Juan Antxieta musika eskolako kideek parte hartuko dute Azkoitian egingo den Piano Topaketan

Intza Trula 2024ko ots. 21a, 16:40
Juan Antxieta musika eskolako musikariak emanaldi batean. (Mireia Galarza)

Elkarguneko Herriko plaza aretoan izango da Piano Topaketa, igandean 12:00etatik aurrera. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Azpeitiko Juan Antxieta, Azkoitiko Bizkargi, eta Zestoako Ertxina musika eskoletako 31 piano jotzailek.

Asteburu berezia izango da eskualdeko musika eskoletako piano jotzaileentzat, Piano Topaketa egingo baitute igandean Azkoitian. Bertan izango dira, besteak beste, Azpeitiko Juan Antxieta, Azkoitiko Bizkargi eta Zestoako Ertxina musika eskoletako 31 piano jotzaile, eta ikasturtean ikasitako piezak eskainiko dituzte oholtza gainean. 12:00etan hasiko da Pianoaz gozatzen topaketaren emanaldia, Elkarguneko Herriko plaza aretoan.

Piano Topaketa ikasleen adinaren arabera mailakatu dituzte: 11 urte artekoak A mailan, 11 eta 14 urte bitartekoak B mailan, eta 14tik gorakoak C mailan. Hala eta guztiz ere, guztiak batera arituko dira Elkargunean, ordena alfabetikoan aterako baitira ikasleak oholtzara.

Hiru musika eskoletako arduradunek herritar oro gonbidatu nahi izan dute emanaldira, eta jakinarazi dute sarrera doakoa izango dela.