Azpeitiarrak eta euskara

Aitor Arruti eta Arantzazu Azpillaga (Euskal Filologian lizentziatuak)

Aitor Arruti eta Arantzazu Azpillaga euskal filologoek, 1999ko azarotik 2002. urteko abendura arte, Uztarria aldizkarian hilero-hilero azpeitiarren hizkera hobetzeko gomendioak ematen zituzten, Euskara atalean. Orduan idatzitako testu guztiak biltzen dira hemen.

Zapo era (1999ko azaroa)

Gehienen ustez, euskara batuarekiko antzekoena den hizkera da egokiena. Horrexegatik, Tolosaldekoa dugu gure artean dotorezia eredutzat. Antzekotasun horrek bakarrik ez du, ordea, hizkera bat edo bestea baino gehiago bihurtzen.

Azpeitiarron hizkera bera ere beste edozein bezain egokia dela esan daiteke, inolako harrokeriarik gabe.

Hasteko, inon den ingururik euskaldunenean gaudenez (Azpeitian biztanleen %87k daki euskaraz), joskera eta egitura traketsak gureganatzeko arrisku txikiagoa dugu. Hala, nekez entzungo dugu gure kaleetan "da superrona" edo "ere bai ni joan nintzen" bezalako hankasartze nabaririk.

Halaber, Azpeitia Gipuzkoaren bihotzean egon arren, gure hizkerak badu bizkaitar ikuturik. Bi iturritatik jasotako aberastasun horren lekuko dugu hitzetik hortzera darabilgun "ba al leike?".

Bestalde, ez da toki askotan erabiltzen gure artean adina hikako forma, bere oparotasun osoan gainera. Bada, ordea, lore arteko arantzarik gure hizkeran ere: "Aizak, Miren, ba al dakik Kepak atxuekin moztu dule?". Horrelakoak, hurrengoan aztergai.

Aizak, Miren (?!?) (1999ko abendua)

Aizan, Miren, ba al dakin azpeitiar gazteok hika oso gaizki erabiltzen dinagula?

Aizak, Kepa, ez al dakik neskei hika mutilei bezala ez zaiela hitz egin behar?

Aizan, Miren, noiz hasi behar dun neska lagunei hika hitz egiterakoan aditza txukunago erabiltzen?

Aizak, Kepa, ohartu al haiz hire gurasoek desberdin hitz egiten diotela elkarri hika?

Aizan, Miren, ba al dakin noka baztertuaz euskarak duen aberastasunetako bat galduarazten ari haizenala?

Aizak, Kepa, ez al dik belarriko minik ematen neskei toka aritzeak?

Aizan, Miren, saiatuko al gaitun nesken artean toka baztertzen?

Aizak, Kepa, hasiko al gaituk neskekin hika behar bezala hitz egiten?

Aizan, Miren, ez al dun lotsagarria hiri hika mutilei bezala hitz egitea?

Aizak, Kepa, onartuko al huke hiri "aizan, Kepa, egingo al dinagu..." bezalakoak esatea?

Aizan, Miren, eta aizak, Kepa, ez ote luke mereziko ohitura txarrak utzi eta gure ondasunetako bat berreskuratzen saiatzeak? Bai, ezta? Guztiok eskertuko di(N)agu.

‘Hasten’ al gea hobeto hitzeiten? (2000ko urtarrila)

Norbaiti proposamen bat adierazterakoan, zenbaiten ahotan, gazteen artean batik bat, betiko aditz-forma egokia oker batek ordezkatu du. Hala, "Juten al gaitun(k) zinera?" okerra zabaldu zaigu, "Jungo al gaitun(k)?" egokiaren ordez.

Gaztelerazko forma baten itzulpen zuzen moduan iritsi zaigu: "¿Vamos al cine?". Gureganatzean, ordea, ez da kontuan izan ez dela gauza bera gaztelerazko orainaldiaren erabilera eta euskarazkoarena.

Euskarazko "-t(z)en" formak, zertan? galderari erantzunez, momentuan gertatzen ari dena edo sarritan errepikatzen den jarduera bat adierazten digu. Esaterako, "adarra jotzen ai zako", zertan? galderaren erantzun gisa, eta "hi beti adarra jotzen" norbaitek ohikoa duen joera baten adierazle.

Bada "-t(z)en" formaren bestelako erabilera okerra. Azalpenezko perpausetan "gutun bat idatzi zien eskerrak ematen" bezalako hankasartzeak entzutea ez da harritzekoa, "eskerrak emanez" egokia nagusi den arren.

Ia ba, pixket saiyauez, hasiko al gea hobeto hitzeiten?

Zorionak (2000ko otsaila)

Ez, ez gara nahastu. Hau ez da Eguberrietan argitaratzeko egindako idatzia. Egia da ondorengo lerroetan hitz horretaz ariko garela, baina ez du Eguberrietako zorionak horrekin zerikusirik. Beste zorion batzuk dira gure gaurko hizpide.

Nork ez du entzun "gaur nire zorionak dira" edo antzeko esaldi aldrebesik? (entzun ez duenak Uztarriara gutuna bidal dezala, saria merezi du-eta). Duela urte batzuk arte inork ez zukeen esaldi hori ulertu ere egingo, guztiok "gaur nire urtebetetzea da" edo antzekoren bat esaten baikenuen. Baina urteak betetzen ditugunean elkarri zorionak opa dizkiogunez eta zorionak abesten diogunez, urtebetetze baztertu eta zorionak hartu dugu, zoritxarrez. "Gaur nire urtebetetzea da", "urteak betetzen ditut" eta gisakoak dira egokiak.

