Baite Euskara Elkartea (2001-2003)

Baite Euskara Elkartea 2001eko otsailaren 10ean sortu zen. Herriko euskalgintza osoak sortu zuen Baite Euskara Elkartea. 2003ko azaroan bat egin zuen Uztarria Kultur Koordinakundearekin. Honek, berriz, 2008ko martxoan eman zion bukaera koordinakunde egiturari.

EUSKARA ELKARTEAREN SORRERA

Baite Euskara Elkartea 2001eko otsailaren 10ean sortu zen. Herriko euskalgintza osoak sortu zuen Baite Euskara Elkartea.

BAITE EUSKARA ELKARTEAREN IZAERA ETA HELBURUAK

Baite Euskara Elkarteak honako ezaugarri hauek ditu izaera aldetik:
– Euskaltzale guztiei irekia egongo da. Beraz, parte hartu nahi duten guztiei dei egiten diegu gurekin bat egitera.
– Bere jarduera, euskara normalizatzeko beharrezko eta egoki diren lan eta ekintzak antolatzea izango da.
– Bazkideen lana bideratzeko bilgune ere izango da. Oso epe laburrean Baite-k bazkideak lortzeko kanpaina bat egin asmo du. Guztion beharra du Azpeitiko euskarak, eta horregatik ahal den bazkide gehien lortzen saiatuko gara.
– Bazkideek erabaki eta onartu beharko dute jardueren plangintza, eta ondoren hori burutu ahal izateko lana bideratu.
– Beste edonolako elkarte, alderdi politiko edo erakundeekiko funtzionamendu autonomoa izango du. Ez du inongo eta inoren morrontzarik. Beraz, bere jokabidea ahalik eta estuen lotuko zaio izaera horri.
– Egitasmoak burutzerakoan, ahal den heinean Udalarekin elkarlanean jarduten saiatuko da.
– Euskararen aldeko lan edo antolaketa beste elkarte edo erakundeekin koordinazioa eta elkarlana mantenduko du funtzioen errepikapena saihesteko.

Baite Euskara Elkartearen helburuak:

Azpeitiko Baite Euskara Elkartearen azken helburua Azpeitian euskara normalizatzea da, horretarako bitarteko helburu nagusiak hauek izanik:
– Herrian euskara eta euskaltzaletasuna bultzatzea.
– Herrian euskaraz bizi ahal izateko lan egitea.
– Herrian euskarazko kultur espresioak antolatzea eta bultzatzea.
– Herrian euskarari buruzko informazioa zabaltzea.
– Herrian euskarazko komunikabideak bultzatzea.
– Herrian euskaraz bizi ahal izateko bertako euskaltzaleen elkarlana bideratzea, herriko bizitza euskalduntzeari indar emanez.
– Euskaltzaleak biltzea, honek euskaldungoa anima eta erdaldungoa erakar dezan, herrian euskaraz bizi ahal izateko.
– Euskararekiko dugun jarreraz hausnarketa autokritikoa bideratzea.
Oraintsu azaldutako ekintzen kaltetan gabe, elkarteak, bere helburuak betetzeko, honakoak egin ahal izango ditu:
– Bere helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako ekonomia ekintzak gauzatzea.
– Era guztietako ondasunak eskuratzea, eta era guztietako ekintzak eta hitzarmenak egitea.
– Nolanahiko ekintzak burutzea, betiere legeekin eta bere estatutuekin bat etorriz gero.

Kronologia

2000ko maiatza. Kontseiluak deitutako bilera. 2000ko maiatzean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bilera antolatu zuen, Aitonenan, Euskal Herri mailan garatzen ari den plangintza azaltzeko. Azpeitiko euskalgintzako erakunde guztiak han ginela esan daiteke, eta beste bilera baterako geratu ginen.

