Atarrabiatik Azpeitira, Queen

Mailo Oiarzabal 2024ko ots. 7a, 09:16
Abestu gure Queen-eko partaideak, hasierako emanaldietako baten amaieran. (Xabier Aierra)

Paz de Ziganda ikastolako helduen abesbatzak Soreasun aurkeztuko du Abestu gure Queen ikuskizuna otsailaren 18an. Begoña Illarramendi azpeitiarra da oholtzara igoko denetako bat.

Queen musika taldearen kantu ezagunetan oinarritutako edota Freddie Mercury zena buru zuen taldearen omenezko ikuskizun ugari sortu eta eman dira azken urteetan munduan zehar. Horietako bat da otsailaren 18an Azpeitiko Soreasu antzokian emango duten Abestu gure Queen. Ikuskizun hori, baina, Euskal Herrian sortutakoa da, eta Azpeitiko ukitua ere badu, gainera: Atarrabiako (Nafarroa) Paz de Ziganda ikastolako helduen abesbatzaren ekimenez ondutako ikuskizuna da, eta abesbatza horretako kide da "hasieratik" Begoña Illarramendi (Azpeitia, 1971). Gazteen Barrenetxea abesbatzan aritu zen Illarramendi Azpeitian bizi zenean; aita, Pedro Illarramendi,  abesbatzaren zuzendaria zen, eta gerora Nagore ahizpak hartu zuen haren tokia.

2010. urtean jaio zen Paz de Ziganda helduen abesbatza, izen bereko ikastolako guraso talde batetik abiatuta. "Umeen inbidiaz" hasi zirela kontatu du Illarramendik; izan ere, "ikastolako haurrek bazuten korua, egundoko koru polita". Kanturako grina zuten gurasoak elkartzen hasi ziren, eta Mari Paz Arizkun zuzendariaren gidaritzapean, hazten eta indartzen joan zen abesbatza. Hamalau urteko ibilbidean, Nafarroan aritu da gehienbat, baina Euskal Herriko beste hainbat tokitan zein atzerrian ere ibili da abesbatza, askotariko emanaldietan: bakarrik edo artista gehiagorekin batera, orkestrarekin edo a capella aritu da Paz de Ziganda helduen abesbatza, eta zenbait lehiaketa ere irabazi ditu. Gaur egun 48 kide ditu abesbatzak; "gehienak" ikastolako gurasoak edo guraso ohiak dira, eta azken horien artean dago Illarramendi.

Duela pare bat urte hasita, berriz, Abestu gure Queen ikuskizunarekin dabil batean eta bestean Atarrabiako abesbatza. 2020an hamar urte bete zituen abesbatzak, eta urteurren horretarako "zerbait berezia" egin nahi zuten. Horrela sortu zuten Abestu gure Queen, baina pandemia tarteko, bi urte atzeratu behar izan zuten ikuskizunaren plazaratzea.

Korua, koruak egiteko

Datorren asteko igandean Azpeitira iritsiko den ikuskizunean, Paz de Ziganda abesbatzakoak ez dira protagonista bakarrak. Are gehiago, Illarramendiren esanetan, "koruak egiten dituen korua" dira beraiek Abestu gure Queen-en, Javier Erro abeslari nafarra baita "Freddie Mercuryrena" egiten duena; Maria Etxeberria sopranoak ere parte hartzen du ikuskizunean, Montserrat Caballeren papera betetzeko, eta musikari taldea ere lagun dute emanaldietan Paz de Zigandakoek.

Begoña Illarramendi (behetik hasita bigarren ilaran, eskuineko aurrena) Paz de Zigandako hainbat kiderekin, ikuskizunerako prestatuta. (Xabier Aierra)

Orain arte, Nafarroan taularatu dute abesbatzaren hamargarren urteurrenaren harira sortutako ikuskizuna. Lehendabiziko bi emanaldiak, nola ez, Atarrabian egin zituzten; Burlatan, Tafallan eta Iruñeko Baluarten ere aurkeztu dute ikuskizuna, eta harrera bikaina izan dute toki guztietan. Areto guztiak "beteta" zirela taularatu dute Abestu gure Queen Illarramendik eta kideek.

Azpeitikoa izango da Paz de Ziganda helduen abesbatzak Nafarroatik kanpo Abestu gure Queen aurkeztuko duen lehen kontzertua, eta Illarramendirena da 'errua'. "Ilusioa" egiten zion azpeitiarrari Nafarroan hain harrera beroa jaso duen ikuskizuna jaioterrian emateak, eta hori posible izateko lanean hasi zen. "Udaleko Kultura sailarekin harremanetan jarri nintzen, eta han Kulturaz kooperatibakoengana zuzentzeko esan zidaten. Kulturazekoei idatzi nien, gure ikuskizunaren gaineko informazio guztia eman nien, eta horrelaxe antolatu dugu otsailaren 18ko kontzertua".

Azpeitiarrak eta azpeitiarrak ez direnak, musikazale eta queenzale guztiak "animatu" nahi ditu Illarramendik otsailaren 18ko kontzertura. "Lehendabizi sansebastianak, orain karnabalak... Badakit Azpeitian une hauetan jendeak festak dituela buruan, baina uste dut benetan merezi duen ikuskizuna dela Abestu gure Queen", dio azpeitiarrak. Queenen kantak "oso ezagunak" dira, eta horrek lagundu egiten du giroa berotzen: "Geuk pila bat gozatzen dugu emanaldietan, oso ondo pasatzen dugu, eta ikusleek ere bai: kantatu egiten dute, txaloak jotzen dituzte, eta zutitu eta dantzatu ere bai batzuek".

Errok Mercuryrena "izugarri ondo" egiten duela nabarmendu du Illarramendik, eta musikarien lana ere goraipatu du. Azaldu du emanaldi batean baino gehiagotan "errepikatu" duten ikus-entzuleak ezagutzen dituztela, eta orain arte egin dituzten emanaldietan bizitakoaren antzeko bizipenak Azpeitian ere errepikatzea espero du berak.

Probatu nahi dutenek, Kulturazen webgunean dituzte sarrerak.