Norbaitek "hoy son mis felicidades" esango balu, ez al ginateke harrituko? Ez al genuke hori gaizki esanda dagoela pentsatuko? Bada, beste hainbat euskaraz ere .

Zure urtebetetze eguna bada zorionak eta urte askoan, txapela kaskoan!

‘Ikusi’ eta ‘jo’ (2000ko martxoa)

Ikusi eta jo aditzek nahasketa ugari sortzen dizkigute, gaztelerazko erabileren eraginez batik bat. "Atzo hiri Gau-Txorin ikusi nian" eta "ama, jo ein dit" esatean oker ari garela onartzea kosta egiten zaigu, horien erabilera oso zabalduta dagoelako.

Nola jakin dezakegu aditz hauekin ondo ari garen ala ez? Bota dugun esaldia okerra bada, hari ZER? galdera egin eta hankasartzeaz berehala kontura gaitezke.

Esate baterako, "hiri Gau-Txorin ikusi nian" eta "jo ein dit" esaldiei, bestelakorik erantsi gabe, ZER? galdetuta, ez dute erantzun egokirik uzten. Hala ere, egoskorrean, akatsa onartzerik nahi ez dugunean edo komeni ez zaigunean, beti botako dugu erantzunen bat. Setakeria hutsez ordea.

"Hi Gau-Txorin ikusi hautean" eta "jo ein nau" esanez gero, ZER? galderari ez diogu biderik ematen. Erabilera okerrak, galdera horri bide ematen dio .

Horretaz gain, zalantza dugunetan ez dugu kontuan izaten hutsegiteentzako betirako aparteko antidotoa oso hurbil eta eskura dugula. Gure adintsuei noizbehinka arreta apur batez entzutea nahikoa izaten da okerrak zuzentzeko.

Gurean hobeto (2000ko apirila)

Zenbaiten esanetan orain arte idatzitakoagatik zital fama merezi arren, ez pentsa zapoera estimatzen ez dugunik. Ez horixe!

Lehenengo alean aipatu genuenez, inon den ingururik euskaldunenean bizi gara. Horrexegatik, bestetan entzuten den trakeskeriarik ez da gurean.

Esate baterako, zerbait edo norbait konparatzerakoan egoki abesten du zapoak. Ez du "Jon zu bezala da" esaten, "Jon zu bezelakue da" baizik.

Beste leku askotan ez bezala, gure inguruan "dagoeneko" eta "oraindik" behar bezala erabiltzen dira. Nekez entzuten da "dagoeneko ez dute eraman" edota "oraindik eraman dute" bezalakorik, hemen "daoneko eaman debe" eta "oindik eztebe eaman" esaten baitugu.

Ez da harritzekoa hor zehar "kontuz ez ibiliz gero, min hartuko dun" entzutea, hemen "Kontuz ibili ezien, min hartuko dek motell!" diogu. Eta berriro zuzen.

Hemen "inori emanez gero, zuri emango nizuke" ez genuke esango, ezta? "Iñoi ematekotan, zuri emango nizuke".

Ondorengo hauetatik, zein aukeratuko zenuke? "Azterketie aprobauz geo, zelebrau berko!" edo "azterketa gainditzekotan, ospatu beharko!".

Hizkera desberdinak (2000ko maiatza)

Euskara nabarmen aldatzen da toki batetik bestera. Gauza bera adierazteko modu desberdinak ditugu kilometro gutxiren buruan, hizkuntza gehienetan bezala.

Beste hainbeste gertatzen zaigu geure eskualdean ere. Guztiok Azpeitiko euskara darabilgula jakin arren, ez da berdin hitz egiten Azpeitia osoan. Intonazioan, hitzetan, hitz-bukaeretan eta aditzen erabileran nabaritzen dira gehienbat desberdintasunak. Besteak beste, ‘S’ eta ‘Z’ ez ditugu guztiok berdin ahoskatzen, azken silaba zenbait tokitan besteetan baino gehiago luzatzen da eta ohiko "sua" zue, zube, zuba, sube, suba bihurtzen da tokian-tokian.

Halaber, adinaren arabera asko aldatzen dira kontuak inguru berekoen artean ere. Zenbat eta zaharrago izan, orduan eta desberdintasun nabarmenagoak hiztunen artean.

Orain lehen baino askoz berdinago hitz egiten dugu; komunikabideek, eskolak, kirolak, kultur ekitaldiek... garai batean baino gehiagotan bateratzen gaituzte. Lehen auzo bakoitzak zuen bere eskola, eliza, topalekua, eta auzotarrak gutxitan hurbiltzen ziren kalera. Orain, egunero elkartzen gara eta zapoera batuagoa hitz egiten dugu.

Azpeitiko Azpeitian (2000ko ekaina)

Euskaraz hitzak erabiltzerakoan hainbat zalantza eta buruhauste izan ohi dugu. Euskara idatzian batik bat, askotan ez dugu asmatzen egokia zein den eta zein ez.

Burukomina sortzen digun hitz horietakoa da gure herriaren izena bera ere. Horrexegatik, inoiz ez dugu jakiten ziur Azpeitiako edo AZPEITIKO alde zaharrean ibili garen, Azpeitiatik edo AZPEITITIK irten garen, Azpeitiara edo AZPEITIRA etorri garen... Aldiz, guztiok dakigu MENDIKO haizeak, MENDIRA joateak eta MENDITIK etorritakoan dutxa hartzeak on egiten digutela.

