Alex Berasategi: "Urteen poderioz, okerrenetik onena ateratzen ikasten da"

Unax Larrañaga 2024ko ots. 19a, 08:30
Alex Berasategiren erretratua. (Alex Berasategi)

Kirola eta abentura ditu zaletasun Alex Berasategi argazkilari azpeitiarrak. Argazki kamerarekin irudiak egiteko orduan, "inprobisatzen abila" izateak berebiziko garrantzia duela nabarmendu du. Nazioarteko Red Bull Illume txapelketako finalera iritsi da Izarraitz skate parkean ateratako irudi batekin. Berea da Erretratua 2024ko urtarrileko Uztarria aldizkarian.

Kirolaria eta abenturazalea da Alex Berasategi (Azpeitia, 1986) argazkilaria. Kameraren laguntzaz denbora gelditu, eta akziodun uneak bereganatzea da gehien gustatzen zaiona. "Prozesu naturala" izan zen berarentzat irudiaren munduan sartzea. Diseinu grafikoa ikasi ostean, Xanti Rodriguezen estudioan hasi zen praktiketan, eta orduan erosi zuen bere lehen argazki kamera. Paisaiak, erretratuak eta bestelako argazkiak sortzeak piztu zion lanbide horretan murgiltzeko grina Berasategiri. "Argazkilaritzan, momentuan bertan ikusten da emaitza, editatu aurretik noski; oso azkar ikus daiteke lortutako konposizioa ona den ala ez. Bideoan, berriz, edizio prozesuak gehiago irauten du, eta horregatik gustatzen zait gehiago argazkia".

Argazkilaritza sozialarekin lortu zuen Berasategik irudigintza lanbide bilakatzea: "Ezkontzetako argazki saioak, haurren argazkiak... Horiek dira jaten eman izan didaten lanak; azken finean, horiek dira eskari handiena duten zerbitzuak". Era horretako lanekin hasi, eta bere zaletasunak lanbide bilakatzea du helburu azpeitiarrak. Kirola da bere pasiorik handiena, denbora librean mendian eta bizikletan ibiltzea du gustuko, eta horrekin lotutako lanak egitea gustatuko litzaioke. "Zailagoa da horrelako lanetan aritzea, maila oneko argazkilari asko daude, eta mundu horretan izena egitea da gehien kostatzen dena". Argazkilari baten maila bere trebetasun teknikoaz haratago doala dio Berasategik, eta gaur egungo aro digitalean, gero eta argiago gertatzen da hori. "Argazki onak ateratzeaz aparte, benetan balioa marka pertsonal bat sortzeari ematen zaio gaur egun. Argazkilari ona izateaz gain, marketina menperatzea ere berebizikoa da". Gehienbat, Instagram sare soziala erabiltzen du Berasategik; bertan elkarbanatzen du bere portfolioa eta bertan jarraitzen ditu berarentzat erreferente diren mundu mailako argazkilariak.

Nazioarteko aitorpena

Nazioarteko argazkilarien artean bere lekua aurkitu du Berasategik, Red Bull Illume txapelketa entzutetsuaren finalera sailkatu baita. Söldenen (Austria) izan zen azaroaren amaieran, nazioarteko maila altuko argazkilari ugariren artean. Finala irabazi ez duen arren, kirolarekin lotutako jardunetan aritu nahi duen batentzat "aukera paregabea" izan da Berasategik bizi izan duena. "Ez nintzen irabazteko asmoarekin aurkeztu lehiaketara, baina nire izena bost finalisten artean ikusteak zirrara eragin zidan". Aurten egin du kirol argazkilaritzan hasteko apustua, eta saiakera horren fruituak hain azkar ikusteak, aurrera egiteko indarra eman dio. "Oraindik ez naiz kontziente noraino iritsi naizen".

