47 eragilek dute Bai Euskarari Ziurtagiria Azpeitian

Azpeitian 47 erakundek dute Bai Euskarari Ziurtagiria. 2012ko uztailaren 12an egin zen azkeneko banaketa ekitaldia.

Ainhoa Beristain Azpeitiko Udaleko Euskara Batzorde-buruak eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak banatu dituzte Bai Euskarari Ziurtagiriak. Banaketa ekitaldia Azpeitiko San Agustin Kultur Gunean izan zen atzo, urtarrilaren 12an. Guztira 47 enpresek, komertzioek eta era guztietako entitateek jaso zuten Ziurtagiria. Atzo eguerdiko banaketa ekitaldiak bi urteko sustapen lanari amaiera eman zion.

Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen normalizazioa eragiteko helburuarekin Bai Euskarari Ziurtagiria jaso duten 47 enpresek, saltokiek eta bestelako entitateak egiten duten lanaren aitortza egin zuen atzo, urtarrilaren 12an, Azpeitiko San Agustin Kultur Gunean. Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia 2010az gerotik egindako sustapen lanaren emaitza izan da. Ordura arte, Azpeitiko 24 enpresek, komertzioek eta era guztietako entitateek zeukaten Ziurtagiria, eta bi urteren bueltan, kopurua bikoiztea lortu dute eta gaur egun 47 dira Ziurtagiridunak.

Azpeitian banatu ziren 47 Ziurtagirietatik zortzik "Zerbitzua eta lana euskaraz" maila lortu dute, 28k "Zerbitzua euskaraz" maila eta gainontzeko guztiek, hots, 11k, "Bidean" maila. Maila igotzea lortu dutenen artean, aipagarria da Otamendi erloju eta bitxi denda eta Katuka zerbitzua euskaraz emateko gai direla. Era berean, aipagarria da azkeneko urtean hiru entitate berrik eskuratu dutela Ziurtagiria: Biru arropa denda, Carmona Ehorzketak eta Electricidad Electrónica Esnaola.

Banaketa ekitaldian Ainhoa Beristain Azpeitiko Udalako Euskara batzorde-buruak nabarmendu zuen "euskarak Azpeitiko jendearen nortasuna" eraikitzen duela. "Euskarak egiten gaitu euskaldun eta azpeitiar –jarraitu zuen–, garena euskaraz garelako".

Euskara batzorde-buruak esker oneko hitzak izan zituen Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten guztientzat: "Saltokietan ere euskaraz saltzen duzue, euskaraz egiten duzue azpeitiarrekin, zuek ere Azpeitia zaretelako. Gaur, zaretena aitortuko zaizue Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez. Azpeitiarren izenean aitormen hori egin nahi dizuegu; Azpeitiko herriaren izenean, eskerrona adierazi nahi dizuegu: mila esker zuek ere, euskaraz, Azpeitia izateagatik eta Azpeitia egiteagatik".

Rober Gutiérrezek, Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak, Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten entitateak zoriondu ondoren, norabide berean "urrats biziak" ematen jarraitzera animatu zituen San Agustin Kultur Gunean bildutako guztiak. Euskarari arnas-gune berriak zabaltzeko beharraz hitz egin zuen Gutiérrezek: "Ezinbestekoa da euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenei horretarako aukerak eta erraztasunak ematea".

Zentzu horretan, erantzukizunez jokatu behar dela adierazi zuen, "eredu egokiak eskainiz, lege ausart eta egokiak bideratuz, epeak ezarriz, diru inbertsioak eginez eta diruz lagunduz urrats biziak eman nahi dituzten entitate, enpresa eta era guztietako establezimenduak".

Era berean, enpresa, saltoki eta gainerako entitateei hizkuntzaren aldagaia "baliatzeko" deia egin zien, "besteekiko abantaila lortzeko osagai edo ezaugarri esanguratsua delako. Berritzaileak izan behar duzue, eta jabetu kontsumitzaile eta erabiltzaileontzat hizkuntza aldagai ezinbestekoa dela, produktuak eta zerbitzuak erakargarriagoak direla gure hizkuntzan eskainiz gero".