Zer? Mendia zergatik aipatu dugun? Ez da izan Xoxoteko eguna pasa berria delako, ez horixe; MENDIA eta AZPEITIA hitzak berdin deklinatzen direlako baizik. Hau da, batek bukaerako -a galtzen duen kasu beraietan galtzen duelako besteak ere. AZPEITIKO alde zaharrean poteatzen ibiltzen gara gu, oporretan AZPEITITIK irteten gara eta berriro ere AZPEITIRA itzultzen.

Mendi artean bizi garenez, MENDIA eta AZPEITIA hitzak ezkon ditzagun, eta zalantza bat gutxiago izango dugu.

Baita zea re! (2000ko uztaila)

Lehen ere aipatu izan dugu gazteleraren eraginez zenbait arazo dakartzan ere partikulak ez digula gure inguruan halako buruhausterik sortzen. Aldian-aldian baino ez dira entzuten "baita re Mirenek" eta gisakoak gure artean. Aldiz, askotan eta egoki erabiltzen da "baita zea re!" arrazoi kentzailea.

Hala ere, azkenaldian erruz gehitu eta indartu diren euskal komunikabide eta idazle batzuen eraginez (Euskaltzaindia dixit), kontuak ez dira hain garbiak idazterakoan. Ustez eredu onak eta zuzenak direnak ez dira hala izaten beti. Eredu okerrak jarraitzeak ekarri ohi ditu erabilera okerrak ere. Esate baterako, askotan ikus daiteke baita ere jarraian idatzita, gehienetan bien tartean zerbait jarri beharko genukeen arren.

"Uztarria irakurtzen dinat, baita kritikatu ere" idaztea dago ondo eta ez "… baita ere kritikatu". Horrelako akatsak euskara idatzitik ahozkora pasatzeko arriskua dago, beste hainbatetan bezala.

Demagun auzoko Kepa eta Mirenek topo egin eta hala esaten diotela elkarri: "e-mailek idaztie gustatzen zatek" "Baitare neuri!". Horretan eroriko ote gara ba? ezta pentsatu re!

Euskara dendetan (2000ko abuztua)

Azkenaldian kaleetan dendetako erakusleihoen ikusmiran ibili bazarete, aldaketa txiki bezain esanguratsua ikusiko zenuten : lehengo abierto-cerrado orain irekita-itxita agertzen da gehienetan. Bejondeiola, beraz, dagokionari! Ahalegintxo-(txo) bat nahikoa izan daiteke gure moduko asko pozteko, baina kontua ez da dagoenarekin konformatzea.

Dendetan ordaintzerakoan gehienok zenbakiak gazteleraz esaten ditugu: "Zenbat da?" "Zientobeintisiete". "Hogei duro badauket, baño beintixiete ez". Inor harritzen al da horrelakoak entzunda? Oraindik behintzat ez.

Merkealdi garaian ez digu zoritxarrez begiko minik egiten rebajas kartelak, nahiz eta merkealdiak (beherapenak?!?) askoz erakargarriagoak iruditu. Bestalde, horariodun dendek ez dute ordutegia dutenek baino ordu gehiago sartzen, ez eta cerrado por vacaciones dagoena oporretan dagoena baino itxiago egoten ere.

Zorionak, beraz, merkealdietan, denda irekita, gauzak ehun eta hogeita zazpian saltzen dituzten dendari guztiei!

Elebidunak elebakarrak (2000ko urria)

Askok izan du Plaza Txikiko oharrak irakurtzeko unetxoa. Urtetan oharrok irakurtzen ohitu ondoren, oharkabean gaztelera hutsean idatzitakoa jasotzen genuen. "*Pérdida de cadena de oro", "misa aniversario", "aviso*", irakurtzen genituenok, asko pozten gaitu "urrezko katea galdu da", "urtebetetze meza" edo "oharra" irakurtzeak, ez luke horrela izan behar. Azpeitiar gehienak ez al dira, ba, euskaldunak?

Oharrak guztiok ulertu beharrekoak dira, eta egia da Azpeitian badirela eskubideak bermatu behar zaizkien *monolingüe batzuk. Hala ere, haien eskubideek ez dute elebakarren* eskubideek baino gehiago balio. Dena ulertu behar dugunaren aitzakipean, kontu garrantzitsuetarako gaztelera erabiltzea ezin da onartu, bakoitzari berea emateko garaia da.

Orain hiru hilabete, oharren taulako 4 agirietatik 3 gaztelera hutsean idatzita zeuden eta bat Erkidego honetako bi hizkuntza ofizialetan. Abuztuan, ohar guztiak euskaraz eta gazteleraz idatzita zeuden. Horixe da gure herri euskaldun hau egiaz euskalduntzeko bidea.

Urrestillan, azaroaren 3an (2000ko azaroa)

Ia jaiotzatik beretik data nola idatzi ikusi, ikasi (?) eta entzun dugun arren, ez zaigu buru egoskorrotan sartzen. Horren adierazgarri dira hainbat testu.

Nola idatzi behar ote dugu data? Azaroak 3an ala azaroaren 3an. Hona Euskaltzaindiaren gomendioak:

1- Urrestillan, 2000ko azaroaren 3an edo Urrestilla, 2000ko azaroaren 3a.

