Azpeitiko sortzaileak ere Durangoko Azokako fantasian murgilduko dira

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 6a, 12:00
Landako eraikina 58. Durangoko Azokako kartelekin atonduta. (Durangoko Azoka)

‘Fantasia DA!’ lelopean, gaur irekiko ditu ateak Euskal Herriko liburu eta disko azoka garrantzitsuenak. Urtero bezala, hainbat aurkezpen saio antolatu dituzte igandera arte. Tartean, han izango dira Pako Aristi eta Alex Txikon ere.

Durangoko Azoka fantasia hutsa da, sormenaren eztanda magikoa, euskal kulturaren jai ikaragarria eta amets egiteko espazio bizia delako. Gerediaga elkarteak halaxe aurkeztu du 58. Durangoko Azoka, Fantasia DA! leloa aldarri duen kartel ikusgarriarekin, eta ilusio berarekin zabaldu ditu gaur Landako guneko ateak, 10:30ean. Aurtengo edizioaren inaugurazio ekitaldi ofiziala, berriz, 12:00etan egingo dute Szenatokian, San Agustin kulturgunean. Harrezkero, azoka igandera arte, abenduaren 10a bitartean, egongo da irekita egun osoz; 10:30etik 20:00etara, alegia. Azken eguna salbuespena izango da, ordea, 18:00etan itxiko baitute.

Urtero bezala, euskal sortzaileen mundu fantastikoan murgiltzeko plaza erraldoi bat da herritarrentzat, eta sortzaileentzat, berriz, Euskal Herriko erakusleiho zabalena. Aurten ere, euskarazko liburu, disko eta abarren eskaintza aberatsa egongo da edonoren eskura, 257 erakusmahaitan banatuta; horietatik zenbait autoekoizleen stand bereziak izango dira, gainera. Aurtengo uztari erreparatuta, 950 nobedade aurkeztuko dituzte: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen. Gerediaga elkarteak nabarmendu du esanguratsua dela aurtengo musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako erakusmahaietan. Era berean, komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra izan du aipagai.

Kopuru eta zerrenda horietan Urola Kostako makina bat abeslari, musikari, idazle eta itzultzaile daude. Landako guneko postuetan beraien azken lanekin izango dira, zaleekin hitz egiten eta aleak sinatzen. Horrez gain, zenbaitzuek aurkezpenak egingo dituzte; batzuek helduen aurrean azalpenak emanez edo haurrei kontatuz, eta beste batzuek kontzertu laburren bidez.

Gainerakoan, egitarau zabala programatu dute, eta sortzaile berriak ezagutzeko parada ere bada Durango. Beraz, fantasiaren bideari jarraitzea da onena.

Autobus zerbitzua

Durangoko Azokaren antolakuntzak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin die egunotan bertaratzeko asmoa duten kulturazaleei. Adibidez, autoz joaten direnek doako autobus zerbitzua izango dute aukeran, Iurretako autobidearen irteerako aparkalekuetatik Landako ondoko Olleria kaleraino.

Autobus zerbitzu hori lau egunotan eskainiko dute, gaurtik hasi eta igandera arte, 10:00etatik 20:00etara, ordu erdiro.

Egitaraua

Gaur, asteazkena
17:00-17:30. Aritz Pardinak Ibai ahoak liburua aurkeztuko du, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan. 
18:00-18:30. Akaleiak Ondoloin diskoa aurkeztuko du zuzenean, Ahotsenea Musika-Plateruenan.
20:20-20:50. Marlik taldeak Nigan zara diskoa aurkeztuko du zuzenean, Ahotsenea Musika-Plateruenan.

Bihar, osteguna
16:30-17:00. Nerea Loiolak Azken denbora liburua aurkeztuko du, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan. 
17:00-17:30. Annie Ernauxen Emakume izoztua liburua aurkeztuko du Gema Lopez de las Heras itzultzaileak, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan.
18:00-19:00. Adi Natura Bilduma aurkeztuko dute hainbaten artean –tartean, Katti Olaizola–, Saguganbara-Elkartegian.
19:10-19:40. Mikel Iraeta musikari azkoitiarraren azken proiektua da Zatibi, eta ODD lana aurkeztuko du, Ahotsenea Musika-Plateruenan.

Etzi, ostirala
11:00-11:30. Nerea Loiolak eta Iñaki Landak Idatzi behar nizkizunak liburua aurkeztuko dute, Talaia-Landakogunean. 
11:00-11:30. Martin Etxeberriak Kangaroo poesia lana aurkeztuko du, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan. 
12:00-12:30. Irati Goikoetxeak eta Irrimarrak Nor eleberri ilustratua aurkeztuko dute, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan. 
13:00-13:30. Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazabalek Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian liburua aurkeztuko dute, Talaia-Landakogunean. 
13:20-13:50. Eire bikoteak Zauriren bat bistan diskoa aurkeztuko du zuzenean, Ahotsenea Musika-Plateruenan.
15:30-16:00. Argiak eta Biolurrek Amillubi baserria, lurra herriari deika aurkeztuko dute, Talaia-Landakogunean. 
16:00-16:30. Uxue Alberdik eta Begoña Durrutik Belarriko kilkerra liburua aurkeztuko dute, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan. 
16:50-17:20. Ithakak Biluzten diskoa aurkeztuko du, Ahotsenea Musika-Plateruenan.
19:00-19:30. Jon Artanok Juana liburua aurkeztuko du, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan. 
19:00-20:00. Bertsoglosasaioa. Bertsolaris eta glosadores topaketa, Talaia-Landakogunean. Hainbaten artean, Uxue Alberdi.
19:30-20:00. Xabier eta Martin Etxeberria anaiek eta Alex Sanvyk Artxipelagoa komiki liburua aurkeztuko dute, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan.

Abenduak 9, larunbata
11:00-11:30. Alejo Orbegozo zestoarraren proiektu berria da Ke Lepo, eta Izpi diskoa aurkeztuko du zuzenean, Ahotsenea Musika-Plateruenan. 
11:30-12:00. Lizardi: Bihotz begietan eta gainerako olerkiak liburuaren aurkezpena, Talaia-Landakogunean. 
11:30-12:00. Pako Aristik Irunberri, 1990: Arroilaren negarra saiakeraren aurkezpena egingo du, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan. 
12:00-12:30. Uxue Alberdik eta Susana Martinek Surflaria komiki liburua aurkeztuko dute, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan. 
14:00-14:30. Martxel Aizpuruak Erletxo, erletxo, nagusia hil da liburua aurkeztuko du, Talaia-Landakogunean. 
16:00-16:30. Alex Txikonek Manaslu neguan liburua aurkeztuko du, Talaia-Landakogunean. Telematikoki hartuko du parte Azpeitian bizi den alpinistak. 
18:00-18:30. Uxue Alberdik eta Susana Martinek Kantu berri bat gara disko-liburua aurkeztuko dute, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan.

Abenduak 10, igandea
11:00-11:30. Intza bakarlari oriotarrak Aheri lana aurkeztuko du, Ahotsenea Musika-Plateruenan.  
12:00-12:30. Sahara, herri bat erresistentzian disko-liburua aurkeztuko dute, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan. Hainbaten artean, Eñaut Elorrieta izango da.
13:00-15:00. Unai Alberdik eta Eneritz Aulestiak zuzendutako Orri zuriak betetzen film dokumentalaren emanaldia, Irudienea-Zugazan.  
18:00-18:30. Modus Operandik  Atzo eta gaur diskoa aurkeztuko du, Ahotsenea Musika-Plateruenan.