Eta bidean

Arantxa Aldalur

Arantxa Aldalur  

Eta bidean aurrera, sikatu diren lugorrietan,
zure pausoek ez dute uhinik uzten
urrunean leherketek dirauten bitartean.
Ez garela errudun esaten didazu.
Ez garela biktima pentsatzen dut.

Idolatriak, kea bailiran ihes egiten dute burdin hesietatik,
Isil, astiro zure eskuak ferekatuz.
Ezin duenaren indarrarekin,
bakardadearen haizeari erreparatzen diogu,
urratutako eztarriek orroka dirauten bitartean.

Eta ez naiz aske
hitzak erauzten dizkidazunean.
Baina sinets, gauerdian zure begi beltzak nabaritzean,
errealitatea mehatxatzen dutela nire taupadek,
delitu izan arren.