2- Hilabetea eta eguna bakarrik adierazi nahi denean, bi aukera ditugu: azaroaren 3a edo azaroak 3. Okerrak dira, ondokoak: azaroak 3 eta 7an, azaroak 3tik 7 arte, datorren azaroak 3. Zuzenak, ordea, honakoak: azaroaren 3an eta 7an, azaroaren 3tik 7 arte, datorren azaroaren 3an.

3- Azaroak 3 bezalakoak ondo leudeke esaldi baten barruan ere, honelakoetan: datorren ostiralean, azaroak 3, izango da bilera. Baina, horrelakoetan bakarrik, aposizioan, alegia.

Azalpen hauekin ez dugu miraririk espero, baina zalantza dugun erako badakigu Uztarria-ren azaroko atalean badela horri buruzko zerbait. Azalpen zabalagorako, Euskaltzaindiaren arauetara jo.

Lanien ote nao? (2000ko abendua)

Oso erraz nahasten ditugu egon, ari, ibili eta jardun aditzak. Gazteon akatsa da, nekez entzungo baitiogu adindun bati lanien dao, pentsatzen zeok edo antzekorik. Lanien natxion esanez gero, askok zorionekotzat hartuko gintuzke, lanean jardun ordez egoteko zortea izateagatik.

Betidanik bereizi izan dira egon, batetik, eta ari izan/ibili/jardun, bestetik. Egun, gazteleraren eraginez, egon nagusitu da mugimendua eskatzen duten ekintzetarako ere.

Egon aditza estatikoa da, ez du mugimendurik adierazten. Non? galderari erantzuteko lanien dao okerraren ordez lantokiyen dao esan beharko genuke. Zertan? galderari erantzun nahi badiogu, lanien ai da edo lanien dabil esan beharko genuke.

Mugimendua edo ekintza dinamikoa adierazteko ari izan, ibili eta jardun erabili behar dira. Hori dela eta, pentsatzen ai dana eta parrandan dabilena, primeran dabiltza. Pentsatzen daona eta parrandan daona, ez daude hain ondo.

Beraz, lanean gogor jardun bazarete, egonean egoteko moduan zaudete.

Ilbeltza (2001eko urtarrila)

Milurtekoaren estreinaldiarekin batera, hasi berri dugun urteak berritasunen bat ekarriko digu gehienoi. Garai egokia, erabiltzen ditugun gaztelerazko hitzak euskarazko jatorrez ordezkatzeko.

Esate baterako, zenbait hilabeteren izenak beti euskaraz esaten ditugun arren, gehienak gazteleraz esateko ohitura dugu, eta hori aldatzea komeni da.

Hona hemen nola esan daitezkeen eta nola ez diren esan behar: Urtarrila edo ilbeltza; baina ez enerue. Otsaila, baina ez febrerue. Martxoa. Apirila. Maiatza. Ekaina, garagarrila edo San Joan hila, baina ez juniyue. Uztaila, edo San Inaziyo hila, baina ez juliyue. Abuztua. Iraila edo agorra, baina ez setienbrie. Urria, baina ez otubrie. Azaroa, baina ez nobienbrie. Eta azkenik, abendua, baina ez dizienbrie.

Izen horietako batzuk urteetan aurrera doazenek bakarrik esaten dituzte, beti ere askoz hobe ilbeltza esatea enerue esatea baino.

Ea datorren hileko Uztarria irakurtzean febrerokue irakurri beharrean otsailekoa irakurtzen dugun.

Haragia uztea (2001eko otsaila)

Sansebastianak joan zaizkigu, eta dagoeneko prest gaude, hurrengo festei harrera egiteko. Kanpotarrek diotenez, urtean festa ugari izateko aukera, euskara hutsean mintzatzeko paradaz gain, Azpeitian edo inguruan bizitzearen abantailetako bat.

Hurrengoak inauteriak izango ditugu, gure karnabalak. Festa hauen jatorria zein den oso garbi ez badago ere, herrialde katolikoetan Bazko egunaren aurreko 50. egunean hasi eta Hausterre egunean bukatzen diren jaiak dira. Festen ondoren, kristau zintzoenek ez dute 40 eguneko Garizuma aldian haragirik jango (edozeinentzat ere komenigarria, entzundakoak entzunda).

Haragia uzte horren aurreko azken aukera hau hainbat hitz desberdinez izendatzen da Euskal Herrian: inauteri, inaute, iauta, ignote, iyoti, aratuste, karnabal, eta abar. Gure arteko ahozko hizkeran karnabal bezala ezagutzen ditugun arren, jaiok euskara batuan izendatzeko inauteri hitza jatorragotzat jo du Euskaltzaindiak. Beraz, Inauterien mozorroa soinean, ondo pasau karnabalak!

Generoa eta euskara (2001eko martxoa)

Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta ospakizun horrek, berdintasunetik urrun gauden une honetan, euskararen ezaugarri bat ekarri digu gogora.

Euskarak ez ditu sexuak bereizten, batzuetan sexu bakoitzarentzat, gizaki zein abereentzat, hitz desberdinak erabiltzen baditu ere: seme/alaba, suhi/errain, behi/zezen, eta abar.

Sexu biak adierazi nahi ditugunetan, bi hitz adierazleak erabiltzen dira, motzena aurretik jarrita, eta bigarrenari plurala erantsiz: senar-emazteak, neska-mutilak, …

Zerbait nolakoa den adierazi behar dugunean, salbuespenak salbuespen, hitz bera erabiltzen dugu maskulino eta femeninorako. "Leire argala da" edo "Ander argala" da esan ohi dugu.

