Indarkeria matxistaz hausnartzeko eta harremanak sendotzeko ekintzak antolatu ditu Itaiak otsailerako

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 2a, 11:47
Iazko pala txapelketako sari banaketako argazkia. (Itaia)

Itaiaren indarkeria matxistaren aurkako asanbladak antolatu ditu ekintzak. Gaur hasiko dira prestatutako egitarauarekin. Txapelketak eta hitzaldia antolatu dituzte datozen asteetarako. Otsailaren 24an emakumeen futbito txapelketa egingo dute, eta dagoeneko eman daiteke izena txapelketan.

Urola Erdiko Itaiak hainbat ekintza antolatu ditu otsailerako, Indarkeria matxistarekin amaitzeko antolatu lelopean. Hain zuzen, Itaiaren indarkeria matxistaren aurkako asanbladatik prestatu dituzte datozen asteetarako jarduerak. Joan zen astean aurkeztu zuen Urola Erdiko Itaiak indarkeria matxistari aurre egiteko proposamen politikoa, eta, orain, "indarkeria matxistaz hausnartzeko eta harremanak sendotzeko" ekintzak prestatu dituzte. "Asanbladako kideen eta kide berrien artean aisialdia elkarbanatzeko espazioak ireki eta eskaini" nahi dituzte Itaiako kideek. 

Gaur hasiko dira prestatutako ekintzekin. Lehen bi asteetan, ostiralez, dardo txapelketa jokatuko dute Haginpe tabernan, 20:30ean hasita. Otsailaren 16an, berriz, indarkeria matxistaren forma berrien inguruko hitzaldia eskainiko dute Azkoitiko Elkargunean, 18:30ean hasita. Hilaren 23an futbolin txapelketa egingo dute Haginpen, 20:30etik aurrera. Otsailaren 24an borobilduko dituzte otsailerako prestatutako ekintzak, egun osoko egitarauarekin. 

Emakumeen arteko futbito txapelketa

Otsailaren 24an, larunbatez, emakumeen arteko futbito txapelketa, bazkaria eta kontzertua egingo dituzte. Iaz Emakumeen Pala Txapelketa antolatu zuen Itaiak, eta aurten futbolean aritzeko sariketa prestatu dute. Iazkoa hilabetez luzatu zen, eta aurten egun bakarrera mugatu dute txapelketa. 

Futbito txapelketan parte hartzeko taldeka eman beharko da izena, eta gutxienez bost pertsonako taldeak osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Izena emateko orria Haginpen jarriko dute eskuragarri, eta hara joan ezin dutenek itaiaurolaerdia@gmail.com helbidera idatz dezakete. Otsailaren 18a izango da sariketan izena emateko azken eguna. Taldeko, 20 euro ordaindu beharko da izen-ematea, eta prezio horren barruan sartuko dira bazkaritarako bi txartel. 

Hilaren 24an, 09:30ean elkartuko dira parte hartzaileak Esklabak Zentro Sozialistan, eta harrera egin ostean, 10:00etan hasiko dira txapelketarekin.  Esklabetako atarian jokatuko dituzte partidak. Neurketa guztiak amaituta, 15:00etan bazkaria egingo dute Esklabetan bertan, eta otordura edonor anima daiteke, irekia izango baita. Amaitzean banatuko dituzte sariak. Ondoren, 17:30 aldera, kontzertu akustikoa izango da.