Zakur goseti bat baino...

Igor Aranbarri

Igor Aranbarri 

Loaldi borrokatua izan da bart gabekoa,
jo atzera, jo aurrera eta ezin begirik tajuz bildu.
Goiza ate joka zela ohartu naiz hotza nuela,
edo hobeto esanda,
gauak beroa ostu zuela,
isilik ibili da,
edo ni oso motel,
goizalderarte ez baitut faltan bota ene epeltasun maitea.
Seiak aldera jarri dut bigarren manta eta...

... eta dagoeneko esnatu naiz,
zakur goseti bat baino kexatiago.
Komunera zuzen,
baina ez! Norbait aurreratu zait.
Eta txizalarria kendu nahirik atzoko egunkariari so geratu naiz,
“i-le-ga-li-za-tu” leitu dut begietatik makarrak kentzen nenbilela.
—orain ere ari dituk gutaz marmarka, zertaz ez dakitela—
pentsatu dut neure artean.
Ate hotsa!
Libratu da komuna!
Txizalarria piztu eta banoa presaka,
zakur goseti bat baino kexatiago.
Hasi naiz barrenak uzten,
ondo apuntatuz saiatzen naiz ez zipriztintzen.
Komun zuloan,
gogo gabe erretako zigarro hondarra,
ondoratu nahiez ta, hor dabil borrokan,
bonba bota eta,
hor dabil borrokan,
berriro bota eta,
hor dihardu borrokan.
Zeregin konkretuetarako erabiltzen dugun paper
mendi bat jarri diot gainean,
bonba bota berriro eta,
hor jarraitzen du borrokan.
Begiak erretxindurik
—hi gure modukoa haiz!— esan diot zigarro hondar heroikoari,
zakur goseti bat baino kexatiago.