Hala ere, zerbait nolakoa den adierazteko gaztelaniazko adjektibo bat erabiltzean, sarri entzuten dira "Ander listue" eta "Leire listie" bezalakoak. Hobe bietan azkarra adjektiboa erabiltzea, ezta?

Erderetatik hartutako adjektiboak ere forma bakarrez ematea komeni da, normalean jatorrizko hizkuntzan maskulinoari dagokion forma hartuz: musika klasikoa, …

Asko, luzea eta handia (2001eko apirila)

Nork ez du esan Gose asko daukat edo antzekorik? Gero eta gehiagotan erabiltzen ditugu gaizki, eta bada okerrak zuzentzeko garaia.

Asko/gutxi hitzak zenbat galderari erantzuteko erabili behar dira. Hau da, zenbatu edo neurtu daitezkeen hitzekin bakarrik. Gaizki esanda dago, beraz, Aste Santuko oporrak ailegatzeko gogo asko daukat. Gogo handia daukat, izugarrizko gogoa daukat edo antzekoren bat erabili beharko genuke. Gela horretan argi asko dago esaten badugu, berriz, bonbilla asko dagoela esaten dugu, baina gerta liteke bonbilla horiek argi txikia egin eta gela erdi ilunpean egotea.

Luzea /laburra eta handia/txikia hitzek nolakoa galderari erantzuten diote. Neurtu ezin diren hitzekin erabiltzen dira. Denbora askoan egon zen kalean esan beharrean, denbora luzean egon zen kalean esan beharko genuke. Hau gaizki erabiltzen dugu gehienetan. Gehienok denbora luzea pasa beharrean denbora asko pasatzen baitugu kalean.

Etengabe korrika (2001eko maiatza)

"Arraroa, noski, japonierarik gabe Tokyo!" zioen orain urte batzuk Nafarroa Oinez-eko abestiak. Arraroa, noski, gaztelerarik gabe Madril, frantsesik gabe Paris … Eta ez al da arraroa euskararik gabe Euskal Herriko hainbat herri? Euskal Herriko zenbait bazterretan harritu egiten gaitu kalean jendea euskaraz mintzatzeak. Gurean, zorionez, ez da horrelakorik gertatzen, baina ez gaude harrokerietarako.

Harri eta zur utziko gintuzke Madrilen "*café con leche" eskatu, eta zerbitzariak ez ulertzeak. Hemen, aldiz, ez digu inongo bihozminik ematen halakoak alderantziz gertatzeak. "Holaxe ezautu degu-ta!*".

Penagarria da benetan ofiziala omen den hizkuntzari beti bultzaka ibili beharra, geurea geure dela aldarrikatzeko zazpi probintziak korrika pasa beharra. Tamalgarria da XXI. mende dontsu honetan ere gure hizkuntzaren ofizialtasuna eskatzen ibili beharra. Sinesgaitza, berriz, euskara eta normalizazioa ezkondu ezina.

Korrika duela hilabete inguru Baionan bukatu bazen ere, mugaren bi aldeetan hamaika pauso eman beharko dugu oraindik euskararen alde. Izan ere, geureari eusteko ez gara, bada, besteren zain geldituko, ezta?

Geurea ez da nere (2001eko ekaina)

Pertsona arteko harremana nolakoa den adierazteko, eta baita bestelako loturetarako ere, gazteleraz erruz erabili ohi da posesiboa. Euskarak, aldiz, horrelakoetan ez du norbait edo zerbait norena den azaldu beharrik.

Horrexegatik, euskal hiztunok gazteleraz mintzatzean askotan erabili edo entzun izan dugu la madre, erderazko mi madre ezagunaren ordaintzat. Zergatik gertatzen da hori? Zalantzarik gabe, euskaraz beti gure ama edo ama soilik esan delako, eta hala esaten jarraitu behar genukeelako.

Hala ere, gazteleraren eraginez azkenaldian gure artean hurbileko harremanak adierazteko posesiboa lehen ez bezala erabiltzen hasi da jendea. Askok orain nere ama edo nere mutille esaten du, gure ama edo mutille esan beharrean. Horrelakoetan, posesiboa erabili beharrik ere ez dago, ez baita normala ama bat baino gehiago izatea, eta, hemen oraingoz poligamia ohikoa ez denez, mutil/neska bakarra izaten delako. Orduan, nahikoa da ama edo mutille esatea, hitz egiten ari dena bere ama edo mutilari buruz ari dela erraz pentsa daitekeelako.

Gure hizkuntzak aukera hori ematen digunez, zergatik ez diyou ba materialismo posesibo horri aurre eingo?

Bera ez da berdina (2001eko uztaila)

Eguneroko hizkeran, aurrez aipatutako zerbaiti buruzko erreferentzia ematean, gutako askok nahasian erabiltzen ditu bera eta berdin. Baina ez dira gauza bera, ez baitute gauza bera adierazten.

Zu ta ni eun berdinien jaiyo ginen, zuk eta nik kotxe bea daukeu eta antzekoak esateak bi hitz horiek ez direla behar bezala bereizten adierazten du.

Bera hitza gauza bakarrari buruz ari da, baina behin baino gehiagotan errepikatzen da: zu ta ni eun berien jaiyo ginen (egun jakin bat da) edo bi mutil hoiyei neska bea gustatzen zakobe (neska bat dute gustuko). Bistan denez, bera bakarrik da deklinabide marka duena: eun berien, neska bea.

