Hiru urteko etenaren ostean, bueltan dira Santa Luzia festak Elosiagara

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 5a, 10:38

Santa Luzia Eguna abenduaren 13a den arren, abenduaren 10ean egingo dituzte festetako ekitaldiak Elosiagan. Ohiturei jarraiki, meza, hamaiketakoa, herri kirol erakustaldia eta bazkaria antolatu dituzte auzotarrek iganderako. 

Azken urteotan ez da Santa Luzia festarik antolatu Elosiagan, baina aurten ohiturak berreskuratzeko hautua egin dute auzotarrek. Hori dela eta, hiru urteko etenaren ostean aurten ospatuko dituzte Santa Luzia egunaren bueltako jaiak. Izatez, abenduaren 13a da Santa Luzia Eguna, baina aurten asteburua probestuko dute festetako ekitaldiak egiteko. Horrenbestez, datorren igandean, abenduaren 10ean, ospatuko dituzte santaluziak. 

Beste urte batzuetan baino egitarau xumeagoa antolatu duten arren, meza, hamaiketakoa, herri kirol erakustaldia eta bazkaria ez dira faltako. 11:30ean meza egingo dute Elosiagako elizan. Ondoren, hamaiketakoa egiteko tartea hartuko dute Añota sagardotegian. 12:30ean herri kirol erakustaldia eskainiko dute bertsolariekin eta trikitilariekin girotuta. Harri jasotzen Olaia Esnaola eta Goenatxo III arituko dira. Aizkoran, berriz, Otaño eta Txikia IV. Hitzeder eta Lidia trikitilariek girotuko dute saioa musikaz, eta Xabat Illarregi eta Aitor Mendiluze arituko dira bertsotan. 14:00etan bazkaria egingo dute Añota sagardotegian, eta auzoan bizi diren jubilatuek ez dute ordaindu beharrik izango. 

Iaz auzoko jaiak antolatzeko ez zen festa batzorderik osatu, eta ez zen herri kirolik, ez trikitilaririk ezta auzokoen elkargunerik izan. Azkenengo aldiz 2019an ospatu zituzten Elosiaga auzoko jaiak; izan ere, aurreko bi urteetan pandemiak eragindako egoera tarteko, jairik ere ez zuten izan Elosiagan.