Beste behin Azpeitian jokatuko dute aizkolarien binakako urrezko lehia

Nerea Uranga 2024ko ots. 22a, 15:16
Urrezko aizkolari eta harri jasotze txapelketen finalen aurkezpena herenegun, Azpeitiko udaletxean. (Nerea Uranga)

Binakakoaz gainera, gazteen banakako aizkolarien eta gizonen eta emakumeen harri jasotze txapelketako finalak jokatuko dituzte etzi, Izarraitzen.

Herri kiroletako Urrezko txapelketen plaza bihurtuko da Izarraitz pilotalekua igandean, beste aldi batez. 24. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren Urrezko mailako eta Gazteen mailako banakako eta Urrezko Harri Jasotze txapelketako gizonen eta emakumeen finalak jokatuko dituzte, 12:00etatik aurrera.

Herri kiroletan Azpeitia "erreferentea" dela azpimarratu du Jon Oteiza Azpeitiko Udaleko Kiroletako batzordeburuak: "Urtero izaten dugu punta-puntako herri kiroleko probaren bat ikusteko aukera, eta asko poztu gaitu aurten ere Azpeitia aukeratu izanak Urrezko aizkorako eta harri jasotzeko finalak jokatzeko".

Urrezko aizkolarien txapelketak antolatzen hasi zirenetik, finalak beti Azpeitian jokatu dituztela nabarmendu du Luis Mari Bengoa EgurSport HK-ko ordezkariak. 2001ean egin zuten Urrezko lehenengo txapelketa, eta orduan Azpeitian binakako txapela eskuratu zuen bikotea Floren Nazabalek eta Jose Migel Peñagarikanok osatutakoa izan zen.

Aurtengoa 24. edizioa du Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketak. Errege egunean jokatu zuten lehen kanporaketa, eta Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Gipuzkoan final-laurdenak eta finalerdiak jokatu ondoren, etzi erabakiko dira txapeldunak. Urrezko mailako txapelketan zortzi bikotek parte hartu dute, eta horietako hiruk lortu dute finalerako txartela; tartean, iaz txapeldunak izan ziren Hodei Ezpeletak eta Jokin Urretabizkaia Basozabal-ek. Beste bi bikoteak Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste –Urrezkoen mailan berria da–, eta Eneko Otaño beizamarra eta Julen Larrea III.a dira.

Aizkolariek binakako finalean egin beharko dituzten lanak honako hauek izango dira: erlojuaren kontra bakoitzak 45 ontzako enbor bana ebaki beharko du; txanda librean, zutik kanaerdiko bat; abiaduran, korte erdian 65 ontzako bana; zutik 45 ontzako bana; etzanda kanaerdiko bana; eta txanda librean, 60 ontzako, 65 ontzako eta oinbiko bina enbor.

Gazteak, banaka

Gazteen mailako banakako aizkolari txapelketako finala ere jokatuko dute etzi Azpeitian. 20 urtez azpiko hamasei aizkolarik parte hartu dute lehian, eta lauk lortu dute finala jokatzeko aukera, hala nola Aritz Oiarbidek, Jokin Larrietak, Jon Erdoziak eta Igoin Pikabeak. Azken hori izan zen iaz gazteetan txapelduna.

Aizkolari gazteek igandeko finalean egin beharreko lana 45 ontzako launa enbor moztea izango da.

Harriekin Urola Kostakoak

Urrezko harri jasotze txapelketan gizonen eta emakumeen finalak jokatuko dituzte etzi Izarraitzen; gizonena, bikoteka eta emakumeena, bakarka. Finaleko partaideen artean zarauztarrak dira harri jasotzaile gehienak.

Gizonen binakako harri jasotze txapelketan sei bikotek parte hartu dute, eta hiruk jokatuko dute finala. Honakoak dira etziko finala jokatuko duten harri jasotzaileak: Imanol Royo Lartain (Zarautz) eta Mikel Lopetegi Urra (Zarautz); Julen Diaz eta Xabat Olaizola (Zarautz); eta Jon Unanue Goenatxo III.a (Azkoitia) eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz).

Lau harrirekin egin beharko dituzte finaleko lanak gizonek: 175 kiloko laukizuzena altxatu beharko dute bi minutuko denboran; 125 kiloko kopa bi minutuko denboran; eta, 125 kiloko kubikoa eta 113 kiloko bola bina minutuko denboran, txanda librean.

Emakume harri jasotzaileek banaka jokatuko dute Urrezko txapelketa. Zazpi harri jasotzailek parte hartu dute txapelketaren final-laurdenetan, eta hiruk lortu dute finalerako txartela: Ainitze Zumeta eta Lierni Osa zarauztarrek eta Karmele Gisasola Zelai III.ak. Emakumeen herri kiroletako txapelketek gero eta partaidetza handiagoa dutela adierazi du Urrezko herri kirol txapelketen antolatzaileak: "Gu hasi ginen aurrena emakumeen herri kiroletako txapelketak antolatzen. Iaz, esaterako, 36 emakumek parte hartu zuten guk antolatutako aizkorako, ingudeko eta harri jasotzeko txapelketetan".

Emakumeek harri jasotzeko finalean egin beharreko lanak honako hauek izango dituzte: bina minutuko denboran, 63 kiloko zilindroa, kubikoa eta bola altxatu beharko dituzte.

Igandeko Urrezko txapelketako aizkorako eta harri jasotzeko finalak zuzenean eskainiko dituzte Euskal Telebistaren lehen katean, 12:00etatik aurrera.

Txapelketa bertatik bertara Izarraitz pilotalekuan jarraitzeko sarrera, berriz, 25 euro kostatuko da. Aurrez sarrerak erosteko aukerarik ez da izango, eta egunean bertan Frontoiko leihatila 10:30ean zabalduko dute.