Bestalde, bera horrek badu beste zeregin bat ere: aurreko hitzak adierazten duena azpimarratzea. Eta lehengo erabileran ez bezala, aurreko hitzak ere hartzen du deklinabide marka: "nausiyek beak eman dizkiu zorionak" edo "Jexuxekin beakin ein nian topo oporretan".

Berdin hitzak elkarren antza duten bi gauza edo gehiago adierazten ditu: zuk eta nik kotxe berdine daukeu (antzeko autoak ditugu) edo bi mutil hoiyei neska berdinek gustatzen zaizkobe (antzeko neskak dituzte gustuko).

Bera bati dagokio, eta berdin bi edo gehiagori.

Bota beharrekoak bota (2001eko abuztua)

Saninaziyo festetan kalean edo tabernetan bota izango da, seguru asko, aditzik gustukoenetakoa. Izan ere, azkenaldian erabilgarria bihurtu da: parrandie bota, xiextie bota, andregaiye/nobiyue bota, partidue bota, zeuken dana bota, kargutik bota, esku bat bota, faltan bota, …

Ba al da norbait inoiz horrelako botaren bat erabili ez duenik? Nola liteke hori? Beste askotan bezala, horretan ere gaztelaniaren eragina dugu: echar erruz erabiltzen da gazteleraz, eta ordaina ematen saiatzen gara bota, gehienetan oker, erabiliz. Lagunarteko elkarrizketetan, ez da hain akats larria, baina bai hizkera-maila zainduagoetan.

Askotan egokiagoa da egin erabiltzea: parrandie ein, siestie ein, andregaiye/senargaiye ein, … Beste batzuetan, ez dago ordainetan egin erabiltzerik, esaldiak aditz jakin bat eskatzen duelako edo esapide ezaguna delako: partidue jokau, kargutik kendu, zeukena eman

Azkenik, badira bi bota oso oker ere: esku bat bota eta norbait faltan bota. Hauen euskal baliokide egokiak lagundu eta norbaiten hutse/hutsunie nabarmendu/ierri dira.

**Parranda eta xiexta earrak ein uderan, baiñe ezer bota gabe!!**

Izenzalekeria (2001eko urria)

Euskaraz idazten dugunok, menpekotasun sindromeak jota-edo, gazteleraz idazten dutenak baino aldrebesagoak garela uste dugu askotan. Ondorioz, gaztelaniazko joerak, oker zein zuzenak, hitzez hitz geureganatzen ditugu.

Joera horietako bat aditzari atzizkia erantsi eta izen bihurtzen duen nominalizazioa da. Hasieran administrazioko testuetan nabarmendu zen, prentsan ondoren, eta gaur egun ia edonon aurki dezakegu izen bihurtutako aditzen bat.

Euskaraz ere, nominalizazioaren eraginez, esaldi traketsak erabiltzen eta sortzen ditugu: Debekatuta dago aparatu arriskutsuen instalakuntza eta erabilpena.

Euskaraz askoz hobeto legoke honako hau: Debekatuta dago tresna arriskutsuak instalatzea eta erabiltzea.

Edo beste hau: Udalak parte hartuko du jaialdiaren antolakuntza eta sarreren salmentan.

Hori baino askoz jatorragoa eta egokiagoa da ondorengoa: Udalak parte hartuko du jaialdia antolatzen eta sarrerak saltzen.

Esaldia osatzeko aditza behar dugunez, aditza izen bihurtzeak esaldian beste aditz bat sartzera behartzen gaitu, etengabe esaldia nahastu eta korapilatuz.

Orduen, zertako alperrikako lanien jardun, ta zertako biziye konplikau?

Konbertsaziyo bat (2001eko azaroa)

– Egun on!

– Egun on, bai!

– Zapatak nahi nituzke.

– ¿Zapatos? ¿*De qué color*?

– Beltzak.

– *Este año se lleva el marrón*. ¿No te gustan?

– Bueno, ez gehiyegi; eskaparateko beltz hoiyek gustau zaizkit, eta hoiyetxek probau nahi nituzke.

– ¿*Qué número*?

– Berrogei-berroetabat.

– Ez dakit zure numerue eukiko deun. *Voy a mirar. Toma, aquí tienes*.

– Habek ondo dauzketela emateu, zuk ze uste dezu?

Te quedan muy bien, no te aprietan, ¿verdad?

– Ez; goxuek die gaiñea. Habetxek hartuko ditut.

– Oso ondo, no te vas a arrepentir, ikusiko dezu ze gustoa ibilliko zean.

– Zenbat da?

– ‘Ontze mil zien’.

Oharra: Konbertsazio honek asmatutako pasadizoa dirudien arren egiazkoa da, eta, dakizuenez, gure euskal labeldun herrian gertatu ohi da. Noiz hasi behar dugu euskaraz dakigunok beti euskaraz hitz egiten? Ez dugu ba oraindik usteko gazteleraz eginda jantziagoak, jakintsuagoak edo dotoreagoak garenik? Orain ja ez, ezta?

Sobera ezaguna izanagatik, gogoan beharko genuke esaldi hau: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak hitz egiten ez duelako baizik". Egi berdaderue!

