Diosala

Jose Luis Otamendi

Jose Luis Otamendi 

Lur gabetuaren ondarea hitza da. Eta hitza irudia da, doinua da, forma da. Hitz esana, idatzia, entzuna, irakurria. Sormenerako, jolaserako, gogoetarako. Geure burua janzteko eta biluzteko. Beti nahi dugu libreago izan.

Hitzak hartu eta elkarren ondoan jarri geure geurea nahi genukeen eran, horra literatura. Azken arnasaraino defenditu eta maiteko dugun askatasun eremua, inoiz salduko ez duguna, galtzera utziko ez duguna.

Gauzak ez dira hala ere berez etortzen, gehien gehienetan ekarri egin behar izaten dira. Gozo, eta inoiz zakarrean ere bai.

Literatura lana da. Batzuetan hitzak erraz datozkizu, bere kasa bezala, jarioan bata bestearen ondoan jartzen utzi eta doi-doi munduan dagokien tokia aurkitzen dute. Hurrena, berriz, gimnastarik bigunenaren pare ibilita ere, dantzaririk eroenaren ausardia bilduta ere, jauzia hemen sakada han, ezin elkarrekin ondo etorri.

Edertasuna ederminez eta erdiminez erne ohi dela. Minez. Literaturak munduari leihoak zabalduko dizkio eta itsasoa sartuko zaigu sukaldean itsumustuan, edo lagun hurkoaren bihotzak jotako orduan iratzarriko gara gauero. Gure grinak, gure pozak, gure ezinak.

Garai baten lekukotza ematen du, ahots desberdinen berri. Eta aldian-aldian berritu beharra du biziko bada. Bestela stock zaharretik tira beharko lehorte galgarriak dirauen arte. Ur zaharretik edaten: lilura ozpinduak, maitasun folkloreari emanaků Sasoi bakoitzari bere hitza, bere adierazteko erak.

Uzta biltzeko moduan gara aurtengo uztailean ordea. Agorril luzearen ondotik iritsi da uzta. Uztarriaren abaroan estreinatzera gatoz Literatuzta.

Gaurdanik ahots ezberdinek gorputz hartu dute, badute non bizi, non agertu, zer esan. Literatuzta-k plaza, kaleak, herri koskor bat jarri dio literaturari gurean. Esku artean duzu, irakurle hori. Dasta eta goza.

Taupaka ari den bihotza entzuten da hemen, sukalde itsasotu bat dago irakurgai.

Etorkizuna da itxaropenaren izena.