Red Bull Illume txapelketan finalera iritsi den argazkia. (Alex Berasategi)

Argazkia atera zuen unean ez zuen pentsatu Red Bullek antolatutako txapelketa prestigiotsuan parte hartzerik. "Inoiz ez naiz izan argazki lehiaketen oso zalea. Argazkien kalitatea oso kontu subjektiboa da, eta iruditzen zait irabazleak epaimahaiaren zaletasunen arabera ateratzen direla". Argazkia atera eta gero erabaki zuen lehiaketa horretarako aproposa zela.

Finalera sailkatu den argazkiak zerbait berezia duela dio: "Txapelketa horretara aurkezten diren beste argazkiek duten estilo garbi eta minimalista hori du nik egindakoak ere". Hautatutako argazkiaz gain, beste hainbat bizikletako irudi ere bidali zituen lehiaketara Berasategik, baina azkenean, skateko argazkia izan da arrakastara eraman duena.

Azpeitiko skate parkearen urteurrenerako argazki bat ateratzeko asmoarekin joan zen Izarraizko Atea parkera, eta orduan atera zuen hilabete batzuk geroago Red Bull Illumeren finalera sailkatu zen argazkia. Enaitz Odria skater azpeitiarra ageri da irudiaren erdialdean, drone baten ikuspuntutik, goitik behera ikusita. "Jende askok esan dit argazkia oso kuriosoa dela, eta gustuko dutela", adierazi du Berasategik.

Inprobisazioaren lanketa

Finaleko argazki hori "kasualitatez" ateratako irudia dela esan du, eta onartu du batzuetan horrelakoak izaten direla onenak: "Kamera, leiarrak, flashak, lokalizazioak, eguzkiaren ibilbidea... horiek guztiak kontuan izaten ditugu argazkilari profesionalok lan egiteko orduan. Hala ere, batzuetan prestatzen orduak edota egunak eman arren, azken emaitza ez da nahi bezalakoa edota buruan zenuen bezalakoa izaten. Beste batzuetan, berriz, momentuan inprobisatutako argazki bat atera, eta egundoko irudi bikainak lortzen ditugu". Finalera sailkatu den argazki horrek ere badu ikusitako lehen momentuan eragiten duen inpaktu hori, duen ikuspuntu bereziagatik. "Zenbaitek koilara bat edota orratz baten forma antzematen dute irudian, eta neuk ez nuen horrelakorik buruan egindakoan. Azken finean, bakoitzak bere interpretazioa ematen die irudiei, eta hori da argazkiak ematen digun gauza ederrenetako bat". Gainera, Red Bulleko epaimahaikideek Sormen atalean sailkatu dute argazkia, eta horrek "ilusioa" egin dio Berasategiri, beti gustatu izan baitzaio bere lanean sormena lantzea.

Askotan, argazkilari profesional baten lana ez da igartzen bere argazkietan bakarrik; izan ere, argazkilariak bere lan zein sormen prozesuan izandako gorabeherei aurre egiteko jarrera ere kontuan hartu behar da. Berasategik argi du argazkilaritza "inprobisazio kontua" izaten dela askotan, eta arazoak dauden uneetan irtenbidea aurkitzen jakin behar dela. "Askotan, erabakitako lokalizazioek uste ez genituen arazo batzuk izaten dituzte: eguraldi txarra, argi kaskarra, iristeko zailatsunak... Urteen poderioz, baina, momentuan dituzun baldintzekin jokatzen ikasten da, eta espero baino emaitza hobeak lor daitezke, okerrenetik onena ateraz".

Berasategiren ustez, argazki on batek "inpaktu bisuala" eragin behar du. Ikusitako lehen unean berriro begiratzera bultzatzen duten argazkiak ditu gustukoenak, eta horretan jarraitzea espero du argazkilari azpeitiarrak, leiarretik ikusten duen akzioa atzematen.

Berasategiren beste bi lan. (Alex Berasategi)

Motzean

Adina: 37 urte.
Ikasketak: Diseinu grafikoa.
Argazkilaria ez banintz… informatikaria izango nintzateke.
Lanetik ateratzean gogoko dut… kirola egitea.