Zapo erdara (2001eko abendua)

Espioien filmetan sarri erabiltzen dira gehienontzat ulergaitzak diren hizkera kodetuak, eta, hain urrutira joan gabe, gure artean galtzen ari den zapo-erdara ere halakoa da. Mozorrotutako hizkera hura gogoratzeko, ea zapo-erdaraz idatzitako ondorengo testua argitzeko gai zareten: ZaPApoPOePEn hePErriPIaPAn zaPApoPOePEn euPEUskaPAraPAriPI buPUruPUz jaPArduPUn ePEtaPA zaPApoPO ePErdaPAraPAz ePEz hiPItz ePEgiPItePEaPA ePEz ziPItzaiPAIguPUn doPOtoPOrePEaPA iPIruPUdiPItzePEn.

GaPAraiPAI baPAtePEaPAn, hauPAUrrePEk ePEtaPA gaPAztePEtxoPOePEk jePEndePEaPA aPAmoPOrraPAraPAziPI naPAhiPI zuPUtePEnePEaPAn ePEdoPO iPInoPOrk uPUlePErtzePEriPIk naPAhiPI ePEz zuPUtePEnePEaPAn ePEraPAbiPIltzePEn zePEn zaPApoPO ePErdaPAraPA. ZaPApoPO ePErdaPAraPA ePEgiPItePEkoPO “foPOrmuPUlaPA” baPAt baiPAInoPO gePEhiPIaPAgoPO dauPAUdePE, ePEtaPA guPUk hoPOriPIePEtaPAkoPO baPAt ePEraPAbiPIliPE duPUguPU, jePEndePEaPA gePEhiPIePEgiPI ePEz naPAhaPAstePEkoPO.

Erraza, ezta? Mereziko zuelakoan, barkau eragozpenak!

Urtea berri, esaerak zahar (20002ko urtarrila)

Garai batean esaera zaharrak barra-barra erabiltzen ziren Azpeitian, eta baita Azpeititik kanpo ere; gaur egun, dena dela, esaera zaharrak erabat bazterrean utzi ditugula dirudi. Hona hemen, 2002. urtea hasteko, urteko sasoi eta hilabeteei dagozkien zenbait euskal esaera:

Euskalkiak idatziz (I) (2002ko otsaila)

Herri aldizkariak sortzean, hizkerari buruzko eztabaidak izaten dira gehienetan. Euskara batua bakarrik al da idazteko modukoa? Euskalkiak ere erabili al ditzakegu? Azpieuskalkiek ba ote dute lekurik esparru idatzian?

Garai batean, euskarak arauak behar zituen, batu beharra zuen, galtzeko arriskuan zegoelako. Horretarako bidea 1968an Arantzazun jarri zuten abian. Gaur egun, euskara batuta eta erdi araututa dago, eta garai latzetako kinka larria uxatu du oraingoz. Batzeko eta arautzeko bidean ez dira sartu ez euskalkiak, ezta azpieuskalkiak ere. Ahaztuta utzi genituen, eta hein handi batean baztertuta ere bai. Bada haiek berreskuratzen hasteko garaia.

Bizirik dirauten euskalki nagusiak bizkaiera, gipuzkera, goi-nafarrera, lapurtera, behe-nafarrera eta zuberera dira. Horien barruan daude herrian herriko azpieuskalkiak.

Gu gehiena kezkatzen gaituen azpieuskalkia Azpeitikoa da, eta, ahoz asko erabiltzen den arren orain idatziz ganoraz eman behar dugu. Uztarrian, hasieran, azkeneko orrialdeko elkarrizketa bakarrik idazten zen Azpeitiko hizkeran. Araurik ez zegoenez, azpieuskalkian idazteko ziurtasun eza izango zen arrazoi nagusia.

Atrebentzi haundigiye ote da arau zerrenda koxkor bat ematen hastie?

Euskalkiak idatziz (II) (2002ko martxoa)

Azpeitiarrez idazten hasten zaretenean eskura izan ditzazuen, aditu batzuen iritziak bilduko ditugu ondorengo zutabe hone-tan.

Hasteko, Miren Azkarate euskaltzain osoaren iritzia dakarkizuegu. Miren Azkarateren ustez, euskalkiak idazterakoan hiru puntu hauek hartu behar dira aintzat:

1- Edozein euskalkitako hitz eta egitura guztiak erabili daitezke ahoz eta idatziz. Bai euskalkian, baita batuan ere. Jarri eseri bezain egokia da, eta tentetu zutitu bezain aproposa, nahiz eta askotan euskara batuko hitzak egokiagoak, aproposagoak direla uste izaten dugun.

2- Ereduren bat hartzekotan, duela 300-400 urte idatzitako testuetara jotzea komeni da, orduan idazle bakoitzak bere euskalki batuan idazten baitzuen. Klasiko haien antzera idazten duenak, ez du huts egiteko beldurrik izan behar.

3- Idazteak badauka minimo bat, eta hori osorik idaztea da. Ez da idazlerik literatura tradizioan egin idatzi ordez *eiñ* idatzi duenik. Hitzak osorik idatzi behar dira.

Miren Azkarateren eta beste aditu batzuen iritziak ezagutu nahi izanez gero, esate baterako www.argia.com helbidera joan zaitezkete, eta 2000. urteko urtarrilaren 30eko Argia On Line 1.747. alea irakurri.