2000ko iraila eta urria. Azpeitiaren hautagaitza esperientzia pilotu izateko. Kontseiluak Euskal Herriko hamar bat herri hartu nahi zituen herrietan euskalduntze plangintzak martxan jartzeko eta herri haiek proba gisa erabiltzeko. Irailean Azpeitiko euskalgintzari gonbite-gutuna luzatu zion, eta herriko euskalgintzako erakunde guztiek sinatu egin zuten hautagaitza. Sinatzaileak:
- Urola Ikastola, Azkoitia-Azpeitia BHI.
- Karmelo Etxegarai Ikastola.
- Ikasberri Azpeitiko Ikastola.
- Betharram Ikastetxea.
- Milagrosa Ikastetxea.
- Jesusen Alabak Ikastetxea.
- Iraurgi Ikastetxea.
- Uztarria Kultur Koordinakundea.
- AEK.
- EHE.
- Erniarraitz Bertsozale Elkartea.
- Udal Euskaltegiko langileak.
Kontseiluak "hiru hanka" nahi zituen esperientziak martxan jartzeko: euskalgintzaz gain, Udala eta herriko zenbait gizarte eragile. Euskalgintzak Azpeitiko Udalari gonbite-gutuna bidali zion urriaren 5ean, eta Udalak ere sinatu egin zuen hautagaitza. Gizarte eragile hauek ere bai: ELA sindikatuak, LAB sindikatuak, EHNE sindikatuak, Danona Kooperatibak, Caja Laboral/Euskadiko Kutxak, eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak. Urriaren 17an guztien izenean gutun bat bidali zitzaion Kontseiluari, Azpeitiko hautagaitza aurkeztuz.

2000ko azaroa. Kontseiluaren erantzuna: baiezkoa. Kontseiluak azaroaren 14an bidali zuen erantzuna, Azpeitia esperientzia pilotu gisa erabiliko zela esanez. Beste hamahiru herri (edo auzo edo eskualde) ere hartu ziren orduan.

2000ko abendua. Plangintza prestatzen hasiak. Kontseiluak herri bakoitzeko euskalgintza hartzen du "motore" gisa, eta abenduan haientzat bilera prestatu zuen, Eibarren, Herrietako Plangintza zehatz-mehatz azalduz. Han izan zen Azpeitiko euskalgintza (bileran Azpeitikoa izan zen ordezkaritzarik zabalena).

2001eko otsaila. Baite Euskara Elkartea sortu zen. Bestetik, Udalaren berririk ez. Azpeitiko euskalgintza egituratu asmoz, Kontseiluko plangintza ondo ezarri asmoz eta euskararen aldeko beste lan batzuk egin asmoz, Baite Euskara Elkartea sortu zen otsailaren 10ean. Aitonenan egin zen aurkezpena. 2. puntuan aipatutako euskalgintzako erakunde guztiek sortu zuten Baite. Honatx elkarteko estatutuetako zenbait ezaugarri:
1) Baiteren izaera:
– Euskaltzale guztiei irekia.
– Bere jarduera, euskara normalizatzeko beharrezko eta egoki diren lan eta ekintzak antolatzea izango da.
– Beste edonolako elkarte, alderdi politiko edo erakundeekiko funtzionamendu autonomoa izango du.
– Egitasmoak burutzerakoan, ahal den heinean Udalarekin elkarlanean jarduten saiatuko da.
2) Baiteren helburuak:
Baiteren azken helburua Azpeitian euskara normalizatzea da, horretarako bitarteko helburu nagusiak hauek izanik:
– Herrian euskara eta euskaltzaletasuna bultzatzea.
– Herrian euskaraz bizi ahal izateko lan egitea.
– Herrian euskarazko kultur espresioak antolatzea eta bultzatzea.
– Herrian euskarari buruzko informazioa zabaltzea.
– Herrian euskarazko komunikabideak bultzatzea.
– Herrian euskaraz bizi ahal izateko bertako euskaltzaleen elkarlana bideratzea, herriko bizitza euskalduntzeari indar emanez.
– Euskaltzaleak biltzea, honek euskaldungoa anima eta erdaldungoa erakar dezan, herrian euskaraz bizi ahal izateko.
– Euskararekiko dugun jarreraz hausnarketa autokritikoa bideratzea.
Bide batez, ordea, Baitek ez zuen Azpeitiko Udalaren berririk Herrietako Plangintzari buruz. Udalak urrian sinatu zuen Azpeitiko hautagaitza, plana aurrera eramateko 2001ean 10 milioi pezeta jartzeko borondatea ere erakutsi zuen, baina harrezkero ez zuen ezer komentatu. Kontseiluarentzat euskalgintza denez "motore", Baitek berak egin nahi zuen plangintzaren kudeaketa ekonomikoa (bilera batean erabaki zen), baina Udalaren baieztapenaren zain segitzen zuen elkarteak.

