'Lau Lautada Lauso' ekitaldi irekia egingo dute larunbatean Dinamoan

Intza Trula 2023ko aza. 28a, 16:30
Hitzaren Eskolako saio bateko irudia. (Kulturaz)

Lau Lautada Lauso Hitzaren Eskolako ekitaldi irekia 12:00etan hasiko da, Dinamoa sormen gunean. Hitzaren Eskolako laugarren edizioaren parte izan diren lau irakasleek eta hainbat gonbidatuk hartuko dute parte saioan.

Hitzaren Eskolaren barruan Lau Lautada Lauso ekitaldi irekia egingo dute larunbatean, 12:00etan Dinamoa sormen gunean. Hitzaren Eskolaren laugarren edizioa izan da ikasturte honetakoa, eta amaiera emateko saio irekia egingo dute. Bertan izango dira Hitzaren Eskolaren parte izan diren lau irakasleak: Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Itziar Ugarte eta Joseba Sarrionandia, baita hainbat gonbidatu ere.

Amets Arangurenek, esaterako, isiltasunarekiko harremana izan du bere saioetan ardatz, eta hitzik gabeko bertsoak botatzera gonbidatuko ditu Ion Celestino eta Amets Aznarez musikariak.

Joseba Sarrionandiak, aldiz, Markos Gimenoren sormen lana hartu zuen oinarri. Horri lotuta, lantzen ari den liburua aurkeztuko du larunbatean Sarrionandiak.

Irati Gorostidik, berriz, bere zinegile lanean hitzak hartu dituen formak erabili ditu lanerako, narrazio modu desberdinak aztertuz eta narrazioa bera zer ote den galdetuz, eta oso gutxitan erakutsi ohi duen bere film bat aurkeztuko du Dinamoan: OT-IL, hain zuzen.

Azkenik, Itziar Ugartek arretaren gaia landu du, begirada poetikoaren osagaiak aztertuz. Chantall Maillarden Idaztea poemaren irakurketa eskainiko du Lau Lautada Lauso saioan.