Historia

Ziurtagiria Kontseiluak ematen duen ziurtagiria da eta 'Bai Euskarari Akordioa'-ren ekimenetako bat da. Bai Euskarari Ziurtagiria 2000. urtetik dago eta Kontseiluak ematen duen ziurtagiria hau dagoeneko Euskal Herriko 100 herri ingurutan martxan dago.

Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria Azpeitian martxan jartzea proposatu zion Baiteri eta elkarteak proposamenari baietza eman zion. Horrela, herriko gizarte eragileengana jo zuen 2003. urtearen haseran (enpresa mundua, merkataritza, ikastetxe, kirol talde…) egitasmo horren berri emateko. 'Bai Euskarari Ziurtagiria'-k normalizazio osoa bilatzen du, konpromisoa eta inplikazioa eskatuz.

Azpeitian 2003ko apirilaren 1ean egin zen 'Bai Euskarari Ziurtagiria'-ren aurkezpen ekitaldia. Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluko idazkari nagusia etorri zen dena ondo azaltzera. Lehen bilera egin ondoren, Baitek beste bilera bat egin zuen maiatzaren 6an herriko erakunde desberdinekin eta bertan erakunde bakoitzak konpromiso zehatzak hartzeko erabakia hartu zuten. Azkenik uztailaren 19an herriko 25 erakundek Bai Euskarari Ziurtagiria lortu zuten bakoitzak bere esparruan euskararengatik hartu zituzten konpromisoengatik. Horren jarraipena eta ebaluazioa Baitek eta Kontseiluak egiten dute.

Erakunde bakoitzak Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko erakutsi, frogatu egin beharko du konpromisoak bete egiten dituela. Hemen, egoera desberdinak egongo dira erakunde bakoitzaren egoeraren eta hartu nahi dituen konpromisoen arabera.