2001eko apirila. Udalak baztertu egin zuen Kontseiluaren plangintza, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plangintzari heldu zion. Azpeitiko Udalak aurtengo apirilean Baite Euskara Elkarteko ordezkaritzari esan zion Udalak berak Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plangintza bultzatzeko eta babesteko erabakia hartu zuela, eta, beraz, ez zuela Kontseiluaren Herrietako Plangintza babestuko. Baiterentzat kolpe handia izan zen, guztien ("hiru hanken") artean aurkeztu zelako Azpeitiko hautagaitza, Kontseiluak hartu egin zuelako gure herria, eta, beraz, Udalaren azken erabaki horrekin guztia hankaz gora jartzen zelako.

2001eko urria. Udalaren azalpena Baiteri Euskara Biziberritzeko Plangintzari buruz. Apirileko bilera hura izan ostean, Baitek hainbat aldiz eskatu zion Udalari bere plana zehatz-mehatz azal ziezaion elkarteari, baina urriaren hasiera arte ez zuen bilerarik deitu Udalak. Urriaren 4an egin zen bilera, udaletxeko areto nagusian. Baitetik ordezkaritza zabala izan zen. Udaleko ordezkariak: Aitor Gorrotxategi Kultura Batzordeburua eta Patxi Saez udal euskara teknikaria; Pello Elorza Udal Euskaltegiko lehendakaria ere joan zen, Udalak gonbidatuta. Joxe Lizaso eta Patxi Altuna, ohorezko bazkide izendatu zituen. Bazkide arruntak lortzen hasi aurretik, Baite Euskara Elkarteak bi herritar ohorezko bazkide bihurtu ditu: Joxe Lizaso bertsolaria eta Patxi Altuna euskaltzaina. Biek urte luzeetan euskararen aldeko jarrera erakutsi izan dute, oraindik erakusten dute, eta Baitek haien lana errekonozitu egin nahi du, eredu ditugulako.

2001eko azaroa. Baiteren proposamena Udalari Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia dela eta. Abenduaren 2ko euskararen aldeko sinadura ekitaldia eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia dela eta, Baitek idatzi bat atera du eta Udalari elkarlanerako eskaintza egin dio (beste idatzian duzue informazioa).

2001ko abendua. Udalaren sinaketa ekitaldia eta Baiteren parte hartze baldintzatua.

2002ko apirila. Baiteko bazkideen aurreneko batzarra, beste norabide bat hartzeko, barne egitura finkatzeko eta plan bat segitzeko.

2002ko ekaina. Baitek bere norabidea hiru arlotan finkatu ondoren (normalizazioa, kontzientziazioa eta komunikazioa), bere lehen hitzaldia antolatu zuen kontzientziazio arloan. Juan Carlos Etxegoien "Xamar" idazle nafarra izan zen Baiteren lehen hitzaldia eskaini zuena; jende ugari bildu zen Enparan Dorretxeko aretoan. 2002an zehar beste bost hitzaldi antolatu ziren, hala nola, Kike Amonarriz eta Antton Olariaga (uztaila), Koldo Zuazo (urria), Iñigo Aranbarri (azaroa) eta Pako Aristi (abendua). 2003an zehar aldiz, Paula Kasares (urtarrila), Martxelo Otamendi (otsaila), Egunkariako langile azpeitiarrak (martxoa), Koldo Izagirre (apirila), Asisko Urmeneta (maiatza) eta Xabier Isasi (ekaina) izan dira hitzaldia eskaini dituzten pertsonaiak.

2002ko abendua. Baiteren prentsaurrekoa. 2002ko azaroaren 30ean Baiteren zuzendaritza batzordeak prentsaurrekoa eman zuen, erabaki batzuen berri emanez, besteak beste: gazteri arloa jorratzea, izen-abizenak euskaratzeko zerbitzua jartzea,...Bestetik, Udalak 2001ko abenduaren 2an "martxan" jarri zuen EBPNri buruzko balorazio kritikoa egin zuen Baitek.

