Azpeitia da Gipuzkoan eukalipto gehien dituen udalerrietako bat

Nerea Uranga 2024ko ots. 9a, 13:02
Eukaliptoa.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eukaliptoaren egoerari buruzko txostena aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eukaliptoak lurraldean zuhaitzen azaleraren %1,29 hartzen duela azaldu. Urola Kosta eskualdeak eukalipto guztien %33,53 biltzen ditu.

Eukaliptoak Gipuzkoan duen egoerari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo Batzar Nagusietan Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak. Espezie horren lurraldeko banaketaren inguruan bildutako datuen arabera, Gipuzkoan espeziearen banaketa "nahiko homogeneoa" da, baina Urola Kosta eskualdea nabarmendu dute, Gipuzkoako eukalipto guztien % 33,53 biltzen baitu. Dena den, Arrutik azaldu du "ehuneko hori eskualdeko zuhaitz-azalerari dagokionez %3 baino ez" dela. Udalerrika, berriz, Azpeitia, Aizarnazabal eta Hernani dira mota horretako arbolen hektarea gehien dituztenak.

Gipuzkoan eukaliptoak zuhaitzen azaleraren %1,29 hartzen du; 1.575 hektarea, Gipuzkoako baso estalkiaren 121.925 hektareako guztizkoaren gainean. Lurraldearen gainerako paisaia honakoek osatzen dute: koniferoek (%49,65) hamar barietate baino gehiagorekin, eta beste espezie hostotsu batzuek (% 49,06) 25 barietate baino gehiagorekin.


Xabier Arruti Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko diputatua.

Arrutik batzar nagusietan aurkeztutako txostenak landaketa kopuruari eta horien bilakaerari nahiz lurralde banaketari eta azalera horien jabetzari buruzko xehetasunak ematen ditu. Azterlanaren arabera, eukaliptoaren hazkuntzaren erritmoa "nabarmen jaitsi" da azken urteotan. "2018an eukaliptoaren landaketa 572 hektarearaino handitu zen, intsinis pinuan banda marroiaren gaixotasunaren ondorioz botatako pinudien eraginez. 2021-2022 aldian bildutako datuek erakusten dute landaketa 76 hektareara baino ez dela iritsi", azaldu zuen Lurralde Oreka Berdeko diputatuak.

Eukaliptoaren landaketa 493 unadatan banatuta dago, eta horietatik 400 (% 81) bost hektareatik beherako lursailak dira: "Jabeen %91k bost hektarea eukalipto baino gutxiago dituzte".

Basogintzari eta Gipuzkoaren etorkizuneko baso politikari buruz egingo duten ponentziaren barruan kokatu dute eukaliptoaren inguruan egindako txostena. "Ponentzian Gipuzkoako basoen eta basogintzaren egungo egoera aztertzea espero da, baita Gipuzkoako gizarteak klima aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren testuinguru berrian basogintzari buruz espero duenari buruz ikertzea eta hausnartzea ere. Gainera, etorkizuneko erronkei begira beharrezko tresna eta politika egokienak zeintzuk liratekeen aztertzea da asmoa", azaldu du Arrutik. Hori guztia egin ahal izateko, sektoreari lotutako tokiko, eskualdeko eta lurraldeko adituen eta lehen sektoreko, ekonomiako, gizarteko eta ingurumenari lotutako eragileen basoei eta basogintzari buruzko hausnarketak bilduko dituzte.