Euskalkiak idatziz (III) (2002ko apirila)

Euskalkien eta azpieskalkien lehengo esparruak berreskuratzeko kezka eta interesa azaldu izan du Koldo Zuazok. Deba ibarreko euskeria liburuan euskalkian idazteko arau batzuk zehaztuz:

  1. Bokal arteko b,d,g,r sarri galtzen dira ahozkoan. Idatzian, ostera, agertu egin ohi dira. Gera idatzi behar da, eta ez gea. Salbuespenak badira: aitu eta ba (aditu eta bada-ren aldaeratzat).
  2. Ahozkoan bokalak jan egiten ditugu: ekarri ber du, ... Idatzian aldaera osoak erabiltzea komeni da geure hizkerara egokituta: beher.
  3. Deklinabideko morfema batzuk ere laburtu egiten dira: *launén etxie. Horrelakoetan ere aldaera osoak erabiltzea komeni da: lagunaren*.
  1. Bustidura: *ñ, ll, x, tx, tt, dd. Arrotzak eta barregarriak direlako gure artean mina, oilo, aita (miñe, oillue,aitte* idaztea hobe).
  2. Azentuaren bidez bereizi ohi ditugu hitz batzuk: **lagunék esan dit /lagúnek ikusi ditut; zu zera néskatan polittena /horrek neskatán** egiñ omen du. Azentuak ezartzea erabaki zen Eibarren, eta oso lagungarria deritzot.

Euskalkiak idatziz (IV) (2002ko maiatza)

Villasante euskaltzainburu zenaren iritziz literatura tradizioa euskalkietatik dator, baina euskalki bakoitzeko estandarretik:

Joxe Aranzabal Arrasate Press-eko zuzendari ohiak, berriz, hau dio gaiari buruz:

Euskalkian beti: bai ala ez (i) (2002ko ekaina)

Euskalkiak gehiago eta hobeto erabiltzea proposatu du zenabitek azkenaldian, edozein alorretan euskara egokia erabiltzeko. Hala ere, proposamen horiek ez ditugu guztiok era berean interpretatzen, eta gehiegikeriak ere egiten dira.

Gai hori eta beste batzuk jorratuzm Xabier Kintana bizkaitar euskaltzainak artikulu bat idatzi zuen Jakin aldizkariko 127. zenbakian. Haren iritzia ezagutzea benetan merezi duenez, handik zenbait ideia bildu ditugu, eta hil honetako Uztarrian eta hurrengokoan jakinaraziko dizkizuegu:

Euskalkian beti: bai ala ez (II) (2002ko uztaila)

Xabier Kintanak euskalkien erabilerari buruz azaldu duen iritziaren laburpena eskaini genizuen. Hura lehen zatia zen, eta hona hemen bigarrena:

Irakurtzea eta uda (2002ko abuztua)

Uztarria.com gunean irakurketari buruzko inkesta bat plazaratu zen joan den maiatzean, “Zenbat liburu irakurri dituzu euskaraz aurten?” galderari erantzuteko eskatuz. Emaitzak, egia esan, nahiko kezkagarriak izan ziren gure irudiko. Jendeak ez du, nonbait, oraindik euskaraz irakurtzeko ohiturarik, edo arrotz egiten zaio gure hizkuntzan irakurtzea, edo xarma gehiago du beretzat gaztelaniak, ingelesak, frantsesak… geureak baino, edo auskalo zer!

Gertaera horren sustraietara jotzeko, irakurle bakoitzaren arrazoiak aztertzeak mereziko luke. Geuk entzundakoak besterik ez ditugu ezagutzen, eta badira arrazoiak eta baita aitzakiak ere:

Errematea... espainolez!!! (2002ko urria)

Hi, ba al dakin lehenguen Halako Bestiekin ikusi nuela Zarauzko malekoien?

Horrelako elkarrizketak edozein unetan entzuten dira Azpeitian. Berriketan ari garenean esandakoa errematatzeko zerbait erantsi beharra sentituta, gaztelania erabiltzen dugu errazkeriaz. Zer dela eta? Hizkuntza dotoreagoa erabiltzeagatik, agian? Atzean arrazoi bat baino gehiago egon daitezke:

‘Gure hizkuntza maittie’ (2002ko azaroa)

E gun on! ¡No sabes lo que nos ha pasado! ¡*Nuestro perro tiene una depresión de caballo*!

Faborez... (2002ko abendua)

Kepa, Mirenekin hika jardun beher dekenien neskie dala kontuen hartu. ... baten batek “juten al gera tabernara?” galdeutakuen “hola ez naun/k jungo!” erantzun.

... urtiek betetzen ditunai zorionak eman, baina “zorionik” ez ospatu. ... jendie, gauzek edo dana dalakue ikusi eta maitte, baina sekule ere ez jendiei eta gauzei.

...AzpeitiyEn (Azpeitian) ibili, Azpeitiko kalietan, eta ez Azpeitiyeko (Azpeitiako) kalietan.

...baite eta ere bikote iraunkorra die, baiño tartien seme-alabak dituztela beti (Baite eta ere batera ibili beher omen dituk. Baite zea ere!!).

...egune idazterakuen goguen izen Gabon eskien abenduen 24en erteten degula, eta ez abenduek 24en. Abenduen beti, ez dizienbrien. ...aintzakotzat hartu batzuten egon egiten gerala eta beste batzuten, berriz, jardun.

...zenbat nekau geran esateko asko edo gutxi ibili, baina ibiliye zenbatekue izen dan esateko luzie edo motza erabili.

...kontuen izen neriek direnak badirela, baina baita guriek diren gauzak ere.

...gauzak batzuk botatzen baditugu ere, sekula ez degu siestaik botatzen.

...antolakuntzan parte hartu beherrien, hobe da antolatzen parte hartzie.

...noizik eta behin libururen bat euskeraz letziek ez du begirik okertzen, ...eta, mesedez, EUSKERAZ hitz egin.

Eskerrik asko eta adiyo.