Mexikotik jasotako eskaintza onartu eta Lagun Onak utzi du Iban Fagoagak

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 1a, 11:53
Iban Fagoaga (ezkerrean) eta IƱigo Arregi Lagun Onakeko presidentea, entrenatzailea aurkeztu zutenean. (Lagun Onak)

Atlas FC Mexikoko lehen mailako taldean Beñat San Jose entrenatzaile donostiarraren laguntzaile aritzeko eskaintza aste honetan bertan jaso du Fagoagak, eta bihar joango da Mexikora. Iñigo Saizarrek zuzenduko du Azpeitiko taldea klubak entrenatzaile berria lotu bitartean.

Ezustean eta ia egun batetik bestera, entrenatzailerik gabe gelditu da Lagun Onak futbol klubeko gizonen talde nagusia. Izan ere, Iban Fagoagak aste honetan bertan jaso duen eskaintza onartu, eta Mexikora joango da bihar bertan, hango lehen mailako Atlas FC taldean Beñat San Jose entrenatzaile donostiarraren laguntzaile aritzeko.

Klubeko ordezkariek azaldu dutenez, "dena aste honetako kontua" izan da; aste hasieran jaso zuen eskaintza Fagoagak, "uko egin ezin zaien horietakoa", eta asteazkenean eman zien erabakiaren berri Lagun Onakekoei. Ez entrenatzaileak, ez klubak, aurreikusten ez zuten egoera dela nabarmendu du Lagun Onakek. Lehen denboraldia zuen Fagoagak Lagun Onaken –maiatzean eman zuten haren fitxaketaren berri–, ligako hamabi jardunalditan zuzendu du taldea, eta igoerako play-offeko postuetan dela esan dio agur klubari.

Iñigo Saizarrek, Fagoagaren laguntzaile aritu den kapitain ohiak, hartuko du behin-behinean taldearen ardura, klubak entrenatzaile berria lotu bitartean.