Garaipenarekin omendu dituzte 2015ean maila igoera lortu zuten taldekideak

Nerea Uranga 2024ko urt. 21a, 13:42
2015ean LF2 mailarako igoera lortu zuten Iraurgiko taldekideak, egungo jokalari gazteekin, gaur, Azkoitiko Elkargunean. (Nerea Uranga)

Domusa Teknik ISBk LF2ko bigarren itzuliko lehen partida irabazi egin du Lleidaren kontra. Azkoitiko Elkargunean jokatu dute gaur, 11:30ean hasita, eta Nora Arozena gazteak debuta egin du talde nagusiarekin. Saskibaloi klubaren 50. urteurreneko ospakizunen barruan, LF2rako txartela eskuratu zuten taldekideak omendu dituzte.

50. urteurreneko ospakizunen barruan, Iraurgi Saskibaloiak urteko lehen jardunaldiarekin ekin zion talde nagusien etxeko partidetan klubaren historian esanguratsuak izan diren pertsonak eta taldeak omentzeari. Emakumeen zein gizonen talde aitzindariak izan ziren aurreneko omenduak, baina Juaristi ISBk zein Domusa Teknik ISBk denboraldia bukatu bitartean etxean jokatuko dituzten partida guztietan egingo dituzte aitortza ekitaldiak.

Horrela, gaur, 2015ean LF2ra igotzea lortu zuen taldea omendu dute Elkargunean, Domusa Teknik ISBk Robles Força Lleidaren kontra jokatu eta iarbazi duen partidan. Maitane Gurrutxaga, Intza Lizarazu –Domusa Teknik ISBren egungo kapitaina–, Itsaso Astigarraga, Irati Etxeberria, Garazi Arregi, Ane Goenaga, Aitziber Besga, Naroa Uria, eta Maite Lizarazu jokalariak, eta Jose Ignacio Acosta eta Joseba Lizarralde Rubio –egungo taldearen entrenatzaile dena ere– dira omenaldia jaso dutenak. LF2rako txartela lortu zuten, baina gorabehera administratiboak tarteko, LF maila nagusian jokatu zuten hurrengo denboraldia Iraurgiren emakumeek.

Domusa Teknik ISBkoak, gaur partida hasi aurretik. (Nerea Uranga)

LF2ko B multzoko bigarren itzuliari ekin diote gaur Iraurgikoek, eta aurreko azken bi jardunaldietako porrotei buelta ematea lortu dute Azkoitiko kiroldegian. Ligako lehen jardunaldian, Lleidan, galdu egin zuen Domusa Teknik ISBk; gaurkoan, ordea, 73 eta 59 irabazi du Rubioren taldeak. Partidaren hasierako minutuetan nahiko lan izan dituzte Domusa Teknik ISBko neskek LLeidakoei aurrea hartzen, baina lehen laurdena bi puntu aurretik (19-17) bukatu dute. Atsedenera puntu gehiagoren abantailarekin iritsi da etxeko taldea, 36 eta 29. Hirugarren laurdenean sei puntu gehiagoko aldea (17-11) lortu arren, azkeneko zatian hestuago (20-19) ibili da Iraurgi. Hala ere, maila igoera lortu zuten taldeko kideei garaipena eskaini ahal izan die.

Arozenaren debuta

Nora Arozena Iraurgiko harrobiko jokalariak debuta egin du gaurko partidan lehen taldearekin, eta "neurketa ikaragarria egin ondoren, MVP-a izendatua izan da, 17ko balorazioarekin", azpimarratu du saskibaloi klubak.

Datorren jardunaldia etxetik kanpo jokatuko du LF2ko Domusa Teknik ISBk; urtarrilaren 27an, 20:00etan, Castelloren kontra.

Zilarrezko LEB ligako Juaristi ISBk atsedena izan du asteburu honetan, baina datorrena Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Huescaren aurka. Urtarrilaren 28an, igandean, izango da, 18:00etan.