltzeko.
- Eskubidea dugu euskal sistema onomastikoa erabiltzeko.
- Eskubidea dugu Euskal Herriko toki-izenak euskaraz erabiltzeko, ahoz eta idatziz, esparru pribatu, publiko zein ofizialetan.
- Eskubidea dugu euskara ezagutzeko. Euskara ezagutzen ez duten euskal herritarrek eskubidea dute euskara ikasteko eta horretarako laguntza jasotzeko, ahal izanez gero euskalduntzea dohainik izan dadin.
- Eskubidea dugu euskararen erabilera ekintza positiboen bidez sustatu dadin.
- Eskubidea dugu eskualde eta udalerri euskaldunetan lurraldetasun irizpidearen araberako neurri babesleak har daitezen.
Administrazio publikoei eta organo ofizialei dagokienez
- Eskubidea dugu Euskal Herriko aginte publikoen aurreko edozein jarduketa administratibo, judizial edo polizial, ahozkoa zein idatzia, euskaraz egiteko. Ahozko jarduketen kasuan euskal herritarrok eskubidea dugu harremana itzultzailearen bitartekaritzarik gabe izan dadin.
- Eskubidea dugu Euskal Herrian ekoizten den dokumentazio ofizial, lege eta gainerako arau juridikoak euskaraz izateko.
- Eskubidea dugu Euskal Herriko erregistro publikoetako idazpenak, notarioek edo fede publikoa duten funtzionarioek baimendutako dokumentuek euskaraz idatzi daitezen.
- Eskubidea dugu euskal herrian dagoen edozein administraziok herritarrekiko garatzen dituen beste edozein harreman euskaraz izateko.
- Eskubidea dugu Euskal Herrian ordezkari instituzionalen batzarrak euskaraz burutu ahal izateko.
- Eskubidea dugu Euskal Herriko erakunde publiko orotako lan hizkuntza euskara izan dadin.
- Eskubidea dugu auziperatze prozesuak euskaraz izan daitezen, baita epaiketak ere, epaile, abokatu, fiskal eta idazkari judizial euskaldunekin.
- Eskubidea dugu osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko.
Hezkuntzari dagokienez
- Eskubidea dugu hezkuntza sistemak euskararen transmisioa berma dezan.
- Eskubidea dugu euskaraz ikasteko, ikasketa eta prestakuntza maila guztietan (haur, lehen eta bigarren hezkuntza, lanbide heziketa, ikasketa unibertsitarioak eta ikerketa maila), inolako murrizketarik gabe.
Alor sozioekonomikoari dagokionez
- Eskubidea dugu merkatal zein kontsumitzaile jarduera oro euskaraz egin ahal izateko, euskararen erabilpenarekiko inolako murrizketarik gabe, hala nola ondasun eta zerbitzuen salerosketa, banku-eragiketa, aseguru, lan-kontratu eta gainerakoak, eta halaber jarduketa horiek burutzeko behar diren agiriak euskaraz eskura izateko.
- Eskubidea dugu kontsumitzaile gisako informazio eta publizitate oro euskaraz jasotzeko (errotuluak, etiketak, dokumentazioa).
- Eskubidea dugu Euskal Herrian merkaturatzen diren informatikako softwareak eta, erabilera ikus-entzunezkoa edo interaktiboa duten produktuak euskaraz merkaturatu daitezen.
- Eskubidea dugu euskaraz lan egiteko.
Kulturari eta hedabideei dagokionez
- Eskubidea dugu informazioa euskaraz jasotzeko.
- Eskubidea dugu hedabide publikoetako lan hizkuntza euskara izan dadin.
- Eskubidea dugu Euskal Herrian sarbidea duen hedabide orok euskararen presentzia berma dezan.
- Eskubidea dugu euskarak toki nagusia har dezan gizarte-kultura eta aisiarako gertakari eta zerbitzuetan.
Elkarteak
Hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko. edozein eremu, lurralde, herri, esparru edo sailean hizkuntzarekiko dituzun eskubideak urratuak izan badira, elkarte hauetara jo dezakezu:
Hizkuntza Eskubideen Behatokia.
- Eskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sorturiko tresna, hizkuntza eskubideei buruzko lana egiten duen erakundea.
- Euskararen telefonoa abian jarri zuen eta urtero herritarren eskutik jasotzen dituen salaketekin eta landutako informeekin txostena osatzen du.
- Euskararen telefonoan salaketa jarriz, hizkuntza eskubideak urratu dizkizunari salaketa hori jaso dela jakinarazi eta egoera hori gainditzeko eskea luzatzen dio.
- Hizkuntza Eskubideen Behatokia: 948-146172. www.behatokia.org
- Euskararen telefonoa: 902194332.
Euskal Herrian Euskaraz.
- Euskararen defentsarako herri mugimendua. euskal herria euskalduna helburu, herritarren aktibazioa, kontzientziazioa eta mugimendua bultzatzen duen erakundea.
- Euskal Herrian Euskaraz: ehe.euskalerria.org
- Bizkaia: 94-4162730.
- Gipuzkoa: 943-303527.
- Nafarroa Garaia: 948-204198.