2003ko otsaila. Baite Euskara Elkarteak Pilar Aizpitarte eta Enrike Zurutuza otsailaren 15ean Ohorezko Bazkide izendatu zituen. Garai zailetan euskararen alde eginiko lanarengatik izendatu zituen Baitek Ohorezko Bazkide bi pertsona horiek. Pilar Aizpitarte antzerki munduan ibili izan da; Enrike Zurutuza albaitari gisa aritu izan da lanean euskarari garrantzia emanez, eta euskararen alde jardun izan du antzerkian, komunikabideetan eta idazle gisa.

2003ko apirila. Bazkideen bigarren batzarra. Apirilaren 12an egin zen bazkideen bigarren batzarra. 2002ko ekintzen berri eman zen, baita 2003ko egitasmoen berri ere. Baitek Bai Euskarari Ziurtagiria abian jarri zuen Azpeitiko herrian. Apirilaren 1ean izan zen aurkezpen ekitaldia. Kontseilutik Idazkari Nagusia den Xabier Mendiguren eta Zigor Etxeburua bertan izan ziren; Baiteko ordezkaritza ere bertan izan zen. Herriko hainbat gizarte eragileetako ordezkari joan ziren Sindikatu Zaharreko aretoan izan zen ekitaldira.

2003ko maiatza. Baitek Bai Euskarari Ziurtagiria abian jarri eta maiatzaren 6an bigarren bilera egin zen herriko erakundeekin. Bertara joan ziren ordezkariek beraien erakundeetan euskararekiko konpromiso zehatzak hartzeko erabakia hartu zituzten.

2003ko uztaila. Bai Euskarari Ziurtagirien banaketa ekitaldia izan zen uztailaren 19an udaletxeko arkupetan egin zen ekitaldian. Bertan, herriko gizarte eragile desberdinek jaso zuten ziurtagiria, guztira 25 erakunde izan ziren euskararen alde hartutako konpromisoengatik ziurtagiria jaso zuten erakundeak. Sektore desberdinetako erakundeak egon ziren ordezkatuak: herriko enpresa, sindikatu, denda, kirol talde, kultura mundua,…. Ekitaldian, txalaparta, dantzariak eta bertsolariak izan ziren. Hauek izan ziren Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten erakundeak (gogoratu behar da hiru ziurtagiri mota daudela):

Bidean

Agirre oparidenda
Alde zaharreko merkatarien elkartea
Almacenes Etxeberria
Amube Inmobiliario Zerbitzuak
Arrospide oinetakoak
Babesa Modak
Coop. Legarda
Ione eta Maikar
Iturralde Iturgintza
Jostaldi Kirolak
Kimu Bat
Lasao Altzariak
Mugi Kirolak
Odriozola Ardoak
Pildain Inmobiliaria
San Sebastian harategia
Urrestilla jantzidenda

Guk zerbitzua euskaraz

ELA Sindikatua
Izarraitz Igeriketa Elkartea
LAB Sindikatua
Lagun Onak Mendi Bazkuna
Sarea Informatika

Guk zerbitzua eta lana euskaraz

Baite Azpeitiko Euskara Elkartea
Landatek Bulego Teknikoa
Uztarria Kultur Koordinadora

2003ko azaroa. Etorkinentzako eskuko hiztegia argitaratu zuen Baitek. Bertan, egunero erabiltzen diren oinarrizko hitzak euskara batutik zazpi hizkuntzara itzuli ditu, batzuen laguntzari esker, eta Azpeitiko euskaran ere badaude emanda. Oinarrizko 200 hitz daude: agur, eskerrik asko...500 ale argitaratu ziren, eta hilabete batean agortuta zen.

2003ko azaroaren 29a. Bazkideen ezohiko batzarrean Baite taldeak Uztarria Kultur Koordinakundearekin bat egitea erabaki zen eta, ondorioz, Baite Euskara Elkartea desegitea. 2008ko martxoaren 8ra arte Uztarria Kultur Koordinakundeko Euskara arloak bete zuen Baiteren egitekoa (Uztarriak orduan eman zion bukaera koordinakunde egiturari).

--

Baiteren ereserkia

Kanta
Letra